Diru asko irabazi gabe ondo bizi gaitezkeela ikusaraziko diguten erreferenteak behar ditugu

2014-02-01
Gaur egungo egoera ekonomikoa hobeto ulertzen laguntzeko Yolanda Jubeto ekonomialari eta EHUko irakaslearengana jo du Hik Hasi-k. Krisiaren zergatiak azaltzeaz gain, lan-baldintzen eskasia eta murrizketak zerk eragin dituen ere esplikatu du ekonomialariak, eta bestelako ekonomia– eta gizarte–eredu baterako eskolak egin ditzakeen urratsez hitz egin du. 
  Kontsumo arduratsua bultzatzeko beharra aldarrikatzen du Jubetok eta horretan eskolak bere hondar alea jar dezakeela uste du: “Hezkuntza-sistema oso bideratuta dago enpresa handien beharrei erantzutera. Akaso eskola probestu behar genuke elkartasuneko ekonomiako balio batzuk lantzeko”. 
 
 
Krisia, murrizketak, lan baldintzen eskasia... Nola iritsi gara egoera honetara? Zein dira makroekonomia mailan egoera honetara eraman gaituzten klabeak?
Gaur egungo krisi-egoera ulertzeko 70etara jo behar dela diote autore askok. Orduan ere krisi gogor bat bizi izan genuen, petrolioaren krisia deiturikoa, baina petrolioarena ez ezik, aldaketa teknologikoak eragindako krisia ere izan zen. 80ko hamarraldira arte iraun zuen eta krisi hartatik ateratzeko erabili genuen moduak erakusten du nola heldu garen gaur egun gauden egoerara. Ez da egun batetik bestera sortutako krisia. 
Mendebaldeko gizartean, 70ekoaz aurreko hamarraldietan soldatak ­igotzeko joera izan zen eta etekinen pisuak behera egin zuen. Beraz, botere-guneetan kapitalaren eta langileen arteko harreman hura aldatzeko gogo handia zegoen. Krisi hura baliatu zen neoliberalismoa zabaltzeko 80ko hamarraldian hasita. Langileria kontrolpean jartzeko sindikatuen kontrako borroka bortitza egin zen, Margaret ­Thatcherren politika gogoratu besterik ez dugu. Sindikatuak erabat ahultzea, enpresa publiko gehienak pribatizatzea eta etekinak handitzea lortu zen hala, eta kapitalaren boterea, batez ere, kapital handiaren boterea handituz joan zen. Soldatak, berriz, gero eta baxuagoak ziren. Ondorioz, zer gertatu zen? Jendeak ez zeukala dirurik kontsumitzeko. Baina, zein da sistema kapitalistaren motorra? Ba, kontsumoa. Eta irtenbidea zein izan zen? Zorpetzea. 
Azken batean, aldaketa teknologikoari esker asko erraztu eta merkatu da ekoizpena eta denbora berean gero eta gehiago ekoizteko gai izan gara. Kapitalismoak aurrera jarrai dezan, ordea, ekoiztutako hori norbaitek kontsumitu behar du. 
Kontsumitu ahal izateko jendea zorpetzen hasi zela diozu. Noiz eta nola gertatu da prozesu hori? 
90eko hamarralditik aurrera, neoliberalismoaren zabalkundearen ondorioz,  jendeari esan zitzaion dirua ia-ia doan eskura zezakeela eta zorpetzea oso ekintza arrunta eta asebetegarria zela. Zorpetzea asko zabaldu zen, batez ere kontsumoa bultzatzeko eta jendea etxebizitzak erostera animatzeko. Horretarako gainera diru-laguntzak ematen zituen estatuak zergak gutxituz.  Pizgailu asko geneuzkan zorpetzeko. 
Kontsumo mota berriak ere agertzen joan ziren. Hamarraldi horretan egin zen ohikoa, adibidez, oporretara joateko zorpetzea. Hori fenomeno berria zen. Baina zer gertatu zen? Ba, soldatek jaisten jarraitzen zutela. Une batzuetan langabezia asko jaitsi bazen ere, soldata jaitsieraren ondorioz, zenbaiten kasuan enplegu bat izatea ez zen nahikoa ondo bizitzeko. Batez ere AEBetan gertatu zen hori. Hemen ez horrenbeste. Izan ere, hemen 80ko hamarraldian Europar Batasunean sartu ginen, diru-laguntza asko jaso genituen, azpiegitura handiak egin ziren. Diru asko etorri zen, mugimendu handia zegoen eta bazirudien aberasten ari ginela. 
Errealetik ezer ere ez zuen burbuila batean bizi izan gara? Burbuila hori lehertzeak zein ondorio izan ditu?
Kapital-fluxuen liberalizazioaren ondorioz, kapital pribatuak gero eta muga gutxiago zuen nahi zuen lekuan inbertitzeko edota espekulatzeko. 2007an azken finantza-burbuilak eztanda egin aurretik, hainbat urte generamatzan ilusiozko burbuila batean bizitzen: ‘zeinen aberatsak garen, zeinen ondo bizi garen, zenbat kontsumi dezakegun’. Izan ere, ongizatea kontsumoarekin erlazionatzen da etengabe. Baina, prozesu horren ostean zer gertatu zen? Botere guztia maileguak eman zituztenen esku geratu zela. ­Finantza-sektorea gero eta botere handiagoa lortzen hasi zen. Erabakigune ekonomikoetan jaun eta jabe bihurtu zen, eta hala izaten jarraitzen du. Finantza-sektoreak ekonomiaren bilakaera gidatzea lortu zuen. 
Zorpetzeekin eta mailegu-sistemekin sekulako ziria sartu ziguten, hein batean. Izan ere, kontsumitzeko maileguak jasotako jende askok, soldatarik gabe edo oso soldata baxuekin geratzearen ondorioz, ezin izan du dirua bueltatu. Mailegua ordaindu ezean, ondasun hori kentzen dizute, kasu askotan etxea. Horrexegatik, pobrezia areagotzen hasi da. Gizarteko sektore bat erabat pobretu da egun batetik bestera. Estatuan txirotasuna ­inoiz baino handiagoa da gaur egun. Kalkulatzen dute 2.000.000 pertsonak jateko elikadura-laguntza behar duela. Aberastasun urte horiek irudipen hutsean geratu dira, ez da erreala izan. Horrexegatik hitz egiten da burbuilaz. 
Krisiaren ondorioz gizartea pobretzen ari den arren, sektore bat –gutxiengoa- izugarri aberastu da. 
Oxfam-en azken txostenak dio munduko biztanleriaren %1ak munduko aberastasunaren % 40 daukala. Datu horiek Credit Suisse Bankuak argitaratzen ditu urtero, eta azken urteotan joera hazkorra erakutsi dute. Beraz, Bankuei aberatsekin harremana izatea interesatzen zaie, probatuta baitago aberatsak gero eta aberatsago direla. Ondasunaren piramidean, goiko erpineko %1 horretan gero eta ondasun gehiago dagoela konturatu dira. ­Izan ere, zer gertatzen da krisi garaietan? Handiak txikia jaten duela eta txikia erortzen dela lehenengo. Ez kontsumitzaileak soilik, baita enpresa txikiak ere, horiek ere zorpetzearen ondorioz hazi baitira. Enpresa askoren zorpetze-mailak ez dauka zerikusirik bere inbertsio gaitasunarekin. Sistemak, ordea, horretara zaramatza.  Dirua merkatuan edo burtsan nahiko merke lortzen duzu eta pentsatzen duzu etekin apur bat handiagoa aterata ondo joango zaizula, baina gero ­egoera aldatu delako diru hori ezin baduzu bueltatu arazoak izaten hasten zara.
Finantza-sektorearen kontrolaren ondorioz, enpresa txiki asko itxiarazi egin dituzte eta enpresa handiagoek erosi dituzte oso merke. Bankuekin ­ere antzeko zerbait gertatu da. Porrot egin duten banku asko publiko bihurtzen dira, diru publikoarekin onbideratzen dituzte eta berriro bueltatzen dira enpresa pribatuen eskuetara. Mugimendu horren bidez diru publikoak esku pribatuetan amaitzen du. Eta horrexegatik zorpetu da horrenbeste estatua. Zeren krisiaren hasieran zorrik gehiena pribatua zen. 
Zor pribatu hori, ordea, zor publiko bilakatu da. Zergatik? 
Europako Bankuak ezin die dirurik eman estatuei, Europako Bankua sortu zenean Europar Erkidegoko ­agintariek hori adostu baitzuten. Bankuei ematen die dirua eta oso merke gainera, ia doan. Bankuek, ordea, estatuei diru hori askoz ere garestiago mailegatzen diete. Mugimendu horrekin soilik dirutza irabazten dute bankuek. Estatuak, ostera, geroz eta zorpetuago daude. Sektore publikoa zorpetu egin da bankuei laguntzak ­emateko, orain bankuek etekinak dauzkate, baina sektore publikora ­oso diru gutxi ari dira itzultzen. Eta sektore publikoaren irtenbidea gastuak murriztea izan da. Eta zer ari da murrizten? Zerbitzu publikoak. Eta zein zerbitzu publiko? Osasuna, hezkuntza, ikerketa, ikasleen bekak... Gu geu ari gara ordaintzen bankuek eta boteretsuenek sortutako krisia. 
Krisi egoera hau kudeatzeko, ba al zegoen murrizketak eta lan-erreforma hau ez beste alternatibarik?
Bai, baina sistemaren kontra jarriz. Finantza-sistema publikoa izan behar da. Diruaren mugimendua eta diruaren kudeaketa benetan ekonomiaren zerbitzura jarri nahi bada, horrek publikoa izan behar du. Sektore publikoak erronka oso garrantzitsua dauka finantza-sistema aldatzen, baina hori planteatzea bera heresia ekonomikoa da gaur egun. Horrekin batera pribatizatu diren beste zenbait jarduera ere publiko edo komunitario bihurtu beharko lirateke atzera, hala nola, osasuna, telekomunikazioak, energia, ur-kudeaketa... Ondasun komunen, hau da, guztiontzako beharrezkoak diren ondasunen aurrean publikoaren edo komunitarioaren aldeko hautua egin behar dugu. 
Publikoari edo komunitarioari lotutako beste eztabaida bat ere badugu. Adibidez, lur komunitarioak galduz joan dira pribatizazioarekin. Hori atzera ere berreskuratu egin beharko genuke. Lan komunitarioari eta auzolanari ere garrantzia eman beharko genioke. Beste ikuspegi bat behar dugu zer izan behar den pribatua, zer publikoa eta zer komunitarioa erabakitzeko. Komunitarismoa bultzatzea ­erantzukizun soziala areagotzeko bitarteko bat ere bada eta hori oso interesgarria izan daiteke, sistema kapitalistaren beste ardatzetako bat indibidualismoa baita. Bakoitza bere buruarekin soilik kezkatzen da eta besteak hor konpon. 
Badirudi botere ekonomikoak botere politikoa erabat menpean daukala. Finantza-sektorea ezin da erregulatu? 
Horrek ere badauka azpian tranpa. Alde batetik, Europar Batasunean lobby asko daude eta sekulako indarra dute gainera; eta beste aldetik, ate birakariaren fenomenoa gertatzen da. Kontuan izan behar dugu alor ekonomikoari dagozkion erabaki asko ­Europar Batasunean hartzen direla. Europar Batasunean, eta bereziki Bruselan, erdian eraikin ofizialak daude eta inguruan enpresa handien bulegoak, izugarrizko lobby lana egiten dutenak. Erabaki bat hartu behar den bakoitzean ordezkari politikoek enpresa handi horiekin negoziatzen dute. Lobbyen papera oso garrantzitsua da araudiak gehiengoaren alde ez, baizik eta botere ekonomikoaren alde zergatik egiten duen ulertzeko.
Ate birakariari dagokionez, berriz, argi ikusten da Europako estatu-buru asko, eta goi-kargu ugari, kargu publikoa utzi eta berehala enpresa pribatuetara igaro direla. Hor dauzkagu Aznarren, Gonzalezen, Blairren, Schröderren edota beste hamaika politikariren kasuak. Euren herrialdearen eta bertako biztanleen onura ekarriko zuten politikak egin beharrean, enpresa pribatuen onurarako politikak egiten aritu dira. Lotura estuegia dago botere ekonomikoaren eta politikoaren artean. Eta gaur egun esan dezakegu botere ekonomiko kapitalista dela benetan beste guztiaren gainetik agintzen duena. Oxfam-en azken txostenak dio botere ekonomikoak bahitu egin duela botere politikoa.
Horrela jarraitzen badugu, ordea, planetak eman dezakeena baino gehiago beharko dugu bizitzeko. Kontziente gara horretaz? Eta erakundeak?
Kapitalismoaren ereduarekin, ­eten­gabe hazi eta produzitu behar horrekin, lurra jaten ari gara etengabe. 1972an Erromako Klubak zientzialariei hazkunde ekonomikoa ingurugiroan izaten ari zen eragina neurtzeko txosten bat egiteko eskatu zien. Kontsumoak, produkzioak eta populazioak XX. mendeko abiaduran hazten jarraitzen bazuen, Lur planetak kolapso egoerarako zuen arriskua neurtzeko Meadows izeneko txostena aurkeztu zuten. Bertan zioten kontsumo joera aldatu ezean, 100 urteren buruan barru-arazo larriak sor zitezkeela, eta 40 urte daramatzagu geroz baino geroz azkarrago haziz. 2012an ekologian oinarritutako beste txosten bat aurkeztu zuten eta ikusi zuten Meadows txostenak zioena betetzen ari dela. Beraz, horrela jarraituz gero arazoak aregotuko dira. 
Hala ere, krisitik ateratzeko gakoa produkzio, eta beraz, kontsumo handiagoan oinarritzen dute agintariek. 
Bai hala da, eta kontsumoa gutxitu egin behar dugula eta beste era batean kontsumitu behar dugula planteatzen baduzu zorotzat hartzen zaituzte; ­ematen du enpleguaren, etorkizunaren, ongizatearen kontra zaudela. Horrelako proposamenen aurrean sekulako gaitzespena dago, baina alde batetik normala ere bada, gure heziketa osoaren oinarrian hazkundea ongizatearen sinonimotzat hartu baitugu. Automobilgintza industriaren adibidea jarriz, zenbateraino behar ote dugu horrenbeste auto? Etengabe diru-­laguntzak ematen dira eta renove planak egin, baina ez da zoramena guztiok auto bat edo bi eduki behar ditugula pentsatzea? Baina, noski, automobilgintzak zer eskatzen du? Gero ­eta errepide gehiago. Gero eta produkzio handiagoa. Kolokan jartzen ez badugu zer eta zertarako ekoizten dugun eta ekoizten dugun hori ea benetan gure ongizaterako den, gurpil zoro batean sartuko gara eta ezingo gara hortik atera. 
Denboran zenbat gehiago luza daiteke ekonomia-eredu hau?
Kolektiboaren iruditerian hau da ezagutu dugun eredua, eta aldatzea ia ezinezkoa dela pentsatzen dugu. Nik uste dut gure buruak inertzietarako ­eta errutinetarako joera duela. Horregatik, egoera hau aldaezina dela pentsatzen dugu, edo gutxienez guk ez daukagula botere eta ahalmen nahikorik ezertarako. Beldur kolektiboa eragiten komunikabideek jokatzen duten rola ere funtsezkoa da, azken batean beldurrak geldiarazi egiten baikaitu. Baina beste alde batetik, guk badakigu sistema honek ez digula zoriontasunik ematen; gutxiengo batek lortzen du desio duen lanpostua, edo benetan bizitzan nahi duena egitea. 
Etengabeko frustrazioan, antidepresiboen nolako kontsumoa dagoen begiratu besterik ez dugu horretaz ohartzeko. Gizarte gaixoa daukagu, eta hortik sortzen ­dira bortizkeriak, depresioak, drogazaletasunak, etxeko gatazkak, ezinegonak... Gainera sistemak antsietate ­izugarria eragiten du, aurrean jartzen digu lortu behar dugun hori, baina lortzen dugunean lortu dugun horrek ez gaitu ase eta zerbait berriaren bila hasten gara. Gure barnean, ordea, sistema honek izugarrizko mugak dituela ohartzen gara. Horregatik, ekimen alternatibo asko ari dira sortzen, baina oraindik txikiak dira eta bakoitza bere kaxa ari da lanean. Hala ere, iruditzen zait egunen batean hortik zerbait berria sortuko dela. Marxek zioen kapitalismoak pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago egiten dituela, eta pentsatzen zuen, barruko kontraesanengatik, 
egunen batean kapitalismoa lehertu egingo zela. 
Iritsi gara kapitalismoaren leherketa horretara?
Ez dakigu. Muga batean gaudela dirudi. Kapital kontzentrazioagatik ­eta eragiten dituen desberdintasunengatik muga batera ari da iristen. Lehen mundua aztertzerakoan Mendebaldean soilik zentratzen ginen. Gainontzeko guztia gu zerbitzatzeko zegoen. Beste herrialde batzuk ere ­esnatu egin direla konturatzen gara ­orain. Latinoamerika adibidez, edota ekialdeko herrialdeak. Pena handia da Txina eredu kapitalistan bete-betean sartu izana. Latinoamerikan, ordea, beste eredu bat behar dugula eta eredu hori nolakoa izan litekeen pentsatzen ari diren mugimenduak indarra hartzen ari dira. ­XXI. mendeko sozialismoaz hitz egiten dute haiek, euren kontraesan guztiekin, baina gutxienez beste mundu mota baterako trantsizioa egin behar dugula aldarrikatzen dute. 
 
Deshazkundea beharrezko da? Posible  da? Nola gauza liteke? 
Ekonomialariontzat deshazkundea erronka izugarria da. Hasieran kontzeptu hori entzuteak buruan eten bat eragiten du. Izan ere, orain bertan BPG igotzen ari dela entzuten badugu edo kontsumo hazkundea egon dela, geure barrenean nolabaiteko lasaitasuna sentitzen dugu eta geure buruari esaten diogu: “Beno, hau buelta hartzen hasi da”. Testuinguru horretan beste ezer jakin gabe deshazkundea bezalako kontzeptu bat entzutean, krisian, langabezian nahiz pobrezian pentsatzen dugu zuzenean. Baina deshazkundearen ideia, bereziki, pentsarazteko erronka gisara planteatu zen. Egoera baten mugara iritsi garela esateko moduan izan zen. Hitza bera ez dakit egokiena den, baina bai atzean daukan planteamendua, zertan edo zein eremutan hazi nahi dugun eta zein eremutan deshazkundea bultzatu behar den pentsatzeko bidea ematen baitu. Gure kontsumo ohituren inguruan hausnartzeko oso proposamen egokia da. 
Eskolak –hezkuntza-sistemak– zer egin dezake bestelako gizarte eredu edo ekonomia eredu baten alde? 
Eskolak lehendabizi bere eragina mugatua izango dela ohartu behar du. Askotan guztia eskolaren gain uzten dugu eta hori ez da bidezkoa, izugarrizko pisua jartzen baitugu irakasleengan. Nik gurasoei ere eskola batzuk emango nizkieke. Uste dut zer ikasia badutela haiek ere. Sistema kapitalistak gure umeekin gero eta denbora gutxiago egotera eraman gaitu eta gero hutsune hori materialki, gauzak eta gauzak erosiz bete nahi izan dugu. ­Ume asko guztia eskura izaten ohitu ditugu. Orain dela gutxira arte hori ez zen gertatzen. Zerbait lortzeko denbora mordoa behar zenuen; orain dena berehalakoa izan behar da eta une honetan desio dugun hori lortzen ez badugu negar egiten dugu. Berehalakotasun hori oso kaltegarria da, antsietate izugarria sortzen baitu. Aldi berean asegaitz gara. Inoiz ez gara ­ase. Hortaz, eskolan gurasoekin batera zer nolako bizi-eredua bultzatu nahi dugun hausnartu beharko genuke. Eta eskolarekin eta familiarekin batera administrazioa ere sartuko ­nuke elkarlan horretan. 
Iruditzen zait gauza asko egin daitezkeela. Adibidez, gure beharrei begiratuta soilik, galde genezake zein den gure lehen beharretako bat: jatea, esaterako. Iruditzen zait janaren gaia adibidez, eskoletan bigarren mailan geratu dela. Kanpoko enpresa gutxi batzuen esku dago eta ez da uzten janaria bertan prestatzen. Zergatik ez bultzatu inguruan ekoizten dena kontsumitzea? Hurbileko nekazaritza-­ekologikoa edo familia-nekazaritza? Eta zergatik ez gara hasten eremu hurbilean ekoitzitakoa eta eskolan prestatutakoa jaten? Horrelako ekimenek eredu berri baterako sarbidea eman dezaketela iruditzen zait. Uste dut janaritik hastea oso abiapuntu polita ­izan daitekeela, eta horrekin lotu beste ohitura batzuk, berrerabilpena edo birziklapena, esate baterako. Kontsumo arduratsua da gakoa. Eskolan, gurasoekin eta hezkuntza sailarekin harremanean bizimodu osasungarri eta iraunkorra lantzen eta askoz ere austeroago izaten saiatu behar dugu. 
Gizarte eredu neoliberal bati erantzuteko pertsonak sortu nahi ditu Werten erreformak. Horrek nora eramango du etorkizuneko gizartea? 
Itxaropena daukat Wert legea ez dela indarrean jarriko. Iruditzen zait Wertek proposatutako erreforma politikoa eta ideologikoa dela, ez dela zentratzen hezkuntza-sisteman. Kezkagarria da adibidez erakusten duen joera elitista eta merkantilista. Hezkuntza pribatizatzeko tresna dirudi. Edukiei dagokienez, kezkagarria da era berean, filosofiari ematen zaion trataera. Uste dut pertsona egiten gaituzten balioak baztertu egiten duela lege horrek, ez duela batere laguntzen elkartasuna eta bestelako balio etikoak sustatzen, ezta pertsonak formatzen ere, baizik eta juxtu kontrakoa; atzerakoia eta teknokratikoa da. Pertsonak makinak balira bezala hartzen ditu eta deshumanizazioa bultzatzen du alor guztietan. Nire ustez funtsezkoa da eskolak balio humanistikoak bultzatzea, bere zentzurik zabalenean. 
Elikagaiak aipatu ditut, baina musika, kirol komunitarioa, jolasa eta beste hainbat jardun ere hezkuntza mota horren barruan sartuko nituzke, baita eskolaz kanpoko ekintzetan gaur egun antolatzen diren jarduerak ere, guztia txertatuko nuke hezkuntzaren barruan. Eskolan umeen sormena bultzatuko duten era guztietako jarduerak egitea garrantzitsua dela uste dut. Haurrek aske sentitu behar dute eta benetan gustatzen zaiena egin. Euren pasioak bilatu behar dituzte. Horrek guztiak zer eskatzen du? Hezkuntzan eta irakasleen formazioan gehiago inbertitzea. Gure etorkizunerako eta garapenerako zerbait estrategikoa bada, hori gure haurren hezkuntza da. Gure haurren ongizatean eta garapenean pentsatu behar dugu, baina pertsona moduan ulertuta, ez robotak bailiran. Hezkuntzak alderdi zientifikoa behar du, baina baita humanistikoa ere, zeren zientziak humanitaterik gabe soilik munstroak sortzeko balio baitu. 
Eskolatik pasatzen dira etorkizuneko langileak, agintariak, enpresariak... baina, era berean, eskolan dauden haurrak ere gaur eguneko pertsonak dira, elitismoa, kontsumismoa... bizi dutenak. Posible al da bestelako eskola-eredu bat?
Gaur egun hezkuntza-sistema oso bideratuta dago enpresen beharrei ­erantzutera, eta batez ere enpresa handien beharrei. Hortaz, akaso eskola probestu behar genuke bestelako ekonomia-harremanak lantzen hasteko edo elkartasuneko ekonomiako balio batzuk lantzeko. Ekonomia-balioak aldatzeko bere ekarpena egin dezake eskolak eta ereduaren aldaketarako trantsiziorako ere oinarri batzuk ezarri ditzake. Ez dut uste erraza daukanik. Izan ere, eskolan dauden bitartean haurren heroiak futbolariak dira, baloi bati ostiko egin eta milioiak irabazten dituztenak; edo pasarela batetik pasatzeagatik dirutza eskuratzen duten modeloak, aberatsak direlako zein pozik bizi diren esaten dutenak. Komunikabideetatik ­iristen zaizkigun mezuak oso bortitzak dira eta ereduak oso gogorrak. Benetan pentsatu beharko genuke zelan jarri beste erreferentzia batzuk haurren esku, beste kirolari mota batzuk, zientzialariak... Beste era bateko erreferenteak behar ditugu, apaltasunetik diru asko irabazi gabe ondo bizi gaitezkeela ikusaraziko digutenak.