Edurne Salegi: Dolua, galera, aldaketa, gabezia… zer atera dezakegu baliotsua?

2015-06-01
 
 

Galera bizitzen ari den pertsonari,  mina arindu nahian, kontsolatzeko hitzak esaten dizkiogu. Adibidez, beilatokian, laurogeita zortzi urteko ama galdu duenari, doluminak ematearekin batera, ama hainbeste urtez osasuntsu bizi izanaren balioa agertu dio lagunak.

Baina mina… mina da, eta sentitu egiten dugu. Agian bular aldean, sabelean... edo gorputz guztian. Galerak, erantzun emozionalarekin lotu
izan den arren, badu, baita ere, dimentsio fisikoa, kognitiboa, filosofikoa eta jokaerazkoa.
Esaten da, dolu –mina, ERABATEKOA dela: min psikologikoa, biologikoa (gorputzak min du), soziala (gizarteak eta bere izateko erak mintzen gaitu), familiarra (besteen minak min ematen digu). Min ematen digu iraganak, min orainak eta min etorkizunak. Bizitzeak min ematen digu. Agurrak berekin du samina.
Txupetea “kendu” diogun umeari ere, ez zaio erabat lasaigarri “handia zara” esaera, kontsolamendu eta lagun izan duen hori falta duenean.
Baserria erre zaion andreari, esperientzia horretatik zerbait baliotsu atera dezakela esatea… ez zaigu otutzen. Semea edo alaba galdu duenarentzat, ez dugu hitzik; inork ez dugu horrelakorik bizi nahi.
Dolu prozesua, prozesu mingarria da. Krisialdia ez da izaten atsegina, ezta erraza ere. Azken txanpan suma dezakegu berreskurapena eta
onarpena.  Osatzen eta sendatzen ari garenaren sentipena, bizitzarekin jarraituko dugula…

Zer dira dolu desautorizatuak?

Demagun, hamabi urte berekin bizi ­izan den txakurra hil zaiola lankideari.  Triste dagoela eta denbora batez ez dela lanera etorriko esaten badigu… onartzen dugu?
Jaio aurretik umetxoa hil zaion emakumeari, borondate onarekin, esan zaio: “gaztea zara eta ekarriko duzu oraindik beste bat…”
Baimendu gabeko doluak dira, ezeztatzen direnak. Horien artean umeei ezkutatzen diogun heriotza dago.
Orokorrean, geure buruari eta besteari, baimentzen ez dioguna izan daiteke honakoa: mina sentitzea.  Sentsazio eta sentimendu desatseginak bizitzea, hala nola, tristura, gogorik eza, bakardadea, hustasuna, anbibalentzia, nahasmena, frustrazioa, inpotentzia, etsipena, ezina, amorrua...).  
Negar egitea,  nola kontsideratzen dugun gure kulturan? Sentimenduak bereizten ditugu emakume eta gizonezko izatearen arabera? Emozio batzuk besteak baino onargarriagoak
egiten zaizkigu?

Mina eta sentimendu desatseginak ukatzeak.. desagertarazten ditu?

Ukatu, gutxietsi, balioa kendu, arrazoitu, kontsolatu, entretenitu, drogatu…  ez sentitzeko erak izan daitezke, mingarria eta desatsegina denari erreparatzea ezezaguna egiten zaigu eta.  Baina ukatzeak nekez lortzen du desagertaraztea. Hor daude, gorpuztuta, ezkutuan eragiten.
Ez gaude ohituta geure buruari sentitzeko denbora ematera, ez exijitzea geure buruari “ongi” egotea; ez gaude ohituta, eta azken finean ez dakigu zer egin gauza hauekin. Pentsa dezakegu ezingo dugula jasan, betirako geldituko garela iluntasun horretan.
Deserosoa, jasanezina zaigu, ondokoa gaizki pasatzen ikustea. Nola lagundu diezaiokegu trantze unean,  saminean?
Ikastaroan egingo dudan proposamenetako bat honakoa da: mina eta sentimendu desatseginen funtzioa eta balioa zein da? Zer egin dezaket beraiekin? Nola lagundu naiteke, nola akonpainatu, besteari ere lagun  egin ahal izateko?
Bideak berekin ditu baita ere samurtasuna, sentiberatasuna piztea, sormena (adibidez, lagungarri den ­erritoa asmatu eta partekatzea)...

Hazkundea, heldutasuna, esperientzia, sentiberatasuna,  edertasuna, gizatasuna, hurbiltasuna, ­ulermena, maitasuna, apaltasuna, elkartasuna, indarra, bizitza baloratzea, eskertzea, ospatzea…  bizitza bizitzea!

Maite ditugun pertsonak, animaliak, gauzak, lana, erlazioak, lekuak, etapak, gaitasunak edo idealak galtzen ditugunean, gure sineskerak eta bizitza beste modu batean antolatzeko beharra sortzen zaigu. Krisiek eta egoera traumatikoek puskatu egiten gaituzte. Desegin eta ondorengo berrantolaketak berekin ditu mina eta egokitu beharra. Prozesuaren ondoren, bizipenaren ondoren, gure begirada tristeagoa da agian, eta jakintsuagoa, sakonagoa… ez hain sineskorra.
Umeekin eta gazteekin dolua lantzen
Umeei erakusten dizkiegu matematikak, ingelesa eta gainerako jakintzak.  Gaur egun, geroz eta gehiago hitz egiten da, adimen emozionalari buruz.  Norbere emozioetaz ohartzea, adieraztea, besteekin harremanetan sartzea... abileziak ere badira.
Barneko bizipenak, kanpotik jasotzen ditugun ezaguerak baino premiazkoagoak agertzen zaizkigu askotan. Behar dugu bizitzen ari garena aintzat hartzea. Ipuinetan edo pelikuletan agertzen diren pertsonaiekin (umeentzako ipuinetan animaliekin ere errepresentatzen dira) edo egoerarekin identifikatu gaitezke, eta geurea islatuta ikustean barnean bada zerbait baretzen zaiguna. Sentimendu eta beharrengatik esaten da, gauzatzea baino premiazkoagoa dutela errekonozimendua.
Demagun anaiaren jaiotzak ikututa dagoela mutikoa. Umeek, hitzekin  baino, portaerarekin adierazten dituzte beren barne sentipenak. Haserrea izan ohi dute sarritan adierazbide umeek eta gazteek.
“Jeloskor nago, intseguritatez beteta”, “zure maitasuna galtzeak izutzen nau”, “mimoak eta arreta behar ditut”, “jasangaitz jartzen naizenean ere behar dut, behin ere baino gehiago, zuen maitasuna eta ulermena”.  
Orokorrean, umeak ez du honela hitz egiten, nola portatzen diren erreparatu behar dugu jakiteko nola dauden barnetik.  
Guk bai, jarri diezaiokegu hitza beren bizipenei “nirekin bakarka egon nahi duzu, umetxo gabe?” , “ez duzu nahi bera hemen egotea...”.
Ekintzak zentsuratzen ditugu (min egitea, kasu); sentimenduei, ordea, leku egin diezaiekegu.  Fantasiaren erabilera, pentsamendu magikoa, jolasa, marrazketa, plastilinarekin irudikatzea, idazkera, ipuina, ilustrazioak, olerkia, erritoa, musika, masajea... lagungarri dira,  sinbolizatzeko, geure narrazioa eraikitzeko.
Gurasoen banaketa bizitzen ari diren umeek ere dolua, erruduntasuna, pena,  besteen desberdina izateko beldurra, ziurgabetasuna, inpotentzia... bizi ohi dituzte.  
Irakaslea sentibera izatea, umea edo nerabea etxean bizitzen ari denaren aurrean, oso lagungarri izaten da ikaslearentzat eta bere familiarentzat.
Irakasleek, ikasgaiaren aurretik,  irudikatzeko eta barnearekin konektatzeko ariketak praktikatu ditzakete beren ikasleekin. Gustuko izaten dute umeek eta gazteek, eskatu egiten dute, ikasgaian kontzentratzeko ere lagungarri zaie.
Artikulu hau bukatzeko, Benito Lertxundik abesten duen kanta baten zatitxo batekin egingo dut, honela dio: “Zer axola nere inguruan iluna hertsitzen bada? Gauean kantak sortzen ditut, gauean kantak sortzen ditut. Zergaitik utzi behar ote diot, zergatik utzi kantatzeari?” Kantuan ere... amaitzeko.