ALBAOLA ETA BALEA

2016-03-01

Euskal baleazaleen hari-muturrei tiraka

 Euskaldunak baleetara joaten ziren garaiari buruzko proiektua ari dira lantzen Laukizko Lauaxeta Eskolan. Astelehenetik ostegunera arratsaldero, LHko 1. mailatik hasi eta 6. maila arteko ikasleek nahasian, balea, arrantza, Ternuarako bidaia, XVI. mendeko bizimodua eta antzeko gaiak ikertzen dituzte, euren interesetik abiatuta eta taldean lan eginez. Hasiera batean, proiektua jorratzeko irailetik Gabonak arteko tartea hartu bazuten ere, mamitsua ari da izaten lanketa eta ikasturte amaiera arte aurrera egitea erabaki dute.

 
 

Joan den ikasturtean piztu zitzaien Laukizko Lauaxeta Eskolako (Bizkaia) irakasleei euskal baleazaleen inguruko proiektua lantzeko ideia. Albaolak Ziburuko Piarres Larzabal ikastetxearekin (Lapurdi) elkarlanean egindako Baleontziaren Bidea gida pedagogikoaren aurkezpenean izan ziren, proiektua gustatu eta 2015-2016 ikasturte hasieran martxan jartzea erabaki zuten.

Ez da eskola handia Lauaxeta. 69 haur eta 9 irakasle dira guztira. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza egiten dituzte bertan. DBH egitera, berriz, kanpora joaten dira. Azken urteetan aldaketa ugari izan ditu Laukizko eskolak irakasleei dagokienez, eta beraz, Maribi Rodriguez zuzendariak eta Jugatx Ormaetxe ikasketa-buruak azaldu bezala, hezkuntza ildo-argirik ere ez du izan, baina astiro-astiro ari dira eskolaren nortasuna definitzen. Horren erakusle da pasa den ikasturtean hezkuntza-proiektua definitu izana. Berorren ildo nagusia da haurren interesetan eta nahietan oinarritzea eta hortik abiatuta gaitasunak lantzea: “Esperientzietatik ikas dezatela, era manipulatiboan eta logikoan”, argitzen du Rodriguezek.Proiektuka lan egiten duten lehen aldia ez bada ere, ikasturte honetan, estreinakoz, gai nagusi bat hartu dute —balea, hain zuzen— bi arlo lantzeko: zientzia eta gizarte. Astelehenetik ostegunera arteko arratsalde guztiak erabiltzen dituzte horretarako, egunean ordu eta erdi. Goizetan, ostera, “arlo arruntak” jorratzen dituzte, hizkuntzak edota matematika, adibidez: “Goizetan eskuratzen dituzten baliabideak, arratsaldean, nolabait praktikan jartzen dituztela esan dezakegu”, dio Ormaetxek. Lauaxeta Eskolako ikasle guztiak ari dira proiektua lantzen. Bi eraikinetan banatuta  —batean HHkoak eta bestean LHkoak— goizetan zikloka lan egiten badute ere, arratsaldez adin guztiak nahasian aritzen dira. Lehen Hezkuntzako zentrora egin du bisita Hik Hasik.

 

Proiektu bat, bost lan-ildo

Laukizko Eskolako irakasleek Albaolara egindako bisita, proiektua abiatzeko akuilu baino ez zen izan. Behin ikasleei gaia aurkeztuta, haiek dira ikerketa aurrera daramatenak eta arian-arian proiektua eraikitzen ari direnak. Ikasturte hasieran, balearen arrantzaren inguruan jakin nahi zutenaren gainean ideiak plazaratu zituzten ikasleek, eta beroiek bilduta bost lan-ildo zehaztu zituzten: 1. balea; 2. arrantza eta arrantzatu ondokoak; 3. garaiko bizimodua (XVI. mende ingurua); 4. Ternua eta bertako errealitatea; 5. arrantza-bidaia. Lan-ildo horiek oinarri hartuta, bost taldetan banatu ziren 1. mailatik hasi eta 6. mailara arteko ikasleak. Bere interesaren arabera, ikasle bakoi-tzak erabaki zuen zein gai ikertu, eta beraz, zein taldetan parte hartu. Hori bai, irakasleek adierazitako eran, ikasleek taldeak osatzerako orduan badakite zenbait irizpide kontuan izan behar dituztela; hala nola, neskak zein mutilak egotea, nagusiak zein txikiak nahastea, kopurua orekatua izatea (talde bakoitzean 8 ikasle inguru)… Lan-ildo bakoitzeko irakasle bat laguntzaile zela hasi zuten proiektua. Eta gai bakoitzaren barruan zer jakin nahi zuten zehaztu zuten lehenik, horretarako ikasle bakoitzaren burutazioak eta sortzen zitzaizkien galderak planteatuz. Esate baterako, “garaiko bizimodua” lan-ildoan ondoko ikerketa-lerroak identifikatu zituzten: urteko zein garaitan joaten ziren arrantzara; haurdun bazeuden itsasora joaten ziren edo ez (horrek generoa eta emakumearen bizimodua lantzeko balio izan die);  zenbat denbora ematen zuten etxean eta zenbat itsasoan; nola ikusten zuten eta abisatzen zuten balea bazetorrela; zer jan edo edaten zuten bai etxean zeudenean eta bai itsasontzian; balerik harrapatu ezean zer jaten ote zuten; noiz harrapatu zen lehenengo eta azken balea Bizkaian; nola bizi ziren baserrietan; dantza egitea eta kanta-tzea gustatzen ote zitzaien; pozik bizi ote ziren; etab. Ikerketa-lerroak zehaztu ostean, lanean hasi ziren eta geroztik talde bakoitzak bere bidea egin du. “Eurek ipintzen dituzte galderak eta eurek erabakitzen dute galdera horiei eran-tzuna emateko ikerketa-bidea nola egin ere: liburuetan begiratuko dute, etxean galdetuko dute, komunikabideetara joko dute… Eta lanean hasten dira”, argitzen du Ormaetxek. Izan ere, azken batean, benetako ikerketa egiten dute ikasleek: ikertuz doazena era askotako bitartekoen laguntzaz islatzen dute, baina entsegu-errore dinamikaren bidez funtzionatzen dutenez, momentu batean era batera dela diotenak ez du zertan zuzena izan: “Batzuetan aurrera egiten dute, gero berriz ere atzera egiteko. Askotan orain era batera dela uste dutena, gero beste era batera dela konturatzen dira”.

 

Tarteka, ikasle guztiak batera

Tartean behin bost taldeak elkartu egiten dira hainbat esperimentu eta aurkikuntza elkarrekin partekatzeko. Esate baterako, “Arrantza” taldekoak animalia ornodunak eta ornogabeak zeintzuk ziren ikertzen ari zirelarik, sardina bat hartu eta disekzioa egitea bururatu zitzaien hezurdura nolakoa den ikusteko. Esperimentua interesgarria iruditu zitzaienez, arratsalde batez gainontzeko ikasle guztiekin ere partekatu zuten. Horrez gain, bi astean behin-edo, Lehen Hezkuntzako ikasle guztiak elkartzen dira asanblada bat egiteko: “Talde bakoitzak azaltzen du orain arte zein ikerketa-bide egin duen, zer aurkitu ahal izan duen eta horrek zer-nolako lana eskatu dion. Horma-irudiak, bideoak, antzerkiak… edota bururatzen zaien bitartekoak erabiliz, aurkezpen moduko bat prestatzen du talde bakoitzak beste ikasleei erakusteko zer ikertu duen orain arte”. Hala, talde batek zerbait zehatza ikertu badu eta beste talde batek ere gai bera bere ikerketa-ildoen artean badu, jakintza hori bere egiten du ikerketa-gai hori bere zerrendatik ezabatuta. Taldeak egindako ikerketak sozializatuz jakintza partekatzen dute hala.Hasieran irakasleek irudikatzen zutena baino askoz ere gehiago ari da ematen balearen inguruko proiektua. Irailean Gabonak arte iraungo zuelakoan abiatu bazuten ere, ikasturte amaierara arte luzatzea erabaki dute, oraindik ikerketa betean murgilduta daudelako eta hari-mutur asko dituztelako zintzilik. Ikasleak ere interes handiarekin eta gustura ikusten dituzte eta horixe da aurrera egitera bultzatu dituen beste arrazoietako bat. Proiektuari egoki erantzutea eguneroko erronka bada ere, eta malgutasunez nahiz irekitasunez jokatzea eskatzen badie ere —zenbaitetan baita inprobisatzea ere— pozik daude Lauaxeta eskolako haur zein helduak proiektuaren bidez ikasten ari diren guztiarekin. Ikasturtea amaitu baino lehen egingo dute ikasleekin batera Albaolara bisita, baina ziur, ordurako, Laukizko haurrek bertan aurkituko dutena euren kabuz ikertua dutela.