0-3 ziklorako formazioa: Pikler eta Malaguzziren teoria pedagogikoetan oinarrituriko prestakuntza

2013-06-01
hik hasi  egitasmo pedagogikoak sorreratik erakutsi du euskarazko formakuntzaren alorrean laguntzeko konpromisoa. Urtero antolatzen dituen Udako Topaketak  —uztailaren 3tik 5era izango dira aurten— eta udazkeneko jardunaldi monografikoak dira horren lekuko. Bide horretan, beste urrats bat emango du datorren ikasturtean, Haur Hezkuntzako lehen zikloko (0-3 urte) irakasleei eta hezitzai­leei eskainitako bi urteko prestakuntzarekin. 
Alor horretako profesionalen artean formaziorako dagoen “nahia eta beharra” asebete nahi ditu hik hasi-k ekimen berriarekin. Horretarako, haur hezkuntzan erreferente diren Emmi Pikler eta Loris Malaguzziren teoria pedagogikoen gainean ardazturiko formazio-egitaraua osatu du. Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 21a bitartean.         
 
 
Duela 18 urte sortu zenetik, hik hasi-k euskarazko prestakuntzaren alorrean antolatu dituen jardunaldi eta ikastaroek Haur Hezkuntzako irakasle eta hezitzaileen harrera oso ona jaso dute, baina azken urteotan, 0-3 zikloan jarduten dutenek formazioa jasotzeko interes berezia erakutsi dute. Horren adibide da haurraren autonomiaz, haur eskoletako kalitateaz, haur txikien mugimenduaren behaketaz edota espazioen antolaketaz egindako jardunaldi monografikoek izan duten erantzun beroa. 
Etapa horrek nortasunaren eraikuntzan eta haurraren garapenean eta autonomian daukan garrantzia ­ikusirik, eta 0-3ko irakasle eta hezitzaileek formaziorako “nahia eta beharra” dutela ondorioztatu ondoren, hik hasi-k bi urteko prestakuntza trinkoa antolatzea erabaki du (200 ordutik gorakoa). 2013ko irailean hasiko da ikastaroa, eta 2015eko uztailean amaituko da lehen promozioa. Ikasle kopurua mugatua izango da: 40 ikasle, promozio bakoitzeko. Izena emateko epea zabalik dago ekainaren 21a bitartean, hik hasi-ren web ­atarian (www.hikhasi.eus). 
Ikastaroaren ezaugarri nagusietako bat bi joera pedagogikoren inguruan egituratuta dagoela da. Lehen ikasturtean, Emmi Piklerren ekarpen pedagogikoen inguruko formazioa jasoko dute ikasleek; eta bigarrenean, Loris Malaguzziren ekarpenak 
ezagutuko dituzte. Juanjo Quintela psikologoak eta Alfredo Hoyuelos Nafarroako 
Unibertsitate Publikoko irakasle eta Iruñeko Udal Haur Eskoletako zuzendaritzako kideak koordinatu dute ikasturte bakoitza, hurrenez hurren. Horrez gain, bi ikasturteetan zehar, formazio pertsonala jasoko dute ikasleek. Kasu horretan, Alvaro Beñaran Luzaro psikomotrizitate eskolako ira­kas­le eta pedagogo terapeuta izango da emaile ­eta koordinatzailea.  
Quintelaren iritziz, “haur txikien hezitzaileen nortasun profesionala eraikitzeko bidean lan handia dago egiteko oraindik, eta horretarako beharrezkoa da gure herrian pisu nabarmena duten joera pedagogiko aurrerakoien alderdi positiboak biltzea, bakoitzak duen ahalmenaz baliatzea eta, koherentziarik galdu gabe, denok aberasten gaituen ikuspegi zabalago bat osatzea”. Iritzi hori berresteko, Eszter Moses Lóczy institutuko kideak, 2010ean Bilbon emandako hitzaldi batean esandakoa gogora ekarri du Quintelak: “[Piklerren] Sistema hau haurren lehen bi urteetarako pentsatuta dago... Oso sistema argia da, oso landua, eta emaitzak ematen ditu... Bi, hiru edo lau urteko haurrekin lan egiterakoan beste ideia eta jarduera batzuk gehitu behar dira”.
Formazio teorikoa, praktikoa eta pertsonala eskainiko ditu ikastaroak, eta partehartzaileek ikastaroan jasotakoa eguneroko lanean praktikan jartzeko, esperimentatzeko eta bizitzeko aukera izango dute. Saio gehienak zortzi ordukoak izango dira, eta hilean behin egingo dira, ostiral arratsaldeetan eta larunbat goizetan, Donostiako ­Ekintza ikastolan.
Bi urteko formazioan Piklerren eta Malaguzziren marko teorikoen berri izan eta praktikan jarri ostean, ikasle bakoitzak bere sintesia osatzea nahi lukete antolatzaileek. “Formazio eskaintza honek bere baitan hartzen dituen eskolek oinarrian dute haurraren onarpena, epairik gabeko entzuketa eta hezitzailea haurraren ibilbidean bidelagun izatea. Haurraren kontzepzio berdintsua dute: haurrak gaitasun batzuk ditu hasieratik eta haiek garatzen utzi behar zaio”, dio Josi Oiarbide hik hasi-ko kideak. Hortik abiatuta eskola bakoitzak “ekarpen aberatsak” egiten dituenez, haiek ezagutzeko aukera eman nahi diete Haur Hezkuntzako hezitzaileei, ondoren bakoitzak bere ondorioak atera ditzan. 
Ikastaroan joera pedagogiko ezberdinak batzeko antolatzaileek egindako ahalegina nabarmendu du Beñaranek. “Hezitzaile bezala, interesgarria da Pikler eta Malaguzziren ekarpenak jasotzea, eta gero norberak bere ikastetxean bere bidea aurkitzea, ildo bakarreko eskolak sortu beharrean”. 
Izan ere, Beñaranen iritziz, “ez dago egia bakar bat, eta ezadostasunak izatea ona da. Guk ere baditugu gure artean, eta ikastaroko formazioa jasotzen dutenek ikusi beharko dute ez gaudela ados gauza guztietan, posible dela marko baten barruan beste iritzi bat izatea, eta norberak dakienetik abiatuta ñabardurak eta ekarpenak egin daitezkeela, ikastetxearen edota herriaren ezaugarrien arabera”.  
Maila handiko irakasle taldea bildu dute formazioko koordinatzaileek, hala Euskal Herrikoak (aipatutakoez gain, Ana Araujo, Ezozi Arizaga, Xabier Tapia, Ana Gerendiain...) nola nazioartekoak (Myrtha Chokler, Budapesteko Pikler-Lóczy institutuko hezitzaileak, Reggio Emiliako eskoletako pedagogo eta irakasleak...). 
Lehen ikasturtea: Emmi Piklerren inguruko formazioa
Emmi Piklerrek (Viena, 1902-Budapest, 1984) 1946an sortu zuen Lóczy institutua, Budapesten, baina haren ekarpenak duela urte gutxi hasi ziren ezagutzen Euskal Herrian. 2009an joan zen lehen aldiz euskal herritar talde bat Lóczy institutura ikastaro bat egitera. Talde horretan zen Juanjo Quintela psikologoa. Berak koordinatu du formazio ikastaroaren lehen ikasturtea. 
Bi dira Piklerren proposamen pedagogikoaren ardatzak: jarduera autonomoa eta mugimendu askea batetik, eta zainketak bestetik. Bi ardatz horiek osatzen dute ikastaroaren bizkarrezurra, baina gai horietan sartu aurretik, ikastaroari hasiera emateko, erreferentziazko marko bat ezartzea beharrezkoa ikusi du Quintelak. Horretaz arduratuko dira Xabier Tapia psikologoa eta Ezozi Arizaga psikoterapeuta, lehen asteburuan, irailean. Humanizazio prozesuaz eta atxikimenduaz hitz egingo dute bi adituek. “Piklerren proposamenetik eta beste edozein proposamen pedagogikotik harago dauden kontzeptuak dira, baina eragin zuzena dute Piklerren proposamenean. 
Izan ere, Piklerren teoria ez dago isolaturik, askoz zabalagoa den paradigma pedagogiko baten barruan baizik”, azaldu du Quintelak.
Urrian Myrtha Chokler psikomotrizista argentinarrak hartuko du parte jardunaldian, eta familiaren eta eskolaren arteko harremanaz hitz ­egingo du. Asteburu berean, Antzuolako Eskolako ordezkariek lehen eskolaratzeari buruzko hitzaldia emango dute, eta zehazki, harrera eta egokitzapenaren gaia aztertuko dute.  
Piklerren ekarpen zehatzetara gerturatzeko lehen saioa abenduan izango da. Barnekoan oinarritutako pedagogiak, eta kanpoan oinarritutakoak  izeneko saioan Piklerren “aurkikuntza nagusia” aztertuko dute: mugimendu askea eta motrizitate globala. “Piklerren pedagogia gizakiaren barnekoan oinarritzen da, bereziki 0-2 urteetan”, azaldu du Quintelak. Berak gidatuko du asteburu horretako saio nagusia, eta haren 
osagarri, Alvaro Beñaranek 2-3 urtekoen mugimendua eta helduaren jarrerak aztertuko ditu. 
Lóczy institutuko eguneroko jardueraren beste ardatz nagusia zainketak dira, eta estu lotzen dira ezaugarri jakin batzuekin: 
errespetuarekin, egonkortasunarekin edota helduaren eta haurraren arteko harremanarekin. “Abiapuntua honako hau da: haur txikiei oso gogorra egiten zaie taldean bizitzea, ez daude prestaturik beste zazpi edo hamar haurrekin elkarbizitzeko. Umeak ­behar duena da familia-giro bat, eta heldu gutxi batzuekin harreman egonkorra izatea”. Zainketek haurrarentzat duten garrantziaz, zainketen antolaketaz eta jarduera autonomoaz ikuspegi orokor bat jasoko dute ikasleek, eta hortik abiaturik hiru zainketa mota nagusietan murgilduko dira: loa, higienea eta elikadura. Umeari janaria emateko momentua da “zailena”, Quintelaren iritziz; “une hori antolatzeko moduak ­emango digu haur eskolaren eguneroko bizitza-kalitatearen berri. Piklerren proposamenean oso ondo pentsatuta eta landuta dago gai hori”. 
Ikasturteko azken saioetan hainbat gai aztertuko dituzte: ikasketa, hizkuntzaren bereganatzea, beste haurrekiko harremanaren aurkikuntza, eguneroko elkarbizitzan sortzen diren gatazkak kudeatzeko eta gutxitzeko moduak... Halaber, Waldorf pedagogiak eta Piklerrenak elkarren artean dituzten loturak aztertuko dituzte asteburu batean. “Waldorf pedagogiak ez du Piklerren edota Malaguzziren pisu espezifiko bera, baina oso erreferente interesgarria da 0-3 heziketan ”, adierazi du Quintelak.
Saio guztiak teoriko-praktikoak izango dira, izan ere, Piklerren proposamena “ez da teoria huts bat, egiteko modu bat baizik; behar zehatz bati erantzuteko premiatik sortu zen, bigarren Mundu Gerraren ostean: sehaska-etxe batean bizi ziren haurrek euren familiekin bizi zirenen antzeko bizimodua  izan zezaten”. Umearen eguneroko bizitzaren xehetasun guztien azterketan oinarrituta dago Piklerren pedagogia, eta hortaz, bideoen azterketa osagai garrantzitsua izango da formazio ikastaroan.    
Bigarren ikasturtea: Loris Malaguzziren inguruko formazioa
Alfredo Hoyuelos Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak koordinatu du bigarren ikasturtea, Loris Malaguzziren pentsamendu eta lan pedagogikoari buruzkoa. Pedagogo italiarraren lan teoriko eta praktikoan aditua da Hoyuelos, hari buruzko doktore-tesia aurkeztu baitzuen 2001. urtean. 60ko hamarkadan Reggio Emiliako 0-6 urte bitarteko udal haur eskoletan abiatutako hezkuntza proiektu berritzailearen eragile izan zen Malaguzzi (1920-1994). Bigarren Mundu Gerran ezagututako izugarrikerien ostean, haurrak hezteko beste modu bat beharrezkoa zela ikusi zuten Malaguzzik eta Reggio Emiliako gurasoek. Hezkuntza-eredu berri horrek haurrei entzun, haurrak errespetatu eta haien ahalmenak kontuan hartzen zituen, eta haurrek testuinguru duinetan, zorrotzetan eta ahalmen horiekin bat datozenetan hezteko duten eskubidea bermatzen zuen, helduok eskubide horri inoiz bizkarrik eman gabe.
Hezkuntzaren arloan konplexutasunaren paradigma garatu zuen Malaguzzik, Hoyuelosek nabarmendu duenez, alegia, sinplifikazioa (ume guztiak multzo berean sartzeko joera) baztertu eta ume bakoitza entzun, behatu, dokumentatu eta ikertu beharra dagoela aldarrikatu zuen. Hori dela eta, Hezkuntza umearen irudiarekin hasten da, gizakiaren zehaztugabetasuna islatzen duen umearen irudiarekin izenburua jarri dio ikastaroari hasiera emateko saioari. “Esan nahi du linealtasunik ez dagoela, umearen irudia ez dagoela aurrez zehaztuta. Umea beti da ezezagun bat; hura behatzen, ikertzen, sakontzen eta dokumentazioaren bidez interpretatzen lortuko dugu umearen irudia ezagutzea”, azaldu du Hoyuelosek.
Printzipio hori aurrera eramateko bideak proposatu zituen Malaguzzik: umearen entzuketan oinarritutako pedagogia (umeak nola eta zertan oinarriturik entzun behar ditugun); behaketa, ikerketa-ekintza zunden bidez; proiektuaren ideia, programazioaren ideiaren aurrean ( umea ikertzeko eta haren kultura ezagutzeko eta ezagutarazteko proiektu bat osatu, curriculumeko egitarauaren ordez).        
Bestetik, Malaguzziren iritziz, “hezteak posible diren aukeren kopurua handitzea 
esan nahi du”. Horretarako, eskolek antolamendu egoki eta zehatz bat behar zutela uste zuen. Besteak beste, proposatu zuen hezitzaileek binaka lan egitea eta talde txikietan antolatzea (lauzpabost lagunekoak, umeak hobeto entzuteko eta ikertzeko), eta atelierista edo arte adituaren figura sortu zuen. Halaber, helduek bestelako rol bat jokatu behar zutela iritzi zion: “Malaguzziren ustez, helduek afektibitatea eskaini behar diote umeari, umearen alboan egon, eta rol politikoa jokatu: gizartea eraldatu behar dute helduek, umeen eskubideak bermatzeko eta garatzeko”. Halaber, irakasleek ez ezik, eskola komunitatea osatzen duten gainerako helduek ere (sukaldariak edota garbitzaileak, kasu) proiektuan garrantzia handia dutela zioen Malaguzzik, “beste ahots batzuk” ekartzen dituztelako. Antolakuntzari dagokionez Malaguzziren beste ekarpen garrantzitsua arduren banaketa pertsonalizatua da, “ez dago zuzendaririk eskoletan, denok hartu behar dugu ardura”.  
Haurra eskubide historikoak eta kulturalak dituen subjektua da, izenburu hori du Hoyuelosek prestatu duen ikastaroko saio batek. NUPeko irakaslearen iritziz, “Eskolaren 
eta Haur Hezkuntzaren identitatea garatzea oso garrantzitsua da, bi arriskuri aurre egiteko: asistentzialtasunari batetik, eta akademizismoari edo instruktibismoari, bestetik.  Garrantzitsua da ulertzea umeak ez dira hizkuntza diziplinatutakoak, baizik eta adierazpideen arteko harremanak lantzen dituztela”.
Malaguzziren ekarpenak hiru arlotan bereizten ditu Hoyuelosek. Orain arte aipatutakoak etikaren alorrekoak dira, baina ekarpen estetikoak eta politikoak ere egin zituen. Hain zuzen, eskola “esparru estetiko bizigarria” dela uste zuen pedagogo italiarrak. Haren ikuspegitik, umearen ikaskuntza eta garapena plazerarekin lotzen da. “Espazioaren eta giroaren kualitatea zaintzeari oso garrantzitsua zeritzon Malaguzzik, egunerokotasun aberatsa osatze aldera: materialak, argitasuna, koloreak...”.  Eskola guztiek tailer edo laborategi bat izan behar zutela zioen, umea hobeto dokumentatzeko, narratzeko eta beste ikuspuntu batetik ezagutarazteko. “Pedagogia eraikitzea 
ezohikoaren edertasuna amestea da”, zioen Malaguzzik.  
Azkenik, haren iritziz, pedagogia beti politika da. “Politikak eta gizarteak kultura eta gizarte izaerako harreman bat ezartzen dute. Hortaz, oso garrantzitsua da pentsatzea hezitzaileen eginkizuna ez dela eskolaren barrukoa soilik, kanporako ere badela, helduen eta haurren eskubideak defendatzeko”, dio Hoyuelosek. Eskola gizartera zabalik egotea proposatzen zuen Malaguzzik, eta eskolaren eta familiaren arteko eguneroko harremana estutzea, emozioak elkarrekin sortzeko. Malaguzziren ustez, eskolako ateak zabalik egon behar dira beti, gurasoak “sukalderaino” sartzeko. “Sukaldean partaidetza sukaldatzen dela esaten zuen”. 
Bestetik, konfrontazioa maite zuen Malaguzzik, ideiak aurrez aurre jartzea. 
“Errealitatea ikuspuntu ezberdinetatik ikustea eta elkarrizketa sortzea maite zuen… Bikote hezitzailean ere nahiago zuen ezadostasunak egotea adostasunak baino, umea etiketa baten pean ez sailkatzeko”.
Euskal Herrian badira Reggio Emiliako haur eskolen ereduan oinarriturik, “baina haren kopia hutsa izan gabe”, lanean ari diren hainbat ikastetxe: Iruñeko udal haur eskola batzuk, Berriozarko haur eskolak, Atarrabiako haur eskola, Jauntsaratseko Oihanzabal eskola... Proiektu horietan ari diren hezitzaileetako batzuek irakasle gisa hartuko dute parte ikastaroan, besteak beste Ana Araujo Iruñeko Egunsenti haur eskolako irakasleak, Kristina Goñi Baztango haur eskolako zuzendariak, eta Ana Gerendiain Berriozarko haur eskolako zuzendariak.
Formazio pertsonala. 
Alvaro Beñaran pedagogo terapeuta eta Luzaro psikomotritzitate eskolako irakaslea arduratu da bi urteko ikastaroan formazio pertsonalari eskainitako atala koordinatzeaz. Ikasturte bakoitzean formazio pertsonalari eskainitako bi saio egingo dira, bakoitza zortzi ordukoa. “Formazio pertsonalean inportanteena prozesua bizitzea da, pertsonarengan mugimendu bat eragitea, eta ate batzuk irekitzea”. Ikastaroko formazioa 0-3ko haur heziketako profesionalentzat pentsatuta dagoela zehaztu du Beñaranek, “ez da terapia lana, ezta hazkuntza pertsonalerako formazioa ere”.
0-3 haur hezkuntzan formazio pertsonalak duen garrantzia azaltzeko hainbat 
arrazoi aipatu ditu Beñaranek. “Haur txikia, hezitzailearen funtzioa, eta bien arteko harremana ulertzea oinarrizkoa da profesionalaren prestakuntzan; haur txikiarekin lanean ari garenean, gure historia propiotik oso gertu gaude, bizitzaren lehenenengo esperientzien arrastoa hortxe dago”. Formazio pertsonalaren bidez, “haurrarengandik eta gu izandako haurrarengandik gertuago egoten saiatzen gara”, eta horrez gain, badira kognitiboki bakarrik ikasi ezin diren gauzak, “bizi egin behar dira, gugan integratu eta horietaz jabetu”. 
Formazio pertsonalak helburu orokor batzuk ditu, Beñaranek gogorarazi duenez. Batetik, “nire buruari gehiago entzutea, umeari hobeto entzuteko”; bestetik, “harremanetan heztea, hobeto bereizteko zer den haurrarena eta zer den nirea”; 0-3 urteko umeak behar duen “nahiko ona den bestea”-ren jarrerak garatzea da beste helburu bat; umearen bizipenetara hurbildu eta kognitiboki ikasi ezin dena bizipenen bidez bereganatzea; elkarrizketa toniko-emozionalean murgiltzea; jolasteko gaitasunari eustea; eta atxikimendua eta banaketaren aurrean hezitzaileak dituen bizipenez 
ohartzea ere formazio pertsonalaren xedeetako batzuk dira.
 Haur txikiekin lan egitean profesionalak burua sendo eta ondo sustraituta edukitzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du Beñaranek. “Bestela, gerta liteke haurrek hezitzailea emozionalki jatea, edo hark hesi gehiegi jartzea, beldurrez. Bi arrisku horiek daude: gehiegi nahastea, edo gehiegi urruntzea. Tarteko bat bilatzea da formazio pertsonalaren helburua: haurrekiko harremanean emozioei beldurrik ez izatea, baina aldi berean babestuta sentitzea”. 
Hezitzaileen formazio pertsonala gurean gehiegi landu ez den eremua bada 
ere, ikastaroen eskaintza asko zabaldu da azken aldian, eta horrek izan ditzakeen ondorioez gogoeta egiten du Beñaranek. “Dakienak ez dakienari zerbait erakusten dion prozesu bezala uler daiteke formazioa, eta neurri batean hala gertatzen da, horretan datza formazioa. Baina horrek badu arrisku bat: jendeak pentsatzea formazio hori jaso gabe ez dakiela ezer egiten, formazio ikastaro horietan esango diotela zer egin behar duen, egia borobilak, perfektuak irakatsiko dizkiotela”. Horrek berehalako efektu bat 
izaten du ikastaroa jasotzen ari denarengan, “hasieran, paralizatu egiten da, irakatsi diotena ondo egin nahi duelako, esan dioten moduan. Teknikaren menpe jartzen da eta ez da ausartzen gauzak modu askeagoan egitera”. 
Beñaranen iritziz, formazioa beharrezkoa da, baina norberak dituen berezko gaitasunak ez dira gutxietsi behar. “Denak ez du balio hezkuntzan, ezin da edozein gauza egin, baina ez dago egia osorik. Hezitzaileak ere gaitasun batzuk ditu, eta ekarpenak egin ditzake. Gauza batzuk ondo egingo ditu, seguru, eta beste batzuk gaizki, denok bezala. Baina ez du zertan bere espontaneitatea galdu formazioarekin”.