Kronika

1995-06-01
 
 
Udal hauteskundeetan irakaskuntzari garrantzi eskasa eman zaio
Hego Euskal Herrian izan berriak diren udal hauteskundeetako alderdien programetan irakaskuntzaz ia aipamenik ere ez egitea oso adierazgarria da.
Eskola komunitateek ez al dute herriko bizitzan eraginik? Alderdiei ez al die gai honek botorik ematen? Heziketa-inbertsioa ez al da errentagarria gizartearentzat? Eskolak ikaslegoa euskalduntzen eta euskaraz bizitzen egiten dituen ahaleginak jarraipena behar du herriko gainontzeko ekintzetan. Eskolaz kanpoko lanak geroz eta garrantzi handiagoa du. Bigarren Hezkuntzaren ezarpena eta eskola mapa, jangela zerbitzua, garraioak, haur eskolak, eskola porrotak... udaletxeetan serioski aztertzeko eta neurri batean guzti honi erantzutea ezinbestekoa litzateke gure haur eta gaztetxoen etorkizunaz pentsatzen badugu.
Beste hauteskunde mota batetik, sindikaletik, ateratako ordezkariek Lan Hitzarmenak negoziatzeari ekin diote.
Nafarroako ikastolek iazko Lan Hitzarmena sinatu berria dute.
Euskal Autonomi Elkarteko (EAE) irakaskuntza pribatuan ere izenpetu berria dute.
Iazko izoztetik aurtengo epeltasunera nolabait igaro nahiean EAE.ko sare publikoan ere negoziaketa mahaia osatu da, bilera batzuk iadanik izan dituztelarik.
Hauteskundeetako hariari helduz Nafarroako irakaskuntza publikokoak aipatu beharra dago. Egin berriak diren honetan aldaketa izugarria eman da. Administrazioaren planen aurka eta euskararen normalizazioaren alde dauden sindikatuak irten dira garaile.

• Euskarari atxikirik, aurrematrikulaketen joera Euskal Herria osoan euskal ereduen igoera portzentuala izan da. Haur Hezkuntzan, Lehen nahiz Bigarren Hezkuntzan, euskarak irakaskuntzan etorkizuna duela birfrogatuz.

• Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Donostian ospaturiko Kongresuan Euskal Unibertsitatearen oinarriak jartzeko hartu berria duen konpromezuak itxaropenari beste leiho bat zabaltzen dio.

• Senperen SEASKAk antolaturiko HERRI
URRATSek urrats berria eman du aurreko marka guztiak gaindituz.

Bigarren Hezkuntzak kezkak sortzen ditu
Nafarroan datorren irailean Bigarren Hezkuntza irakasten hasiko dira eta eskola mapa bideratzeko bi arazo egon direla aitortzen du arduradun nagusia den Arellano jaunak; euskara eta herrien interesa.
Euskaraz ikasi nahi izanez gero kilometro piloa egin behar izateak, Tafallatik Iruñera adibidez, ez al luke arazoa sortuko bada? Hor daude herri bakoitzeko interesak, garrantzi handia baitu hamabi urterekin herritik mugitu behar izateak ala ez.
EAEn ikasturte bat beranduago (96-97) ezarriko da eta oraindik ez da eskola mapa ezagutzen, eta honek berarekin dakar kezka. Epez juxtu samar ez ote dabiltzan pentsatzen du zenbaitek.
Eneko Oregik ekaineko lehenengo asteetarako sindikatu eta gurasoen ordazkariak deitu ditu eskola mapari buruz lehenengo harremanak izateko asmoz.
Egoera honetan txalogarria izan da Ikastolen Konfederazioak Donostian antolatu dituen ihardunaldiak, ia inor ezer esaten ausartzen ez denean garrantzizkoa izan da
irakaskuntzako sektore desberdinak eta sindikatuak inplikatzea.

Haur Eskoletan kezkati
EAEn zenbait irakasleren Titulu egokipenerako aurreko administrazioak froga bat antolatuta zuen eta oraingoak baliogabetu egin du, horren ordez ikastaro trinkoa antolatuko duela esanez. Honek frustrazio sentsazioa sortu du haur eskoletako zenbait irakaslerengan, ez alternatiba txarragoa delako, epe motzean planen aldaketa eman delako baizik.

Paris eta Madriletik datoz notiziak
Madriletik "Ley Orgánica de participación y gestión de los Centros" deritzana etorri zaigu. Beraz, Nafarroa eta EAEn ezarri beharrekoa.
Parisetik, berriz, hizkuntz gutxiagotuen irakaskuntzaren zirkularra iritsi berri da. Honek, zerbitzu publikoko eskola elebidunei babes legala ematen die.
Legeei jarraituz, ikas-tola "judizializatuak" ditugu. Sententziak, bilerak, itxialdiak etabar. Alde bakoitzak berean darrai eta arazoa konpondu ezinik.