Arbizuko kanpin ekologikoa

2015-06-01

Ingurune aparta zaintzeko konpromisoa

 
 

Urbasa eta Aralar mendilerroen artean eta Beriain mendiaren magalean, ­mendizaletasunaz eta naturaz gozatu nahi dutenei hamaika aukera ­eskaintzen dizkie Arbizuko kanpin ­ekologikoak, Nafarroako Sakanan. ­Ingurune natural hori errespetatzeko konpromisoa hartu dute, gainera, eta, bioeraikuntza, bioklimatismoa eta ­antzeko kontzeptuak eta energia ­berriztagarriak hartu dituzte aintzat kanpina eraikitzerakoan. Ekologiaren eta ardura sozialaren balioetan ­oinarriturik, prestakuntza eta ­hezkuntza ere helburu ditu kanpinak, eta, horretarako, hainbat ikastaro ­antolatzen ditu.

 

 Arakil ibaiak Aralar eta Urbasa mendilerroen artean sortu duen korridorean dago Arbizu udalerria, Nafarroako Sakana haranean. Bertan, Arbizutik Unanurako bidean, Arbizu kanpin ekologikoa aurkituko du bisitariak. Ingurune paregabean, naturaren erdigunean eskaintzen die ostatua ekokanpinak, eta aparteko tokia da Andia, Urbasa eta ­Aralar mendilerroak bisitatu nahi dituztenentzat. Gainera, Beriain mendiaren magalean dago, euskal orografiak duen mendigunerik ikusgarri eta ezagunenetariko batean: 1.493 metroko mendiak, San Donatori eskainiriko ermita du tontorrean, eta hamaika ibilbide eskaintzen du naturaz gozatzeko. Beraz, mendizale eta naturazaleei abenturaz beteriko egonaldia eskaintzen die kanpin ekologikoak.

Baina, inguruetan ez ezik, kanpinean bertan ere bada zer gozaturik. Izan
ere, aintzira naturalizatu bat dago kanpinaren erdigunean, 3.000 metro koadrotik gorako berdegune batean. Aintzira silize-hondarrez inguratuta dago, eta ekintza ludikoetarako erabiltzen dute; hala nola, kayakean ibiltzeko. Aintziraren ondoan bi igerileku arrunt daude: 6x12 metrokoa bata, eta igerileku biribil txikia bestea, haurrentzako.
Eta, ekokanpin izenari izana ere emanez, aintzirako ur-landarediak berak garbi mantentzen du aintzirako ura. Izan ere, iraunkortasun, bioeraikuntza, bioklimatismo eta energia berriztagarri kontzeptuak izan dituzte kontuan kanpina eraikitzerakoan. Ildo horretatik, turismo-aukera iraunkorra eskaini nahi izan dute, kanpinaren ingurune naturala errespetatuko duena. Ildo horretatik, erabilera komuneko espazioak eta zerbitzu-eraikinak egurrarekin eginda daude, eta hormak lastozko fardelekin itxi dituzte, isolatzeko. Material hori erraz erabiltzekoa eta merkea da, eta ingurunean bertan dago. Kanpoko eragileek lastoa kaltetu ez dezaten, karearekin estali dituzte hormak ondoren. Horrela, espazio beroak sortu dituzte, eta, beraz, energia kontsumoa gutxitu dute, ez baita hainbeste erabili behar gelak berotzeko.
Ostatu gisa erabiltzen diren bungalow etxetxoak ere egurrezkoak dira,
eta isolamendurako material naturalak erabili edo berrerabili dira horietan ere; adibidez, artilea erabili dute, eta jeansetako kotoia ere berrerabili dute.

Ikastetxeentzako eskaintzak

Arbizu ekokanpinak, besteak beste, prestakuntza eta hezkuntza ditu helburu. Horregatik, ekoteknologia, ekoenergia, ekokontsumo eta ardura sozialaren balioetan oinarriturik, ikastaroak antolatzen ditu. Batik bat profesionalei zuzentzen zaizkie, baina Lanbide Heziketako ikasleak ere etorri izan dira. Horrez gain, batik bat eskola txikietako
ikasleak etorri ohi dira egonaldia egitera, 18 oheko aterpetxe txikia baitute. Eskolako haurrekin hainbat txango egiten dute inguruetan; horietako batean, Idiazabal gazta nola egiten den erakusten die inguruetako artzain batek ikasleei. Eta, noski, hor dituzte aintzira eta igerilekua ere, gozamenerako.

 

Arbizu kanpin ekologikoak mendizaletasunaz eta naturaz gozatu nahi dutenei hamaika aukera eskaintzen dizkie. Gainera, ekologiaren eta ­ardura sozialaren balioetan oinarriturik, prestakuntza eta hezkuntza ere helburu ditu kanpinak.

Ostatu hartzeko aukerak: 

LURZATIAK: karabana, autokarabana, kanpadenda, furgoneta eta antzekoetarako egokiak. Denek argindarra hartzeko beren gunea dute, bai eta ur-harguneak eta hustubideak ere.
MODULU BIOKLIMATIKOAK: 36 metro koadro erabilgarri dituzte, eta aproposak dira 4-6 lagunentzat. 150 metro koadroko lurzatietan daude.
OHATZE-GELA: ohatze edo literaz osaturiko gela edo aterpetxea ere ­badute, 18 lagunentzako tokia duena. 
MOBILE HOMEAK: 4-6 lagunentzako mobile homeak ere eskaintzen ­dituzte.

Partekatutako guneak: 

AINTZIRA NATURALIZATUA ETA IGERILEKUAK: 3.000 metro koadroko berdegunean, aintzira naturalizatu bat dago, silize-hondarrez inguratua eta kayakean ibiltzeko aproposa. Gainera, bi igerileku daude: 6x12 metrokoa bata, eta biribil formako igerileku txikia bestea, haurrentzat.
TABERNA-JATETXEA: garagardotegi itxura du, eta birziklatutako elementuekin apaindu dute. Gosariak, hamaiketakoa, ogitartekoak, askotariko platerak, menu begetarianoak... Sasoiko eta tokiko produktuak eskaintzen dituzte.
SUPERMERKATUA: produktu ekologikoak eta bertako ekoizleen produktuak eskaintzen dituzte.