FUTBOLARIAK ETA PRINTZESAK

2016-03-01

Antzerkia eta umorea, genero-rolak zalantzan jartzeko baliabide

 Generoari loturiko topikoak hausteko helburuarekin, Eidabek ‘Futbolariak eta printzesak’ antzezlana sortu du, Galder Perezen testuekin eta bere zuzendaritzapean. Umorea ardatz, esketx moduko eszena laburrek osatzen dute haurrei eta gaztetxoei zuzenduriko obra hau. Antzezlanaz gain, sekuentzia-didaktiko bat ere sortu dute ikastetxeentzat, hala nahi dutenek gaia lantzen jarraitu dezaten.

 
 

Nolakoa da eguneroko bizi-tza eskolan, ikasgelan eta patioan, neska eta mutilen artean? Aukera berdinak al dituzte neskek eta mutilek, ezarritako generoaren jarrera klasikoetatik gaindi? Noraino dira haurrak libre sentitzen dutena, sentitzen direna bizi eta adierazi ahal izateko?”, galdera horiek jarri ditu mahai gainean Eidabe ekimen kulturalak, eta Futbolariak eta printzesak antzezlanaren bidez saiatu da horiei erantzuna ematen.

Haurrei eta gaztetxoei zuzendua dago obra, eta Odei eta Lur neska-mutilak dira protagonistak. Klasetik ihes egin dute. Izan ere, besteengandik ezberdin sentitzen dira biak, ez dituztelako bete nahi neska bati nahiz mutil bati egozten zaizkien arauak eta genero-rolak. Lurrek Lur izan nahi du eta Odeik Odei, inork esan gabe nola jokatu behar duten; mutila izateagatik futbolean jokatu behar al duten edo neska izateagatik prin-tzesak atsegin behar dituzten.
Galder Perezek osatu ditu testuak, umore klabean, eta berak zuzendu du, baita ere, komedia hau. Esketx moduko eszena laburrez osatua dago eta parekidetasuna zailtzen duten egoerak agerian utziko ditu, musika eta jolasa lagun.
Modu horretan, generoaren inguruko topikoak salatzea eta haustea du helburu. Jon Zubiaga eta Olatz Pagalday ariko dira Lur eta Odeiren azalean.
Eidabekoen esanetan, “barrea, mundua iraultzeko modurik ederrena izan daiteke, gure sentimenduek egiten baikaituzte aske. Eta horixe izan nahi dute Lurrek eta Odeik, libre, nahi duten hori adierazi, bizi eta sentitzeko, inposaketarik eta ariketa sexistarik gabeko mundu aske batean”.  
Antzezlanetik eskolara
Antzezlanarekin batera, Eidabek sekuentzia-didaktiko bat osatu du haurrei eta gaztetxoei zuzenduta, horrela nahi duten eskoletan lantzeko. Antzezlanean agertzen diren arlo gehienak jasotzen ditu sekuentzia didaktikoak, “izan ere, obrak oso ondo biltzen ditu jendartean estereotipo eta jarrera sexistak barneratzea eragiten duten elementuak: imaginario bisuala, familia-eredua eta familiaren igurikapenak, publizitatea, bideo-jokoak, telebista, merkatua edota hezkuntza-sistema bera”.
Sekuentzia-didaktikoko edukiak bi atal nagusitan banatuta daude. Horietako batzuk Antzezlana ikusi aurretik atalean daude, eta gaiarekiko motibazioa piztea eta ikasleei pentsaraztea dute helburu. Antzezlana ikusi ondoren ataleko jarduerak, berriz, hiru multzotan banatu dituzte: Kontzientzia hartu, Ahaldundu eta Eraldatu.
Jarduera horietan guztietan, “hi-tzezko hizkuntzaz gain, gorputz-hizkuntza, ikus-hizkuntza edota arte-hizkuntza” erabiliko dute. Gainera, adimen-mota desberdinak lantzeko aukera izango dute ikasleek, besteak beste, adimen emozionala. Izan ere, “emozioak identifikatzea eta adieraztea jarrera sexistei aurre egiteko ezinbesteko baldintzak” direla uste dute Eidabeko kideek.