HIK HASI BEHAR GENUEN, BEHAR DUGU

2021-06-01

IÑAKI GONZALEZ MURUA
HIK HASIKO HARPIDEA ETA LAB-EKO IRAKASKUNTZA SAILEKO ARDURADUNA IZANDAKOA

 
 

Gipuzkoako Irakasleen Elkarteak sortutako aldizkari pedagogikoak, euskaraz argitaratzen zen bakarrak, bere azken alea argitaratu zuen 1993an. Handik bi urtera, hutsunea betetzeko, Hik Hasi aldizkaria martxan jarri zuen irakasle talde zabal batek; baina ez bakarrik hutsunea betetzeko asmoarekin, baita euskal hezkuntzari buruzko informazio, eztabaida eta elkargunerako bitartekoa izateko xedearekin ere. Ezaugarri hauek hartu zituen abiapuntutzat: euskalduna, nazionala, hezkuntza komunitateko partaide guztiena, baterakoia, irekia, plurala eta independentea. Argitalpenarekin batera, jardunaldiak eta mota askotako jarduerak sortu ziren urtero.
25 urte hauetan, 1991n EAEn izan zen Hezkuntzako Itun Politikoak (EAJ/PSOE/EE), 1993an Euskal Eskola Publikoaren Legea martxan jartzeko abiapuntua izan zenak, baldintzatu egin du hezkuntzako eragileen jarduera. Ondorio argi-ilunak izan ditu: batetik ikastolen mugimenduaren higadura ekarri zuen, eta ez zuen eredu publiko berririk sortu; eta, bestetik, hezkuntzako eragileak gai izan gara ikastolen mugimendua egonkortzeko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan, bereziki sare publikoan, euskarazko murgiltze-eredua nagusi bihurtzeko. Hik Hasik Hezkuntzako Itun Sozialaren aldeko hautua egin du, eta Euskal Hezkuntza Komunitatea erdigunean jarri du, hezkuntza-eragile ugarirekin zubigintza-lana eginez.
Hik Hasik 2017an Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogikoa eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak proposamena aurkeztu zuen eta 2020ko azaroan Euskal Herriko Hezkuntza aurrera begira: elkarrekin, guztiontzako hezkuntza-eredu hobe baten alde. Biek helburu argia dute: Euskal Herrian Hezkuntzako Itun Sozialaren bidea erraztea, errealitate administratibo desberdinetan erantzun egokiak ematea hartuta oinarritzat. EAEn Hezkuntzako Itun Politikoa egin zenetik 30 urte pasatu ondoren, edozein lege-proposamen berrik Itun Sozialean ardaztuta egon behar du, ezinbesteko baldintza baita hori Euskal Hezkuntza egonkortzeko eta abagune politikoen gainetik Hezkuntza Komunitateari bermeak emateko.
25 urte hauetan, Euskal Hezkuntza Komunitatearen erreferentzia bilakatu da Hik Hasi, bai ikastetxeetan eta bai Unibertsitateko Hezkuntzako fakultateetan. Aitzindari bihurtu da irakasleen prestakuntzan. Sortu zenetik, une bakoitzean zeuden mugimenduekin elkarlanean aritu da beti: Sortzen, Euskal Herriak Bere Eskola, Euskal Curriculumaren diseinua”… Eta, 2012an, Hazi Hezi proiektua abiatu zuen, hezkuntza komunitateari bide berriak zabaltzeko.
Euskal Hezkuntza Sistema sortzeko eta eraikitzeko lanean, berebiziko garrantzia dute ikastetxeetako eta, oro har, hezkuntza komunitateetako esperimentazio-eremuek. Hik Hasik lan-ildo berriak zabaldu behar ditu ikerkuntza aplikatuan eta transferentzian; horrela, hezkuntza komunitateen eta unibertsitateen arteko elkarlana erraztuko eta sostengatuko du.
Hezkuntzako teknologiaren eta digitalizazioaren aurrean, euskarazko online prestakuntza-proposamen erakargarriak eta berriak garatu behar dira hezkuntzan eta naziogintzan diharduten erakundeen artean (Hik Hasi, UEU…).
Bizitza eta lan oparoa izango du Hik Hasik hurrengo 25 urteotan. Ziur nago.