Albistea

Luzaroren psikomotrizitate eskolako sentsibilizazio ikastaroetan izena emateko epea ireki da

Luzaroren psikomotrizitate eskolako sentsibilizazio ikastaroetan izena emateko epea ireki da

Luzaro Psikomotrizitate Eskolak Heziketarako Psikomotrizitate Praktikan formatzeko bi urteko ikastaroa eskaintzen du eta horren aurretik ezinbestekoa izaten da sentsibilizazio ikastaroa egitea. UNED-Bergarako ikastetxe elkartuko berezko ikastaroa da Bilbon, Donostian eta Gasteizen eskaintzen da. Bilbokoa martxoaren 10, 11 eta 12an izango da, Donostiakoa maiatzaren 26, 27 eta 28an eta Gasteizko irailaren 15, 16 eta 17an. Luzaroren webgunean informazio gehiago eskuratzeko eta izena emateko aukera dago.

Hik Hasi

Neus Sanmartí hezitzailea elkarrizketatu dugu

Neus Sanmartí hezitzailea elkarrizketatu dugu

  • Editoriala: Heriotzak daramana eta dakarrena
  • Gai nagusia: Euskarako eskolak jomugan
  • Elkarrizketa: Neus Sanmarti: “Ikaskuntza ikasleen esku uztea onartuta dago, baina ebaluazioa ez”
  • Esperientziak I: Zientzia nesken kontua ere badela erakutsi dute
  • Esperientziak II: Nafarroako D ereduko ikasle gehienek euskarazko B2 maila lortzen dute
  • Esperientziak III: Eskoletako urmaelak
  • Ekarpenak I: Irakasleen lanbiderako sarbidearen diagnostikoa (I)
  • Ekarpenak II: Segregazioari aurre egiteko, matrikulazio orekatuagoa
  • Ahalduntze eskola: Denetik, baina neurrian
  • Galdeidazu: Zein da tutoretza saioen funtsa Bigarren Hezkuntzan?
  • Proposaemna: Basondo animalien babes-gunea
  • Atzeko atetik: Garazi Ruiz de Sabando

Albistea

Ikasle batek irakasle bat hil du Donibane Lohitzunen

Ikasle batek irakasle bat hil du Donibane Lohitzunen

Donibane Lohitzuneko (Lapurdi) Tomas Akinokoa lizeo pribatuko 16 urteko ikasle batek 52 urteko irakasle bat hil zuen labankadaz atzo. Gaztelaniako eskolak ematen ari zela gertatu zen erasoa, baina ez dago argi nola. Lekuko batzuen arabera, ikaslea eserlekutik altxa, bizkar zorrotik labana atera, gelako atea blokeatu eta irakaslearengana gerturatu eta labana sartu zion. Beste lekuko batzuen arabera, mutila kanpotik sartu zen gelara erasoa egitera eta “ahots batek agindu dit erasoa” esanez. Mutila atxilotu egin zuten, erailketa egotzita. Gaur 15:00etan minutu bateko isilunea egingo da ikastetxeetan, dolua agertzeko.

Samin handia eragin zuen gertakariak eta ikasleei arreta psikologikoa eskaini zitzaien lizeoan bertan. Hainbat agintari hurbildu ziren atzo lizeora, besteak beste, Pap Ndiaye Hezkuntza ministroa, Olivier Veran Gobernuko bozeramailea eta Anne Bisagni-Faure Bordeleko Akademiako errektorea. Guztiek adierazi zioten babesa hezkuntza komunitateari eta elkartasuna familiari, ikasleei eta irakasleei. Emozioak partekatzeko eta harrera egiteko unea dela azpimarratu zuten, eta hor egonen direla laguntzeko.

Albistea

Seaskako gurasoak eta ikasleak Bordeleko errektoreordetzan kateatu dira Hezkuntza Ministerioari erantzun dezan eskatzeko

Seaskako gurasoak eta ikasleak Bordeleko errektoreordetzan kateatu dira Hezkuntza Ministerioari erantzun dezan eskatzeko

Brebeta eta baxoa azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea aldarrikatzeko kateatu ziren atzo Seasako hainbat guraso eta ikasle Bordeleko errektoreordetzan. Seaskako eta EEPko ordezkariak iazko irailean bildu ziren Hezkuntza Ministerioan eta orduz geroztik Pap Ndiaye Hezkuntza ministroaren erantzunaren zain daude.

Hainbeste denboran erantzun ez izana “mespretxu” bat dela adierazi dute Seaskako kideek eta erantzun bat jaso bitartean desobedientziarako bidean hainbat ekintza burutuko dituztela iragarri dute. Hurrengo hilabeteetan, brebeta eta baxoa azterketak egin beharko dituzte ikasleek, eta erantzunik jaso gabe jarraitzen dute, azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea ez delarik bermatzen.

Albistea

Uri Ruiz Bikandi irakaslea, hezitzailea eta hezkuntza elebidunean aditua zendu da

Uri Ruiz Bikandi irakaslea, hezitzailea eta hezkuntza elebidunean aditua zendu da

Atzo hil zen Uri Ruiz Bikandi irakasle, hezitzaile, ikerlari eta idazle durangarra, euskal irakaskuntzan arrasto eta ekarpen anitz utzita.

1970ean Iurretako ikastolako andereño izan zen, eta urtebete jardun zuen han, ikastola itxi zioten arte. Hurrengo bi urteetan geroago Bizkaiko Ikastolen Elkartea izango zeneko koordinatzaile izan zen eta gero Elorrioko ikastolara joan zen. 1979an Legutioko eskola publikoan hasi zen A ereduko ikasleekin. Geroago Hizkuntza eta literaturaren didaktika irakasle izana zen EHUn, Bilboko eta Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolan.

Materialgintzan ere jardun zuen, 20 urtez (1994-2014) Graó argitaletxeko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Saileko zuzendaritza Batzordeko kide izan zelarik.

Oroz gain, bigarren hizkuntzaren didaktika eta irakasleen prestakuntza izan zituen lan eta ikergai, eta ekarpen interesgarriak egin zituen arlo horretan. Hik Hasiren 67. zenbakian (2022ko apirilean) egindako elkarrizketan ama hizkuntzaren eta bigarren hizkuntzaren jabekuntza prozesuez mintzatu zen, eta ahozkotasuna lantzeak duen garrantziaz ohartazten zuen.

Albistea

Nafarroan D ereduan matrikulatzeko deia egin dute euskalgintzako eragileek

Nafarroan D ereduan matrikulatzeko deia egin dute euskalgintzako eragileek

Martxoaren 6tik 17ra izango da Nafarroako eskoletan aurrematrikula egiteko garaia eta Nafarroako euskalgintzako hainbat eragilek eta mugimenduk D ereduan matrikulatzeko kanpaina abiatu dute. Zerotik aurrera aukeratu euskara! lelopean familiak haurrak euskarazko ereduan matrikulatzera bultzatu nahi dituzte, une hau delako “familiek haurrentzako nolako etorkizuna nahi duten erabakitzeko garaia”. Argi dute euskararen aldeko hautuak aberastasuna dakarrena, “eleaniztasunerantz urratsak eg iteko aukerak zabaltzen baitizkigu. Eta horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara”.

Bi astetan zehar kanpaina hau bultzatzen arituko dira Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Sortzen elkartea, NIZE, HE Gurasoak, LAB, ELA, Steilas, AEK, IKA, Eremu Diskriminatutako Gurasoak, Zaldiko Maldiko eta AET.