Hezkuntza kooperatibak

1998-03-01
Enpresa eta ekonomia mailan kooperatibaz hitz egitea ohikoa da eta ez zaigu arrotza suertatzen. Baina antolaketa modu hori ez da sektore batzuetara soilik mugatzen. Edozein arlotarako balio du proiektu bat aurrera ateratzeko modu horrek.
 
 
Hezkuntza mailan ere ikastetxe ugari dira kooperatibak direnak. Hezkuntza Kooperatiba izeneko Federazioan biltzen dira. Federazio honen egitekoak eta nondik norakoak ezagutzeko asmoz Joxerra Zubizarreta Federazioko lehendakariarengana hurbildu gara.

Martxoaren lehen egunarekin batera, Hezkuntza Kooperatiben Federazioa sortu zeneko 8. urteurrena bete da. Kooperatiba egitura duten Euskal Herriko ikastetxeak biltzen dituen Federazioa da. Gaur egun 56 zentro daude bertan.

Joxerra Zubizarretak Federazioak adina urte daramatza lehendakari lanetan eta ibilbide guztia ondo baino hobeto ezagutzen du.

Hezkuntza Kooperatiba, kolektibo batek proiektu baten alde egiten duen apustua dela dio, baina apustu kontzientea. "Kooperatiba ez diren zentro publiko eta pribatuetan ere badaude proiektu baten aldeko apustua egiten dutenak, baina beharbada batzuk ez kontsekuenteki, baizik eta besterik gabe hautaketa bat egin dutelako. Adibidez, haurra herriko eskolara eramatea" azaltzen digu Joxerrak. "Gure kasuan, berriz, apustua norberak egiten du, bazkide izan behar delako. Orduan, bazkidea izatean ardura handiak hartzen dituzu. Zentroaren gestio osoak zure baimena behar du hori aurrera eraman ahal izateko".

Inplikazioa baino gehiago zerbaiten aldeko apustua dela dio Joxerrak. Apustu hori gurasoek, langileek edota biek egin dezakete eta horretan datza koooperatiben arteko desberdintasuna.

Langileen kooperatibetan irakasleak dira proiektua aurrera ateratzeko apustua egiten dutenak. Trabajo asociado-koak bezala ezagutzen dira hauek. Gurasoen kooperatibetan, berriz, gurasoak dira alternatiba baten aldeko apustua egiten dutenak eta gestio osoa beraien arduran gelditzen da. Azkenik, kooperatiba integralak daude eta hauetan guraso, irakasle eta gainerako langileak dira bazkide. Guztiek kontsekuenteki egiten duten apustua dela dio Joxerrak. "Gurasoen kasuan esaterako, seme-alabak zentro hauetako batera eramatea erabaki dezakete, jakinda bihar edo etzi batzorde edo errektore kontseilu batean egon beharko dutela agian. Horrez gain, urteko batzar batean gestio ekonomikoa, pedagogikoa eta abar onartu beharko dituzte. Beraz, ardura zuzena eskatzen du. Eta honek dexente bereizten gaitu beste zentroetatik, nahiz eta egunerokotasunean antzekoak izan".

Hezkuntza Kooperatiben Federazioan dauden 56 zentrotatik %60 gutxi gora-behera gurasoen kooperatibak dira, %30 integralak eta %10 langileenak. Orokorrean Hezkuntza Sistema osoa harturik, kooperatibak %40 direla esan daiteke, baina datu hau ez da erreala. Izan ere, Hezkuntza Kooperatiben Federazioan ikastolak, euskaltegiak, A eta B ereduko zentroak, Lanbide Heziketa zentroak eta abar daude. Bakoitzak, koooperatiba izateaz gain, bere esparru propioa dauka. "Adibidez, Eskoriatzako Almen ikastola kooperatiba da eta Ikastolen Federazioan dago. Baina era berean, bailara hartako Hezibide elkartean dago; eta ikastola denez, Partaideren barruan dago. Horrelako kasuak ematen dira Federazioan dauden zentro gehienetan, eta horregatik diogu %40ko datu hori ez dela erreala".

Zentro hauek guztiak batzen dituena, beraz, izateko forma da, ez egiten dutena, direna baizik. Federazioaren batzordean talde horiek guztiak biltzen dira (AEK, Partaide, Hezibide, EIB, Hetel...). Hezkuntza eta lan munduko talde desberdinak mahai batean biltzea eta guztien artean gaiak eztabaidatzea, sakontzea eta erabakitzea da interesgarria, dio Joxerrak. "Orain modan dagoen "hirugarren bide" hori orain dela zortzi urte jarri genuen martxan guk. Eta harro nago urte hauetan guztietan ez dugulako inoiz botaketarik egin. Beti adostasunera iritsi gara". Pedagogikoki planteamendu desberdinak eta muturrekoak eduki ditzakete, baina denak kooperatiba dira eta horrek batzen ditu.

"Arlo pedagogikoa ez dugu inoiz ukitu oso garbi izan dugulako hasieratik gure federazioaren izateari ez zegokiola. Gure lana egitura kooperatiboa sendotzea eta gizartean isladatzea da; zer den eta nola funtzionatzen dugun azaltzea. Enfoke enpresariala ematen diogu, gestioko gauzak egiten baititugu".



Federazioaren funtzioa

Zertarako sortu zen Hezkuntza Kooperatiben Federazioa? Kooperatiba mota asko daude gaur egungo gizartean eta legeak jasotzen ditu, gainera. Orain dela zortzi urte, ordea, hezkuntza arloko kooperatibak trabajo asociado edo kontsumoko kooperatibak bezala agertzen ziren, eta ez zuten esparru propiorik. Kooperatiba ziren ikastetxeak kontzertatuak zeuden eta bazuten tratamendu berezia, baina ez kooperatiba zirelako. Behar horrek bultzatuta sortu zen Federazioa. "Guretzat oso garrantzitsua zen gure berezitasunei egokitutako esparru propioa edukitzea. Edozein araudi fiskaletan Hezkuntza Kooperatibok geure tratamendu propioa edukitzea ahalbidetzen zuen horrek". Oraintsu EAEn atera diren araudietan Tratamendu Bereziko Kooperatibak bezala agertzen dira eta askoz ere emaitza hobeak lortzeko bidea ematen die.

Hori izan zen Federazioak egin zuen lehenengo lana. Honi lotuta dago gainera, hasierako helburua. Hots, egitura juridikoa indartzea eta kooperatiba izatearen zentzua indartzea, berpiztea eta bultzatzea. "Izan ere, kooperatiba izan arren, gutxi ziren horren kontzientzia zutenak". Beraz, lehenengo egitekoa gauzak argitzea izan zen. Hasiera hartan bi kooperatiba mota zeuden: gurasoena eta langileena. Langileen kooperatiba gehienak aurretik pribatu izandakoak edo krisi baten ondorioz kooperatiba bihurtutakoak ziren. Hauek lehendik ere nahiko antolaketa egituratua zeukaten. Baina gurasoen kooperatibetan nahaste-borraste ikaragarria zegoela gogoratzen du Joxerrak. Argitze lan honekin batera ikastolen publifikazio garaian ere gauza asko taxutu behar izan zituzten.

Zeregin hauetan Alfonso Gorroñogoitiak laguntza handia eman diela azpimarratu nahi izan du Joxerrak. "Mondragon Kooperatiba esperientziaren sortzaileetako bat da eta orain Kooperatiben kontseiluan trabajo asociadoko kooperatiben ordezkari gisa dago. Hezkuntza Kooperatibok liturgia kooperatibo asko ikasi behar genuela zioen. Alegia, gure organoek funtzionatzeaz gain, kooperatiba izate horretan bete beharra zeuden paper guztiak betetzea". Adibidez, ordurarte zenbait zentrotan errektore kontseilua berriztatzen zen, baina ez zekiten kooperatiba erregistroa zegoenik eta aldaketa guztien ondoren izen berriak bidali behar zirenik legeztatzeko. Beraz, era honetako liturgiak ikasi beharra izan dute: zer erregistratu behar den, batzarrak egiteko deialdiak nola egin...

Liturgia hauekin batera, Federazioak estatutuak egiteko eredu batzuk egin ditu, erregistrotik pasata eta adostuak daudenak. "Horrela, kooperatiba bakoitzari bere lana errazten diogu, eredu hauek erabil ditzaketelarik".



Kooperatiben abantailak?

Hezkuntza Proiektu batean zentroa kooperatiba izateak abantailak dituen ala ez ezin dela neurtu dio Joxerrak. "Nik ezin dezaket esan kooperatibak inguruko eskola publikoak baino inplikatuago gaudenik. Hori ezin da neurtu. Argi daukadana zera da: kooperatibetan dugun egoera askoz ere militanteagoa dela".

Izan ere, gaur egungo hezkuntza munduaren funtzionamendua ikusita, bi alternatiba daudela dio Joxerrak: oso zentro pribatua izatea, kuotak jarri eta horien kontura bizitzea. Edota administrazioak ematen duen dirulaguntzatik bizitzea kontzertu bidez.

Ondorioz, kooperatibek nahitaez behar dute arrakasta izan iraun ahal izateko. Horrek bertako langileen profesionaltasuna dakar eta baita inplikazioa ere, bai gurasoena eta baita langileena ere. Apustu bat egin dute eta inplikazioa da bermea. Baina inplikazioarekin batera nolabaiteko militantzia sortzen dela dio Joxerrak. "Nik uste dut kooperatiba batean zaudenean ezin dituzula gauzak nola edo hala erabaki. Adibidez, beste zentro batzutan sarritan baratze ekologikoa eta antzeko beste proiektuak martxan jarri eta probatu egiten dira. Kooperatibetan, berriz, garatu behar diren proiektuak partaideen batzarrean adostutakoak izan behar dute. Irakasleok ez dakit zer marabila egitea pentsatzen badugu ere, alferrik pentsatuko dugu errektore kontseiluan aurkezturik ez badago, beronen onarpenik ez badu eta batzar nagusian ere onartu gabe badago. Irakasle zein gurasoon interesak adostasun batera iritsi behar dute".

Prozesu guzti honek kultura bat ematen du eta hori da kooperatibak duen abantaila lehendakariaren iritziz.



Boletina eskura

Iazko apirilean Hezkuntza Kooperatiben Federazioak boletin bat argitaratu zuen. Harrezkero, hiru hilabetetik behin kide diren zentro guztietara iristen da. Boletin honen funtzioa informazioa eskaintzea da. Alde batetik, Federazioaren gestio planen eta ekintzen berri ematea. Bestetik, momentuan sortzen diren gaiak lantzea. Eta azkenik, Federazioko zentroak aurkeztuz joatea.

"Gure arazorik handiena ikastetxeko egunerokotasunean sartzea zen. Larria den zerbait baldin badute Federaziora jotzen dute, baina bestela ez". Horrek lotura edo jarraikortasun falta dagoela agerian uzten du, eta horregatik erabaki zuten boletina ateratzea. Zuzendaritzari eta lehendakaritzari ezezik, batzordekide guztiei zuzendua dago denei erantzunak emateko helburuarekin.





Umezaintza haur eskola

Arrasate


Arrasate kooperatibismoaren sehaska izan da Euskal Herrian. Kooperatiba diren lantegi asko daude, eta hezkuntza zentro gehienak ere kooperatiba dira. Batzuk hasieratik halaxe sortuak, eta beste batzuk eboluzio baten ondoren bihurtuak. Umezaintza Haur Hezkuntzako zentroa, esaterako, kooperatiba moduan sortu zen hasieratik. Baina gaur egun 200 ikasle eta 22 irakasle-langile dituen zentro honek historia berezia duela esan genezake. Arantxa Lejarraga zuzendariak eman digu horren berri.



Nola sortu zen Umezaintza?

Hasieran Auzolagun kooperatibaren barneko zerbitzu bezala sortu zen, 1970. urtean. Bizpahiru urte lehenago sortu zen Auzolagun eta emakumeak ere hasi ziren lanean bertan. Orduan arazo bat sortu zitzaien: non utzi haurrak lanean zeuden bitartean?

Arazoari irtenbidea emateko asmoz Auzolagunek berak haurtzaindegi zerbitzua sortu zuen, Umezaintza, alegia. Beraz, kooperatiba bezala sortu zen, baina Auzolagunen barruan, irakasle langileak Auzolaguneko bazkideak ziren.



10 urte igaro ondoren, Auzolagunetik bereiztu egin zineten. Zer dela eta?

Auzolagunen barruan egonik, gurasoek ezin zuten bazkide izan. Bestetik, gero eta gorputz handiagoa hartzen ari zen haurtzaindegia eta entitate propioa behar zuela ikusten zen.

Hamar urte horietan eboluzio bat egon zen eta haurrak zaindu soilik ez zirela egiten ikusi genuen, hezi ere egiten genituela. Orduan, irakasleriok magisteritzako titulua atera genuen eta heziketa horretan guraso eta familiaren partehartzea beharrezkoa zela ikusi genuen. Beraz, azkenean guraso, langile eta bazkide kolaboratzaileek osatutako kooperatiba integrala sortu genuen.



Zein ziren bazkide kolaboratzaileak?

Auzolagun eta inguruko beste kooperatibak. Bestalde, haurren guraso gehienak kooperatibetan lan egiten zutenak ziren.



Auzolagunetik bereizterako garaian, zergatik hautatu zenuten kooperatibaren eredua eta ez beste bat?

Egia esan, kooperatiba eredua ez zen inoiz ere zalantzan jarri. Auzolagunen barruan zegoenean langileak ziren bazkideak eta guraso zein kolaboratzaileek ere bazkide izan behar zutela ikusten zen, hots, gestioan parte hartu behar zutela. Orduan, antolaketa hori posibilitatzen zuena kooperatiba zen.



Gurasoen parte hartzea da eredu honek dakarren berrikuntzetako bat. Zenbaterainoko garrantzia ematen diozue horri?

Handia, dudarik gabe. Familiak garrantzi handia dauka haurren hezkuntzan. Azken finean, familia bakoitzak daki zer motatako hezkuntza nahi duen bere seme-alabentzat eta beraiek ere gestioan eta gobernu organuetan parte hartu behar zutela argi genuen.



Pedagogikoki zer eragin izan du kooperatiba integral bezala funtzionatzeak?

Nire ustez lehenengo hamar urtetan pisu askoz handiagoa eman zitzaion haurtzaindegi zerbitzuari, hots, haurrak zaintzeari. Gero berriz, haurraren garapenerako lehen sei urteak benetan garrantzitsuak direla ikusi da. Bizitzaren lehen sei urtetan oinarritzen dira geroko garapen guztiak.

Orduan, hezkuntzan eta zentroaren hezkuntza proiektuan horri eman behar zitzaion garrantzia, nahiz eta gero familiaren erosotasunerako beste zerbitzu batzuk eskaini.

Baina lehen gure estatutuetan entitatearen helburua bazkideen haurrak zaintzea baldin bazen, kooperatiba integrala bihurtu ginenean helburua haurraren heziketa bihurtu zen. Umezaintza heziketa zentroa da eta ez haurtzaindegia soilik.



Orokorrean gainontzeko haurtzaindegiekin ere eboluzio hau eman dela uste al duzu?

Bai, nik uste dut baietz. Orokorrean denak haurtzaindegi izatetik heziketa zentro izatera pasa gara. Haur Hezkutzako zentroak bihurtu gara gizartearen eboluzioak eta kanpoko eskakizunak eraginda.



San Viator ikastola

Arrasate


Arrasatetik irten gabe San Viator ikastolara goaz. Hau ere kooperatiba da, baina ez bere sorreratik. Esther Merinori galdetuko dizkiogu ikastola honen ibilerak zein izan diren.



Kooperatiba bihurtu aurretik, zein motatako ikastetxea zen San Viator?

Fraileen ikastetxea zen, zentro pribatua. Titularitate akademikoa viatoristek zeukaten.



Noiz bihurtu zen kooperatiba?

1980-81. ikasturtea kooperatiba bihurturik hasi genuen. Baina aldaketa ez zen bat-batean gertatu. 1978. urtean hasi zen hausnarketa prozesua.



Zer dela eta hausnarketa prozesu hori? Aldatzeko beharra ikusten al zen?

Egia esan, herriari begira bai, moldatzeko beharra ikusten zen. Badakizue Arrasaten kooperatibismoak indar handia izan duela. Bestetik, San Viatorrek beti ahalegin handia egin du herriari momentu bakoitzean behar zuena emateko. Ahalegin horretan beste ikastetxeekiko elkarlanerako pausoak ere ematen hasi zen. Momentu hartan, monjen ikastetxea salbu, beste guztiak kooperatibak ziren. Hauekin lanean hasteko eta herriko eskaerei egokitzeko, San Viatorren izaera aldatu beharra zegoela somatu zen. Beraz, aldaketa herrian zegoen mugimendu horretan sartzeko bidea zen eta horrek bultzata bihurtu zen San Viator kooperatiba.



Viatoristen jabetza nola moldatu zen kooperatiba horretan?

Kooperatiba integrala sortu zen, hau da, langile, guraso eta bazkide kolaboratzaileez osatutakoa. Beraz, lehen viatoristek zuten ikastetxearen titularitate akademikoa kooperatibaren esku gelditu zen. Viatoristak kooperatibaren bazkide izatera pasa ziren, bazkide kolaboratzaile gisa.



Jabetza aldaketarekin batera, barne antolaketa ere moldatu beharko zenuten.

Bai, halaxe da. Barneko organuetan estamentu guztien parte hartzea zabaldu zen. Asanblada da organu gorena eta estamentu guztiak ordezkatuta daude bertan. Organu exekutiboa errektoretza batzarra da eta hor ere hiru bazkide taldeak daude.



Pedagogikoki aldaketarik nabaritu al duzue?

Beno, egia da azken urte hauetan ikastola pedagogikoki aldatu dela, baina ez dakit kooperatiba bihurtu delako edota egokitu diren garaiak direlako. 1981ean kooperatiba bihurtu zen, 1985ean euskaduntze prozesua jarri zen martxan... aldaketa asko eman dira eta denak jarraian. Baina nik ez dakit kooperatiba bihurtzeagatik eman diren edo bestela.



Urretxu-Zumarraga ikastola elkartea

Urretxu-Zumarraga ikastola langileen kooperatiba da 1995. urteaz geroztik. Hasiera batean Guraso Elkartea bazen ere, orain dela hiru urte eman zuen aldaketa hori. Gaur egun, ikastolako gerentea den Patxi Olabarriarekin aldaketaren zergatiez eta prozesuaz mintzatu gara.




Urretxu-Zumarraga ikastola 1995ean bihurtu zen kooperatiba, zergatik aldaketa hori?

Garai horretan publiko-pribatu erabakia hartu behar hura eman zen. Hezkuntza Saileko sailburua zen Buesaren aldetik datu guztiak ez ziren argi agertu eta gauzak horrela, guk pribatu gelditzeko erabakia hartu genuen.

Dena dela, egoera ez zen batere leuna eta ekonomikoki gauzak ez zihoazen ondo. Dirua galtzen hasi ginen eta plangintza berria burutu genuen. Egoerari buelta eman behar genion, eta horretarako, kooperatiba bihurtzea zen irtenbidea.



Kooperatibismoaren barnean aukera desberdinak daude. Zein ikusi zenuten egokiena zuen kasurako?

Kooperatiba integrala. Langileok langabeziatik jasotzen genuena jartzen genuen eta gurasoek ikastolaren ondarea. Kooperatiba guraso eta langileon artean gelditzen zen.



Zer aldaketa suposatzen zuen horrek?

Legalki eta kanpora begira kooperatiba moduan funtzionatzea suposatzen zuen. Barne funtzionamenduari zegokionez, ez zen gauza handirik aldatzen. Baina azkenean ezin izan genuen hori egin.



Zer dela eta?

INEMek baldintza bat jarri zigulako: lehen jabeak izandakoek ezin zutela kooperatiba horretan jarraitu. Beraz, lehen Guraso Elkartea zenez jabea, gurasoek ezin zuten jabeak izan kooperatiban. Ondorioz, ezin genuen kooperatiba integrala sortu eta azkenean langileen kooperatiba eratu genuen.



Orduan, langileen kooperatiba bihurtzeko, gurasoek euren ondareari uko egin beharra izango zuten.

Bai, halaxe da. Gurasoek ondasunak gure eskuetan utzi beharra izan zuten, guri saldu ziguten ikastola. Guk, langabeziatik jaso genuenarekin ordaindu genien.



Erantzunkizun handiena langileen esku gelditzen da, orduan. Gurasoak ez al ziren kanpoan sentitu?

Ez, ez zen horrelakorik gertatu. Azken finean, nahiz eta legalki kooperatiba bihurtu, barne funtzionamenduak berdin jarraitzen baitu. Urteko batzarrak, balantzeak eta abar guztion artean egiten dira. Titularrak langileok gara eta agirien kontu guztia geuk eraman behar dugu. Baina gainontzean, elkarrekin gaude orain ere.



Gurasoek zuengan konfidantza handia jarri zutela ondoriozta daiteke.

Bai, hala da. Prozesua ez da borondatezkoa izan, behartua baizik. Gure kasuan, langileok kolektibo bezala hartu dugu gure gain egoera eta gurasoek ere beste irtenbiderik ez zegoela ikusi dute. Elkar-konfidantza izugarria egon da.



Aldaketa honek guztiak ondorio pedagogikorik izan al du?

Ez, irakasleria kezkati baina lasai egon zen aldi berean. Gainera, prozesu osoa kontrolatuta eduki genuen eta aldaketa nagusienak opor garaian egin genituen.

Aldaketa nabarmenena ikastetxearekiko ikuspegiarena izan da. Orain enpresaren ikuspuntu gehiago dugu, balantzeei eta pezetari gehiago begiratzen diegulako. Lehen, berriz, ez ginen horrelako arazoez kezkatzen. Diru publikoa jaso eta horrekin konpontzen ginen. Hau behar dugu eta lortu egiten genuen. Proiektu pedagogikoak zuen lehentasuna eta nagusitasuna.



Eta orain, alderdi ekonomikoari garrantzi gehiago emateak, ez al dio alderdi pedagogikoari kalterik egiten?

Horrelakorik ez gertatzeko oreka bilatu behar da, hor dago gakoa. Irakasleok gure egoera aztertu behar dugu. Egoera ekonomikoa hain ona ez bada,ondorio pedagogikoak gure gain hartu beharko ditugu, bestela proiektua arriskuan jar liteke epe ertain batetan. Garrantzitsuena irautea eta proiektuari eustea da. Gauza berriak egin ditzakegu, baina ongi neurtuta. Ikuspegi honetatik da ikastola enpresa, eta ekonomiak frenoa izan behar du oreka lortzeko.

Orain arte oreka falta egon da egoera ekonomikoa ona zelako, behi lodien garaian geundelako.



Iraun ahal izateko kooperatiba bihurtzeak, dena ekonomikoki neurtu beharra izateak, enpresa ikuspegia nagusitzeak eta abar ahalegin izugarria eskatzen du. Merezi al du?

Bai, dudarik gabe. Ikastolaren proiektua mantentzearren egin ditugu aldaketa guztiak. Horregatik bihurtu ginen kooperatiba, ikastolak eta gure hezkuntza proiektuak iraun dezan eta hobetu dezagun. Hori da benetako arrazoia eta aurrera jarraitzeko motiboa.



Ander Deuna ikastola

Sopela



Sopelako Ander Deuna ikastola kooperatiba integrala da gaur egun. 1993. urtean, publiko-pribatu aukeraren artean ikastola pribatu izaten jarraitzeko apustu garbi eta sendoa egin zuten. 1995. urtean beste gogoeta bat egin zuten eta horren ondorioz bihurtu ziren kooperatiba 1996an. Imanol Igerabide zuzendariak prozesu osoa gertutik ezagutu zuen.




Zein izan zen 1995ean kooperatiba bihurtzera bultza zintuzten gogoeta?

Garai hartan gure ikastola guraso kooperatiba zen. Guraso zein langileok inplikazio altua geneukan gure hezkuntza proiektu propio eta berezian. Emaitza aldetik ere pozik geunden, baina bi hutsune nabaritzen genituen: alde batetik, ekonomikoki egoera kezkagarrian geunden eta bestetik, arlo pedagogikoan geneukan partaidetza konpartitua gestio eta antolaketa eremuan ere behar genuela somatzen genuen.

Bi hutsune hauek bideratu asmoz, partaidetzaren babes juridikoa planteatu genuen eta hori kooperatiba integralak eskaintzen zigula ikusi genuen.



Zeintzuk dira nabaritu dituzuen aldaketa nagusienak?

Bi izan dira nagusiki. Alde batetik gestiogintzako inplikazioa. Lehen erabakiak hartzea gurasoen eskuetan zegoen eta orain langileek ere parte hartzen dute. Beraz, gestiogintza gertutik ezagutzeko aukera eman digu.

Bestetik, funtzionamendu aldetik erabateko gardentasuna lortu dugu. Erabaki nagusi guztiak guraso eta langileen artean eta adostasunez hartzen dira. Adibidez, erabaki batzuetan gehiengo sinplea lortzea nahikoa izaten da, eta beste batzuetan, berriz, juntakideen 2/3 lortu behar da. Gorengo organu guztiak parekideak dira. Eta hauetako partaidetza ere orekatua da.



Gestiogintzaz gain, beste arloetan nolako eragina izan du?

Beno, pedagogikoki gauzak ez dira asko aldatu. Lehen ere partaidetzaren tradizioa oso zabaldua genuen eta alde horretatik berdin jarraitzen dugu.



Honen guztiaren oinarrian kooperatibismoa dago. Alde horretatik, kooperatibistak sentitzen al zarete?

Sentimendu eta ikuspuntu aldetik desberdintasunak egon daitezke. Arrasate inguruan, adibidez, tradizio handia du kooperatibismoak. Guretzat, ordea, kooperatiba hezkuntza arloko helburua lortzeko tresna izan da. Hala ere, sentimendu hori barneratu gabe eduki arren, partaidetza beti izan da gure hezkuntza proiektuaren zutabeetako bat.