IKT-BLOK egitasmoa. Konpetentzietan trebatzea xede

2014-04-01
Oinarrizko konpetentziak derrigorrezko eskolaren ohiko curriculumean txertatzea helburu hartuta, IKT-BLOK egitasmoa jarri dute martxan Lizarra Ikastolan (gaztelaniazko TIC TAC izenez ezaguna). Ikasleak konpetentzietan trebatzeko estrategia da. 3 urtetik hasi eta 16 urtera arteko ikasleentzat 26 proiektu osatu dituzte, ikasturte bakoitzerako bi. Ikasleei egoera eta arazo errealak planteatzen zaizkie, gelan ikasitakoa modu praktikoan aplikatuz, erresolbitu ditzaten. 
Berritzailea delako eta arrakastaz ezarri delako sona handia lortu du egitasmoak, bereziki Nafarroan, eta bertako Eskola Kontseiluak foru komunitateko ordezkari 
izendatu du Espainiako Estatuko erkidegoetako Eskola Kontseiluen Topaketan parte hartzeko. Arrakastaren gakoa estrategian dagoela uste dute egitasmoaren arduradunek: “Kontua ez da zer nahi dugun, baizik eta zer egin dezakegun nahi dugun hori 
­lortzeko. Eta gu ez gara egingo genukeen horretan geratu, baizik eta egin egin dugu”.
 
 
Proiektuak erabiltzen dira gelan ­ikasitakoa aplikatzeko 
Bakoitzaren gosari ideala diseinatu, kanpotik datozen bisitarientzat ­Lizarra ezagutzeko gida turistikoa prestatu, eskolan energia gutxiago nola gastatu aztertu eta neurriak proposatu, haurrek ahaztuta utzi dituztelako eskolan azaltzen diren arropekin zer egin planteatu… Hainbat proiektu ­egiten dituzte Lizarra Ikastolan, ikasleei gelan eskuratzen duten ezagutza eta ikasten dituzten prozedura eta jokabideak modu erreal eta praktikoan aplikatzeko aukera emateko. IKT-BLOK egitasmoa da eta duela lauzpabost urte jarri zuten martxan; helburua da oinarrizko konpetentziak derrigorrezko eskolaren ohiko curriculumean sartzea, eta 3 urtetik hasi eta 16 urtera bitarteko ikas­leak oinarrizko konpetentzia horietan trebatzea. 
IKT-BLOK egitasmoak, izenak berak iradokitzen duen moduan, Bateratze Lanak Oinarrizko Konpetentzietan egitea esan nahi du, horretarako Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiliz. Xavier Roegiers, Lovaina Unibertsitateko katedradunaren Integraziorako Pedagogiaren inguruko teorietan oinarritu dira egitasmoa martxan jartzeko eta EHUko Jesus Mari Goñi aritu da aholkulari lanetan. Horiekin batera Lizarra Ikastolako zuzendaritza taldeak eta irakasle guztiek hartu dute parte egitasmoan. 2006an Ingalaterran garatzen hasi ­ziren PQ (Projects Qualification) izeneko proiektutik hainbat elementu hartu dituzte, eta baita Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza izenekoaren inguruan biltzen diren hainbat planteamendu ere.
2006an Europako Batasuneko Parlamentuak Hezkuntzarako Erreferentziazko Marko bat ezarri zuen ­eta bertan helduarorako prestatzeko europar gazteek eskuratu beharreko oinarrizko konpetentziak zehaztu ziren. Adituen esanetan, bi berrikuntza nagusi zekartzan proposamenak: batetik, konpetentziei –kontzeptu erabat berria ez izan arren– protagonismo berezia ematen ziela; eta bestetik, konpetentzien gaineko proposamen zehatz bat egiten zuela. Lurraldearen arabera, aldaketa txikiren batzuk izan baditzake ere, 2006ko Europako Batasunaren proposamena da gaur ­egun Euskal Herriko eskoletako curriculumaren oinarria. 
Ezarri da markoa, eman dira ­arauak, egin da proposamena, baina Jesus Mari Goñik dioen moduan, hori guztia praktikara eramateko estrategia falta da: “Eskolan ezin da lan egin marko teoriko-juridikoekin. Proiektuak, jarduerak eta elementu praktikoak behar dira”. Ez da beraz, konpetentziak lantzeko eta ebaluatzeko, jokabide eta estrategia konkreturik ­diseinatzen aipatutako dekretuan. IKT-BLOK egitasmoak hutsune hori bete nahi du: oinarrizko konpetentziak lantzeko eta ebaluatzeko estrategia bat garatu, hain zuzen. 
Euskal eskoletan, Europako Batasunaren Erreferentziazko Markoa txertatzeko bi estrategia nagusi jarraitu dira: batetik, curriculuma aldatu eta guztiz eraberritu “konpetentzien araberako curriculuma” sortuz; eta bestetik, orain arteko curriculuma osatu eskolan eskuratutako ezagutzak aplikatzeko bitartekoak eskainiz ikasleek konpetentziak eskura ditzaten.
Bigarren bide horri heldu dio Lizarra Ikastolak IKT-BLOK egitasmoaren bidez. Ez dute curriculum berririk sortu, baizik eta orain artekoan ­oinarrituz, curriculum horren bidez ­ikasten dena era errealean aplikatzeko modua egin: “Gure ustez bigarren bide hori sinpleagoa eta praktikoagoa da. Izan ere, eskolari ez dio eskatzen beste berrantolaketa bat. Kontuan izan behar da irakasle asko ere kokoteraino dagoela horrenbeste ­aldaketarekin”, argitzen du Goñik. Hala, ondoko konpetentziak lantzen dituzte egitasmoaren bidez: hizkuntza komunikaziorako gaitasuna; matematikarako gaitasuna; zientzia, teknologia eta ingurumenaren zaintzarako gaitasuna; informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala; gaitasun soziala, eta aisiarako, kontsumo arduratsurako eta osasunaren zaintzarako gaitasuna; gaitasun kultural eta artistikoa; ikasten ikasteko gaitasuna; eta autonomia, ekimen pertsonala eta garapen emozionala.
Estrategia zehatza
Oinarrizko konpetentziak lantzeko eta ebaluatzeko Lizarra Ikastolan proposatzen duten estrategia hainbat printzipiotan oinarritzen da: hasteko eta behin, ezagutzaren eraikuntza eta konpetentzien garapena bereizten dituzte, Goñik azaldu bezala, ezagutzaren eraikuntzaren atalean ikasketa berriak lortzea bilatzen da, konpetentzien garapenaren atalean berriz, ikasitako hori testuinguru jakin batean aplikatzea; bigarrenik, ezagutza eraikitzeko atalean egokiena irizten den metodologia erabiliko da, baina konpetentziak garatzeko atalean jardueretan oinarritutako metodologia (proiektuen bidezkoa); hirugarrenik, ezagutzaren eraikuntza lantzeko curriculuma mantenduko da, oinarrizko aldaketak txertatuz (konpetentziak garatzeko behar diren ezagutzak ziurtatuko direla dioen curriculumaren atala errebisatu behar da); azkenik, konpetentziak garatzeko Bateratze Lanak izeneko metodologia ezarriko da martxan. 
Bateratze Lanak ikasitakoa aplikatzeko diseinatzen dira, hainbat motatako ezagutzaren integrazioa eskatzen dute, testuinguru eta egoera jakin batean planteatzen dira, eta jardueretan oinarritutako metodologia jarraitzen dute. Egitura didaktikoari dagokionez, Bateratze Lana jardueraz osaturiko sekuentzia didaktikoa da: hasierako jarduerak (aurrezagutzen errepasoa, egin beharreko lanaren aurkezpena, materialaren banaketa eta egingo den lanaren interesaren azalpena), garapen jarduerak (aukeratutako konpetentziak lantzeko prestatuak) eta bukaerako jarduerak (lanaren balorazio orokorra egiteko eta portfolioa osatzen laguntzeko) ditu.
IKT-BLOK egitasmoa aurrera eramateko, ikasturtean maila bakoitzeko bi bateratze lan edo proiektu egiten dituzte Lizarra Ikastolan. Duela lauzpabost urte hasita, guztira 26 proiektu osatu dituzte 3 urtetik hasi ­eta DBHko 4. mailara arte praktikan jartzeko. Josu Sueskun Lizarra Ikastolako DBHko irakasleak eta IKT dinamizatzaileak esplikatutako eran, proiektu horien bidez ikasleei testuinguru berriak eskaintzen dizkiete eta problema errealak planteatzen dizkiete, bakoitzak dakiena aplikatuz erresoluziorako bidea egin dezan: “Modu integratuan, eskolan ikasitakoa bizitza errealean aplikatzea da gakoa”. Integrazioa oso kontzeptu garrantzitsua da egitasmoaren barruan. Izan ere, normalean, ikasketa-prozesuetan ezagutzak modu soltean eskuratzen dira; proiektuetan, ordea, hainbat arlotako ezagutzak integratu egiten dira eta hala, oinarrizko konpetentzia guztietara iristea lor dai­teke. 
Eskola-urteko denboraren % 10 bideratzen dute egitasmo horretara. Pixkanaka hasi dira, ez baitute uste ­egun batetik bestera aldaketa handiegiak martxan jartzea komenigarria denik. Ez dakite denborarekin zabalduko den edo ez. Momentuz hazia ­erein dute. 
Tutorearekin, arlokoarekin edota tokatzen den irakaslearekin egiten dute ikasleek proiektua. Izan ere, azken batean, ez da horren garrantzitsua irakaslearen papera: “Guk gidatzen dugu, baina eurek egiten dute lan guztia, eurei baitagokie honetan edo hartan konpetente direla erakustea”, azaldu du Sueskunek. Gainera, “arloko irakaslea” kontzeptua apur bat biguntzen ere saiatzen dira, pentsatzen baitute, adibidez, matematikako irakasleak ikasleari euskarazko testu bat osatzen ere lagun diezaiokeela: “Nahiz eta jarduera zehatz horren edukia ez izan bere arlokoa, irakaslea hor egongo da laguntzeko”. Proiektuen diseinu-fasean irakasle guztiak –arlo batekoak zein bestekoak– elkarrekin aritzeak asko laguntzen du horretan. Irakasleek proiektua ondo kontrolatzen dute: helburuak, non kokatzen den, zein jarduera nola egin behar den, etab. Ondoren, ikasleei eskatzen diete proiektu hori, autonomia osoz, aurrera eramateko.
Ikasleen autonomia lantzea ere ­oso garrantzitsua da IKT-BLOK egitasmoa arrakastaz garatzeko. Izan ­ere, ikaslea, ahalik eta laguntza gutxienarekin, egiteko gai den proiektuak izan behar dute, hau da, ikasleari ahalik eta modu autonomoenean jarduteko aukera emango diotenak: “Ohiko ikasketa-prozesuan irakaslearen laguntza garrantzitsuagoa da kasu honetan baino”, argitu du Goñik. Horrez gain, ardura, eraginkortasuna, iniziatiba edota sormena bezalako balioak ere sustatu nahi dituzte ­egitasmoaren bidez.
Hainbat arlo integratzen ditu eta testuinguru errealetan aplikatzeko balio du beraz, IKT-BLOK egitasmoak. Jarduera errealak egiten saiatzen dira, haurrak ikasi duen horri zentzua emango diotenak eta eskolaz kanpoko elementuekin erlazionatzeko balioko diotenak.
IKT-BLOK egitasmoak Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntzaren metodologia berbera darabilela pentsa dezake batek. Eta izan ere hala da, baina bada diferentzia nabarmen bat: ez dira gauza berriak ikasteko proiektuak, ikasleek dakitena aplikatzeko proiektuak baizik. Hala dio Goñik: “Proiektu egitura dute, baina helburua ez da gauza berriak ikastea. Adibidez, ikasleek jakin dezakete karta bat idazten, eskolan karta bat idazteko prozedura zein den ikasi dutelako, baina kasu honetan bidaia bat egiteko diru-laguntza eskatzeko Udaleko zinegotziari karta idazteko eta bidaltzeko eskatuko zaie. Zentzu horretan, konpetentziak lantzeko estrategia bat da, ez gauza berriak ikasteko. Proiektu laburrak dira, aplikazioan oso zentratuak eta konpetentzien ebaluazioarekin erlazionaturik daudenak. Gure ustez curriculumak bi helburu ditu: ezagutzak eraikitzea eta konpetentziak garatzea; eta IKT-BLOK egitasmoaren bidez bigarrenari erantzuten zaio”.
 
Behetik gora, irakasleen eta ikasleen artean eraikia
 Informazio eta Komunikazio Teknologien bitartez Bateratze Lanak ­Oinarrizko Konpetentzietan egitea da IKT-BLOK egitasmoaren xedea. Diseinuan lanik handiena Bateratze Lanak ematen badu ere, lanketa hori guztia Google Sites plataformaren bidez aurkezten da gero. Hala, proiektu guztiak bateratzen dira eta modu eraginkorrean lan egiteko aukera ematen du. Ikasleen nahiz irakasleen atalak bereizten dira bertan. “Ubagua ­Lizarra Ikastola” Google bilatzailean idatzita hel daiteke site horretara. Irekia da eta guztiek daukate eskura. 26 proiektuetariko bakoitza diseinatzeko, irakasleek lehen lehenik gaia aukeratzen dute. Hiru erreferente izaten dituzte kontuan: testuinguru soziala, pertsonala eta akademikoa. ­Ikasleentzat intereseko izan daitezkeen jarduerak topatzen saiatzen dira. Goñik adierazi bezala, konpetentziarik ez da testuingururik gabe. Beraz, bere ustez, konpetentzien ikuspegia buruan izatea ona da eskolan eskuratzen diren ezagutzek ikasleen konpetentzietarako balio duten edo ez ikusteko: “Zein da konpetentziaren aplikazio eremua? Ni konpetentea izan naiteke, baina zertarako? Hobeto bizitzeko, gizartean hobeto integratzeko, lan-merkaturako prestatuago egoteko…”. Gaur egun konpetentzia akademikoa da gehien garatzen den konpetentzia toki askotan. Horrexegatik, Lizarra Ikastolan ez dituzte onartzen konpetentzia akademikoa bakarrik lantzen duten proiektuak. Gutxienez, konpetentzia pertsonala eta soziala ere lantzeko aukera eman behar dute.
Era askotako proiektuak lantzen dituzte: Nondik dator edaten dugun ura?; Pertsona itsu bat ikastolan; Bidaia bat antolatzen; Ikasgelako liburutegia berritzen; Lizarrako parkeak; Lizarrako kiliki berria, etab. Guztiek egitura berbera edo oso antzekoa izaten dute. Proiektu bakoitzeko zazpi jarduera inguru egin behar izaten dituzte ikasleek. 0. jardueratik hasten dira, hau da, ezagutzen errepasotik. Gero garapen jarduerak egiten dituzte, eta azkenik ebaluazio jarduera bat egiten dute: ikasleek karpeta bat prestatu behar izaten dute egindako jarduera guztien emaitzak bilduz. Baina karpeta hori osatzea bera ere beste jarduera bat da: “Ez da ebidentzien bilduma soilik. Zerbait gehiago da. ­Ikasleak, alde batetik, autoebaluatu egiten dira; eta bestetik, jarduerari ­orokortasuna emanaz euren ekarpen pertsonala egiten dute. Heldutasun maila eskatzen zaie, ikuspegi kritikoa, autonomia”, adierazten du Sueskunek.
Proiektuak irakasleek eurek diseinatzen dituzte Goñiren laguntzaz. Garrantzia ematen diote irakasle bakoitzak behintzat proiektu baten diseinuan parte hartzeari. Baina, kasu batzuetan beste ikastetxeren batean proiektu interesgarriren bat landu dela ikusten bada, proiektua hartu eta Lizarra Ikastolara egokitzen dute. Horixe da, adibidez, “Teklak erabiltzeko garaian burua erabili” proiektuaren kasua. Gehienak halere, Lizarra Ikastolan bertan sortuak dira. 
Ebaluazioa bi modutara egiten da: batetik, behaketa bidez, eta bestetik, ikasturte amaieran ikasle bakoitzak proiektuen karpetan jasotako ebidentziak baloratuz. Proiektu bakoitzak zazpi konpetentzia lantzen dituela eta konpetentzia bakoitzak lau edo bost ebaluazio irizpide dituela kontuan izanik, irakasleak 28-30 item inguru ebaluatu behar izaten ditu. Proiektuen lanketaren truke lortutako emaitzek eragina dute azken ­emaitzetan. Proiektuak zeharkakoak direnez, bakoitzean arlo jakin batzuk daude inplikatuta. Beraz, arloko irakasleak erabakitzen du proiektuaren lanketak puntuen zein portzentaje hartuko duen. Ondoren, proiektuko jarduerak ebaluatzen dira oinarrizko konpetentziekiko: “Excel orriaren bidez sistema bat sortu dugu eta horrekin lortu dugu ikasleen oinarrizko konpetentziak ebaluatzea. Urteko bi proiektuak batuta, urtearen amaieran ematen da oinarrizko konpetentziei buruzko ebaluazioa”, esplikatzen du Goñik. 
 
Egitasmo berritzailea eta ­arrakastatsua
 Arrakasta eta sona handia lortu du, bereziki Nafarroan, Lizarra Ikastolaren IKT-BLOK egitasmoak. Nafarroako Eskola Kontseiluak foru komunitateko ordezkari izendatu du ­Espainiako Estatuko erkidegoetako Eskola Kontseiluen Topaketan parte hartzeko. Proiektu berritzailea delako aukeratu dute, eta arazo erreal bat konpontzera bideratutako estrategia bat planteatzen duelako: ikasleak konpetentzietan trebatzeko estrategia, hain zuzen.
Goñiren ustez, azken urteetan berrikuntza teoriko asko egin eta paperean asko idatzi bada ere, eskoletako praktika oso gutxi aldatu da. Bere hitzetan, erronka pedagogikoa estrategian dago: “Kontua ez da zer nahi dugun, baizik eta zer egin dezakegun nahi dugun hori lortzeko”. Haren esanetan, maiz denbora eta indar handia galtzen da adierazpen “orokor eta ­ederretan”, baina gero esandako hori ez da praktikara eramaten. Eta praktikara eramaterakoan ere, adituaren iritziz, oso garrantzitsua da ohiko curriculumean integratzen den zerbait izatea: “Iruditzen zait, sarri, modu parakurrikularrean lan egiten dugula. Gauza politak sortzen ditugu, baina askotan eskolan behin egin eta albo batera geratzen dira. Eta beti curriculumera bueltatzen gara. Nire ustez, azken urteetan egin dugun akatsa curriculuma ez aldatzea izan da. Metodologiaren inguruan ere gauza asko eta asko hitz egiten da, baina matematiketatik aljebra kentzen ez den artean, eskola-porrota ez da desager­tuko”. 
IKT-BLOK egitasmoaren bidez curriculum aldaketa posible dela demostratu nahi izan dute. Momentuz, aldaketa handiegirik ez dute egin, badakitelako ikastolak curriculumarekiko atxikimendu handia duela eta horrek egonkortasuna ematen duela. Lizarra  Ikastolan hazi txiki bat jarri dutela diote, baina praktikoa eta egingarria: “Agian hori da proiektu honen balio handiena: ez gara egingo genukeen horretan geratu, baizik eta egin egin dugu”, dio Goñik. Sueskunen ustez, arrakastarako beste gakoetako bat ikastetxe osoaren inplikazioa izan da: “Gauza handia da 3 urtetik hasi eta 16ra arteko ikasleek, horien irakasleek eta komunitate osoak egitasmo bat aurrera ateratzeko konpromisoa hartzea”. 
Ongi ebaluatzearen garrantzia
Proiektuak ebaluatzeko garatu duten metodoak egitasmoa borobildu duela uste dute Lizarra Ikastolako ordezkariek, eta horrek ere eragina ­izan duela arrakastan. Hala azaldu du Sueskunek: “Azken batean konpetentziak lantzeko testuinguru irekiago bat planteatzen diegu ikasleei, eurek proiektua egiten dute, eta ondoren ebaluazioaren bidez ikasleek ­egin duten lan hori oinarrizko konpetentzietara itzuli behar da. Hau da, neurtzen ditugun 30 itemak itzuli eta oinarrizko konpetentzietan islatzea lortu behar dugu”. Goñik gaineratzen duenez, ebaluatzen ez bada, proiektua pikutara doa, eta eransten du ebaluazioa dela curriculumaren giltza eta ebaluazioa aldatzen ez den bitartean curriculuma ez dela aldatuko.
Haurrak hiru urterekin egitasmoan parte hartzen eta proiektuak lantzen hastea ere oso eraginkorra izan daitekeela uste dute arduradunek. ­Izan ere, Lizarra Ikastolan aspaldi hasi ziren, txikitatik, hiru urteko haurrekin hasita, ahozkotasuna lantzen eta sekulako emaitzak lortu dituzte. IKT-BLOK egitasmoaren bidez ostera, hasieratik konpetentzia guztietan trebatzen dituzte. Helburua zera da: arlo guztietan konpetente izanaz ateratzea eskolatik, eta ez soilik edukien zaku bat altzoan dutela. Egitasmoaren bidez gainera, ikasleen ­oinarrizko konpetentzien garapen historikoa izango dute ikastolan, haien eboluzioa nolakoa izan den ­jakingo dute eta horrek sekulako ­potentzialtasuna izan dezake. Zerbaitetan indarra jartzen bada, hori nabaritu egiten dela uste dute Lizarra Ikastolan eta egitasmo honek ere luzera begira fruitu mardulak emango dituen itxaropena dute. 
Jakin badakite, gero eta azkarrago bizi den gizartean, emaitzak egun batetik bestera nahi izaten direla, baina argi dute hezkuntzan ­ezin dela horrela jokatu, eskolako lana beste mentalitate batekin egin behar dela: “Eguneroko lana egin behar da, praktikoa izan, eraikitzen, sortzen joan, poliki-poliki, konstantziaz eta desanimatu gabe, luzarora begira jardunaz, helburu handiekin, baina presarik gabe”, dio Goñik.
Aurten, lehenengoz, Jesus Mari Goñi Lizarra Ikastolan ez ezik, Iruñeko San Fermin Ikastolan eta Tafallako Ikastolan ere IKT-BLOK egitasmoa gauzatzeko aholkulari lanetan ari da. Erremintak jada sortuta daudenez, azken bi horietan askoz ere azkarrago doazela dio. “Bada anglosaxoiek erabiltzen duten kontzeptu bat, now how. Uste dut bide horretan goazela”.
Irakasleen prestakuntzarako bererako ere interesgarria iruditzen zaio Goñiri IKT-BLOK egitasmoa abian jarri izana. Izan ere, bere esanetan, irakasleen prestakuntzak zuzenean irakasleek dituzten beharrekin lotuta beharko luke egon. “Irakasleek badute arazo bat: curriculumaren gestioa. Nola gestionatzen dut nik curriculuma? Nola ebaluatzen dut?”. IKT-BLOK egitasmoan irakasleek ez dute curriculum guztiaz arduratu behar, baina bai behintzat bi astekoaz: proiektua definitu, helburuak zehaztu, jarduerak markatu, ebaluazioa planifikatu… “Normalean irakasleek lan hori ez dute egiten. Kanpotik egina etortzen zaie. Kasu honetan, berriz, irakasleek premia bati erantzun behar izan diote eta uste dut horrela euren lana hobeto egiten ikas dezaketela. Azken batean, horixe da prestakuntza profesionala”. Sueskunek ­erantsi bezala, irakasleentzat ere sekulako aukera izan da horrelako egitasmo batean hasieratik parte hartu ahal izatea. Beste aukera bat izan zitekeen material berrien zain egon eta horiek konpetentziak nola txertatzen dituzten behatzea. Baina aurre hartu eta auziari heltzea erabaki zuten, konpetentziak lantzen hastea eta lauzpabost urteko lana fruituak ematen ari da.
 
Adibidea, Lizarrako gida turistikoa
 Oinarrizko konpetentziak lantzeko proiektu bidez lan egiten dute Lizarra Ikastolan eta Bateratze Lanak ­erabiltzen dituzte, hau da, sekuentzia didaktikoak. Lau ezaugarri nagusi dituzte Bateratze Lan horiek: ikasitakoa aplikatzeko diseinatzen dira, hainbat ezagutzaren integrazioa eskatzen dute, eta testuinguru eta egoera-familia jakin batean planteatzen dira.
DBH 1eko ikasleek egindako Bateratze Lan baten adibidea jasotzen da hemen:
Izenburua: Lizarraren gida turistikoa
Helburua: Lizarrako gida turistiko bat prestatzea, herrian gauza ikusgarri asko daudenez, kanpotik datozen bisitariei erakusteko.
Deskribapen laburra: Lizarran dauden bisita leku ikusgarriak bilatu, aztertu eta deskribatu ondoren, ibilbide turistikoak sortzea da bateratze lan honetan proposatzen dena. Gida horretan herrian zehar egiteko ibilbideak prestatuko dira, bisitak era erosoan egin ahal izateko eta, era berean, herriko ahalik eta toki ikusgarri gehien bisitatzeko. Jasotako informazioarekin triptiko bat prestatu behar da herria ezagutzera datozenentzat.
Aurrezagutzen zerrenda:
- Gizartea: 
* Leku interesgarriak sailkatzeko eta aukeratzeko irizpideak.
* Herriko ondasun historiko, kultural eta naturazkoen balioa.
- Hizkuntza:
* Deskripzioen egiturak.
* Ahozko aurkezpenerako protokoloa.
- Informatika:
* Irudi digitalen kudeaketa.
* Google maps-en erabilera ertaina.
* Testu prozesatzailearen erabilpen ertaina. Publisher edo antzeko programa.
- Plastika:
* Triptikoaren diseinuak.
Landuko diren konpetentziak:
- Taldean modu kooperatiboan, gai bati buruzko hiriko bost toki interesgarri aukeratu eta ibilbidearen proiektua adostu.
- Lizarrako mapa batean aukeratutako tokiak identifikatu, haien arteko ibilbidea marraztu eta eskala erabiliz toki batetik besterako distantzia neurtu.
- Diseinatutako ibilbidea burutu eta informazio iturri ezberdinak erabilita tokien deskribapen testu egokiak egin.
- Google maps programa erabiliz, ibilbidea digitalizatu distantzia eta denbora datu zehatzak lortuz.
- Bildutako dokumentuekin ibilbidearen liburuxka ekoiztu, era original eta argian.
- Talde bakoitzak Lizarran zehar ­egindako ibilbidea aurkeztu, jarrera komunikatiboa erakutsiz eta ahozko adierazpena zainduz.
- Osatutako dokumenturik esanguratsuenak bildu eta aurkeztu proiektua ebaluatua izan dadin.
Jardueren zerrenda:
- 0. Jarduera: Proiektuaren aurkezpena. Irakurmena eta ulermena.
- 1. Jarduera: Taldekatzea eta gaiaren aukeraketa.
- 2. Jarduera: Gida turistiko komuna. Ibilbidea adostu.
- 3. Jarduera: Ibilbidea burutu eta informazioa jaso.
- 4. Jarduera: Digitalizazioa eta tokien deskribapena.
- 5. Jarduera: Ibilbidea mapan marraztea.
- 6. Jarduera: Triptikoa eta liburuxka osatu.
- 7. Jarduera: Ibilbidearen aurkezpena egin.
- 8. Jarduera: Ebaluaziorako portfolioa prestatu.
Ebaluatuko diren atalak (8):
1) Norberaren erabakiak arrazoitu eta besteenak errespetatuz, ibilbidearen gai komuna adostea.
* Irizpideak:
- Taldea eta taldekideen izenak ­azaltzen dira.
- Norberaren proposamena argia da.
- Ideiak ematen ditu.
- Malgua da eta besteen ideiak ­onartzen ditu.
...
* Informazio gehiago izateko, jo ondoko helbidera: 
https://sites.google.com/a/lizarraikastola.com/ubaguaproiektua/