Noemi Beneito: Haurtzaroan inbertitu egin behar da, gizartearen obligazioa delako; gainera, gaur inbertitzen den dirua biharko egunean aurrezten dena izango da
Urteak daramatza Noemi Beneito psikomotrizista eta hezitzaile argentinarrak arreta goiztiarraren arloan lanean, bereziki behar bereziak dituzten haurrekin. Emmi Piklerren ideiei jarraiki, haurraren garapenerako hiru gakoak iniziatiba, autonomia eta askatasuna direla dio; berdin garuneko lesioak, arazo neuromuskularrak, down sindromea... dituzten haurren kasuan ere.
Estimulazio goiztiarrari kritika egiten dio, garapen taula batzuen arabera haurrari aplikatu beharreko tekniken multzoa bilakatu dela argudiatuta: “Normalki, haurrari eskaintzen zaion hori, jaso nahi duen erantzunaren arabera aukeratzen du helduak”. Horren ordez, haurrari etengabe begiratzeko eta zer nahi ote duen ikertzeko gomendatzen die hezitzaileei.
Arreta goiztiarraren eta prebentzioaren arloan diharduzu lanean, bereziki dibertsitate funtzionalarekin loturiko esparruan, garuneko lesioak, down sindromea, arazo neuromuskularrak... dituzten umeekin. Haurraren hasierako urteetan inbertitzearen aldekoa ere bazara. Zergatik da hain garrantzitsua arreta goiztiarra?
Haur bakoitzarekin du zerikusia arreta goiztiarraren garrantziak. Kanpotik estimulu egokia jasotzen duen ume bat hobeto garatuko da; neurona-sistema bera ere egokiago zabalduko zaio. Horrekin ez dut esan nahi ume bizkorragoak egingo ditugunik, baizik eta izan daitezkeenik eta inteligenteenak izaten lagunduko diegula. Bizitzako lehen aroan ondo zaindua eta lagundua izan ez den haurrak, denbora askoan bakarrik egon denak edota osasun arazoengatik atxikimenduzko helduetatik urrun egon behar izan duenak, bizitzako aroren batean gabeziaren bat izango du. Gabezia horrek ez du esan nahi haur hori desgaitua denik, arazo horrek ez du zertan potoloa izan, baina haurtzaroan gertatu zen zerbaiten isla izango da. Eta hori “normaltzat” jotzen diren haurren artean ere maiz gertatzen da. Horregatik da garrantzitsua haurtzaroan inbertitzea eta arreta goiztiar egokia eskaintzea haurrei.Eta garuneko lesioren bat edota motrizitate arazoren bat duten haurren kasuan?Kasu horietan gure obligazioa are eta handiagoa da, hau da, garuneko lesio bat duen haurraren kasuan adibidez, badakigu neurona-zelula kantitate jakin bat galdu egin dela, baina geratu diren neurona horietatik euren onena atera behar dugu. Zentzu neurologikoan ari gara hizketan, baina arazo mota horiek dituzten haurren kasuan ere alderdi afektiboa eta soziala dira funtsezkoenak: Nor dauka aldamenean haur horrek? Nork estimulatzen du? Arreta goiztiarraz dakien profesional bat da edota haur hori maite duen norbait da? Horrexegatik gustatzen zait niri familiaren balioaz hitz egitea, haiexek izango baititu benetako bidelagun.Hain garrantzitsua izanik, behar beste inbertitzen al da arreta goiztiarrean eta haurtzaroan?
Arreta goiztiarrean eta haurtzaroan inbertitu egin behar da, gizartearen obligazio bat delako, eta, gainera, era inteligentean inbertitu behar da. Izan ere, gaur inbertitzen den dirua biharko egunean aurrezten dena izango da. Hala ere, ez dut uste oraindik kontzientzia publikorik dagoenik. Desgaitasuna duen haurren bat tartean dagoenean agertzen da kontzientzia, edo behintzat, maitasun, gozotasun eta txera historia guztia. Horrek, ordea, sarri, zerikusi handiagoa du karitatearekin. Nik askotan esan ohi dut nazkatuta nagoela politikariak ikusteaz down sindromea duten haurrei muxu ematen edota gurpildun aulkian doazenengana gerturatzen. Baina benetan prebentzioan eta arreta goiztiarrean jarriko bagenu fokua, etorkizuneko arazo asko saihestu ahalko genituzke, edota gutxienez, “desgaitutzat” jotzen diren pertsona horiek bizitza kalitate hobea izan ahalko lukete.Zure ibilbidean zehar nola joan da aldatuz dibertsitate funtzionalaren arloan lan egiteko modua?
Aldaketa itzela izan da. Ni formatzen hasi nintzenean, “irregulartasun motorrak” deituriko arloan espezializatu nintzen, hau da, ni “irregulartasun motorrak” espezialitateko irakaslea naiz titulazioz. Zer da, baina, “irregular motor” bat? Eta nor litzateke “erregular motorra”? Kontua da moduren batera deitu beharra zegoela eta horrela deitu zitzaiola.Geroxeago esperientzia interesgarri bat bizitzeko aukera izan nuen, beste lagun batekin batera. Ez zen aurrez pentsatu eta planifikatutako zerbait izan, baizik eta Platako (Buenos Aires-eko probintziako hiria) haurren ospitalean boluntario lan egitera gonbidatu gintuztenean ezustean gertatutako zerbait. Errehabilitazio zentro bat zen eta bertan zerbitzu guztiak zeuden: kinesiologoak, terapista okupazionalak, fonoaudiologoak, eskola… Zerbitzu guztiak beteta zeudenez, nire lagunak eta nik ez geneukan zereginik. Batera eta bestera ibili ginen, denbora pasa, gela huts bat topatu genuen arte. Eta han zerbait egin ahal izan genuen. Zorua koltxonetaz bete genuen eta errehabilitazio batetik besterako tartean haurrak han jolastera gonbidatu genituen, materialik eta bestelako ezer gabe. Eta jolaserako tokia besterik ez zenez, inork ez zigun eragozpenik jarri, nahi genuena egiten uzten ziguten. Baina, zer gertatu zen? Haurrek gure gelara soilik etorri nahi zutela, eta errehabilitazio saioren batera joan behar zutenean eroen moduan negarrez hasten zirela, eta konturatu ginen xantaia egiten zietela: “Kinesiologiara etortzen ez bazara, ez dizugu jolasera joaten utziko”.Gainera, kontuan izan behar dugu han zeuden umeetako askok ez zeukala garun paralisirik, poliomielitis-a baizik, hau da, arazo neuromuskularrak zituzten. Eta haien jolasik gogokoena gorputz aparatu guztiak mugituz —aldaka, zangoak, besoak...— lurrean itzulipurdika ibiltzea zen. Guk ez genekien zertan ari ginen, harik eta Picq eta Vayer-en liburu bat gure eskuetara iritsi zen arte. Orduan konturatu ginen psikomotrizitatera jolasean ari ginela. Gero Madrilen egon nintzen ikasten eta handik Parisera joan nintzen eta han jakin nuen zer zen psikomotrizitatea eta nolako psikomotrizitatea egin nahi nuen. Geroago, Emmi Pikler ezagutu nuen eta horrek ikuspegia zeharo aldatu zidan.Haurren dibertsitate funtzionala kudeatzeko orduan, zein izan da Emmi Piklerrek egin duen ekarpenik garrantzitsuena?
Haur mota guztien kasuan, eta baita dibertsitateari erantzuteko orduan ere, Piklerren ekarpenik handiena autonomia kontzeptuarena izan da. Pikler ezagutu arte ni ez nintzen ohartzen maistra izatera eta haurrei gauzak irakastera jolasten nuela. Askatasunaren eta autonomiaren kontzeptu horri aurre egin beharrean aurkitzen zarenean, hasieran sortzen den sentipena izugarrizko hutsunearena da. Nik orain arte egin dudana egin ezean, zer gertatuko da? Umeak berak bakarrik ahalko du?... Era horretako galderak sortzen zaizkigu. Izan ere, nik irakatsi beharra daukadala sentitzen badut, eta hori egiteari uzten badiot, hasieran sekulako estuasuna sentituko dut. Eta sentipen horrek emaitzak ikusten hasten garen arte irauten du. Baina emaitzak ikusten hasten zarenean, bizitzako ikuspegia, eta ondorioz, zure eguneroko jarduna aldatu egin direla ohartzen zara.Lan egiteko modua iraultzen da, hortaz?
Lan egiteko modua baino gehiago, “irakasten duen” hezitzailearen kontzeptua aldatzen zaizu. Itxaroten duen heldua ikusten hasten zara, haurrari arreta jartzen diona eta umeari lagun egiten diona. Horrexegatik, sarri, nik ez dut estimulazio goiztiarra kontzeptua erabili nahi izaten, horrek haurra estimulatzen duen irakaslea ekartzen didalako gogora.Estimulazio goiztiarrari kritika egiten diozu, baita dibertsitate funtzionaleko haurren kasuan ere. Zergatik?
Estimulazioa garapen taula batzuen arabera haurrari aplikatu beharreko tekniken multzoa bilakatu delako. Estimulazioa erabat urruntzen da une horretan haurrak egin nahi duenetik, desio duenetik eta planifikatu duenetik. Psikoanalistek asko hitz egiten dute desioaz eta plazeraz. Ni irakaskuntzaren arlotik natorrenez, gehiago interesatzen zait haur batek ideia bat eraikitzea, planifikatzea eta desio duen hura martxan jartzeko gaitasuna izatea. Hau da, ez da soilik maitasunaren indarrez ekiten ari, baizik eta prozesu mental konplexu bat martxan jartzen ari da, pentsamendua sakonki organizatzen... Eta haur bati bere pentsamendua organizatzen uzten zaionean, haur hori inteligenteagoa izan dadin laguntzen ari da hezitzailea. Aldiz, estimulazio goiztiarrarekin kontrakoa egiten da.Deskribatzen duzun arreta mota horrek pentsamenduaren organizazioarekin dauka zerikusia.
Bai, baina hori ez litzateke estimulazioa. Izan ere, gehienetan estimulazioak esan nahi du haurrari gauzak eskaintzea erantzunak eman ditzan. Eta, normalki, haurrari eskaintzen dion hori, jaso nahi duen erantzunaren arabera aukeratzen du helduak. Zerbait programatua eta itxia da. Aldiz, hezitzaile batek espazio batean hainbat objektu jartzen baditu eta haurra bere ekimenez zertan hasten den itxaroten geratzen bada, heldu hori beste era bateko prozesuan dago murgilduta eta ez da haurra estimulatu nahian ari. Adibidez, ume batek kristalezko kopa bat ikusten du, arreta deitzen dio eta kopa hori hartu nahian hasten da: debekatuta dauka, ez diote uzten, baina hori nahi du, “gustatu zait eta hori lortu nahi dut, ez didate uzten, nola egingo dut hori lortzeko? Iristen naiz? Zer egingo dut?” Sekulako estrategiak jartzen dituzte haurrek martxan horrelako kasuetan eta hori oso aberasgarria da.Kasu horretan haurraren iniziatibaz, eta, era berean, autonomiaranzko lehen urratsez ariko ginateke hizketan?
Hori da. Iniziatiba, autonomia eta askatasuna dira haurraren garapenerako hiru gakoak. Eta horrek ez dauka zerikusirik haurrari mugarik ez jartzearekin. Nik nire lan-aretoan idazmahai bat daukat, hark helduleku arrosak dituen ate zuri bat du, haurrek erraz ikusteko modukoa da, eta barruan jostailuak daude. Umeek hori badakite, eta beraz, hasieran, iritsi bezain pronto armairura joaten dira eta atea ireki nahian hasten dira. Nik egiten dudan gauza bakarra da eskua jarri eta esan: “Hau nirea da, barkaidazu”, eta isilunea egiten dut, eta geroxeago jarraitzen dut esaten: “Hau nirea da eta nik irekiko dut”. Baina inoiz ez dut erabiltzen ‘ez’ hitza. Haurrekin ez dut ezezkorik erabiltzen. Horren ordez azalpenak ematen dizkiet. Eta haurrek —egiatan diot—, ulertu egiten dute eta beste zerbaitetara joaten dira. Oso ohikoa da hezitzaileen edota gurasoen partetik “ez, ez, ez, ez...” erantzutea haurrei eta ate guztiak itxita edukitzea, hau edo beste egin ez dezaten. Nik ez dut aterik itxita edukitzen. Akaso handik hurrengo astean berriz ere ate horretara urreratzen dira haurrak eta esaten diet: “Gogoratzen duzu? Nirea da, eskerrik asko”. Eta eskerrak ematen dizkiet irekitzen ez dutenean. Baina behin astea igarota, inoiz gehiago ez dira gerturatzen armairu horretara. Guraso batzuek esaten didate haurren aldetik oihuak, kasketak eta garrasiak espero zituztela, atea ireki ez zaielako. Baina, zergatik kasketa? Nik ez diot haurrari ezer debekatu, baizik eta adierazi diot armairu hori nirea dela. Hortaz, haurrek zurea den gauza bat errespetatu egiten dute baldin eta zuk errespetuz tratatzen badituzu. Batzuetan haurrak niregandik oso gertu jartzen dira, armairuari begiratzen diote eta gero niri. Kasu horietan haurrak armairua irekitzeko eskatzen ari zaizkit, eta orduan bai, ireki egiten diet. Baina gainontzean, gure aretoko araua horixe da. Izan ere, beste gauza guztiak erabil ditzakete, tiraderak ireki, apaletako objektuak hartu, saskiko baloi guztiak atera... Muga bakarra idazmahaiko atea ez irekitzea da. Eta gainera iruditzen zait hori haurrekin egiten den lanaren parte dela. Izan ere, haurrek “nirea” “zuretik” bereizten ikasten dute, “norberarena” eta “bestearena” desberdintzen dituzte, “baimenduta dagoena” eta “egin ezin duena”, “bere kabuz egin dezakeena” eta “helduari eskatu behar diona”... Pentsamenduaren, jarreraren eta bizitzaren organizazioaren mailak dira. Sarri, gurasoak harritu egiten dira euren haurra nire lan-aretoko arau bat ulertzeko, barneratzeko eta errespetatzeko gai dela ikustean, baina, benetan, hori ulertzeko eta beste gauza askotarako dira gai.Estimulazio goiztiarraren kontzeptua gainditu dela aipatu duzu, eta uneotan hezitzailearen egitekoa haurraren eta familiaren bidelagun izatea dela.
Nik familiaz hitz egiten dut iruditzen zaidalako familiak erabat konprometituta egon behar duela. Nik desgaitasunak dituzten haurrekin lan egiten dut, baina inoiz ez naiz haiekin bakarrik egoten; beti izaten dut familia-kideren bat alboan. Adibidez, haur txikien kasuan, nik inoiz ez dizkiet euren eskura jartzen jostailu pisutsuak edo egurrezkoak edo bota ditzaketen objektuak; nahiago izaten dut objektu arinak ematea —teniseko pilotak, goma-aparreko materialak...—, inolako arriskurik gabe botatzeko aukera izan dezaten, minik hartzeko arriskurik gabe eta nik “ez” esanez esku hartzeko beharrik gabe. “Kontuz, hau ez bota, besteari mina emango diozu-eta”; “hori ez da botatzeko, jolasteko da”... era horretako esaldiak etengabe entzuten ditugu, baina jakin behar dugu egurrekin edo objektu pisutsuekin jolasten has dadin, haurrak gauzak botatzeko fasea iragana izan behar duela; beraz, gauzak botatzeko fasean dagoenean ez dizkiogu objektu horiek emango. Azken batean, nik haurrari ez diot eskueran material bat jartzen, baldin eta material hori “behar den bezala” erabiltzeko gai ez bada. Izan ere, haurrak adin egokia duenean, material hori “behar bezala” erabiltzen du. Egurraren adibidea jarri dut, ohikoena delako. Eta familia-kideek lanketa hori guztia ikusi eta bizi egiten dute.Zer gomendatuko zenieke hezitzaileei haurren garapenean bidelagun egoki izan daitezen?
Nire ustez gomendio printzipalena da haurrari begira diezaiotela, etengabe, eta galde dezatela zer nahi ote duen haurrak. Oro har, sekulako beldurra diogu haurrak zer nahi duen jakiteari, eta ondorioz, etenik gabe kanpotik gauzak eskaintzen dizkiogu, emateko sekulako beharra daukagu, dena egitekoa. Baina badirudi eskaintzen den hori guztia helduaren iniziatibaz sortzen dela, eta hori haurraren aurka joatea da: batetik, heldua egun osoan pentsatzen eta planifikatzen ari denez, haurra aspertu egiten duelako; eta bestetik, haur hori geroz baino geroz mendekoago bilakatzen delako, eta egun baten buruan 20-30 haur mendeko gelan izatea zoramena da. Hezitzaileak begiratzen eta itxaroten ikasten duenean, eta haurrarengana gerturatzen denean eta berak bere ekimenez egin eta sor dezan uzten dionean, hezitzaile hori askozaz ere erlaxatuago eta deskantsatuago egongo da. Askotan badirudi zenbait hezitzaile “ez direla ezer egiten ari”, baina ez da horrela, erabat “adi” daude eta izugarri ari dira egiten.“Ezer egiten ari ez dela” dirudien hezitzaile hori laguntza egokia ari da ematen?
Zalantzarik gabe. Hezitzaile bat bazter batean eserita ikusten duzunean, hezitzaile hori akonpainamendu egoki bat egiten ari delako seinale da. Heldua hor dago, segurtasuna ematen du, presentzia ematen du, arazoak konpontzen lagun dezake... Gogoan dut Budapesten Haur Hezkuntzako ume bat behin eskolara nola oso pozik joan zen irakasleari kontatuz bere gurasoekin erromatarren hilerri bat bisitatu zuela. Handik pixka batera irakaslea entziklopedia batekin etorri zen erromatarren lurraldea garai batean zein zabala izan zen erakusteko eta aipatu zion beste egun batean beste leku oso interesgarri bat bisitatzera ere joan zitekeela. Lau urteko haur batekin ari zen entziklopedia bat kontsultatzen eta erromatarrez hizketan. Ez dakit gero zer egin zuen ume hark, baina behintzat une hartan erromatarrez interesatua zegoen eta haien aztarnez hizketan ari zen. Zoragarria iruditu zitzaidan.Badirudi haurrak txikiak direnean hezitzaileari eskatzen zaiola haien erritmoak errespetatzeko, itxaroten jakiteko eta patxada izateko, baina haur horiek haziz doazen heinean irakasleak ezin duela inolaz ere ikasleen zain egon. Uste duzu haurrek adinean aurrera egin arren, filosofiak berbera izan beharko lukeela?
Haur bat hazten doan heinean, gero eta betebehar gehiagori aurre eginez joaten da, gauza eta egoera ezberdinei erantzuten die, eta uste dut eskolan badagoela momentu bat gustatzen ez zaizun hori ere zure ibilbidearen parte bilakatzen dena, baina kontuan izan behar dugu, era berean, absolutuki plazerean bizitzeak ez duela esan nahi pertsona bat plazer-egoeran dagoenik, hau da, pertsona batek plazera zer den jakin dezan galdu egin behar du, berriz aurkitu, behin eta berriz sentitu... Erabateko plazerik ez da existitzen. Hori bai, haur txikiak bere bizitzako lehen etapan ere aurkitzen ditu kontraesanak. Zerbait egin nahi duenean eta ezin duenean, dorre bat egiten duenean eta lurrera erortzen zaionean, piezak zuloan sartu nahi dituenean eta lortzen ez duenean... haur horrek ere kontraesanekin topo egiten du. Kontua da hezitzaileak ez duela propio era horretako kontraesanen aurrean jarri behar, esaterako, bolatxoak botilan sartzen, horrek ez baitu zentzurik haurrarentzat. Eta estimulazio goiztiarreko saioetan hori ere ikusten da: adibidez, haziak hartu eta botilan sartu behar izaten dituzte.Une honetan, Argentinan sekulako eztabaida daukagu haurrei egiten zaizkien zenbait ebaluazio-probarekin. Adibidez, proba horietako batean, haurrak tutu bat hartu eta 12 mahaspasa tutu horretan sartu behar ditu pintzak erabiliz. Nik lan egin dudan haurretako batek, mahaspasak aurrean jarri zizkiotenean zer egin zuen? Jan egin zituen. Eta proban zer jarri zioten? Gaizki egin zuela eta ez zuela proba gainditu. Nire ustez, berriz, zoragarria da haur hark egin zuena. Mahaspasak zertarako dira? Jateko. Haur hark zer egin behar zuen mahaspasekin? Bada, jan. Erokeria bat da horrelako ebaluazio-probekin gertatzen ari dena. Aldiz, jarduera autonomoaren ikuspegitik begiratzen badiogu haur hark egin zuenari, guztiz emaitza diferentea lortuko dugu. Izan ere, konturatuko gara haur hori gai dela ahoan zer sartu eta zer ez bereizteko; topatzen duen guztia jaten ote duen edota janaria bakarrik irensten ote duen jakiteko balio digu.Haurrari erantzun egokiak emateko, hezitzaileak bere buru-gorputzaren lanketa egin behar du?
Wallon eta Ajuriagerrak garaturiko “elkarrizketa tonikoa” da guk arlo horretan lantzen dugun kontzeptuetako bat. Jende askok uste du elkarrizketa tonikoa bata bestearekin besarkatzea eta erlaxatzea dela, baina ez da horrela, inondik inora ere ez. Nik haserre dagoen haur bat baldin badaukat aurrean, zer egingo dut elkarrizketa tonikoa lortzeko? Ni aldatuko naiz?Hezitzaileak lan korporala egiteko oinarrizko beharra dauka. Gorputzaren gaineko kontzientzia hartzeko teknika eta lan mota asko daude, eta horretarako ez dago gurpil psikoanalitiko batean sartu beharrik. Norbere gorputza sentitzen hastea, erlaxatzen den edo ez antzematea... Horrek jada lehen kontzientzia hartzeko balio du. Gaur egun irakasleak bere gorputza ezagutzeko obligazioa du. Norbere gorputza ezagutzen ez duenak, ez du bestearen ezer ulertzen. Ez du haurrari zer ari zaion gertatzen ulertuko, ezta guraso bati zer gertatzen zaion ere. Hortaz, psikomotrizitatetik gatozenok ez badugu geure eta besteen gorputzak ulertzeko ahalegina egin behar, noren esku utziko dugu egiteko hori?Winnicott-ek dio haurra ez dela existitzen atxikimenduzko heldurik gabe, eta autore horren erreferentzia eginaz diozu haurrak bere lehen harremanak ez dituela ingurune fisikoarekin, helduekin baizik.
Heldu bat bere alboan izan ez duen haurra hil egingo da. Helduen faltagatik arazo fisiko eta psikologiko larriak izan dituzten haurrak ere ezagutzen ditugu. Hori horrela izanik, haurraren eguneroko bizitzan uste dut Emmi Piklerrek egin zuen bereizketa bat oso kontuan izan behar genukeela. Haurraren bizitzan une batzuk daude helduarekin oso harreman estuan dagoenak eta beste une batzuk jolas autonomokoak. Eta hori jaiotzatik da horrela. Garbiketa, jantzi-erantziak, jateko uneak dira harreman biziko momentuak. Une horietan helduak haurra besoetan hartzen du, besarkatzen du, sentitzen du, laztantzen du... Baina beste momentu batzuetan haurrak helduarengandik bereizita egon behar du. Zergatik? Une horietan hasten delako haurra pentsatzen. Emozioek gain hartzen duten bitartean, hau da, haurra helduari atxikita dagoen bitartean, ezin du pentsatu. Afektua eta kariñoa bizitzen ariko da, baina helduarengandik separatzen denean bakarrik hasiko da pentsatzen. Egia da, era berean, haur txikiaren kasuan bereizketa une horiek motzagoak direla, ia-ia uneoro helduaren beharra dutelako.Baina behin umea mugitzen eta batetik bestera joaten hasten denean, zer ari zaigu esaten? Zergatik ari da mugitzen? Helduago egiten ari delako soilik? Nire ustez, trabeska jartzen eta hauspez jartzen hasten denean, mentalki helduarengandik bereizten hasi delako da. Saihetsez edo buruz bera jartzeak desplazamenduari bidea irekiko dio eta horixe da helduarengandiko haurraren bereizte prozesua. Haurrak hasten duen zerbait da, horrexegatik niretzat postura aldaketak ez dauka soilik motrizitatearekin zerikusia, baita haurraren garapenarekin ere. Haurrak desplazamendua hasten du separazio-prozesua hasi duelako. Hortik etorriko da gero, bi urte ingururekin, indibiduazioa, “Ni”-aren garrantzia eta haurra besteetatik diferentea dela konturatzea. Eta garapen motorrak horrekin guztiarekin du zerikusia, ez motrizitatearekin soilik.Zer nolako garrantzia du haurraren garapenean interrelazioak?Haurrak bere Ni-a eraikitzeko prozesu hori egin dezake besteekin dagoelako. Hau da, ez dauka aukerarik bera “bera” dela jakiteko, baldin eta bera zaindu, babestu, lagundu... duen “beste” horren esperientzia bizi izan ez badu. Beste horrek sostengua, konfiantza, segurtasuna... eman zion eta orain autonomian utzi du. Hortaz, alde batean egiten uzten dion heldua dago, eta beste aldean eskatzen duen haurra: helduari atxikita egotea eskatzen du, baina baita bakarrik egotea ere. Beraz, heldua da egoera horiek interpretatzen jakin behar duena: haurra noiz hartu, noiz utzi, noiz joan bere bila... Heldu batzuk oso kapazak dira haurrak zer nahi duen jakiteko: “Oraindik ez zait deika ari. Ikusiko duzu nola segundo batzuk itxaron eta oihu diferentea egiten duen. Orduan bai, orduan berarengana joan nadin nahi du”. Beste heldu batzuei, ordea, izugarri kostatzen zaie haurrari zer gertatzen zaion jakitea eta dena egituratua izaten dute: “Orain jateko ordua da, orain bainua hartu behar du, orain lo egin behar du...” Eta beste guztia, kapritxoak edo nork daki zer dela iruditzen zaie. Hau da, ez dira gai haurra irakurtzeko. Eta haurra irakurria denean, eta berak hitz egin ez arren, erantzun egoki bat jasotzen duenean, bere hizkuntza eraikitzen ari da, eskaera eta erantzun bat baitaude. Horixe da lengoaia. Eta hori berdin-berdin gertatzen da edozein haurren kasuan. Guraso batzuek esaten didate: “Noemi, haurrak ulertu egin dit”. Eta esaten diet: “Noski. Eta nolatan ez zara horretaz aurretik jabetu?”. Haurrak ulertzen du eta badaki. Akaso ez daki eskatzeko guk erabiltzen ditugun bitartekoak erabiltzen, baina jakin badaki, inongo zalantzarik gabe.Askotariko sektoreekin lan egiten esperientzia handia duzu, medikuekin, pediatrekin... Zertan da berdina zuen lana? Zertan da desberdinak? Zein zailtasun dituzue? Elkarlan horrek zer errazten du?
Nire ustez, oro har, arazoa da formazio mota oso diferenteak daudela, eta orokorrean, formazio horiek ez direla ondo eramaten gorputzaren osotasunera. Berreziketa gorputzaren estimulazioarekin lotzen da, alderdi sentsorialarekin eta motorrarekin, hau da, zuzenean ikaskuntzarekin lotzen den guztiarekin. Zentzu horretan, nik uste dut Piklerren ideiek hainbat arlo lotzen eta bateratzen laguntzen digutela, kontua ez baita fisiologoek edota psikiatrek haien pentsamendua aldatzea, bai ordea subjektua bere osotasunean hartzea. Haurra bere osotasunean ulertzen dudalako diot ez dela hazten ari delako bakarrik mugitzen, baizik eta pentsamendu eskema baten arabera mugitzen dela. Haurrak zerbait planifikatzen du eta hortik abiatuta zabaltzen du pentsamendua. Akaso oraindik ez du jakingo nola heldu desio duen objektu horretara, baina dagoeneko egituraketa motor bat ageri da haur horrengan. Hori nola lor dezakeen ideiatzen hasten da, eta nire ustez horixe da aberatsa haur batengan. Dibertsitate funtzionala duten haurrekin ere horixe lantzen dut, nahiz eta haiek, oro har, gehiago tardatzen duten prozesu horiek hasten. Oso luzea izan daitekeen sortasun etapa bat dago haur guztietan, eta etapa horretan postura egokiak hartzeak eta helduaren laguntza egokiak haurrari gero ahalbidetzen dio “Ni”-aren eraikuntza aro hori kalitatez egitea.