LOMCEri ez, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki

2015-04-01

Eusko Jaurlaritzak egin ditu aldaketa batzuk, ahalmena zuen heinean, baina curriculuma eta LOMCEren ardatz nagusiak barneratu egin ditu

 
 

Eragileek proposatutako hainbat aldaketa eginda, Heziberri egitasmoko curriculum dekretu definitboak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak: zertan jarraitzen du LOMCEren mendeko izaten? Eta zertan gutxitu da mendetasun hori?

Lehen zirriborrotik alde handia dago, orri kopuruetatik edo tamainatik hasita, bestelako aferetaraino. Esaterako, lehen zirriborroan LOMCErekiko lege erreferentziak zehazki aipatzen bazituen, bigarren testu honetan ez ditu aipatzen; hori bai, Indarreko Lege Organikoak aipatzen ditu Heziberriren marko legal gisa, eta zaku horretan LOMCE ere sartzen da. Beraz, LOMCE ez da zehazki aipatzen, baina horrek ez du esan nahi LOMCE ez dagoenik: curriculum dekretuaren garapenean ikusten da LOMCEren arima bertan txertatua dagoela.
Eusko Jaurlaritzak bi aukera zituen. Batetik, ezkerreko eskua erabili eta LOMCE ez aipatzea: Estatuko lege bat izanik aintzat hartzera behartuta daude, baina hitz politekin jarrita. Bestetik, LOMCEri aurre egiteko aukera zuen: instituzio gisa LOMCE ez aplikatzeko bitartekoak jartzea. Azken bizpahiru urteetan izandako jarrera ikusita, bagenekien bigarren aukera oso zaila izango zela. Beraz, lehen aukeraren bidetik,  tarteko zerbait egin nahi izan du: egin ditu aldaketa batzuk, ahalmena zuen heinean, baina curriculumak eta LOMCEren ardatz nagusi batzuk barneratu egin ditu.
Adibidez, ebaluazioen gaia edo ikasgai batzuk izango duten pisua, LOMCEk proposatuak izanik, bere egin ditu Heziberrik. LOMCEren baitan orain aukerazko gisa egongo dira irakasgai batzuk, LOMCEk baduelako hezkuntzaren gaineko ikuspegi politikoa eta badakielako zertarako erabili nahi duen hezkuntza bera. Horrenbestez, zientziei edo ingelesari pisua ematen die, eta beste arloei, musikari edo filosofiari esaterako, indarra kentzen die. Egitura hori bera Eusko Jaurlaritzak barneratu egin du. Esaten du ikastetxeek aukera dutela orain arte bezala eskaintzeko irakasgai horiek, baina ez zaigu iruditzen irtenbidea denik ikastetxeen gain uztea auzia.
Bestalde, LOMCEk irekita uzten zituen gauza jakin batzuk aldatu dituzte Heziberriren bigarren testuan, baina gauza teknikoak dira, ez diote eragiten mamiari. Adibidez, LOMCEk Lehen Hezkuntza bi ziklotan banatzea arautzen du, eta Eusko Jaurlaritzak proposamen gisa aurkezten du eta ikastetxe bakoitzaren gain uzten du LH nahi duen bezala antolatzea.
Autonomia gehiago ematen die ikastetxeei, beraz?
Tranpa da azken batean, ordea, ondoren Heziberrik esaten baitu LH3n eta LH6n diagnostiko-probak egingo dituela. Beraz, bai, ikastetxeei uzten die nahi bezala antolatzen, baina hein handi batean ikastetxeek badakite gero LH3n eta LH6n azterketak daudela, eta beraien eguneroko jarduna eta lana horren arabera moldatu behar dutela.

Autonomia horren bidetik, ordea, eskola-kontseiluek EAEn indarra izango dute, beste lekuetan ez bezala.

Bi akordio egin zituzten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak: bata,
orain arteko EAEko hizkuntza-ereduak mantentzearen aldekoa; eta bigarrena eskola-kontseiluen ingurukoa, orain arteko akordioak mantetzearen aldekoa. Orain, Espainiako Gobernuak aitortzen dio Eusko Jaurlaritzari eskumena eskola-kontseiluen ingurukoak kudeatzeko. Beti aipatzen dugu hizkuntza-ereduak mantenduko direla, eskola-kontseiluak mantenduko direla... baina akordiok zehazki jasotzen duena da Jaurlaritzari eskumena aitortzen zaiola gai horiek kudeatzeko.
Ikastetxeek izango duten autonomia mailari dagokionez, gu autonomiaren alde gaude eta uste dugu autonomia behar dugula hezkuntza-eredu propioa lantzeko, herri curriculuma garatzeko... Baina, gure ustez, kasu honetan Jaurlaritzak bere eginbeharren utzikeria egin du. EAEko hezkuntza nola garatuko duten azaldu beharrean eta horretarako beharrezko erabakiak hartu beharrean, zehaztapenik gabeko testua egin dute, eta, autonomiaren izenburupean, ikastetxeen gain uzten dute erabakia. Gure ustez, ordea, Jaurlaritzak erabaki behar du zein norabide markatu nahi duen bere hezkuntza-sisteman, eta gero, marko zabal horren pean, garatuko du ikastetxe bakoitzak bere bidea. Baina ardura Jaurlaritzarena da, ez ikastetxe bakoitzarena. Uste dugu autonomiaren izenburupean beraien gabezia handiak ezkutatu nahi dituztela.
Bestalde, aspalditik ari gara esaten eskola-kontseiluek parte-hartze mugatua dutela, eta hori zabaldu egin behar dela. Benetan nahi badugu hezkuntza-komunitate guztia proiektuaren parte izatea, ez du balio kontseilua bozketa jakin batzuetarako edo une zehatz batzuetarako deitzea; eguneroko erabakietan ere parte hartu beharko dute familia horiek. Orduan, iruditzen zaigu bereziki autonomiaren gai horretan badatorrela sekulako tranpa. Lehen irakurraldian proposamen ona dirudi, baina hasten zara aztertzen eta diozu ‘baina nola, zuk ez duzu zehazten norabidea, eta nik egin behar dut hori nire ikastetxean?’

Banaketa goiztiarrari dagokionez, badirudi leundu egiten dela Heziberrirekin, ezta?

Diote gauzak beste modu batera egingo dituztela bide hori ez hartzeko, baina finean barneratu egiten dute banaketa goiztiarraren gaia ere. Onartu egiten dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailatik bi ikasketa-eredu egongo direla, ikasketa akademizistak eta ikasketa aplikatuak-edo direnak, baina diote matematikan curriculum komuna izango dela % 80an, ekitatearen izenean denak DBH4ra modu berdinean iristea nahi dutela-eta. Beno, praktikan ikusi beharko da. Izan ere, diagnostiko-probak baldin badatoz DBH4 amaieran, ikusi beharko da zein eredutakoak diren, horrek baldintzatuko du guztia. Behin LOMCE barneratu eta gero saiatzen dira mekanismo horiek leuntzen eta bestelako irtenbideak bilatzen, baina barneratu ondoren.
Badirudi LOMCEn baino garatuago dagoela konpetentzien gaia Heziberrin.
LOMCE kokatzen da bere garaian LOEk definitutako 7 konpetentziaren baitan. Arloei loturiko konpetentzia espezifikoak dira: kopententzia zientzifikoak, edo artistikoak, edo.... Heziberrik zeharkako beste 5 konpetentzia gehitu dizkie 7 horiei, izango liratekeenak konpententzia orokorrak: pertsonaren garapenerako ardatzak direnak eta euskal curriculumean aipatzen zirenak.
Konpententziekin lotuta dago ebaluazio-sistemaren gaia, eta Heziberrik ez du zehazten nola ebaluatuko diren konpententzia horiek; lehenengo zirriborroan aipatzen zen edukien ebaluazioa nola egin, baina azken testuan ez. Jaurlaritzari honetaz galdetu genionean esan zuen irakasleek orientazio moduan izango zituztela lehenengo zirriborro horretan aurkeztutako item horiek. Arraroa da, ordea: ez du esaten nola egin ebaluazioa, irakasleei emango die lehen zirriborroan jasotakoa item zerrenda orientaziorako... Orduan konpententziak benetan nola edo zeren arabera ebaluatuko dira? Hutsune ikaragarria ikusten dugu.

Xabier Garagorrik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza aholkulariak, ‘hik hasi’-ren 196. zenbakian eginiko elkarrizketan zioenez, konpetentzia zehatzek bezainbesteko garrantzia izango dute zehar-konpetentziek ebaluazio-sisteman. Bere esanetan, zehar-konpetentziak ebaluatzen ez badira, ebaluazioa hankamotz geldituko da.

Errealitatean, ordea, dekretuan bertan zehaztu egiten da nolakoa izango den noten buletina: jarri behar diozu ‘ongi’ edo ‘oso ongi’ edo zenbaki bat, arloz arlo. Orduan, irakasleak konpententzien gainean lan egin behar badu, ez du balio lehengo buletin bera erabiltzea eta gurasoari esatea “matematikan 7 bat dauka”. Izan ere, horrekin azkenean
irakaslea ere horretara joango da, zenbaki baten bila, eta zeharkako konpetentzien ebaluazioa betelana izango da. Eta, martxa honetan, iruditzen zait ebaluazio-eredua ere azterketa izango dela oraindik ere: paper baten aurrean jarriko dira ikasleak idazten eta emaitza zenbaki bat izango da.
Bestalde, guk uste dugu konpententzia horiek Euskal Herrian txertatuta
egon behar direla, ezin direla zerbait abstraktu gisa planteatu: konpententzia horiek mundu guztian ia-ia berdinak dira, baina gure berezitasunaren arabera definitu behar dira, euskal curriculumaren bidetik. Horri gehitzen badiogu ebaluazioaz ez dela inolako hausnarketarik egiten, edo bestelako paradigma baterantz inolako urratsik egiten, nahiko ahul geratzen da proposamena. Gabeziak daude konpententzien planteamenduan, horien garapenean, horien ebaluazioan... Markoa gehiago zehaztu behar da.
Heziberriren lehen zirriborroari ekarpenak egiten zizkion LABek txosten batean, eta parekidetasuna eta hezkidetza aipatzen ziren. Badirudi bigarren testuan txertatu dituztela; horren inguruan zer balorazio egiten duzue?
Hezkidetza aipatzen da bereziki Oinarrizko Hezkuntzaren curriculumean,
eta irakaskuntzarako materialei ere egiten die aipamena, eta guretzat hori garrantzitsua da. Baina, era berean, hankamotz ikusten dugu: hezkidetza Haur Hezkuntzatik aurrerako etapa guztietan hartu beharko litzateke aintzat. Kontuan hartuta Haur Hezkuntzan, adibidez, zer motatako materialak erabiltzen diren, ipuinak eta abar, gure ustez zehaztapen gehiago behar genuke material pedagogikoen inguruan, horien
erabileraz eta izaeraz. Guretzat hezkidetza jaiotzatik bertatik landu beharreko kontua da eta hezkuntza-sistema guztian eragin beharko luke. Azken finean, planteamendu pedagodikoa da hezkidetza, eta dena busti beharko luke; hausnarketa sakon bat egin behar da nola gauzatu erabakitzeko. Kontua ez da ikas-materialari arreta jartzea bakarrik, kontuan izan behar da hezitzaileen formazioa ere, familiekin hitz egin behar da... Benetako apustua egiten bada hezkidetzaren alde, benetako inbertsioa ere egin behar da horren alde.

Beraz, zuen ondorio nagusia da Heziberri leundu egin dela lehen zirriborrotik behin betikora, baina oraindik ere LOMCErekiko mendeko izaten jarraitzen duela.

Hori da. Gainera, badago aipatu ez dugun beste gai bat: kulturaren trataera. Hezkuntzak helburu bikoitza du, kakotx artean: bata, ikaslea prestatzea helduarora sartzen denean bere gaitasun afektiboak, inteleketualak eta abarrak ondo garatuta izateko; bestea, kulturaren transmisioa bermatzea. Herri baten parte gara, eta denok partekatzen ditugun erreferentzia horiek indartu egin behar ditugu. Euskal curriculumaren helburuetako eta indarguneetako bat hori zen, hain zuzen ere.
Baina ikusten dugu transmisio hori eten egin dela edo ez dela bermatzen, ez etxean ez eskolan. 2003ko ikerketa bateko datuen arabera, euskal kulturaren inguruko ezagutza oso-oso eskasa da. Eta orain egingo balitz ikerketa, 12 urte eta gero, emaitzak izango lirateke are kaskarragoak, ez baita ezer egin 12 urte hauetan horri aurre egiteko; horretan utzikeria nabarmena dago Hezkuntza Sailaren aldetik, berari baitagokio transmisio hori definitzea eta bermatzea. Ez du debekatzen, baina ikastetxe bakoitzaren mende uzten du euskal kultura landu edo ez erabakitzea. Baina ez da egon behar ikastetxe bakoitzaren borondatearen edo gogoaren mende: herri hau bizirik iraunarazi nahi badu, Jaurlaritzaren betebeharra da kulturaren transmisioa bermatzea, baina ez du egiten, LOMCEk ez dio uzten horrelakorik egiten.
Dena dela, aurrez LODE zen oztopoa, ondoren LOGSE izan zen traba, orain LOMCE da erruduna... Eta horrek eramaten gaitu beti ia-ia puntu berdinera: gure hezkuntza sistema propioa garatzeko norabidean ez dugu inolako urratsik ikusten.
Bazirudien Heziberri honetan uzten zirela zirrikitu batzuk, ate batzuk erdi itxita erdi irekita LOMCErekiko, baina gero, abstrakziorako joera horrekin eta zehaztapen falta horrekin, ez dakizu nondik joko duen kontuak. Uste dut oso lotuta dagoela Eusko Jaurlaritzak hasieratik aipatzen duen ideia batekin: Espainian Gobernu aldaketa gertatuko dela dio, eta hezkuntza-legea aldatuko dela horrekin. Era berean, ordea, Jaurlaritzak adierazi du Heziberri egin egingo zutela LOMCE izan ez balitz ere, eta baliagarria dela. Eta gure galdera da: baliagarria, zertarako? Aurrera egiteko, ez zaigu iruditzen.
Gainera, esatean LOMCE atzera botako dela, tranpa egiten ari dira, nolabait esatearren: LOMCE ez dute atzera botako, legea bera ez da aldatuko; aldatuko dituzte atal jakin batzuk. Baina legearen ardatza mantendu egingo da: ikaslearen ikuspegi zehatz bat lortzearena.
Ikaslearen zein ikuspegitaz ari zara?
Ikuspegi merkantilistaz, espainolaz... Eta ez dut uste azken horretan balizko gobernu aldaketak eragin handirik izango lukeenik. Ezberdina izan daiteke eszenifikazioa, PSOEk momentu batean kontsensua saldu nahiko baitu: mahai batean bueltan Espainiako hezkuntza-eragile batzuk biltzea eta hor erabakitzea aldaketa gutxi batzuk, baina antzerkia izango dela iruditzen zaigu.
Lege berri horrek aurreko guztiak aintzat hartuko ditu eta ikaslearen ikuspegi hori garatzera etorriko da. Ondoren etorriko direnek barneratu egingo dute urrats hori eta ñabardurak aldatu: errebalidak kendu, eskola-kontseiluak berriz martxan jarri... baina guretzat errealitate beretsuan egongo gara. Batean zuzendariak dauka erabakimena, bestean kontseiluak, eta guk eskatzen dugu eremu zabalago batera eramatea erabakimena, eta partaidetza areagotzea.