Aniztasuna arazo gisa ikusi beharrean aukera gisa kudeatu ahal izateko, ze baliabide ditugu irakasleok?

2013-06-01

Aniztasuna errealitate bat da, eskolan eta eguneroko bizitzan. Guztiok gara desberdin. Eta eskolak aniztasun hori jasotzeko gai izan behar du; eskolak ikasle bakoitzaren errealitatea kontuan hartu behar du; bakoitzaren beharrak eta gaitasunak egokitu egin behar ditu, eta ikasle bakoitzari lagundu egin behar dio. Eta horixe da eskolan eta bizitzan benetako berdintasunaren alde lan egiteko modu bakarra. Izan ere, eskolan, eta bizitzan, ezin da inor alde batera utzi, bere sexu, jatorri edota erlijioarengatik. Premisa hori erabat onartuta dago irakasleen artean, eta helburu horrekin egiten da lan Euskal Herriko eskola guztietan.

 
 
Euskal Herria askotarikoa dela esaten dugu behin eta berriro azkenaldian. Egunerokotasunean aniztasuna kudeatzen dugun eragileok aniztasun horren onurak goraipatzen ditugu: aberastasuna da, aukera da, erronka da… Ez zaigu gustatzen gaiaren inguruan, gure inguruan hedatuta dauden oztopoen eta zurrumurruen inguruan hitz egitea. Eta hezkuntzan, gainera, aurretik aipatu dugun berdintasunaren aldeko lanarekin lotzen dugu aniztasuna ongi kudeatzea. Ikasle guztiak dira berdinak irakaslearentzat, ikasle bakoitzaren alde borrokatzen da irakaslea, guztiek dituztelako eskubide berak.
Herri eta eskoletan elkarbizitza egokia aurrera eramateko, hainbat jatorritako herritarren artean ikasteko eta bizitzeko eredu propioa sortu behar da: espazio komunak sortu behar dira, komunitateak irekitzen saiatu behar dugu…
Kultura bakoitzak pentsatzeko, sentitzeko eta ekiteko modu desberdinak baditu ere, kulturartekotasunak desberdinen arteko elkar-ulertzea ahalbidetzen du: elkar ezagutzeko, elkarrizketak izateko, gerturatzeko, elkarrenganako errespetua bultzatzeko, elkar ezagutzeko. Horixe da elkarbizitzarako bidea.
Baina, sarritan, onura izatetik oztopo izatera dagoen marra oso fina da, eta oso ahula. Eta, aniztasunaz ari garenean, marra hori oso kontuan hartu behar dugu. Izan ere, ezin ditugu ahaztu aniztasunak gizartean dituen etsai guztiak; eta ezin dugu beste alde batera begiratu, eskola-komunitatean ere aniztasunak trabak ekartzen dituela esaten duten sinesmenen aurrean.
Aniztasunaren aberastasunean sinetsi behar dugu, eta aniztasunak dituen etsaiak ezagutu behar ditugu, gure sinesmena sendotzeko. Bada antidoto on bat: hitz egitea, kezkak partekatzea, bizitakoak kontatzea…; hausnartzea eta kontzientzia hartzea, azken finean.
Egunerokotasunak jan egiten gaitu. Eta horrela izaten da eskola-komunitatean ere. Denbora gutxi uzten diogu patxadaz hitz egiteko aukerari, hausnartzeari. Biharko, 
edo atzoko, egin beharreko lanak lehentasuna izaten du beti hausnarketaren aurrean. Eta, oharkabean, hitz egin gabe, hausnartu gabe, aniztasuna kudeatzen ari gara. Eta 
oharkabean, aniztasunak ematen dizkigun aberastasunarekin eta memento onekin batera, zalantzak, oztopoak eta arazoak pilatzen hasten gara.
 Aniztasuna gure kaleetan sumatzen hasi garenerako, eskoletan aspaldiko gaia zen. Aniztasun hori kalean nabarmendu denerako, eskola-komunitateak bide luzea egin du aurretik. Izan ere, ikasle bakoitza modu batekoa izan da betidanik, familia desberdinekoa, jatorri desberdinekoa, bakoitzak bere ideiak ditu… Ikasleak askotarikoak izan dira beti. Ez gaur, ez atzo, ez bihar, beti. Eta irakasleak aniztasuna kudeatzen ohituta daude. Hori da beraien eginbeharretako bat, eta, gaur egungo aniztasuna kudeatzeko orduan, irakasleek balio erantsi handi bat dute: aurretik egindako lan guztia.
Hala ere, gaur egun, aniztasuna zabalagoa da. Ikasle bakoitzak pertsona den neurrian dituen ezaugarri bereziei beste mota bateko ezaugarriak ere gaineratu behar zaizkie: arraza, jatorria, erlijioa, hizkuntza, adina… Eta, argi dago: egunerokotasuna kudeatzeko garaian, horrek guztiak eragina du. 
Horren aurrean, aniztasunak egunero sortzen dizkigun erronkak gainditzeko, baliabideak behar dira. Eta baliabideak ez dira soilik ekonomikoak, baliabideak mota askotakoak izan baitaitezke; baina bada gai honetan asko lagunduko digun bat: kontzientzia hartzea. Gaiaren konplexutasunaren, aberastasunaren eta garrantziaren kontzientzia hartzea. Eta hori lortzeko, bide asko daude. Horietako bat hausnarketa egitea da, hausnarketa kontzientea eta gidatua.
Gainera, ez dago eskolan Euskal Herritik kanpoko lurretatik etorritako haurren kopurua hazi edo gehitu arte itxaron beharrik. Aniztasuna erronkatzat hartuta, gaiari aurrea hartzen saiatu gaitezke, gero, emaitza hobeak lortu ahal izateko, eta irakasle nahiz ikasleak mundu zabal honetako elkarbizitzarako prestatzeko.
Aniztasuna eskolan: geldialdi txiki bat egin, hausnartu eta aurrera jarraitu
Ikastetxeetan aniztasuna lantzeko 
EMUNen esperientziak 3 ikastaro edo lantegitan oinarritu dira gehienbat: Aniztasuna aukera gisa, Harrera-plana eskolan, eta Etorkinak eta euskara. 
Hiru ikastaro horiek bi ezaugarri nagusi dituzte: alde batetik, praktikoak dira, saioetatik gure lanera, gure egunerokotasunera, ekintza batzuekin itzultzeko aukera ematen digute; eta, bestetik, hausnarketa kolektiboak dira. Irakasleak elkartu, eta egunerokotasunetik pixka bat aldentzen dira, eta patxadaz hitz egiten da; hausnartu egiten da.
Aniztasuna aukera gisa
Aurrera eramaten dugun lantegi hori TELP moduluan oinarrituta dago. TELP saioetan, “hizkuntza-gatazka” lantzen da. Euskaraz bizi nahi eta ezin dutenentzako lantegia da. Euskaraz bizitzeko hautua egin dutenentzako da TELP modulua, eta TELP saioetan portaera asertiboaren bidetik joatea proposatzen dugu, hori ahal den gehienetan gerta dadin. Saio horien arrakastetariko bat hizkuntza-gatazkako egoera baten aurrean nola jokatu erakustea da. Aniztasunaren gaian ere gatazkak sortu ohi dira; batzuetan, gatazka horiek ikusi egiten dira, baina, askotan, gutako bakoitzak dituen barne-gatazkak izan ohi dira. Aniztasunaren aurrean portaera bat eduki nahi dugu, baina, aurretik ikasitako guztiaren edota gizartean ikusten ditugun jarreren eraginez, kontraesanak sortu ohi zaizkigu. Modulu honetan, gure jarrera horien arrazoiak ikusiko ditugu, aurreko irakaspenen inguruan arituko gara, eta gaur egun aniztasunaren aurrean dugun jarrera aztertuko dugu: nola pentsatzen dugun, zeintzuk diren gure aurreiritzi eta bizipenak, zein den eskolaren 
egoera… Aniztasuna aukera gisa ulertzeko, asertibitatearen bidea erabiliko dugu lantegi honetan, baina TELP lantegiek badute funtsezkoa den alderdi bat: ohiko TELP modulua egiten dugunean, argi daukagu euskaraz bizi nahi dugula; gure hautua kontzientea da, eta bide horri ekin nahi diogu oztopo guztien gainetik. 
 Baina aniztasuna aukera bat dela ez dugu horren garbi ikusten. Ikasketa-prozesuan gaude oraindik, eta, horregatik, gure jarrerak aztertzen ditugu lehenik eta behin. Aniztasuna aukera dela sinesteko, hainbat diskurtso, erantzun eta baliabide eskaintzen dira modulu honetan zehar. Eta bada oinarrizkoa den zerbait: progresibotasun bat. Gauza guztietan bezala, beltzetik zurira ez da aldatzen egun batean, grisak daude tartean. Eta, gai honetan ere, argi ikusten da progresibotasunaren kontzeptua.
Harrera-plana Moduluaren izenburuak argi erakusten duen moduan, saio horietan harrera-plana lantzen dugu. Gaur egun, ikastetxe askok landuta daukate harrera-plana, baina beste askok ez dute harrera-plana inon esplizitu egin; egiten dute, baina ez dute plana idatzia. Kasu bakoitzera egokitzen dugu modulua. Ikastetxeak aurretik harrera-plana idatzia badu, moduluan zehar harrera-planari hobekuntza batzuk egiten dizkiogu. Eta idatzia ez badu, berriz, harrera-plana egiten dugu moduluan zehar. Dena den, eskola bakoitzeko harrera-planean sartu aurretik, hainbat kontzeptu lantzen ditugu, migrazioen eta kulturen inguruko kontzeptuak, batez ere. Migrazioen arrazoiak, Euskal Herrian izan diren migrazio-mugimenduak, gizarte-aldaketak… Kulturaren inguruan ere hitz egiten dugu, kultura zer den, zeintzuk diren ezaugarriak, euskal kultura… Argi gelditzen da saio guztietan euskarak eta euskal kulturak zubi-lana egin dezaketela eta eskoletan horretan ari direla. Kontzeptuak azaltzeaz gain, adibideak lantzen ditugu, eta, eskola bakoitzean, bertako adibideak ateratzen dira. Modu horretan, hausnarketa egiten dugu, hausnarketa konpartitua eta gidatua. Bi gai horiekin batera, ikasle etorri berrien hizkuntza gutxituen gaia ere aipatzen dugu. Izan ere, ikasle etorri berri asko hizkuntza gutxituetatik datoz, eta ezaugarri horri ez diogu behar besteko garrantzia ematen. Ikasle etorri berrien hizkuntza gutxituen gaia harrera-planean txertatu izan dugu, modulua eman dugun ikastetxeetan. Ikasle etorri berrien familia batzuetan, behin baino gehiagotan ikusi ahal izan dugun moduan, jatorrizko hizkuntza gutxitua alde batera utzi ohi da. Erabaki horrek kalte egiten dio ikasle etorri berriari; izan ere, jatorrizko ama-hizkuntza ondo erabiltzea behar-beharrezkoa da hizkuntza berriak ikasteko. Gaia interesgarria da, eta garrantzitsua, eta, horregatik, ikastetxeetako harrera-planetan horri buruzko aipamena sartu ohi dugu.
Etorkinen jatorrizko hizkuntza eta HIPIen zeregina
Modulu honen ardatza hizkuntzaren irakaspena da. Ikasle etorri berrien jatorrizko hizkuntzen gaian sartu aurretik, kokapena egiten da modulu honetan. Eta, kokapenean, oinarrizko kontzeptuak lantzen dira. Kulturartekotasun, migrazio, asimilazio, hizkuntza eta horrelako gaien inguruan hausnarketa egiten da, HIPIen zereginaren inguruan hitz egiten hasi aurretik. Izan ere, HIPIek egunero-egunero bizi dituzte aniztasuna eta aniztasunarekin lotutako erronkak beren lanean. Irakasle guztiek dute harremana aniztasunarekin, baina HIPIek lotura estuagoa izaten dute ikasle etorri berriekin. Hori dela eta, garrantzitsua da kontzeptu orokorren inguruko hausnarketa egitea, beraien funtzioen inguruan hitz egiten hasi aurretik . Sarreratxo horren ondoren, HIPIen funtzioen gaiari heltzen diogu. Beraien egiteko teorikoa zein den eta errealitatean zer egiten duten. Zentro bakoitzeko adibideei esker, asko aberasten da modulua. Eta adibide horien erabilera aurretik lantzen dugu. Moduluaren bukaeran, bigarren edo hirugarren hizkuntzak ikasteko estrategiak lantzen dira. Puntu horretan gaudenean, ikasle etorri berrien hizkuntza gutxituen gaia ateratzen da berriro ere. Izan ere, aurretik aipatu izan dugun bezala, bereziki garrantzitsua da gaia bigarren edo hirugarren hizkuntza ikasteko unean. Estrategiak lantzearekin batera, ekintza-plan bat diseinatzen da, ikasle etorri berrientzat.
EMUNeko dinamizatzailea edo aholkularia eskolara hurbiltzen da, han lantegia emateko taldea osatuz gero. Hausnarketa eskola bereko irakasleen eta profesionalen artean bideratzen bada, emaitza askoz aberatsagoa izan daiteke, eta, horregatik, 
EMUNek aukera hori hobesten du.
Lantegi edo ikastaro horiek Irale programaren bidez ere ematen ditugu Euskal Autonomia Erkidegoko eskoletan. Programa horrek, hizkuntzaren ikuspuntua du 
abiapuntu. EMUNek elkarbizitzarako bultzatutako lan-ildoen abiapuntutzat euskara eta euskal kultura hartzea gomendatzen baitu, gainerako kultura eta hizkuntzekiko elkarbizitza egokia bilatuz. Alegia, euskara eta euskal kulturaren garapena bultzatuko da, kulturen arteko elkarbizitza erraztuz.
Ondorioak
Krisiaren testuinguru honetan, eta murrizketak hizpide bihurtu ditugunean, ezin dugu ahaztu baliabide ekonomikoez gain badirela beste mota batekoak ere. Hori esatean, ez dugu zalantzan jartzen mota guztietako baliabideak behar-beharrezkoak direla kalitatezko hezkuntza sistema bat izateko.
Baliabide horietako bat hausnarketa egitea da, eta horixe da goian azaldutako lantegi edo ikastaroen bidez EMUNek egiten duena. Noizbehinka egunerokotasunetik ateratzea komenigarria da. Bazter batean eseri eta aurretik buruan genituen kontzeptuei astindutxo bat ematea komeni da. Hori egin ondoren, egindakoaz hitz egin behar dugu, ondo egindakoaz eta hobetzekoaz. Eta, horren ondoren, aurrera jarraitu behar dugu, irmo eta iparra galdu gabe. Eta aurrera egiten laguntzeko, gure sinesmenak eta tresnak sendotu behar ditugu. 
EMUNen lantegi hauek bide hori egiten laguntzen dute. Aniztasuna kudeatzea ez da erraza, baina etorkizuneko belaunaldiak heztea erraza al da? Ilusioz betetako bide luze, zabal eta zail horretan, irakasleei laguntzen saiatzen da EMUN.
Amaitzeko, berriz aipatu nahi dut EMUNek ematen dituen lantegi edo modulu horiek aniztasunaren bidean aurrera egiteko baliabide bat besterik ez direla. Eskoletara joaten garenean, oro har irakasle gehienek aurretik beste lan batzuk egin dituztela konturatzen gara, eta aurrera begira lan-ildo berriak definitu ohi dira. Azken urteetan, hezkuntzako profesional askoren egunerokoan dago aniztasunaren kudeaketa. 
EMUNen ekarpen xumea horixe izatea nahi dugu, hausnarketaren atea zabalduz 
eta lantegi horien bidez, aniztasuna kudeatzeko bidean jarraitzea. Eskola edo herri txiki baten leihotik mundu oso baten aberastasun handia ikus daitekeelako.