OLIVERI, Inaxio: Zer iritzi duzu hilabetekari honi buruz?

1995-06-01
 
 
Euskal Hezkuntza Sistemak erronka eta hautabide garrantzitsuei aurre egin behar die datozen urteotan. Maiz errepikatu arren baieztapen horrek ez du egiarik galtzen. Izan ere, gero eta premiazkoagoak eta larriagoak gertatzen dira erronka horiek denbora joan hala.
Hezkuntza erreformaren ezarpena, eskola plangintza, lanbide heziketaren aldaberrikuntza, kalitatearen eskakizuna, irakaslegoaren prestaberrikuntza, euskararen normalkuntza, balore propioak indartzea, eta abar ez dira, noski, eginkizun makalak ez eta sokamotzekoak. Arnas luzeko lana, akordio zabala eta borondate politiko argia eskatzen dute, aitzitik.
Jaio berri dugun "hIK hASI" aldizkaria euskal hezkuntza sistema garatzeko eta aurreratzeko tresna eta lanabes izan daitekeen neurrian agurtzea atsegin zait. Euskal Irakaskuntzak bazuen eta badu langune, topaleku eta hedabide beharrik irakasle, aditu eta interesatu guztientzat. Hala gerta dadila "hIK hASI" aldizkaria eta bete dezagula guztiok tokatzen zaigun langintza.
Zorionak eta adiorik ez.