Situ-akzioak

2021-06-01

Esperimentazio sentsoriala jolasaren bitartez gozatzeko proiektua

'Situ-akzioak' ekimenak ateak zabalik dauzka apiriletik ekaina amaiera arte Tabakaleran. Zortzigarren edizioak esperimentazio sentsorialerako espazio bat proposatzen du, jolasaren bitartez haurrek eta helduek elkarrekin goza dezaten. Tabakalerak espazio berri bat aurkezten du aurten Julio Le Parc-en obran inspiratuta, artista argentinarrarentzat ezinbestekoak diren elementuak abiapuntutzat hartuta: argia, kolorea eta mugimendua.

 

 
 

Apirilaren 15ean ireki zituen ateak Situ-akzioak ekimenak Donostiako Tabakalerako lehen solairuan. Proiektuaren zortzigarren edizioan Maushaus kolektiboa izan dute bidelagun eta oinarri bezala Julio Le Parc artistaren lana hartu dute. Nerea Hernandezek, hezkuntza teknikariak eta proiektu honen arduraduranak horrela laburtu du Situ-akzioa proiektua bera zer den: “Proiektuak esplorazio sentsorialerako jolas proposamen irekiak diseinatzea planteatzen du. Sortutako espazio txiki eta handien parte-hartzea ahalbidetuko dutenak, txikienak beren ikerketaren bidea erabakitzeko espazioa bideratuz”.
Espazioa astero, ostegunetik igandera bitartean dago irekita ekainaren amaierara arte, eta jolaserako paisaia irekiak proposatzen ditu, elkarrekin eraiki, eraldatu eta jolasteko aukera ematen duten eszenatokiak aurkituko ditugularik bertan. Julio Le Parc-en obran ezinbestekoak diren elementuak dira abiapuntua: argia, kolorea eta mugimendua. Artista argentinarraren lan-prozesuan agertzen diren kontzeptuetan oinarritutako sei sektoretan banatuta dago eremua: kolorea eta bariazioak; islak, biderketak, alterazioak; mugimendua, jolasa, lekualdaketa; mugikorrak; argiaren deskonposizioa; eta koloretako itzalak.
Ekimenaren arduradunak azaldu dutenez, “sei guneetako bakoitzean jolasa eta esperimentazioa ahalbidetuko duten hainbat elementu jarriko dira, hala nola: Newtonen diskoak, gainazalen konbinazio desberdinak, kristalak, metalezko xaflak, metakrilatoa eta bestelako material batzuk, kaleidoskopioak, agamografoak edo Agam tolestura”. Betiere argi utziz Situ-akzioak proiektuaren helburu orokorrak jolas librea eta esperimentazio sentsoriala ahalbidetzea direla.
Ekimenaren zortzigarren edizio honetan eta arestian esan bezala Maushaus arkitektoen kolektiboak aktiboki parte hartu du Hezkuntza taldearekin eta Medialab Tabakalerarekin batera, elkarlanean garatutako sormen-prozesuan. Maushaus arkitektura eta artearekin lotutako ideien laborategia da. Jolas, ekintza eta performancearen bidez transmititzeko moduak bilatzen ditu, eta, horrez gain, guztiok barruan daramagun jolasteko gaitasuna ikusarazten du. Jolas libreko saio hauek 45 minutuko iraupena izango dute, eta haurrei eta helduei zuzenduta daude.
Berez familiei eta hezkuntza komunitateari zuzenduta egon arren, kuriositatea daukan edozein pertsonak parte hartu dezakeela ohartarazten du Hernandezek. Hezkuntza zentroei dagokienez, astean zehar irekitzen dizkie Tabakalerak ateak ikasgelei. Bereziki Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrentzat pentsaturiko espazioa da.

Familietatik eskolara
Situ-akzioa proiektua nondik nora sortu zen azaltzerakoan proiektuaren arduradunak gogorarazi du ekimen honek aurrekari bezala 0-6 bizi! Proiektua duela, “berau, familiekin batera pentsatu, diseinatu eta eraikitako espazio bat da. Prozesu parte-
hartzaile honen ondoren sortu zen Situ-akzioak proiektua, familien parte-hartze aktiboa bilatuz eta esperimentatzeko espazioak proposatzeko asmoz”. Prozesu guztia 2018ko martxoan hasi zen, Tabakalerako Hezkuntza eta laborategiek sustatutako sorkuntza-prozesu batetik. Prozesu horren helburu nagusiak praktika artistiko garaikideekin eta ikaskuntzarekin lotutako prozesuak garatzea izan zen; bai eta elkarrekin bizitzeko, sormena lantzeko eta ezagutza partekatua sortzeko espazioak eratzea ere. Urte hauetan zehar, proiektua Tabakalerara beren esperientziak, interesak, beharrak eta denbora partekatzera hurbildu diren familiekin lankidetzan garatu da.
Aurretik beste zazpi edizio izana ditu proiektu honek. Aurrekoetan proposamen espazialek asteburu bakarra irauten zuten. “Espazioa epe luzean irekita mantentzeko planteatzen dugun lehen aldia da”, dio Hernandezek.
Orain aurkezten den espazioa diseinatzeko eta sortzeko lehen tailerrak 2020ko martxoaren hasieran egin ziren. Une hartan, COVID-19ak eragindako pandemiak proiektua geldiarazi zuen, baina konfinamendu-aldian prozesuan inplikatutako eragileek modu deszentralizatuan lanean jarraitu zuten. Antolatzaileentzat urtebete geroago bada ere, berri pozgarria da gune berri hau aktibatzea, txiki eta helduek elkarrekin jolas dezaten.