Kontrapisua

2013-06-01
Guraso gisa zailena egiten zaidana, nire izaeraren kontrapisua bilatzea da: gauzak ­egiteko nire ohiko modua zalantzan jartzea. Izan ere, haurrekin gaudenean, etengabe ­ateratzen da argitara gure izaera, behin eta berriro, egunean nork daki zenbat aldiz. Eta izateko eta gauzak egiteko gure modu horrek hari luuuuuuuuzeei egiten die tira.
Azal dezadan argiago. Haurdun nengoenean, Amar sin miedo a malcriar izeneko liburua iritsi zen nire eskuetara, beste hainbat libururen artean. Gustura irakurri nuen, horixe baitzen nire barruko kezka nagusienetako bat: haur jaioberriaren behar, eskari eta nahiak unean-unean erantzun eta ase ­ahal 
izatea,  gerora, “gaizki ohitutako, gaizki hezitako” haurra izango dugun beldurrik gabe. Eta lagun batek eman zidan nire kezka horrentzako erantzunik onena: “Ainhoa, zuk alaba gaizki hezteko ahalegina egin behar zenuke, propio”. 
Aski ongi ulertu nion: alegia, egunerokoan diziplinak eta gauzak ongi egin nahiak nigan pisu dezentekoa dutenez, hortxe jartzeko arreta, balore ere badirela nire izaeraren atal horiek baina, baita mugatzaile ere. Eta alabari ez gehiegi erakusteko nigan hainbeste garatu diren ezaugarriak. Nahi gabe ere ikasiko baitizkit. Esaterako, ohitura gisa hartua badut iluntzetan goiz afaldu, jolastu, bainatu, ipuinen bat kontatu eta haurra oheratzea, ahalegina egiteko tarteka hurrenkera horretan zerbait aldatzeko, ez ­egiteko, beste era batera egiteko… Finean, “araua” hausteko.
Hezitzaile guztiok garatzen dugu, oharkabean, gure izaera haurrekin. Ipuinzalea denak, ipuinak kontatuz. Sukaldean aritzea gustatzen zaionak, jaki goxoak prestatuz. Kirolzalea denak, haurren gorputzak nekaraziz. Beti barrez ari denak, haurrari ez negarrik egiteko esanez. Ezkorra denak, gauzak gaizki irteteko arriskua bistaraziz. Munduarekin haserre dagoenak, haserre horren arrazoiak erakutsiz. Kantuzalea denak, kanta zaharrak abestu eta berriak sortuz. Marrazten ona denak, marrazkiak eta margoak oparituz. Garbizalea denak, haurrari etengabe bere gauzak biltzeko esanez. “Besteek zer esango duten” beldur denak, behin eta berriro haurrari baxuago aritzeko oharra emanez…
Horregatik uste dut, hezkuntzaren eta hezitzaileon zeregin nagusienetako bat ­egoeren kontrapisua bilatzea dela. Hezkuntza sistemak, oro har, gizartearen ohituren kontrapisua bilatu behar luke: “zarata” gehiegirekin bizi garela? Bada, isiltasuna disfrutatzen erakutsi. Internet daukagunetik ez dugula bost minutuz baino gehiagoz testu berean irauten? Bada, denbora luzeko kontzentrazioa landu. Epe luzeko proiektuak ez daudela modan? Bada, horretarako behar den autokonfiantza landu. 
Eta irakasle eta gurasook arreta jarri, bai geure izaeran, bai haurrarenean. Izan ere, pertsonok ez gara gure izaera eta gaitasunez bakarrik osatzen, garatu ez ditugun gaitasunak ere bagara. Are gehiago, batzuetan, gutxien garatzen ditugun ezaugarriak lantzeko ahalegina propio egin behar genuke, pertsona orekatuagoak izateko. Eta gure haurrei askatasun-ariketa hori oparitzea da hezkuntzan herren gutxiago egiteko bide bat.