Nire ingurunea eta ni

2013-06-01

Kultura-aniztasuna lantzeko, ludotekako haurren familiak, ikastetxeak eta eskolaz kanpoko jarduerak marraztu genituen, horma-irudi handi batean.

 
 
Aisihezi aisialdiko elkartea Beasaingo Berritsu eta Txelotxe udal-ludoteken eta Eizu gaztelekuaren kudeaketaz arduratzen da. Aisialdi hezitzaile baten bila, hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu. Ludoteken erabiltzaileen hezkuntza-beharrei erantzuteko, hileko hainbat programazio egiten ditugu, eta, lanketa horietan, teknologia-berriak, eskulanak, gorputz-adierazpena eta talde-jolasak uztartzen ditugu.
Ikasturtez ikasturte, kultura-aniztasuna lantzen dugu, gure gizartea kultura anitzek osatzen baitute, eta, errealitate horri so eginez, ludotekan ere horixe landu nahi izan dugu. Ikasturte honetan gai hau nola landu pentsatzen ari ginela, ohartu ginen jatorri 
eta familia mota ugaritako haurrak genituela gure artean, baina oso gutxi ezagutzen zutela elkar, eta ez zekizkitela ludotekan beraiekin jolasean ibiltzen ziren haur haien nondik norakoak.
Bi ludoteketan, haur bakoitzaren errealitatea ezagutu eta haren ingurunea aztertu eta landu nahi izan genuen hilabeteko programazioarekin, 4 urtetik 8ra bitarteko haurrei begira.
Gure helburuak lantzeko, hainbat ekintza prestatu genituen hilabetean:
–  Norberaren errealitatea ezagutu.
– Ingurukoen errealitatea ezagutu.
– Bizi-ohitura desberdinak ikusi.
– Familia motak ezagutu.
– Jolaskideen eskolaz kanpoko ekintzak ezagutu.
– Jolaskideen ikastetxeak ezagutu.
Horrela, bada, hilabeteko programazioaren izenburua Nire ingurunea eta ni izan zen. Eta, astez aste, honako ekintza hauek garatu genituen:
1. astea
Nire etxea eta ni: haur bakoitzari etxe bat eta zenbait pertsonaren irudiak azaltzen ziren marrazkiak eman genizkion; beraiek beren etxeko biztanleen edo familiako kideen irudiak aukeratu eta margotu behar zituzten, eta, ondoren, etxean itsatsi behar zituzten. Hori egin ondoren, bakoitzak pertsonaia horiek nor ziren eta etxean non eta zergatik kokatu zituzten azaldu behar zuten. Horman itsatsi genuen haur bakoitzaren etxearen irudia.
2. astea
Ikastetxeak eta ni: herrian dauden ikastetxeak ezagutu nahi izan genituen. Horrela, haurrek aukera izan zuten herrian, euren ikastetxeaz gain, gehiago ere badaudela ikusteko eta ikastetxe guztietako haurrak lagun dituztela ikusteko. Horma-irudi erraldoi bat egin genuen, herriko lau ikastetxeak margotuz, eta, ondoren, bakoitzak bere 
ikastetxea zein zen azaldu zuen. Horma-irudi handi hori etxeen irudien aldamenean ezarri genuen.
 
3. astea
Lagunak eta ni: haurrek eskolaz kanpo hainbat ekintza egiten dituztenez, horiek landu nahi izan genituen; ikasleei eskolaz kanpoko ekintzen marrazkiak eman genizkien, eta bakoitzak berak egiten zituenak margotu zituen; gero, azalpenak eman zizkieten lagunei. Marrazki horiek ere horman itsatsi genituen, besteen alboan.
4. astea
Ludoteka eta ni: horma-irudi handi batean, ludotekako txokoak margotu genituen, eta haur bakoitzak berari zegokion marrazkia jarri zuen, bera egon ohi zen txokoaren inguruan. Horrela irudikatu zituzten ludotekako lagun-taldea eta erabiltzen zuten espazioa.
Horma-irudi handi horrekin amaitu genuen dinamika, eta hori ere beste irudiekin batera jarri genuen. Hormako irudietan, haur bakoitzaren familia, ikastetxea, eskolaz kanpoko jarduerak eta ludotekan haurrak zuen dinamika islatzen ziren. Gurasoak gonbidatu egin genituen ikustera, eta txunditurik gelditu ziren egindako lanak ikusi zituztenean. 
Esperientzia polita izan zen haurrak beraien familia aztertzen eta besteei azaltzen 
ikustea, ikastetxeen arteko lehia deuseztatzea horma-irudi handi bat elkarrekin eginez, eskolaz kanpo zenbat jarduera egin daitezkeen jakitea eta ludoteka nola ikusten duten aztertzea. Asko ikasi genuen guztiok, bai beraiek eta bai guk.