Kronika

1998-03-01
 
 
Amaigabeko nahastea
Hilabeteak joan eta hilabeteak etorri Esperanza Aguirrek ez du ahoa itxita egoteko intentziorik, ez. Asteburu batean Gasteizera etorri eta sekulakoak eta bi esanda bueltatu behar. Euskal gizartean "fundamentalismo eta dogmatismo handiegia" omen dago. Ez zuen zuzenean inor izendatu, baina bistakoa da euskal nazionalismoaz ari zela. Horrekin batera, Euskal Herriko historia eta Espainiakoa ez direla antagonikoak adierazi zuen, "elkartasunean eta proiektu amankomunean" oinarritutakoak baizik.
Ez dugu uste euskaldunok iritzi berekoak garenik eta Humanitateen gaia aztertzeko sortu berri den lan taldeko kideek horren alde egingo duten esperantza gelditzen zaigu. 30 kidez osatu da lan talde hau, sei Madrilgo Gobernuak izendatu ditu eta hezkuntza konpetentziak dituzten zortzi komunitateetako bakoitzak hiru hautatu ditu. Ekainaren 30erako DBHko Humanitateei buruzko txostena egin beharko dute. Txosten hau Bigarren Hezkuntzako ikasgai horiek indartzeko erabiliko da.
Bestetik, EAEn aurrematrikulazio garaia pasa berria da. 16.000 haur inguru hasiko da 1998-99 ikasturtean. Hauetatik %52ak eskola publikoa hautatuko duela aurreikusten da. Ereduei dagokienez, berriz, eskolan hasten diren haurren kopuru handiena D ereduan matrikulatzen da. Aipatzekoa da, era berean, EHEk A ereduaren aurka aurrera daraman kanpaina. A eredua ez dela legezkoa da bere mezu nagusia, eredu honek ez baitu legea betetzen, hots, A ereduko ikasleek euskara zein gaztelera menperatzea. Euskara ez jakiteak aukeratzeko askatasuna ukatzen du, beraz, ikasleen etorkizunean. Guk ere bat egiten dugu EHEn mezuarekin.

Lan legepekoen arazoak hor dirau
EAEko 337 irakasleren funtzionarizazio prozesuak oraindik ere kolokan jarraitzen du. Hezkuntzako lan legepekoen arazoa oraindik ez da bideratu. Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburuak gogor kritikatu zuen PSOEk hartutako erabakia, hots, Auzitegi Konstituzionalera jotzearena. Oliveriren esanetan "Gasteizko Parlamentuaren legegintza gaitasunaren aurkako erasoa da, eta ondorioz EAEko biztanleen ordezkarien borondate nagusiaren aurkakoa".
Publifikazio prozesua martxan jarri zenean, PSE izan zen lan legepeko irakasleen arazoa konpontzeke utzi zuena eta orain konpontzeko arazoak eta oztopoak jartzen ari dena.
Era berean, kaltetuek euren kezka agertu dute hezkuntza arloko arazo bat arlo judizialera pasa delako.

LOGSEren egilea legeari buruz mintzo da
LOGSEren ezarpenak zeresan ugari eman du eta oraindik ere ematen ari da. Azken adierazpenak Alvaro Marchesirenak izan dira. Egun Madrilgo Unibertsitate Complutenseko katedratikoa den hau LOGSEren "aitatetako bat" izan zen, beste batzuren artean. Nafarroako Gobernuan Hezkuntza Sistema aztertzeko dagoen komisio parlamentario bereziaren laugarren sesioan hartu zuen parte Marchesik. Bertan LOGSE legearen ezarpena eta garapenari buruz duen iritzia plazaratu zuen.
Orokorrean ikuspegi positiboa duela adierazi arren, hiru arazo nabarmen ikusten dizkio Marchesik. Lehenengoa aniztasunaren trataerari dagokiona. Iaz UPN eta PSNk DBHn behar bereziak dituzten ikasleentzat talde bereziak sortzeko adostu zuten dekretuaren aurka agertu zen. Tendentzia guztiz bereizgarria dela baieztu zuen eta ez dela inolaz ere onargarria.
Bigarren arazoa irakasleriaren motibazioa dela ihardetsi zuen. Eta hirugarrena, zentroen ebaluazioa.
Dena dela, arazoak aipatzeaz gain, irtenbide edo proposamenak egin zituen LOGSEren egile honek. Lehenengoari dagokionez, aniztasuna errespetatu egin behar dela esan zuen. Horretarako ikastetxeei baliabideak eskaintzeko ahalegina egin behar zaiela adierazi zuen eta era berean, ikastetxe bakoitza ere bere berezitasunen arabera tratatu behar dela.
Irakasleriaren motibazioari dagokionez, baliabideak, denbora eta prestakuntza aipatu zituen, baina baita mugikortasunaren eragozpena ere. Irakasleriaren egonkortasuna funtsezkoa da Marchesiren ustez. Hori lortzeko, alde batetik Administrazioak bere aldaketak mugatu egin behar ditu, baina bestetik, irakasleriak ere leku aldaketak ez eskatzeko konpromezua hartu behar du.
Zentroen ebaluazioari dagokionez, egin beharreko gauza dela azpimarratu zuen. Horretarako hiru modu proposatu zituen. Lehenengoa, zentroek beraiek autoebaluaketa egitea. Bigarrena, Administrazioak ebaluatzeko sareak aukeran jartzea, hots, zentroen arteko ebaluaketak egitea. Eta hirugarrenik, Administrazioak berak egingo lukeena.

Proiektu berria martxan Donibane Garazin
Momentu honetan Donibane-Garaziko ikastolak eskualdeko 18 herritako 90 haur biltzen ditu. 1972an sortu zen 14 ikaslerekin eta lehen zortzi urtetan Donibane Garaziko eskola publikoaren gela batean egon zen. Ondoren, ikasle kopurua igoz zihoala eta, Lasara joan ziren orain dela 13 urte.
Hala ere, baldintzak ez dira batere onak eta horri aurre egiteko erabakia hartu dute gurasoek. Lur eremu zabal bat erosi dute eta hor ekingo diote erakin berria egiteari. Inbertsioa bere gain dago, baina dirulaguntzak eskatu dizkiote Estatuari, Eskualdeko Kontseiluari, Kontseilu Nagusiari eta lurraldeko kolektibitateei.
Garapen Kontseiluak funtsezkotzat jo zuen barnealdeko ikastolen egoera hobetzea. Horien artean dago Donibane-Garazikoa, eta berarekin batera Donapaleun, Hazparnen eta Maulen.
Barnealdean dauden ikastolak ez dira ordea arazoak dituzten bakarrak. Mauleko eskola publikoaren etorkizuna ere kolokan dago. Zuberoako eskola txikiak ixteko asmoa du frantses administrazioak. Berak ezarritako kopurua baino haur gutxiago dituzten eskola publikoak ixteko planteamenduak egin ditu.
"Zuberoak bizi nahi du" aldarrikatuz 600 lagun bildu ziren Maulen burutu zen manifestaldian. Hogei bat auzapez eta zinegotzik parte hartu zuten bertan. Guztiak herriko eskolak mantentzearen alde daude, Zuberoa ez delako turistentzat bakarrik, bertako herritarrek ere hor bizi nahi dute.