GARAPENERAKO HEZKUNTZA ANTZEZPENAREN BIDEZ

2016-06-19

Egingo al dugu antzerki bat?

 Sarritan, eragozpenak aurkitzen ditugu Garapenerako Hezkuntza ikasgelan txertatzeko orduan. Horietako bat, Haur Hezkuntzan sarri agertzen dena, honako galdera honen atzean dagoen kezka da: Ez al dira txikiegiak jakiteko (...)? Txikiegiak, pobrezia- eta baztertze-egoerak ezagutzeko? Hitz egin dezagun horri buruz.

 
 

Artikulu honetan, familiek nahiz irakasleek duten kezka horri erantzun bat ematen saiatuko naiz, Egingo al dugu antzerki bat? estrategiaren adibide praktikoa abiapuntu hartuta; Haur Hezkuntzako nire ikasgelan, ia egunero lantzen dudan estrategia da, hain zuzen1.

Egia da, gelan gai “labainak” txertatzen ditugunean −hala nola ebola, lurrikara bat, eta abar−, haurrek duten adinerako gai egokia ote den kezka sortzen zaigula lehenago edo geroago. Haur Hezkuntzan dudan esperientziak argi eta garbi erakutsi dit: “Gai batzuk ez dira beste batzuk baino egokiagoak”; gai horiek nola eta zertarako txertatzen ditugun da gakoa.
Zertarako erraz ulertzen da; galdera horren erantzuna Garapenerako Hezkuntzaren (GH)2 helburuetan nahiz curriculumean bertan aurki dezakegu.
Garapenerako Hezkuntzari (GH) buruz dauden definizioak hartzen baditugu, hezkuntza mota horren ikuspegia gelan txertatzeak sustatzen dituen oinarrizko helburuak atera ditzakegu:
• Herritartasun global baten parte direla jabetzea
• Beste errealitate batzuk ezagutaraztea
• Kontzientzia kritikoa garatzea
• Aldatzeko gaitasuna, aldaketaren eragile izatekoa
Guztiok elkarrekin konektatuta gauden herritartasun global baten parte garela eta gure ekintzek beste per-tsona batzuengan eta munduko beste leku batzuetan eragina dutela jabearaztea eskatzen du ikasgelan GHren ikuspegitik lan egiteak. Erantzunkidetasun hori islatzen duen adibide bat da elastikoaren adibidea, ekoitzi den lekutik gure etxeko armairura heldu arte bide luzea egin baitu. Era bateko edo besteko ondorioak dituzte gure kontsumo-ohiturek, non erosi, zenbat erosi eta horrelakoak erabakitzeak.
Zertarako galderarekin jarraituz eta curriculumari dagokionez, azpimarratu behar da aurrez aipatu ditugun GHko helburuak behin eta berriz ageri direla hezkuntzako etapa guztietako curriculumean. Haur Hezkuntzatik hasita, jasota dago ikaskuntza-esparruak (jarrerak, prozedurak eta kontzeptuak) sortzeak duen garrantzia; izan ere, ikaskuntza-esparru horiek: “Mundua interpretatzen eta munduan modu aktiboan parte hartzen has daitezen lagunduko dute”3.
Horrez gain, kontuan hartzen badugu, Hezkuntzaren Lege Organikoak (LOE gaztelaniaz) ezartzen duen hezkuntzaren helburuetako bat, Hezkuntzaren Kalitatea Hobe-tzeko Legean (LOMCE gaztelaniaz) aldaketarik izan ez duena, “solidaritatea eta herrien arteko lankidetza”4 dela, zertarako galderari erantzuten ari gara. Gainera, azpimarratu behar da GHren erreferente bat dela gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna.
Gakoa, beraz, nola galderan dago: nola txertatu gelan pobreziarekin eta baztertzearekin lotutako gaiak?
Argi dago pertsona batzuek bizi dituzten sufrimendu- eta izugarrikeria-egoeren argazkiak (hondamendi naturalak, gerrak, gosetea, etab.) oso gogorrak direla, eta haurrengan, eta baita geuregan ere, bihozmina eta beldurra eragiten dituztela. Hala ere, ez da beharrezkoa errealitatea bere gordintasun osoan erakustea. Beren esku-hartzeen bidez aldaketak eragin ditzaketen testuinguruan haurrak protagonista gisa kokatzea da helburua. Eszena lazgarri bat antzeztuko bagenu besterik gabe, frustrazioa eta egonezina besterik ez genuke sorraraziko. Beraz, ez dugu munduko goseari buruz hitz egiterik nahi abstrakzio mailan, urduritasuna sortuz eta errudun sentiaraziz. Helburua beste bat da: ezagutza hori geureganatuz (adibidez: “milioika pertsona gosez daude”), bidegabekeria horren aurrean kontzientzia kritikoa eta horrelako bidegabekeriak baztertzeko jarrera sorraraztea (“oso gaizki dago hori, ezin da onartu”), eta egoera hori aldatzeko ekintzetan parte hartzeko nahia sustatzea, horretarako aukerak eskainiz (“gure gelan ez da janaririk botatzen”), kontsumo arduratsuaren bidez, elikadura-burujabetzaren bidez, eta abar.
Zer esan nahi du 'Egingo al dugu antzerki bat?' egitasmoak?
Egingo al dugu antzerki bat? proposamena bizitza errealeko egoera bat antzeztean edo dramatizatzean datza. Haur Hezkuntzako gure gelan antzerkia deritzogu, hitz horrekin berehala ulertzen baitute antzezpen bat egin behar dugula; beraz, horrelaxe deitzen diogu. Hala ere, ez da antzerki bat zehazki; gure kasuan, ez dago aurrez idatzita dagoen elkarriz-ketarik, buruz ikasi eta antzezten den elkarrizketarik, eta dekoratuak ere ez ditugu modu metodikoan prestatzen. Aurrez ezer prestatu gabe sortzen da, modu espontaneo batean. Dramatizazioa, eszenaratzea eta abar ere dei geniezaioke.
Antzerkiaren bidez –berriro diot horrela deitzen diogula haurrek gertuago sentitzen dutelako−, pobrezia- eta baztertze-egoerak bizitzen ditugu, bai eta izan ditzaketen irtenbideak ere; horrela, aurrez aipatutako Haur Hezkuntzako curriculumak ezartzen duen moduan, haurrek aukera bikaina dute “mundua ezagutzen eta bertan modu aktiboan parte hartzen hasteko”. Egingo al dugu antzerki bat? estrategiarekin enpatia, bestearen lekuan jartzeko gaitasuna, rol-aldaketa eta abar lantzen ditugu.
Egingo al dugu antzerki bat? proiektua munduan gertatzen diren bidegabekeria-egoerak birsortzean datza, aurrez ezer prestatu gabe eta modu espontaneo batean, egoera horiei irtenbide bat ematen lagundu dezakegula jabetu ahal izateko.
Oro har, goizeko batzarrean egiten ditugu antzezpen horiek. Batzuetan, neuk proposatzen dut, asko baikara eta hitz egiteko txanda errespetatzea kostatu egiten baitzaie; une horietan, egiten ari garen hori bideratu egin behar da (Haur Hezkuntzan ohikoa da jarduera aldatzea, altxatzea, salto egitea, abestiren bat abestea, eta abar, motibazioari eusteko eta lantzen ari garenarekin jarraitu ahal izateko). Beste batzuetan, beraiek eskatzen dute: zergatik ez dugu antzerki bat egiten? Egiatan, berehala sortzen da magia, suspertu egiten dira, eta gehienek baietz esaten dute; beraz, unean sortzen diren pertsonaia nagusiak aukeratzeko zozketa eginez hasten gara... Adibidez: “ibaira joan eta ura edan ondoren gaixotu egiten den haur bat behar da...”. Bururatzen zaizkien pertsonaiak gehitzen joaten dira; gehienetan, horiek antzezteko interesa dutelako bururatzen zaizkie… “Nik ere gaixorik dagoen haurraren ama izan nahi dut!”. Negoziatu egiten dugu…, beren interesen arabera adostasunetara heltzen gara… “Ongi da, haurrak bi ama ditu”… “zer pertsonaia gehiago behar dira…?”.

Adibide batzuk

Malaria:
Olentzerok5 bi opari ekarri dizkigu: bata, sendagilearen materiala (eskularruak, txapelak, galtzerdiak, mantalak, gazak, endoskopioa, etab.), eta, material horrekin, landa-ospitale bat egin dugu ondoren; eta bestea, Intermon Oxfam-en tori opari hau…-rentzat izeneko ekimenarekin lotuta dago; guk zuzenean jasoko ez dugun opari bat da, munduko beste leku batzuetako pertsona batzuei zuzendutakoa, hain zuzen. Sudanera eramateko 6 eltxo-sare jaso ditugu opari.
Opor ondorengo egunetan, galderak sortzen dira, etxetik altxor txikiak ekartzen doazen heinean; guk bizi ditugun egoeren oso bestelakoak diren egoerak ulertzen eta antzezten laguntzen digute horiek guztiek, aldi berean gure arreta erakartzen baitute. Neskatila batek malariaren eltxoaren bi argazki ekarri ditu, eta egoera antzezten hasi gara: “malariaren eltxoak heldu digu..., eta gaixotu egin gara... Edota eltxo-sarearen barruan lotan dago familia bat, eta eltxoak barrura sartu nahi du, baina ez du sartzerik lor-tzen”. Munduko beste leku batzuetan eltxo-sareak zein garrantzitsuak diren ondorioztatzen dugu. Opari praktikoa eraman du Olentzerok Sudanera, bai horixe!

Ebola:

Sendagilearen materialak geure gorputza ezagutzen laguntzen digu, eta higiene- eta osasun-ohitura onak geureganatzeak duen garrantziaz jabetzen; baina, horrez gain, gure trebetasun sozialak hobetzen, beste pertsona batzuenganako enpatia izaten, besteen lekuan jartzen, beste leku batzuetako pertsonek dituzten beharrak ezagutzen, eta besteei laguntzea eta guk behar dugunean besteen laguntza jasotzea zein garrantzitsua den jabetzen ere laguntzen digu.
Afrikan, bada ibai bat Ebola izenekoa… Hortik zabaldu zen hedabide guztietan aipatzen den gaixotasun larri hori, urduritasuna, beldurra eta ezintasuna eragiten digun gaixotasun hori. Gaixorik gaudenean besteek gu zaintzeak (guztiak “osasunerako eskubideaz” ezin direla baliatu jabetuta) zer ondo sentiarazten gaituen antzeztu nahi izan dugu gelan, eta laguntza humanitarioa zein garrantzitsua den. Arazoaren ikuspegi positibo horretan oinarrituta, modu egokian txertatu ahal izango dugu gaia gelan, ongi sentiaraziko gaituen modu batean: “Kezkatu egiten gaitu beste leku batean gertatzen ari denak”. Gelan, Sierra Leonara eramango gaituen hegazkina margotu dugu lurrean, eta rolak banatu ditugu: bidaian zukuak eta aldizkariak eskainiko dizkiguten hegazkin-zerbitzariak, segurtasun-neurrien berri emango digutenak: lotu gerrikoak. Iritsi gara, sendagilearen materialarekin eta gaixotasunaren kutsadurari aurrea hartzeko beharrezkoa den informazioarekin; sendagilea haur bat besoetan zuela ikusi genuen lehenengo aldian, harritu egin ginen... Zer zen hura? Martetar bat? Astronauta bat?
Ura, sabela hustea, lurrikara…:
Uraren garrantziaz eta uraren kontsumo arduratsuaz jabetu zitezen saiatu gara. Horretarako, komuneko ura kendu dugu egun oso batez. Jakina, aurrez gaia landu dugu: zer gertatuko litzateke... ura kenduko bagenu? Haur batzuei ziurgabetasuna sortzen zien horrek, “ez dut gogorik ura kentzeko” zioen beste batek (gogo falta horren atzean beldurra dago, urduritasuna…). Horregatik, ura kendu baino egun batzuk lehenago, antzeztu egin dugu egoera. Irtenbideak bilatu ditugu guztion artean: “jolastokiko iturrira joan ur bila”, “ur hori erabili”. Hiru ontzi ditugu: ontzi bat horia da, edateko ura duena; eta beste biak urdinak dira, eta horietara ur-hondakinak botako ditugu, gero komunean berrerabiltzeko… Hori lantzen ari garen bitartean, haurrei azalduko diegu edateko urik ez duten pertsona asko daudela, askok komunik ez dutela, eta kalean hustu behar izaten dutela sabela, etab. Azkenean, azpiegiturak hobetzeko lankidetza-proiektu batean parte hartzen bukatuko dugu, ziur…!

'Egingo al dugu antzerki bat?' estrategiaren balioespena. Estrategia horren hezkuntza-gaitasuna

Edozein hondamendi (naturala nahiz gizakiak eragindakoa) ikaragarria da haurrentzat zein helduontzat; traumak sor diezazkiguke. Eta bidegabekeria-egoeren eta horien ondorioen aurrean bihozgabe ere bihur gaitezke. Horregatik, beste ikuspegi batetik txertatu behar dugu gelan, hau da, kontzientzia kritikoaren (hori ez da bidezkoa, oso gaizki dago!) eta parte-hartzearen ikuspegitik (zer egin dezakegu gerta ez dadin?, eta jada gertatu bada, zer egin dezakegu aldatzeko?).
Egingo al dugu antzerki bat? estrategiaren erabilera sistematikoak gauzak alda daitezkeela barnera-tzen laguntzen du, eta gelako giroa interakziorako leku bizi eta ludiko bilakatzen du. Hondamendia jolas sinbolikoaren bidez antzeztean, haurrei aukera ematen diegu antzezten ari diren egoera hori kontrolatzeko eta menderatzeko ahalmena gara dezaten. Garrantzitsua da laguntza- eta elkartasun-ekintzak txertatzea ere, ingurune hurbila nahiz urrunekoa hobetzen parte har dezaketela senti dezaten.
Horrez gain, honako alderdi hauetan islatzen da duen hezkuntza-gaitasuna:
• Motibazioa, parte hartzeko gogoa, indartzea lortzen du. Ludikoa eta dibertigarria da.
• Sormenaren eta irudimenaren garapena sustatzen du.
• Ahozko adierazpena hobetzen du. Garapen emozionala eta soziala lantzen dituen jarduera da. Gelan eta etxean zirrarak eta sentimenduak adierazten laguntzen die (bizipenak dokumentatuta daramatzate, gelako proiektuen bidez).
• Enpatia, bestearen lekuan jartzeko gaitasuna, garatzen laguntzen du. Beren burua askotariko roletan jartzen ikasten dute, eta askotariko erantzunak ematen.
• Beste egoera eta errealitate batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen die.
• Beren esku-hartzeak aldaketak eragiten dituela jabetzen dira.
• Komunitateak bidegabekeriei, hondamendiei eta abarri emandako erantzunak ezagutzeko interesa handitzen da.
• Lankidetzarako sentimendua eta taldean ondo pasatzeko sentimendua sortzen dira ikasleengan. Esperientzia positiboak partekatzen dira berdinen artean.
Laburbilduz, Egingo al dugu an-tzerki bat? estrategia tresna egokia da Haur Hezkuntzako etapatik herritar kritiko, aktibo eta parte-hartzaileak eraikitzen hasteko. Gainera, azpimarratu behar da interes soziala duten gaiak gelan txertatzeak bidezkoagoa eta zuzenagoa izango den gizarte bat eraikitzeko helburura gerturatzen gaituela, gizaki-kontzientzia berri bat sortzeko ikuspegi utopikoa hartuta.
Amaitzeko, argitaratu dudan liburua irakurtzera gonbidatzen zaituztet: Acercando la Educación para el Desarrollo a la Escuela. Una mirada internacional, una mirada local. Zer da Garapenerako Hezkuntza? Zer bilakaera izan du? Badu lekurik curriculumean? Zer-nolako hezkuntza-gaitasuna du?... Liburuan aurkituko dituzue galdera horien guztien erantzunak.