DOLZ Joaquim: Generoak eta sekuentziazioa hizkuntza arloko curriculumean

1998-04-01
 
 
<>"Bizitzan zehar oso garrantzitsua da generoak menperatzea"

Mondragon Unibertsitateak Joaquim Dolz Ginebrako Unibertsitateko irakaslea gonbidatu zuen otsailaren 20an. "Generoak eta sekuentziazioa hizkuntza arloko curriculumean" izenburupean eskaini zuen hitzaldia Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Ikasteko-irakasteko prozesuan generoek duten garrantzia azpimarratu zuen, bai genero idatziak baina baita ahozkoak ere. Generoak lantzeko sekuentzia didaktikoak erabiltzea dela egokiena azaldu zuen. Gai interesgarri bezain erakargarri honen inguruko xehetasunak eskatu asmoz jo dugu berarengana.



Gaur egun Ginebrako Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien fakultatean dihardu lanean Joaquim Dolzek, Hizkuntzen Didaktika taldean, hain zuzen ere. Horrez gain, badira hamar urte Hezkuntza Saileko kolaboratzaile dela eta kolaboratzaile zientifikoaren titulua du. Irakasleriaren prestakuntzan eta irakaskuntzarako baliabide berrien egituraketan sarturik dago. Momentu honetan ahozko eta idatzizko adierazpenaren irakaskuntza baliabideak zuzentzen ditu frantsesez hitz egiten den Suitzako zazpi kantonetan.

Ikerketak egitea ere oso gustuko du. Bernard Schneuwly eta St. Paul Broncard-ekin idatzizko testuen ekoizpenari buruzko ikerketak egin ditu. Orain dela bi urte, berriz, ahozko genero publikoa aztertzen hasi zen. Genero mota hau derrigorrezko irakaskuntzan nola garatzen den ikertzen ari da.



Zer da zuretzat generoa, nola definituko zenuke?

Genero testualaren kontzeptua M. Dakthine autore errusiarrak asmatu zuen. Autore honi izugarri interesatzen zitzaion generoen sorrera. Berak hiru dimentsio eman zizkien genero testualei:

1- Edukiak: genero bakoitzak bere edukia du. Adibidez, polizi nobela batean badakigu susmagarri bat egongo dela, detektibea eta abar. Arrainei buruzko entziklopedia batean, bestalde, arrainei buruzko informazioa egongo da. Baina bai batak zein besteak, bere ezaugarri propioak ditu eta desberdintasuna gaiak ezartzen du.

2- Antolaketa komunikatiboa edota testuaren antolaketa.

3- Hizkuntz unitateak. Adibidez, "behin batean..." edota "egun batean..." esaten edo idazten badut, bakakizu ipuin bat dela. Beste generoengandik bereizten duten hizkuntz ezaugarriak ditu.



Zergatik dira garrantzitsuak generoak hizkuntza baten irakaskuntzan?

Ikasleentzat esanahia duen irakaskuntza errazten duen lan-unitatea delako. Komunikazio egoera inplikatzen du, testua bere osotasunean lantzen da eta funtzio baten arabera. Horregatik ematen diot garrantzia hasiera-hasieratik.

Ahozko eta idatzizko adierazpena lantzerakoan tresnatzat hartzen dugun lan-unitatea generoa da. Zergatik? Haurrek berehala ezagutzen dituztelako generoak. Gizarteak testuak izendatzerakoan generoen izenak erabiltzen ditu eta haurrek ere horiek ikasten dituzte. Hau eztabaida, ipuina, eleberria, olerkia edota elkarrizketa da, esaten da gizarte mailan.



Zuk genero publikoa aztertu duzu azken ikerketan. Zer ulertu behar dugu genero publiko bezala?

Eztabaida, prentsa edo irrati elkarrizketa, besteei ipuina irakurtzea, sukalderako errezeta baten aurkezpena, ahozko erakusketa, hitzaldia... horiek guztiak dira genero publikoak.



Zergatik landu behar dira genero hauek derrigorrezko irakaskuntzan?

Bizitzan zehar oso garrantzitsua delako genero hauek menperatzea. Ez eguneroko bizitzako ahozko komunikazio edo generoa soilik, baita bizitza publikoko erabilpen desberdinak ere.

Genero ugari daude: eleberriak, ipuinak, hitzaldiak, elkarrizketak, errezetak... baina guztiak bi multzo nagusitan bana daitezke: ahozko eta idatzizko generoak. Irakaskuntzan bereiztu egin behar al dira?

Biak dira garrantzitsuak eta ez ditugu bereizten. Baina zera gertatzen da: orain dela bizpahiru urte arte idatzizko generoak lantzeko materiala prestatu dugula. Sekuentzia Didaktikoaren kontzeptua proposatu genuen idatzizko generoak lantzeko: iritzi artikuluak, ipuinak, zientzia fikzioa, eleberria, poliziazko eleberria, jokuetarako arauak, objetu bat egiteko oharrak, azalpenak, laburpenak...

Maila honetan asko aurreratu dugu, baina orain ahozkoa gelditzen zaigu. Azken bi urteotako ikerketan Sekuentzia Didaktiko hori ahozko generoak lantzeko erabili dugu.



Zer landu daiteke ahozko generoen barruan?

Hizkuntza normalizatu baldin badago ahozko publikoa lantzea interesgarriagoa da. Haurrek eguneroko bizitzako ahozko generoak menperatzen dituzte eskolara iristen direnerako.

Baina hizkuntza normalizazio prozesu batean badago egoera desberdina da, eta horixe da euskararen kasua. Horrelako kasuetan eguneroko bizitzako ahozko generoak ere landu egin behar dira, haurrek ez baitituzte menperatzen, oraindik euskaraz ez baitakite.



Generoak Sekuentzia Didaktikoen bidez lantzen dituzuela aipatu duzu. Zer da Sekuentzia Didaktikoa?

Generoak lantzeko tresna edo baliabidea da. Zehazkiago esanda, denbora mugatua duten lan-tailer batzuk ikasleek dakitena hobetzeko eta ez dakitena ikasteko.



Nola antolatzen dira tailer hauek?

Lehenengo, sozialki interesgarria iruditzen zaigun ahozko edo idatzizko genero bat aukeratzen dugu. Adibidez, irratiko elkarrizketa. Ondoren, irratiko elkarrizketen bilduma egiten dugu eta beraien ezaugarriak aztertzen ditugu. Azterketa horren ondoren, irratiko elkarrizketaren eredu didaktikoa osatzen dugu. Eredu horrek derrigorrezko irakaskuntzan irakats daitezkeen elementuak biltzen ditu.

Behin eredu didaktiko orokor hori egin ondoren, sekuentzia didaktikoak egiten ditugu, hau da, eredu hori ziklo bakoitzean lortu nahi ditugun helburuen arabera zatitzen joaten gara. Horrela, ziklo bakoitzean zer landu dezakegun ikusiko dugu.



Zergatik banaketa hau?

Garrantzitsua delako ez errepikatzea. Garrantzitsua da ikasketaren garapenean genero bera berriro lantzea ikasleari garatzeko aukera emateko, baina helburu desberdinekin egin behar da, gero eta konplexuagoak diren helburuekin.



Sekuentzia hauek denbora aldetik mugatuak direla esan duzu, ezta?

Bai, bizpahiru astetan lantzekoak dira, ikasleek haria gal ez dezaten.



Eta, aldaketa edo garapenik nabaritzen al da?

Bai. Sekuentziekin hasi aurretik testu bat egin arazten diegu ikasleei eta sekuentziaren ondoren beste bat eurek diferentzia ikus dezaten.



Zein da irakasleon zeregina sekuentzia hauek lantzeko garaian?

Irakasleok hasieran ikasleen gaitasunak eta zailtasunak zeintzuk diren ikusi behar dugu. Bukaeran eman duten aldaketa aztertzerakoan zertan aurreratu duten eta oraindik zer falta zaien hartu behar dugu kontuan, hurrengo sekuentzian puntu horiek lantzeko.

Argi utzi nahi dut guk eskaintzen ditugun Sekuentzia Didaktikoak lanerako tresna direla. Hau da, guk material horren beharra dagoela ikusten dugulako sortzen dugu eta ikastetxeetan dauden talde pedagogikoei zaila suertatzen zaielako horrelako testuak biltzea. Baina Sekuentzia hauek modularrak dira. Hau da, ez diogu irakasleari tailer horiek jarraitu behar dituenik esaten, baizik eta bakoitzak bere ikasleen gaitasunaren arabera moldatu behar dituela.



Zein da ikasleen funtzioa, egitekoa sekuentziotan?

Ikasleek parte hartzea oso garrantzitsua da. Hitz egin, ideiak elkartrukatu, entzun eta ezagutzen ez dituzten elementuak aurkitu behar dituzte ahozko testuak aztertuz. Baina ondoren irakasleon papera funtsezkoa da ikasleei zailtasunak gainditzen laguntzeko.

Zenbait tailerretako lana kontrolpeko egoerak sortu eta ahozkotasuna lantzea da, eta irakasleon zeregina zailtasunak dituztenean laguntzeko esku hartzea da.



Sekuentzia edo tailer bakoitzean gauza desberdinak lantzen baldin badira, helburu desberdina dutelako izango da, ezta?

Bai, noski eta helburu horiek mailaren arabera ezartzen dira. Adin txikikoekin hasten garenean genero sinpleagoak lantzen ditugu. Esaterako, 6-7 urtekoekin lantzen dugun sekuentzia batean sukalderako errezeta bat aurkezten ikasten dugu. Ez dugu eginez edo platerak prestatuz ikasten, irratirako emisioa balitz bezala baizik.

Lehen Hezkuntzan eztabaida ere lantzen da eta ikasle guztiek betetzen dute moderatzailearen papera. Horrela, moderatzailearen funtzioak ikasten dituzte, eta partehartzaile moduan daudenean hitz egiteko txandak errespetatzen dituzte.

Lehen Hezkuntzako helburuetariko bat eztabaiden kasuan, kontrakoaren aurrean kontrako arrazoiak azaltzen ikastea eta partehartzaile baten iritzi berekoak diren esku hartzeei leku egiten ikastea da.

Bigarren Hezkuntzan helburuak desberdinak dira norberaren diskurtsoan besteen posizioa barneratu arazten diegulako. Hau da, besteen iritzia euren diskurtsoan sartu behar dute, bai adostasuna adierazteko bai kontra egiteko.

Tailer bakoitzean ikasleek dute zailtasun bat lantzen da eta azkenean eztabaida berri bat egiten da tailer bakoitzean ikasitakoa barneratzen saiatzen direlarik.



Hau guztia teoria mailan garbi ikusten da. Baina praktikan jartzeko laguntzailerik ez badugu?

Sekuentzia Didaktikoak praktikan jartzeko irakasleriaren prestakuntza beharrezkoa da, bai. Eta hemen, Euskal Herrian bai PATeko laguntzaileak eta bai Eskoriatzako Irakasle Eskolako langileak horretan jardun dira. Hala ere, horrek ez du esan nahi arazorik eta zailtasunik ez dagoenik, baina prestakuntza jarraia jaso duten irakasleen lan egiteko moduan aldea nabaritzen da. Eta taldean lan egiten dutenen artean, zer esanik ez. Emaitzak askoz ere hobeak dira irakasleria osoak batera egiten badu lana, taldean, alegia.



Zeintzuk dira zure iritziz ahozko eta idatzizko generoen arteko desberdintasunak?

Orokorrean esanda beren materialtasunagatik desberdintzen direla esango nuke. Ahozko generoaren kasuan, aparatu fonikoa da sortzailea: ahoa, erresonantziak, aho-kordak... eta genero idatzia guztiz desberdina da.

Baina ezaugarri material hauetatik at, oso zaila da desberdintasun finkoak ezartzea bien artean. Nik uste dut errazagoa dela genero bakoitzaren ezaugarriak konkretuki bereiztea. Adibidez, pertsona baten hitzaldia bakarrizketa da eta pertsona batek baino gehiagok hitz egiten badute elkarrizketa. Bakarrizketa eta elkarrizketaren arteko desberdintasunak elkarrizketa eta eleberrriaren artekoak bezainbestekoak izan daitezke.

Hala ere, askotan ahozko eta idatzizko generoen arteko diferentziari kutsu negatiboa ematen zaio. Izan ere, ahozkoa behe mailakoa dela uste dugu eta hori ez da horrela. Goi mailakoa ere izan daiteke. Aniztasun izugarria dago.



Biak batera lantzen baditugu, bereizi gabe, zer eragin izan dezake batak bestearengan?

Eragina alde batetik zein bestetik sor daiteke. Adibidez, Ginebran ikasleen %40ak jatorri ez frankofonoa du. Oso leku anitza da, haur atzerritar asko dago eta jatorrizko hizkuntzak oso desberdinak dira: espainiarrak, portugesak, albaniarrak, serbiarrak, kroaziarrak eta abar. Eskolaurrean eta Lehen Hezkuntzan lurraldeko hizkuntza ikasi behar dute eta lehenengo eguneroko bizitzako ahozko generoak lantzen dira. Geroago heltzen zaio hizkuntza idatziari, testuen idazketari eta irakurketari.

Baina bien arteko elkarreragina ere berehala sortzen da. Adibidez, ahoz erabiltzen dutena gutun bat idazterakoan ere erabil dezakete. Eta argudiozko gutunak idazten ikasten dutenean, hori ere erabil dezakete ahozko argudioetan.



Honek guztiak zer eragin du irakaskuntza ereduan?

Beno, Sekuentzia Didaktikoak lantzen hasteko beti proiektu batetik hasita egiten da. Esaterako, ipuinak idazteko Sekuentzia Didaktikoa proiektu bezala erabil daiteke eta ikasketa guztietarako zabaldu. Eta beste gauzen artean, beste ikastetxe bateko ikasleekin polizia eleberriak truka ditzakegu. Honek beste motibazio bat sortzen du. Baina ikasleek genero bat lantzen ari direla jakin behar dute.



Irakaskuntza modu hau konstruktibista dela esan al daiteke?

Noski baietz. Konstruktibista da ahozko eta idatzizko gaitasunak eraikitzea delako gure nahia. Baina konstruktibista soziala da. Ezagutza eta gaitasun horiek irakasleon eta beste ikasleen parte hartzeari esker jasotzen dira. Hizkuntza komunitateko kideen arteko elkarrekintzaren ondorioz eraikitzen da, eta eskolan ikasleen arteko elkarrekintzaren eta batez ere irakasleon esku hartzearen ondorioz. Haurrek euskara jakingo ez balute eta irakaslea egongo ez balitz, ez lukete euskaraz hitz egingo.



Gauza anitz kontatu dizkiguzu. Nola ikusten duzu hau guztia gure eskoletan?

Irakasleok euskara bultzatzeko egin duzuen esfortzu itzela azpimarratu nahi nuke. Haur askok ez dakite euskara eta gurasoek ere ez. Baina hala ere, ikasle horiek euskara ikasi dute eta euskaraz mintzatzen dira. Lan izugarria egin duzue.

Baina ez da nahikoa. Gizarteak ere bide bera egin behar du. Eskoletan ematen diren aurrerapauso horiek gizartean jarraipena izan behar dute eta hori lortu behar da orain.



Pauso praktikoak

Joaquim Dolzek generoen eta Sekuentzia Didaktikoen inguruko ideia garrantzitsuenak azaldu dizkigu. Hitz bitan esateko, generoek ahozko eta idatzizko hizkuntzak lantzeko bidea ematen dutela azpimarratu digu. Eta bide hori lantzeko Sekuentzia Didaktikoak erabiltzea proposatu digu. Sekuentzia bakoitzean helburu batzuk finkatuz genero desberdinak lantzen dira.

Horretarako generoak taldekatzea edo multzokatzea proposatzen digu Dolzek, 1. taulan ikusten den bezala.



Oinarrizko lana egiteko bost taldetan banatzen ditu generoak. Taldekatzea egiteko hiru irizpide hartu dira kontuan:

- Irakaskuntzari atxikitako helburu sozialekin bat etortzea, eta gure gizarteko komunikazioaren oinarrizko alorretan ahozko zein idatzizko hizkuntz adierazpenei erantzutea.

- Zenbait gida-liburu eta ikasketa planetan agertzen diren taldekatzeekiko malgua izatea.

- Taldekatutako generoak antzekoak izatea hizkuntz gaitasunei dagokienez.

Curriculumaren ikuspuntutik, talde bakoitza irakaskuntzako maila guztietan lantzea proposatzen da, aldi bakoitzean genero desberdin batean sakonduz. Honek abantaila hauek ematen ditu:

- Ikasleei idazketara hurbiltzeko bide desberdinak eskaintzen dizkio eta pedagogikoki desberdintzen irakatsi.

- Ikuspuntu didaktiko batetik, taldetan sailkatutako generoen aniztasunak bakoitzaren berezitasunak definitzeko aukera ematen du.

- Psikologigoki, hizkuntz eragiketa asko genero talde bati lotuta daude.

- Helburu sozialei dagokienez, hizkuntz mailako gaitasun desberdinak garatzeko multzokatzen eta lanak zehazten laguntzen du.

Multzo bakoitza lantzeko maila bakoitzean genero konkretu bat sakondu daitekeela esan dugu. 2. taulan Dolzek horren adibidea luzatzen digu aurreko taulako hirugarren taldearen progresioarekin.





Bibliografia:

-Dolz, J. eta Schneuwly, B. "Géneros y progresión en expresión oral y escrita. Elementos de reflexión a partir de una experiencia realizada en la Suiza francófona". Textos aldizkaria, 11. zenbakia, 1997ko urtarrila.