AMURRIOKO SAN LUCAS REY IKASTETXEA

2015-04-01

Praktikarekin eta elkarlanarekin ikasten

 
 

Amurrioko San Lucas Rey ikastetxeko LH 6. mailako ikasleek birziklatzeari buruzko proiektua landu zuten 2013-2014 ikasturtean. Ekimen arrunta litzateke, baina badu berezitasun bat: Europako beste herrialde batzuetako ikasleekin elkarlanean garatu dute proiektua, eTwinning izeneko plataforma digitala erabilita. Hainbat ikasgai teoriko “errealitatean kokatzen” lagundu die proiektuak. Emaitzak ikusita, ikasturte honetan ekimena 4. eta 5. mailetara zabaltzea erabaki du ikastetxeak. Espainia mailako lehenengo saria jaso dute eTwinning proiektuen artean eta Europa mailan ere proiektu onenen artean daude, finalean.

  Amurrioko San Lucas Rey ikastetxeko haurrek poloniar, italiar nahiz greziar

ikasleekin elkarlanean lantzen dituzte hainbat proiektu. Horretarako aukera ematen die Europako Batasunak sustatutako eTwinning plataforma digitalak. 2013-14 ikasturtean, proiektu batekin hasi ziren lanean, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin, eta, eskola-komunitatean nahiz hortik kanpo izan duen arrakasta ikusirik, 2014-15 ikasturte honetan bi proiektu abiatu dituzte, oraingoan 4. mailako eta 5. mailako ikasleekin. Badirudi, beraz, bide horretatik jarritzeko asmoa dutela.
Hain zuzen, eskolan birziklatzearen gai landu nahi zuen ikastetxeko zuzendari eta ingeleseko irakasle Joserra Jimenez bilbotarrak, eta hortik hasi zen dena. Izan ere, ideia hori eTwinning plataforma digitalean beste herrialde batzuetako irakasleekin partekatzea bururatu zitzaion. Proposamen interesgarria iruditu, eta Greziako, Italiako eta Poloniako ikastetxe banak ekimenean parte-hartzea erabaki zuten. Horrela sortu zuten Eurorecycling proiektua, Europako 4 herrialdetako ikastetxeek elkarlanean. 2013ko udan gertatu zen hori, eta, gauzak horrela, 2013-14 ikasturtean jarri zuten martxan proiektua
ikastetxeetan.
Amurrioko San Lucas Rey ikastetxeak erabaki zuen Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin garatzea  proiektua. Izan ere, adina eta jarduera zehatzak
ikastetxe bakoitzak aukeratu zitzakeen, baina, ezinbestean, bi baldintza bete behar zituen proiektuak, Europako adituen eskakizunez: batetik, eskola-komunitate guztia inplikatu behar zen proiektuan; eta, bestetik, herrira zabaldu behar zuten egiten ari ziren lana, eta, ahal izanez gero, herriko eragileak ere inplikatu proiektuan.

Materiak eta gaitasunak

Proiektuarekin, materia zehatzak landu dituzte, proiektua eskola-curriculumarekin lotuz. Besteak beste, geografia, matematika, teknologia eta zientzia-gaiekin egin dute lan. Nabarmena izan da IKTen arloan eta ingelesean nola egin duten aurrera ikasleek; zuzendari eta ingeles irakasle Jimenezen hitzetan, “zenbait ikasgai errealitatean kokatzeko aukera” eman die proiektuak ikasleei. Izan ere, beste herrialdeetako ikasleekin bilerak egin behar dituzte, eta horiek ingelesez izaten ziren, eta IKT bidez, hala nola Skype eta Hangout aplikazioak erabilita: “Esaten diezu ingelesez bilera egin behar dutela Skype bidez eta, bat-batean, astebetean lortzen duzu urteetan lortu ez duzuna: konturatzen dira ingelesa erabilgarria dela, ez dela soilik liburuetako eta azterketetako kontua. Komunikatzeko behar dute eta prestatzen hasten dira, galdetzen ea hori edo hura nola esaten den zuzen... Oso lorpen inportantea
izan da”.
Baina eduki zehatzak ez ezik, gaitasunak eta balioak ere landu dituzte.
Adibidez, ideiak adierazten ikasi dute,  baita elkarlanean jarduten ere. Gainera, beste kultura batzuekiko errespetua izaten ikasi dute, eta konplexuak kentzeko balio izan die esperientziak, Jimenezen esanetan: “Europa ez dela beste planeta bateko kontua” ikasi dute, eta ikusi dute beste herrialdeetako haurrek ere antzeko bizipenak eta zailtasunak dituztela.

Guztien inplikazioa, giltzarri

Hori guztia lortzeko, askotariko jarduerak egin dituzte. Birziklatzea izanik proiektuaren ardatza, herrialde bakoitzeko birziklatzeko ontziak aztertu zituzten ikasleek, adibidez: zer koloretakoak ziren eta zer botatzen zen bakoitzean aztertu behar zuten. Ondoren, bilera digital horietan, euskal ikasleek italiarrei kontatu zieten zer nolako ontziak dauden Euskal Herrian, eta Italian birziklatzea nola egiten den ikasi zuten, era berean; berdin gainerako herrialdeekin ere. Beste jarduera batean, birziklatutako materialekin Gabonetako postalak egin behar zituzten, eta Amurrioko ikasleek beraiek  birziklatu zuten papera. Uraren kutsadura maila ere aztertu zuten ariketetako batean, eta, horretarako, tipula erabili zuten neurgailu moduan.
Jarduera horiek guztiak aurrera eramateko, ezinbestekoa izan zen Lehen Hezkuntzako 6. mailako tutoreen inplikazioa. Izan ere, Jimenezen hitzetan, “proiektu bat garatu nahi baduzu, lehenengo eta behin klaustrora eraman behar duzu, eta, ez baduzu lankideen inplikazioa lortzen, txarto zabiltza. Zorionez, kasu honetan lankideek oso pozik hartu zuten proposamena”. Gainerako irakasleak ez ezin, ordea, “gurasoak
oso inplikatuta egon dira, gogotsu ikusi ditugu. Segur aski beraien seme-alabak proiektuarekin gustura ikusi dituztelako. Adibidez, ikasleetako baten aitak birziklatze-lantegi batean egiten zuen lan, eta haurrei hitzaldi bat ematera etorri zen”. Hain zuzen, hori zen proiektuari Europatik jarritako baldintzetako bat: inplikazioa.
Baina ez eskola-komunitatearena bakarrik, herriaren inplikazioa ere behar zuten; baita lortu ere. Izan ere, alkateari txosten bat aurkeztu zioten haurrek, birziklatzearekin lotuta herrian ikusten zituzten gabezien berri emanez; besteak beste, hondakin organikoak biltzeko ontzia falta zela gogorarazi zioten. Jimenezek dio “agian kasualitatea” izango dela, baina ikasturte honetan organikoaren ontziak agertu direla herrian.
Gainera, inplikazio hori areagotzen doa urtez urte. Ikasturte honetan bi proiektu dituzte abian: bata, 5. mailako umeekin, elikadura osasungarriari buruzkoa; eta, bestea, 4. mailako umeekin, sudokuen bidez beste hizkuntza batzuk ikastekoa. Hain zuzen ere, elikadura osasungarriarekin loturiko proiektuaren harira, herriko nekazariek berotegi bat muntatu dute eskola-atarian. Orain gurasoak ari dira ikasturte bakoitzerako hazitegi bat eraikitzen: haietan hazitakoa berotegian landatuko dute ondoren. Nabarmentzekoa da bi proiektu hauetan ere Europako ikastetxe berekin jarraitzen dutela lanean, guztiak baitaude gustura emaitzekin. Ez da harritzekoa: eTwinning proiektuen Europako finalera igaro dira. Gainera, proiektuak Espainia mailako proiektu onenaren saria jaso zuen, diziplina-anitzeko modalitatean.
Dena dela, izan dituzte sariez harago doazen errekonozimenduak: haurrak  “pozik” bizi izan dute esperientzia, “aberasgarria” izan da haientzat. “Eurorecycling proiektuko ikasleak orain DBH egiten ari dira institutuan, eta hango irakasleak etortzen zaizkit galdezka, nonbait ikasleek eskatu egiten baitute horrelako proiektu bat martxan jartzea”, dio Jimenezek, eta argi du hori dela bidea: “Irakasle moduan, liburua
ireki eta ikasleen aurrean jartzen gara gure hitzaldia ematen, eta uste dugu
umeek horrela ikasi egingo dutela! Nik uste dut gure intseguritatea dagoela
atzean, liburutik ateraz gero ez dakigu zer egin. Gainera, horrelako proiektu batek lana dakar. Hala ere, emaitzak ikusita, konturatzen zara merezi zuela: niri orain haurrak ingelesez hitz egiten didate, eta konturatzen zara barneratzen ari direla, urrats handi bat egon ­dela”.