2015eko ekaina: Batzuen amets, besteen errealitate

2015-06-01

Urrutiko administrazioek eta komunitate arrotzek erabakitako eskola-ereduen aparretan gaude Euskal Herrian. LOMCEk iragarritako Lehen Hezkuntzako hirugarren mailarako diagnosi-probak antolatu ditu maiatzean zehar Eusko Jaurlaritzak, eta protestak eta plantoak egin dituzte Euskal Herriko hainbat eskoletan.

 
 

Atzerrira begira jarri da hik hasi zenbaki honetan; Herrialde Katalanetara eta Finlandiara, zehazki. Eta, paperaren gainean, munduko mapa horietako batean, urrun egon arren bata bestearengandik, baloreetan eta filosofian, burmuin eta erraietan, uste baino hurbilago daudela ikusi du.  

Eskola eta bere inguruko komunitatearen arteko loturaren garrantzia, ideia hori dute hizpide bai Finlandiako Hezkuntza Nazionaleko aholkulari Leo Pahkinek, bai Kataluniako Rosa Sensat irakasle-eskolako kideek. Finlandian, errealitatea da lotura hori, eskola herriari irekitako gunea baita, non ikasleek eta herritarrek hainbat espazio partekartzen duten; gainera, Udalak du ardura eskolaren inguruko erabakietan. Katalunian, berriz, oraingoz ametsa, “egungo egitura administratiboak oztopatzen duena”.
Horretaz gain, bat datoz eskolak eta inguruneak bat egitean sortzen den emaitza azaltzerakon: eskolak ingurunera egokitu behar du, eta, horrenbestez, aniztasuna egon behar da eskola-­ereduetan eta proiektu pedagogikoetan. Berriro ere, ordea, Finlandian errealitate dena Katalunian oraingoz helburu, nahiz eta bidea egiten ari diren.
Eta gu, Euskal Herrian non gaude eredu horiekiko? Bada, urrutiko administrazioek eta komunitate arrotzek erabakitako eskola-ereduen aparretan. LOMCEk iragarritako Lehen Hezkuntzako hirugarren mailarako diagnosi-probak antolatu ditu maiatzean zehar Eusko Jaurlaritzak, eta protestak eta plantoak egin dituzte Euskal Herriko hainbat eskoletan.
Testuinguru horretan, Kataluniako Xarxa de Escoles Insubmises-eko kide Belen Tasconek LOMCE gisako lege arrotzen aurrean desobedientzia egiteaz hitz egin du; eta eskolaren inguruko komunitatearen indarraz, gurasoek eta familiek gidaritza eta agintea hartzeaz, ingurunean errotutako eskola-proiektua babesteko.
Eta, ekaitz horren erdian, esaldi bana oparitu digute Leo Pahkin-ek eta Rosa Sensat elkarteko Irene Balaguerrek. Hona bata, Leo Pahkinena: “Garrantzia handia du ebaluazio jarraituak, bestela irakaskuntza guztia azterketa bakarrera mugatuko baikenuke.”
Hona bestea, Rosa Sentat elkarteko kide Irene Balaguerrena: “Lege frankistek ez bagintuzten baldintzatu, nola geldituko gaituzte, bada, oraingo le­geek?”