Talentu aparteko haurrak. Hauentzat ere heziketa berezia
Errezelo eta beldur handia dago haur horiei buruz hitz egiterakoan. Talentu aparteko etiketa jarriz gero min egingo zaien beldurra dago. Ez dago beldurrik ezintasunak dituzten haurrak etiketatzeko eta gela bereziak prestatzeko, baina haur bat talentu apartekoa dela esaten bada, min egingo zaiola uste da. Iritzi hori du Carmen Maganto EHUko Psikologia irakasleak. Berak dioenez"ez da minik egiten egia ezagutuz gero. Min egin diezaiekegu haur horiek beti talentu aparteko errendimendua izatea nahi badugu eta beti eredu bezala jokatzea nahi badugu. Izan ere, besteek baino adimen altuagoa edo goiztiarragoa eduki arren, eskubide osoa dute nahi duten errendimendua izateko". Carmen Magantok argi uzten du"haur horiek arazo bezala ikusiko ez bagenitu eta gauza normal bezala hartuko bagenu, beldur hori kendu egingo litzaiguke".
Talentu aparteko haurrak eta haur adimentsuak
Talentu aparteko haurrak, haur adimentsuak, azkarra, argia... kontzeptu ugari erabiltzen dira, eta sarritan gauza bera esan nahi dutela iruditzen zaigu. Baina ez da horrela; alde batetik talentu aparteko haurrak daude, eta bestetik haur adimentsuak edo azkarrak.
Talentu aparteko haurra abilezia kognitibo ia guztietan gutxienez 130eko puntuaziotik gora duena da. Horietan guztietan desbiazio tipikotik bi puntu baino gehiago igotzen bada, hots, bere adineko haurren batez bestekotik gora baldin badago, talentu aparteko haurra dela esan daiteke. Talentu aparteko hori oso altua bada, hau da, adimen gaitasunak 160ko puntuazioa gainditzen badu, jeineun maila duela esaten da. Populazioaren %0,01 baino gehiago ez dira jeinuak. Beraz, talentu aparteko haurren artean mailak daude, eta oso maila altua dutenak jeinuak direla esaten da.
Bigarrenik adimentsuak edo azkarrak daudela aipatu dugu. Hauek zenbait arlotan talentu bereziak dituztenak dira, baina ez arlo guztietan. Esaterako, ahozko komunikazioan, matematiketan, musikan, kiroletan, arlo artistikoan... Arlo horietako batean edo batzuetan nabarmentzen dira haur adimentsuak, baina ez guztietan. Badaude matematiketan oso azkarrak diren haurrak, baina idazteko zailtasunak dituztenak.
Zaila da haur bat talentu apartekoa den edo ez jakitea, ez dago adostasunik ez teknikarik hori definitzeko. Gaur egun ez dago talentu aparteko haurrak antzemateko testik, eta ohiko adimen probez baliatu beharra dago. Horrek zailtasun handiak ekartzen ditu ebaluatzeko garaian.
Bestalde, ez da ahaztu behar adimenaren garapenak gora-behera handiak izaten dituela. Litekeena da haur batek 3 urterekin ongi irakurtzea inork irakatsi gabe, oso zuzen hitz egitea, hiztegi benetan aberatsa izatea, kalkulu matematikoak egitea eta abar. Baina oso txikitan duen garapen goiztiar hori gerora galtzea eta besteen mailan gelditzea suerta liteke.
Gauzak horrela, ia zientifiko guztiak ados daude haur bat talentu apartekoa dela esateko 12 urtera arte itxarotearekin. Adin inguru horretan bere ikaskideekin konparatuz abilitate kognitiboen eta adimenaren batez bestekoa nabarmen gainditzen badu, ikasle hori zalantzarik gabe talentu apartekoa dela baiezta daiteke. 12 urte baino lehenago ezin da hori ziurtatu, adimenaren garapena oso malgua delako. Altuerarekin gertatzen dena pasa litekeela dio Magantok."7-8 urterekin oso altua datorrela iruditzen zaigu askotan, eta gero gelditu egiten da. Edo alderantzizkoa ere gertatzen da; ez dela asko hazten iruditzen zaigu, eta gero, bat-batean izugarri hazten da. Normalean pubertaroa bukatzen denean finkatzen da altuera, eta adimenarekin ere gauza bera gertatzen da. 12 urte ingururekin bukatzen da adimenaren sortzea eta egituraketa".
Dena dela, ez da 12 urtera arte itxaron behar neurriak hartzeko edo laguntza emateko. Garrantzitsua da diagnostiko goiztiarra egitea haur horiek programa bereziak izan ditzaten azkarrak diren arlo horietan.
Diagnostikoarekin bi arlo ezagutzen dira: bata haurraren adimen maila apartekoa den ala ez jakiteko, eta bestea haurraren nortasuna eta bere moldaketa familian eta gizartean. Bi arloek dute eragina eta biak oso kontuan hartzekoak dira.
Ez dago talentu aparteko haurren profilik, oso ezberdinak izan daitezke, faktore askoren baitan baitaude.
Adimena eta nortasuna desorekan
"Talentu aparteko haurrez hitz egiten dugunean adimena irudikatzen dugu" dio Magantok "eta hori ez da guztiz zuzena. Talentu apartekoez hitz egiten dugunean desoreka batez ari gara, beren garapen kronologikoaren (emozionala, soziala...) eta adimenaren garapenaren arteko desorekaz. Hain desorekatuta dauzkaten alderdi bi horiek harmonizatzen lagundu behar zaie haur horiei. Horretarako da ona, hain zuzen ere, diagnostiko goiztiarra egitea, ez adimena garatzeko, baizik eta bere nortasuna ez mintzeko eta hobeto integratzeko".
Izan ere, bi alderdi horien arteko desorekak arazo emozional asko sorrarazten dizkie haur horiei, emozionalki jasan ezin dituzten gauzak intelektualki ulertzen baitituzte. Justizia, morala, etika, etorkizuna, mundua eta beste hainbat gauzari buruzko galderak egiten dituzte, ulermen globalagoa egiten dute eta ondorioz beldur eta antsietate handia pasatzen dute. Arrazonamenduak egiteko gaitasuna badute, baina gero emozionalki ez dute heldutasunik buruarekin ulertzen duten hori jasateko.
Zer dakar horrek? Batzuetan depresioak, helduenganako konfiantza eza, sufrimendu psikiko asko..."Imajinatu etorkizunean gertatuko dena ikusten dugula eta horrek larritasuna sortzen digula. Ez ginateke hori jasateko gai izango, zer gertatuko litzatekeen jakingo genuelako eta ezingo genuelako ekidin. Bada, haur horiei gauza bera gertatzen zaie" azaltzen digu Magantok. "Adibidez, adimen urriko lagun bat ikusten dutenean "ezingo du inoiz besteak bezalako izan" pentsatzen dute. Helduok ere esaten dugu hori, baina beste perspektiba batetik. Baina haur batentzat oso gogorra da lagun bat inoiz ez dela bera bezalakoa izango onartzea. Horregatik, emozionalki asko sufritzen dute".
Hori ekiditeko bide bat badago: diren bezala onartzea eta entzutea. Horrez gain, zenbaitzuek tratamendu edo terapia bat beharko dute. Oro har, guztiek urritasunak dituzten haurrek dauzkaten baliabideak eduki beharko lituzkete horrelako arazoei aurre egiteko: laguntza gelak interesatzen zaizkien eta kezkak sorrarazten dizkieten gaiak lantzeko eta horiei buruz hitz egiteko.
Laguntzak oso urriak dira
Zaila da talentu aparteko haurrentzako laguntza aurkitzea. Ikastetxeetan ez dago horretara bideratutako programa berezirik, ez eta materialik ere. Eskola bakoitzean moldaketa kurrikular indibiduala egiten dute haur bakoitzak behar duela uste dutenaren arabera."Talentu aparteko haurra besteen erritmoan ongi ibiliko dela pentsatzen da askotan, eta ondorioz, besteak bezala tratatzen da, ezer berezirik egin gabe. Nire ustez ez dugu pentsatu behar berezia den haur bat berezia ez denik. Kasu honetan, ez du esan nahi zerbait liluragarria espero behar dugunik haur horrengandik, baizik eta bere adimenak behar duen elikadura eman behar diogula".
Irakasle Eskoletan ez da gai hau lantzeko prestakuntzarik eskaini gaurdaino. Badaude Heziketa Bereziko espezialitatea duten Irakasle Eskolak, baina Heziketa Berezi horretan gehienetan haur itsuak, gorrak, burmuin elbarriak eta adimen urria duten haurrei buruz aritzen dira. Beraz, irakasleen prestakuntzatik hasita nabaritzen da gai honen inguruko hutsunea eta material eskasia.
Psiko-pedagogia Aholkularitza Zentroetatik talentu aparteko haurren beharrei kasu egiten hasten ari dira. Heziketa Behar Bereziak (EBB) dituzten haurrentzako programak prestatzen dituzte zentro horietan. Magantok dioenez,"hitz-motel, itsu eta gorrekin nahikoa lan izaten dute normalean. Zenbait kasutan diagnostikoak eta bizkortze programak egin izan dituzte, eta lan horiek geroan hobetzea espero da. Psiko-pedagogia zentroetan pertsona bat edo bi jarri beharko lirateke gai hau lantzeko. Horrela, diagnostiko goiztiarra egiteko aukera egongo litzateke eta baita horri jarraipena emateko ere".
GARATU Elkartea
Talentu aparteko haurrak dituzten gurasoak
Garatu talentu aparteko haurrak dituzten gurasoek sortutako elkartea da. Aita eta ama horiek inork baino hobeto dakite zein den haur supergaituen egoera eta legokien hezkuntza egokia izateko dituzten arazoak. Beraiengana jo dugu beren ekimenak eta errebindikazioak ezagutzeko.
Zeratarako sortu zen Garatu Elkartea?
Garai hartan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako guraso talde bat biltzen ginen gure seme-alabekin haurrei euren jakinmina asetuko lizkiekeen ekintzak antolatzeko asmoarekin; gure haurrek, garai hartan 4 eta 6 urte bitarteko haur txikak, unibertsoari buruz, edo gorputzari, energiari edo bizitzaren zentzuari buruz egiten zizkiguten galderei erantzun nahian, hain zuzen. Beranduago, talde hura egituratu egin behar genuela erabaki genuen, eta handik sortu zen gaur egungo Garatu elkartea. Gure seme-alabek ez zieten galdera horiei ikasgeletan erantzunik aurkitzen, eta gu geuk ere ezin genien haien zergatiei eskatzen zuten sakontasunarekin ihardetsi. Haurrak, beraien artean, bere interes berdina zutenekin elkartzen zirenean hobeto sentitzen zirela konturatzen ginen gurasoak. Ikasgeletan oso bestelako rola hartzen zutela ere ohartzen ginen : pasiboagoak ziren, lotsatiagoak, antsietate handiagokoak, itxurak egiten zituzten bere gaitasuna ezkutatzeko, edo gelako ekintzak beste haurren antzera edo okerrago egiten saiatzen ziren oharkabe pasatzeko. Gure taldean burutzen genituen ekimenak sarriago antolatzen hasi ginen, eta legearen inguruan zegoen hutsuneaz konturatu ginen, nahiz eta ordurako hezkuntza ministerioak hezkuntza bereziko lege bat onartua izan haur supergaituek zituzten beharrei ere erantzuteko egina, hain zuzen. Elkartearen estatutuetan jaso genituen gure helburuak eta handik aurrera gure indarrik handiena administrazioarekin edukiko genuen harremanean erabili genuen. Gaia zabaltzea nahi genuen, dagoeneko gertatzen ziren egoerak legeztatu, familiei eta profesionalei biltzen genuen informazioarekin lagundu, gure seme-alabentzako ekintzak egin ahal izateko dirulaguntzak lortu, bai unibertsitateetan, irakasle eskoletan, hezkuntza profesionaleengan eta gizarte osoan gaia hedatu eta, azkenik, beste elkarte batzuekin ere harremanak bilatu.
Agintariak eta institutzioak beraz ez dira haur horiek hezkuntza behar bereziez jabetzen. Zergatik?
Denbora luzean jokatu izan da hainbat mito, eredu eta aurreiritziekin eta urte askotan zabaldu beharko da gai honi buruzko informazioa eta irakasleriak formakuntza berezian trebatu beharko du hau guztia aldatzeko; haur eta nerabe horiek hezkuntza bereziko ikasleak direla eta beren beharrei egokitutako hezkuntza izateko eskubidea dutela gogoan hartzeko. Hezkuntza sailetatik ondo gaitutako profesionalak badituztela esaten digute. Gure iritziz, formakuntza horren emaitzak ez ditugu oraindik ikusi. Horretarako beharrezkoa da haur supergaituen arlo emozionala, ikasbideak eta, beren prozesu kognitiboak besteenetatik desberdinak direla jakitea. Guk ikusten dugu nola mugitzen diren gure haurrak gai batetik bestera, helduok ere ohartuko ez ginatekeen gauzez nolako sentiberatasuna eta nolako perzepzio gaitasuna duten.
Nola ikusten ditu gizarteak talentu aparteko haurrak?
Gizarteak, jeneralean, haur supergaituak pertsona argitsu eta apartekoak direneko irudia du. Bada pertsona arraroak, konfliktiboak, eta horrelako seme-alaba bat edukitzea arazo izan daitekeela uste duenik ere. Berez, supergaitua izatea ez luke zertan arazo izan behar. Arazoa, ordea, beraien egoera zuzen jasoa ez egotea da. Ez dira beren ikasteko erritmoak onartzen, ez bere sormena, ez galderei erantzuteko duten era berezia, ezta arau sozialetara eta konbentzionalismoetara moldatzeko duten zailtasuna; hitz batean esateko, ez munduan egoteko eta mundu hori ikusteko duten era berezia. Gizarteak kontuan eduki beharko luke hainbat eta hainbat norbanako bide bazterrean geratzeak dakarren kostu sozialaz, desoreka hori hezkuntza egokiago baten bidez ekiditu ahalko zitekeenean. Gurasoek nahiz eta maiatasun eta pazientzia handiz tratatu gure seme-alabok ikusten dugu funtsezkoa dela dibertsitatean oinarrituko den hezkuntza. Ikasgeletan igarotzen dituzten orduetan haur hauek adimen inhibizioa lantzen dute. Beste edozein haurren gurasoek bezalaxe, guk ere onena nahi dugu gure seme-alebentzat. Guraso guztien antzekoak gara, denok nahi dugu gure haurrek barruan daramaten onena atera dezaten, harmonian bizi daitezen, eta zoriontsuak izan daitezen. Baina hau erdiesteko baldintza batzuk jarri behar dira eta malguagoak izan baldintza horiek eman daitezen. Familientzako honek guztiak duen kostua areagotu egiten da ulertzen ez gaituenean eta edozeini gure kezka naturaltasunez azaldu ezin diogunean. Guk nahi dugu gizarteak gai honi normaltasunez heltzea, profesionalek gaia benetan lantzea, eta horrela bakarrik desagertuko dira aurreiritziak.
Zer eskatzen diezue irakasleei eta Pat-ei?
Lehendabizi euren lana profesionaltasunez betetzea. Beraiengana jotzen duten familiak eta haurrak profesionaltasunez tratatzea. Bigarrenez, burokrazia hori guztia arinago betetzea, luzeegiak izaten dira orokorrean ebaluazio psikopedagogikoak, egoeraren legeztatzea, eskolako urteak malguagoak bihurtzea, ACIak, eskola orduak murriztea hala behar izanez gero, urrutiko hezkuntza sistema, tutoreak, eta abar. Hirugarrenez, hasiera-hasieratik eraginkortasunez jardutea. Hau, berez, ikasle hauentzako egokia eta beharrezkoa izango litzatekeena eskatzea besterik ez da. Hezitzaileei, berriz, eskatzen diegu hezkuntza berezia behar duten haur hauek aintzat hartzea, ezin dute gurasoek erruduntzen eta gaia beste egoera batzuetara desbideratzen jarraitu, D. Golemanen adimen emozionalaren aitzikiarekin gurasoak urruntzen: "uztazu, haurra zoriontsua izatea da garrantzitsua, ez ezazu ezer egin, ez dezala hainbeste irakurri, beste seme-alaba batzuk dituzu, zer esango dute biharko egunean honi besteei baino kasu gehiago egiten badiozue, elkarteak oso arriskutsuak dira, ez zaitezte bertara joan, itxoin egin behar da, behatu, jarraipen bat egin , eta abar.
Elkarrizketa horietatik gurasoak desorientatuak, desengainatuak eta handik onik ezer gutxi aterako dutela pentsatuz ateratzen dira. Orain arteko harremanetan ezer ez egiteko estrategiak gero eta sarriago ikusten ditugu. Ez dugu sikiera haurrak ebaluatzeko ahalegin txikienik ere ikusi; horretarako hilabeteak , batzuetan urteak ere pasatzen dira, ebaluazio bat burutu, haurra identifikatu eta komeni zaion hezkuntza orientazioa eman arte. Aurretik egindakoaren jarraipena askotan eta askotan eten egiten da. Ematen diren aitzikien artean: "begira, zure seme-alaba etiketa batekin egongo da eta gaizki pasatuko du". Haur horren beste berezitasunak nabarmentzen dituzte eta jartzen dieten etiketa ezaugarri negatiboez jositakoa izaten da. Adimenez supergaitua den ikasleak ere ikasteko arazoak izan ditzake, dislexia, Aspergerren sindromea, edo beste edozer. Talentu apartekoak dira hala ere, eta hau hartu beharko da kontuan ikasle horri behar duen arreta eskaintzeko. Laburrean esateko guk ulertuak izatea nahi dugu, gai honi jaramon egitea. Haurrengatik zerbait egiteko gogoa besterik ez da behar hemen, zeren formakuntza, bibliografia eta hezkuntza material eta programak egon badaude beste herrialde batzuetan egindakoak diren arren. Haiek moldatzea besterik ez da behar, eta ziur gaude denen onerako izango litzatekeela. Ez dugu haur jeniorik sortu nahi, ezta gurasoek seme-alakeekiko sentitzen duten nartzisismoa handitzea, eta gutxiago irakasleriarekin eta hezkuntza zentroekin ditugun harremanak hondatzea, gaur egun, tamalez, gertatzen ari den bezala. Gure haurrak zoriontsuak izan daitezen euren burua garatzeko posibilitatea eduki behar dute, kriterio eta baldintza batzuen pean. Nahi dugu beren autoestima osoa izatea; egiten dutenarekin zoriontsu sentitzeko haur horiek erronkak, babesa eta ulertuak izatea behar dute beste edozein gizakiren antzera. Kontraesan bat da , haur hauetako bat ACI bat egitera doanean horrelakorik esatea : "Lehenengo, beste guztiena bezalakoa egin behar du, eta gero emango zaio bestea". Hor akats handi bat dago. Beste haurrak bezala jardutea nahi badugu motibazio falta izugarria izango du. Berriro ere diogu haur supergaituen interesguneak ikasgeletakoetatik oso urruti egoten direla, baita gaiei heltzeko eta soluziobideak emateko erak ere. Baliteke gurasoren batek hezkuntza interbentziorik nahi ez izatea, horretarako eskubidea du. Baina legeak ezartzen dituen hezkuntza baldintzak eman daitezen nahi dugunok (legeak dioena aski ez den arren) ere horretarako eskubidea dugu. Gure haurrak zoriontsuak ikustea nahi badugu beraientzako izan daitezkeen baldintza onenak eskuratu behar ditugu, eta horren barruan kokatzen da guraso eta irakasleriaren arteko kolaborazioa, berriz ere, komunikazio ahalik eta positiboenean oinarritu behar den elkarlana, alegia.
Zein erantzun jaso duzue orain arte?
Kasu gutxi batzuetan erantzuna oso egokia izan da, eta emaitzak hoberenak. Hainbat zentrotan ildo honetatik hasi dira lan egiten eta honetan aitzindariak izatea eskertu nahi diegu, beste batzuek ere beldurra galdu eta hortan has daitezen. Haurrak aguro asko irabazten dute bere autoestiman baloratuak eta aintzat hartuak sentitzen badira. Kasu gehienetan, ordea, zenbait irakaslek kontrako eragina dute haurrengan. Ulergarria da, badakigu, egoera berri eta ezezagun baten aurrean segurtasunik eza eta beldurra azaltzea, baina azkenerako haurra jasanezineko egoeran jartzea haren jarrera negatiboenak sortaraziz, are gehiago nerabe garaian baldin badago berau, hankasartze izugarria da. Eskolara eramaten ditugu gure haurrak, beraien arlorik onenak garatzeko bidea eskainiko dietelakoan eskoletan, beraiekin koherentziaz jokatuko dutelakoan; guk, gurasoek, gure borondate onenez egiten ari garenarekin ere koherente izango delakoan. Baina zenbait kasutan zeharo aurkakoa gertatzen da. PATetatik gurasorik gehienak desanimatuta eta nahastuta irtetzen dira, eta gainera elkarteen aurkako aurreiritziarekin. Honek ekartzen du gurasoak ez antolatzea, ez informatzea, ezta beren seme-alab en eskubidea dena ere ez eskatzea, nahiz eskubide hori haurren eskubideen artean jasota egon eta horixe babesten eta defendatzen duena izan, hain zuzen ere. Ba, halere, ezjakinarena egiten dute sarri askotan. Haur hauen hezkuntza prozesuan, besteenetan bezalaxe, jarraipena ere egin behar da, irakasle baten bi urteko lana ezin da etenda geratu bigarren hezkuntzara iristerakoan adibidez. Denbora pasatzen da, eta hamasei urtetara iristen direnean irakasleek jada ez dutela ikasle hauei arrtea berezia zertan jarri behar esaten digute eta beste eskola batera joateko aholkatzen digute. Holakoak eta bestelakoak agerian jartzen dute gaiaren inguruan dagoen ezjakintasun handia.
Zer pauso eman beharko lukete instituzioek eta eskolek haur hauei laguntzeko?
Lehendabizi adimen aparteko gaitasuna identifikatzeko ahaleginak egitea eskatuko genieke, adin txikietatik hasita, diagnostiko eta ebaluazio egoki batzuk eginez, gaur egun baitago hori egiteko nahiko material. Argi asko ikus daiteke haur bat goiztiarra edo talentu apatekoa den. Horrek irakasleak kualifikatuak izatea eskatzen du, eta burokrazia lanak, arinak. Atzerriko herrialde batzuetan horrelako haurren hezkuntza prozesua unibertsitateko urteetaraino dago jadanik ikasia eta landua, beraientzako ikasprograma egokiak diseinatuz. Hemen, gure eskoletan, badirudi integrazioarekin eta sozializazioarekin nahiko dugula. Hori ondo dago baina ez da nahikoa. Zorionez, teknologi berriak medio informazioa areagotu egingo da eta irakasle askok laguntza aurkituko dute bertan, teknologia hauei eta erakusteko era berrietara moldatu beharko direlarik. Ezinbestekoa da informatuak egotea kongresuetara, jardunaldietara edo antolatzen diren ikastaroetara joanez. Ditugun aurreiritziak baztertu egin behar dira malguagoak eta ulergarriagoak izateko, hauxe baita milurteko berriaren joera, eta lehenik haur supergaituek hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleak direneko kontzientzia hartu behar dugu.
Baina ezingo da dena irakasleen esku utzi, gurasoek ere lagun dezakete, ez al da hala?
Noski, guaza da elkarrekin hazi behar ditugula gure haurrak. Ordu asko igarotzen dute eskoletan eta gurasoentzako ezinezkoa da ikasgeletan lehen aipatu adimen inhibizioa, aspergarritasuna, eta interes falta horiek konpensatzea, ezin dugu. Maitasunez eta pazientziaz bere buruekiko balorazioa egiten laguntzen diegu giza abileziak gara ditzaten. Horren ildotik, orain urte batzuk, gizarteak parte handiago hartzen zuen hezkuntzan; bizilagunak zirela, senitartekoak, lagunak, ezagunak eta ezezagunak, haurren hezkuntzan eragin zuzenagoa zuten. Ondo-gaizkia, hainbeste aldiz aipatutako giza abilezeak, haurraren jakinmina, ezagutzaren eta maiatasunaren zergatiak erreferentzia zuten haien guztiengan. Egun, berriz, apenas dagoen hezitzeko astirik, ezta etxean ere, gizarteak hartu duen erritmo berria eta gertatzen ari diren aldaketak bitarteko. Horrexegatik egiten da beharrezkoagoa irakasleen eta gurasoen arteko kolaborazioa. Guraso askok atzerrira bidaltzen dituzte beraien seme-alabak, egoera ekonomikoak ahalbidetzen badie, noski. Dakigunez, Estatu Batuetan eta Inglaterran adibidez, gero eta zabalduago dago gurasoek haurra etxean hezitzearen aldeko joera. Internetek ere lagun dezake horretan. Garrantsitzuena entzuna izatea da, denbora eskaintzea, euren gaitasunak ematen dien kemena mantentzen laguntza, beldurrak eta segurtasun ezak uxatzen laguntzea; besteekiko behar den pazientzia eta maitasuna diziplina rekin konbinatu behar da.
Zergatik aspertzen dira haur supergaituak ikasgelan?
Haur horien interesguneak gelakoetatik oso urruti daudelako. Beren adimen adinaren eta adin kronologikoaren artean ikaragarrizko tartea egoten da, eta horrek badu eragina beste haurrekin erlazionatzeko garaian ere.
Zer eskaintzen die Garatuk gurasoei?
Informazio mota asko eskaintzen zaie gurasoei; esaterako, zein hezkuntza instituzioetara jo dezaketen, zein zentro pribatuetara joan, zein metodologiak erabiltzen diren eta abar. Egiten diren esperientziak ezagutzeaz gain euren esperientzak elkartrukatzeko gunea ere eskaintzen zaie eta hori, hasieran batik bat, oso baliagarria eta aberasgarria izaten da. Elkartean biltzeak gurasoak sentitzen dituzten emozioak kanporatzeko aukera ematen die, guraso askok asko sufritzen baitute. Elkartean babestuak eta ulertuak sentitzen dira eta laguntza handikoa gerta daiteke. Beste hainbeste gertatzen da haurrekin onartuak ez direlako, diagnostiko okerrak egin zaizkielako; egoera latza jasan behar izan dute eta hori beste batzuei komunikatu ahal izatea esanahi handikoa da beraientzat. Elkartean antolatzen ditugun ekimenak haur askori barruan daramaten korapiloa kanporatzeko balio izan dio, eta horrek bere garapen prozesuan aurrera egitea ahalbidetu dio.
Jeneralean nola erreakzionatzen dute gurasoek haur supergaitua dutela antzematen dutenean?
Gurasoak euren pertsonalitatearen arabera erantzuten dute, beraz, modu askotan. Batzuek etxean jada antzematen zuten zer edo zer, eta gero kanpotik, susmoa baieztatu besterik ez zaie egiten. Beste batzuentzat, berriz, schock bat izaten da, gainezka egiten dien egoera batean aurkitzen dira, ez dakite zer egin, haur horrek zer behar duen, zer gertatuko zaien eta zer egin ez jakinean aurkitzen dira, batik bat, haur horrek eskolan porrot egiten badu. Horrek gainera, erraztasunik ez eta hainbat irakaslerekin haserreak izatea dakar berekin. Honi gehitzen badiogu hezkuntza instituzioetako kideekin sentitutako frustrazioa, egoera asko zailtzen da. Gerta daiteke haurra zentroz aldatzea erabakitzea bere haurra ahalik eta normaltasun handienean egongo deneko ustean, emaitzak direnak direlarik. Beste batzuek, berriz, atzerrira bidaltzen dituzte. Ingurua eta bitartekoak funtsezkoak dira haur hauen gaitasunaren garapenerako, eta haurra bera ados badago onena izan liteke, nahiz gurasoek horregatik min hartu. Talentu aparteko haurrak dira baina jolas egiten dute, bihurrikeriak egiten dituzte, gogaikarriak izaten dira batzuetan; gurasook gehiago pozten gara gure haurrak egiten ari direnarekin gustura eta kontent daudenean eta ez nagitsu, triste eta bizipozik gabe.
Zein dira gurasoengandik jasotzen diren kexurik arruntenak?
Errespetu falta, eta lelokeria asko entzun beharra izaten dutela; esaterako "ez dietela haurrei hainbeste erakutsi behar, gurasoek gehiegi estimulatzen dituztela, ez diezaietela hainbeste irakurtzen utzi...". Irakasleek eta PATetako teknikariek ez dute ulertzen gaitasuna gauza bat dela eta beste bat errendimendua, eta azken hauxe bakarrik hartzen dute kontuan. Ez dute behar adina bitarteko jartzen ahalik eta emaitza onenak gauza daitezen. Badaude lorpen gutxiko haur supergaituentzako hezkuntza programak ere, hauek porrot egiten dute eta ezin izaten dute goragoko ikasketeetara heldu.
Ba al dago Garatu bezalako beste elkarterik. Zein harreman duzue haiekin?
Harremanetan gaude beste hainbat elkarterekin, beste komunitateetan dauden esperientzien, zalantzen eta aurrerapenen berri izateko eta gure esperientziekin aldendu eta trukatzeko; nazioarteko kongresuetara ere joaten gara eta, bide batez aipatu datorren abuztuan Bartzelonan izango dela hurrengoa, hain zuzen.
Kongresu hauek talentu aparteko haurren gaia dinamizatzeko oso baliagarriak izaten dira. Profesionalei eta profesionalgaiei hobeto sakontzen eta aztertzen laguntzen die eta aparteko gaitasunaren arlo ezberdinak ezagutzen ere.
Zein egoeratan daude beste herrialde batzuetan?
Zenbait herrialdetan haur txikiengandik hasita unibertsitateraino irauten duten programa bereziak daude, eta, dibidez, ikastetxeetan haurrak ez dira adinez taldekatzen, interesguneez baizik. Atzerrian, besozabalik hartzen dituzte; hemen, berriz, oztopo, dirulaguntzen murrizketa eta zentzugabekeria ugarirekin egiten dugu topo. Espero dugu noiz edo noiz hezkuntza aldatuko dela talentu aparteko haur horien onerako.
Zenbait argibide talentu aparteko haurrei hobeto ulertzeko
MAGANTO, Carmen. EHU. Psikologia Fakultatea .
Talentu apartekotasunaren ebaluazioa gaitasun kognitiboen ebaluazioa baino gehiago da, eta eboluzio ikuspuntutik aztertu behar da, adimenak zalantzan jarri behar ez den eboluzioa baitauka.
Talentu aparteko haurrez hitz egiten dugunean batez bestekoa baino adimen handiago duten haurrei egiten diegu erreferentzia. Baina ezinbetestean hainbat galdera sortzen dira: zer da adimena? Nola neurtzen da adimena? Berezkoa ala eskuratua da? Adimen bakarra dago ala adimen mota ugari daude?
Ez dira gai honi buruzko liburu batean aurki daitezkeen moduko erantzunak, autoreen arabera adimenari buruzko teoria desberdinak baitaude, eta teorien arabera adimenari berari buruzko definizio desberdinak. Beraz, bere isatsa jaten duen arrainaren moduan, adimenaren definizioa eta adimen motak historian zehar burututako ikerketen eta heziketa praktiko eta profesionalen harian garatutako teoria eta eredu kontzeptualen baitan daude.
Gaur egun zenbait teoriek askatzen zaila den arazo bat planteatzen dute. Adibidez, teoria klasikoek, egungo teorien aurrean, garapen teoriko eta esperimental desberdina daukate. Garapen esperimentalerako tresnak falta diren bitartean, garapen teorikorako izugarrizko tresna pila daude. Zenbait kasutan formulazio teorikoak osatu gabeak dira, eta esperimentalki frogatutakoak gutxi.
Artikulu labur honetan zera hausnartzea interesatzen zaigu:
1) Gehien erabiltzen diren adimenaren zenbait sailkapen.
2) Talentu aparteko pertsonen ezaugarri komunenetako batzuk.
3) Gaiak sortzen dituen eztabaida ohikoenak.
4) Guraso eta hezitzaileen jarrerak talentu aparteko haurren heziketa berezia dela-eta.
1. Adimenaren sailkapenak
Adimen orokorra (G faktorea)
(Spearman, Vernon, Jensen)
Adimen gaitasunak
(Thurstone, Guilford, Gardner)
G faktoreak edo Adimen Orokorraren faktoreak adimen adierazpen guztiek faktore komun bat dutela dio, eta hori dela adimenaren benetako faktorea. Beste autore batzuek, aldiz, adimen hori osatzen duten faktoreak neurtzen saiatzen dira subjektu bakoitzaren berezitasuna osatzen duten puzzle bateko piezak balira bezala. Adimen gaitasunak defendatzen dituztenak oso konbentzituta daude subjektu bakoitzak gaitasun oso desberdinak eduki ditzakeela diotenean; esaterako, oroimena, kalkulu matematikoa, arrazonamendu logikoa edo sormena.
Talentu aparteko haurrak puntuaketa altuak jasotzen dituzte G faktorearen probetan, eta aldi berean, ohiko proba klasikoetan ebaluatutako gainontzeko adimen gaitasunetan ere puntuaketa altua lortzen dute.
Adimen kognitiboa
(Stenberg, Gardner)
Adimen emozionala
(Colleman)
Orain dela gutxi funtzionamendu kognitiboan edo sozialean oinarritutako adimenaren bi sailkapen kontrajarri dira. Lehenengoarentzat adimen kognitiboa adimenaren adierazpen ezagunagoa eta klasikoagoa da. Batez ere pentsamenduaren prozesuetan oinarritzen da, egitura kognitiboak ezagutzearen, pentsatzearen, jasotzearen, memorizatzearen eta sortzearen antolaketan. Collemanentzat, ostera, adimenak pisu emozional-sozial handia dauka. Hau da, eguneroko bizitzan arrakasta lortzeko eta egoerak konpontzeko gaitasunean ez dago prozesu kognitiboa soilik, baita emozionalak, harremanezkoak eta testuingurukoak ere. Batzuetan nork bere buruarekin duen segurtasuna errazago lortzen da baldin eta norekin eta non hitz egiten ari den konturatzen bagara eta zein eratara jokatu behar dugun konturatzen bagara. Osterantzean, arazo konplexuak gainditzeko gai bagara, baina egoera konpontzerakoan inguruan dauden aldagaien garrantziaz ohartzen ez bagara, segurtasun horren arrakasta ez da hainbestekoa izango.
Talentu aparteko haurrek zailtasunik gabe gainditzen dituzte gaitasun kognitiboak ebaluatzen dituzten tresnekin aurkezten zaizkien arazoak. Aitzitik, adimen emozionaleko ebaluazioetan ez dituzte hain emaitza onak lortzen. Horren arrazoia zera da: zenbait subjektuk, eta bereziki adin zehatz batzuetakoek, garapen kognitiboaren eta emozionalaren artean eboluzio desberdina dutela.
Adimen jariakorra
Horn and Noll
Adimen kristalizatua/gauzatua
Bi kontzeptu hauek kontrajartzeak ikasketa moduari eta adimenaren funtzionamenduari egiten die erreferentzia. Eskola tradizionalak adimen "kristalizatua" garatu izan du, hau da, zehaztasunez irakatsitakoa ikasteko gai den adimena, ezagutzen adimen errepikakorra eta memoristikoa, zenbait unibertsitate ikasketetan eta lanbidetan oinarrizkoa dena. Baina, adimen "jariakorrak" ezagutza beste modu batera osatzeko gaitasuna adierazten du; adimen sortzaileagoa eta orijinalagoa, eta pentsamenduaren prozesuetan autoelikatzen dena.
Talentu aparteko haurrak sortzaileak dira, erantzun orijinalak ematen dituzte, ezagutzak eratzeko gai dira, eta aldi berean, oroimen bikaina dute, hori delarik txikitatik bereizten dituen faktoreetako bat eta helduei arreta gehien sortzen diena.
Arazoen moldaketa/konponketa
(Guilford)
Adimen sortzailea
(Renzulli, Torrance)
Adimenaren inguruan garatu den beste kontzeptuetako bat adimen amoldatzailearena da, hots, sortzen den egoerari irtenbide onena bilatzeko gai dena. Aurrez ikasitako soluzioak izaten dira, eta beraz, aurretik ikasitakoa egoera baten aurrean funtzionamenduan jartzeko gaitasuna da. Adimen sortzaileak, ostera, irtenbide berria, desberdina eta orijinala bultzatzen du egoera bat konpontzekorakoan.
Orokorrean, talentu aparteko haurrak adimen sortzaileagatik gehiago bereizten dira adimen moldatzaileagatik baino.
Produktuaren adimena
(Psikometria klasikoa. Terman)
Prozesuaren adimena
(Kognitibismoa)
Tradizionalki, adimenaz pentsatzen dugunean produktu bat imajinatzen dugu, hau da, talentu apartekotasunaz hitz egiteko Adimen koziente bat irudikatzen dugu, adibidez 130, 140 eta abar. Haatik, koziente horiek ez digute esaten haur bat nola iristen den adimenaren probetan puntuaketa horiek lortzera. Produktua ondorio bat da, baina bi haurrek antzeko emaitzak eduki ditzakete adimen mota oso desberdina eduki arren. Teoria kognitiboari interesatzen zaiona da pertsona bat nola iristen den arazo bati irtenbidea aurkitzera, egoera berri baten aurrean moldatzera edo galdera berri bati zehatz, orijinal eta zuzen erantzutera. Kognitibismoari produktua edo probaren emaitza baino gehiago interesatzen zaizkio ezagutza eratzeko erabiltzen diren pertzepziozko faktoreak, oroimenezko faktoreak, informazioaren prozesatzea eta datuen integrazioa.
Talentu aparteko haurren berezitasuna hori da, hain justu, informazioa prozesatzeko duten modua, arazoak konpontzeko erabiltzen duten bidea, eta euren ezagutzaren genesia, zeina azkartasunean eta lortzeko moduan desberdintzen den talentu apartekoak ez diren haurrekin alderatuz.
Berezko adimena
(Eysenk, Vernon)
Adimen eskuratua/kultura
(Vigotski)
Azken kontua izan arren, ez da garrantzi gutxiena duena. Gurasoak, hezitzaileak eta profesionalak kezkatzen dituen gaia da adimena berezkoa edo eskuratua ote den. Gaur egun, galdera hau eztabaidagarria izatetik gizarteratua izatera pasa da. Zalantzarik ez dago adimentsuak jaiotzen garela, batzuk gutxiago eta beste batzuk gehiago. Baina dudarik ez dago kulturak, ingurumenak eta estimulazio egokiak ere lehen uste zena baino gehiago garatzen dutela adimen hori.
Kontu honek haurrak nola hezten digun hausnartzera garamatza. Eta Gaussen kurbaren muturretan dauden haurrekin heziketa neurriak hartzera bultzatzen gaitu, hots, adimen ezintasuna duten haurrekin eta talentu aparteko haurrekin. Biak dira heziketa behar bereziak dituzten subjektuak. Adimena gara daiteke, eta horregatik bultzatzen dira heziketa bereziko gelak, laguntza gelak, curriculum egokitzapen indibidualak eta abar. Adimen ezintasunak eta mugak dituzten haurrek heziketa alternatiba horiek eskura dituzte. Baina adimena gelditu eta blokeatu ere egin daiteke, eta hasierako gaitasunen arabera garatu gabe gera daiteke behar dituen estimuluak ez edukitzeagatik edo aurkako giroa edo giro zorrotzegia topatzeagatik. Talentu aparteko haurrek beharrezkoa duten adimen "elikagaia" behar dute beren gaitasunak garatzen jarraitu ahal izateko. Osterantzean, frogatua dago adimenak garapen goiztiarra ez jarraitzeko arriskua dagoela. Hortan datza, beste arrazoien artean, identifikazio goiztiarraren eta progresiboaren garrantzia batez bestekoa baino garapen handiago somatzen bada.
Aitzitik, adimenak eboluzionatu egiten duenez, beharrezkoa da adimen goiztiarrak ebaluazio etapa desberdinak edukitzea eta momentu bakoitzean garapen horren baitan norabidetzea ebaluazio hori. Hizkuntzaren garapenean, irakurketa-idazketaren ikasketan, zenbakien kalkuluan edo sormenean goiztiartasuna edukitzeak ez du bermatzen haur baten talentu apartekotasuna. Hala ere, bere garapena behatzera eta ebaluatzera bultzatzen gaitu garapen goiztiarra bultzatzeko zeregin espezifikoak emanez. Dena den, haurra bere adimena baino gehiago da, eta edozein ebaluazio egiterakoan, eta are gehiago talentu apartekoa dela uste dugun haurraren kasuan, bere nortasuneko alderdi guztien ebaluazio integrala egin behar da: familiarteko eta beste pertsonekiko harremanak, egokitzeko ahalmena, bere buruarekiko duen asebetetzea, motibazioak, lanerako iraunkortasuna, sormena, autoestima eta abar. Haurraren heziketa curriculuma egiteko beharrezkoa da bere nortasunaren eta eskolako eta familiako egoeraren ebaluazio integrala egitea. Batzuetan adimena inolako arazorik gabe garatzen da, baina nortasuna asaldatu egiten da lagunek, familiakoek edo hezitzaileek errefusatuko duenaren beldur delako. Haur askok nahiago dute "normal" bezala pasatzea "desberdinak" izatea baino. Hori jakin beharreko gauza da haur horiei pertsonalki eta sozialki ongi egokitzen lagundu nahi badiegu. Biak bana ezinak dira eboluzio garapen ona lortzeko.
2. Talentu aparteko haurren ezaugarriak
Talentu aparteko haur guztien profilik ez dago, haur bakoitza, talentu apartekoa izan edo ez izan, desberdina baita. Hala ere, beste haurrengan baino ohikoagoak diren zenbait ezaugarri aurkitu dira. Horien artean hauek dira azpimarragarrienak:
a) Bere adineko batez bestekoa baino askoz adimen altuagoa. Hau da talentu apartekotasuna oinarritu den puntu tradizionaletako bat. Adimen probetan bere adinekoen batez bestekoa eta eskolako maila bi desbiazio tipikoetan gainditzen duten subjektuak dira. Hala eta guztiz ere, adimenaren eta talentu apartekotasunaren kontzeptuak zenbait aldaketa jasan ditu mende honetan; kontzeptu unidimentsionala izatetik pertsona, egoera eta momentuaren arabera modu eta maila anitzetan agertzen den kontzeptu multidimentsionala izatera pasa da (Reyero eta Touron, 2000). Gaur egun talentu apartekotasuna hainbat gaitasunen multzoa bezala ulertzeko joera dago. Horrek talentu apartekoaren eta adimentsuaren arteko bereizketa klasikoa konplikatu egiten du. Beraz, bere adinekoek baino adimen altuagoa duen haurraz hitz egiten dugunean, ez gara puntuaketa kuantitatibo batez soilik ari, baizik eta puntuaketa horren alde kualitatiboaz. Alderdi horrek bideratuko du identifikazioa eta interbentzioa.
b) Garapen goiztiarra. Zenbait trebetasun eta ikasketa nolako azkartasunez hartzen dituzten ikusita harritzen dira gurasoak batik bat. Adibidez, margotu, batuketak egin, irakurri, zuzen eta egoki hitz egin eta abar. Garapen horrek adin bereko bere lagunei modu eraginkorrean laguntzen die.
c) Arazoak konpontzeko garaian desberdinak dira kualitatiboki. Egoera berrien eta ikasteko egoeren aurrean ez dute helduek erakutsi dieten alternatiba edo trebetasunekin erantzuten. Beraien metodo propioak, desberdinak eta berritzaileak garatzen dituzte eguneroko bizitzako arazo bati, arazo matematiko bati edo erlaziozko arazo bati irtenbidea bilatzeko.
d) Erronkarekiko eta gauza zail eta berriekiko interesa. Gauza zailek erakartzen dituzte, beraien adimenerako eta gaitasunerako erronka diren gauzek. Zeren gehinetan, eta batez ere eskolan, beraien mailarako errazegiak, arruntak eta ondorioz aspergarriak diren egoeren aurrean aurkitzen baitira.
e) Gaitasun akademikoak. Talentu aparteko haur asko trebetasun batean oso azkarrak izan ohi dira; esaterako, musikan, arlo artistikoan, matematiketan edo kirolean. Eskolan besteak baino azkarragoak izan daitezke trebetasun horiek eskolak bultzatzen duen norabidean baldin badoaz, trebetasun matematikoen eta linguistikoen kasuan bezala. Aitzitik, beste trebetasun batzuetan azkarrak edo talentu apartekoak izan arren, baliteke aparteko gaitasun akademikorik ez izatea.
f) Lanak egiteko azkartasuna. Lanak ongi bukatzeko duten azkartasunaz berehala ohartzen dira gurasoak eta hezitzaileak. Gaitasun handiagoa dutela erakusten duen adierazleetako bat da. Normalean beste haurrek egiten dutenaren denbora erdian egiten dute lan bera. Edo azalpen xume batekin uler dezakete, hezitzaileak haurren gehiengoak ulertzeko eskaintzen duen gainontzeko azalpena soberan dutelarik.
g) Orijinaltasuna/sormena. Sarritan talentu aparteko haurrak beren sormenagatik, beren orijinaltasun plastikoagatik, beren marrazkiengatik edo beste gaitasun sortzaileengatik bereizten dira. Normalean sortzea, diseinatzea eta gauza berriak asmatzea gustatzen zaie. Beraien ideiak adierazteko askatasunarekin gozatzen dute, eta modu batera edo bestera aurrera eramateko moldatzen dira.
h) Lorpenaren motibazioa. Lan bat zaila denean edo heziketa helburu bat lortzeko oztopoak daudenean, haur gehienek laguntza positibo bat edo hezitzailearen motibazioa behar dute lan horretan jarraitzeko. Alabaina, talentu aparteko haurrek nahi duten xedea lortu arte jarraitzen dute, jomuga konplexuak lortzeko motibazioa dute, beren helburuak lortzeko irmotasuna. Beharbada hau izango da arrakastara segurtasun gehienez eramaten dituen ezaugarria.
i) Moralaren eta justizia sozialaren gaiei buruzko interesa. Beren adimen garapenak beraien adineko haurrek planteatu ere egiten ez dituzten galderak egitera bultzatzen ditu: zergatik hiltzen gara? Nora joaten gara hiltzen garenean? Zergatik daude gerrak? Zergatik ez dira zuzenagoak agintariak? Nor da zoritxarren erantzulea? Galdera hauen erantzunak oso zailak dira, beraien jakin-mina izugarria delako eta helduok ez dakigula zer eta nola erantzun. Agian hau izango da haur horiengan sufrimendua sorrarazten duen puntuetako bat. Zeren, alde batetik, dauden arazoak ikusten baitituzte, eta beste aldetik, beraien nortasunak eta emozioek ez baitute ikusten duten errealitatea jasateko adinako heldutasunik. Gauza bera gertatzen da gurasoen arteko harremanarekin, eskolako injustiziekin, edo beste edozein egoera sozialekin. Ez datoz bat egoera sozialak ezagutzeko eta ulertzeko duten gaitasun intelektuala eta beren bizitzan bereganatzeko, gainditzeko eta barneratzeko duten gaitasun emozionala. Horrek sufrimendu psikikoa eta barkardade sentimendua sorrarazten dizkie. Batzuetan nahiago dute horrelako galderak ez egitea besteak kezkatu egiten direlako beraiek dituzten galderekin eta ideiekin.
j) Datu konplexuen sintesia modu errazean. Sintesi gaitasuna adinarekin lortzen da. Normalean haur hauek ohikoa baino datu gehiago maneiatzeko gai dira eta datu horiek zentzuzko sintesi batean barneratzeko gai dira, modu erraz eta argian egiten dutelarik. Matematika arazoak edo ahozko logika ez dira zailak eurentzat, eta hainbat kontzeptu erraz ulertzea eskatzen duen pentsamendu edo ideia abstraktuak ahoz adieraztea ere ez.
k) Subjektu bakoitzaren beste berezitasun batzuk. Haur hauek bere familiaren, kulturaren, ingurumenaren araberako eta beren idiosinkrasia pertsonalaren araberako berezitasun propioak dituzte. Hau da, aldagai horien guztien interakzioak subjektu bakoitza pertsona bakarra bihurtzen du. Horregatik, haur lotsatiak eta irekiak aurki ditzakegu, ziurrak eta ziurtasunik gabeak, isolatuak eta lagunkoiak eta abar. Subjektu bakoitzak bere ebaluazio pertsonala behar du heziketa pautak bere ezaugarri pertsonalei egokitu ahal izateko.
3. Eztabaida ohikoenak
3.1. Identifikazioa eta ebaluazio goiztiarra
Beharrezkoa al da identifikazioa eta ebaluazio goiztiarra ala hobe da beranduagorako uztea?
Hori da sortzen den kezketako bat: noiz identifikatu, ebaluatu edo diagnostikatu behar dira talentu aparteko haurrak? Printzipioz ez dago adin idealik, identifikazioak eta ebaluazioak eboluziozkoa izan behar du; hau da, eduki kognitiboak hartzerakoan eboluzio aldaketa nabarmenak egiten dituen adin tarteetan edo eskolako heziketa ziklo desberdinetan identifikatu eta ebaluatu behar da.
Nork egin behar du identifikazioa edo diagnostikoa? Horretan ere ez dago adostasunik, baina dudarik gabe, gurasoak dira garapena goiztiarra dela ohartzen diren lehenak. Ondoren, eskolan ere ikusten da gaitasun handiagoa dutela, hausturarik gabe ikasten dutela edo beste haurrek baino azkarrago ikasten dutela. Komenigarria da haur horien portaera eta ikasketa prozesua sistematikoki erregistratzea, hala nola gaitasun kognitiboen, eta harreman sozialen eta pertsonalen gaitasunen ebaluazio espezifikoak egitea. Azterketa horien helburua haurren integrazioa lortzea izango da, eta ez adimenari soilik begiratzea. Horregatik, ebaluazio horiek egiten ohitua dagoen eta talentu apartekotasunari buruzko ezagutza duen profesionala behar da. Dena dela, adimenak pentsakera formalaren garapena lortu arte, hau da, gutxi gorabehera 11-12 urtera arte, ez da komeni talentu aparteko etiketa jartzea haurrari. Hortaz, adin hori da haur bat talentu aparteko bezala identifikatzeko egokiena.
3.2. Ebaluazioaren helburuak
Ebaluazioaren helburuak, orduan, hauek dira: garapen goiztiarra edota gaitasun handiagoak goiz identifikatzea, eta haurraren ezagutza integrala aztertzea adimenaren garapena subjektuaren nortasun globalean kokatzeko. Ebaluazioaren zeregin garrantzitsuena haurrari bere bizitzako alderdi guztietan behar dituen estimuluak ematea da, batez ere defizitarioak diren alderdietan. Era berean, zeregin garrantzitsua da laguntza eta euskarriak eskaintzea bere burua beldurrik gabe onar dezan, bere kezka eta interesen inguruko galderak egitera ausart dadin eta besteekin erlazionatzen ikas dezan, batez ere desberdinagoak direnekin.
3.3. Adimena eta errendimendua
Nahiz eta ez hala uste izan, talentu aparteko haurrek ez dituzte beti emaitza akademiko bikainak lortzen, ezta onak ere. Batzuk azterketak edo probak ez dituzte gainditzen edo emaitza kaskarrak lortzen dituzte. Portaera horiek esplikatzen dituzten arrazoien artean zera dago: besteen gainetik jartzeko eta desberdina izateko beldurra. Ondorioz, ez dute beren gaitasun mailaren arabera erantzuten. Batzuek nahiago izaten duten zailtasunak dituen haur bat bezala pasatzea "talentu aparteko" deitzea baino, "talentu aparteko" izateak bere lagunen artean sortzen duen errezeloa, konfidantza eza eta mesprezua ikusten baitituzte. Errefusatua izateko beldurrak eraginda, ez dute nahi izaten beren errendimendua besteena baino handiagoa izaterik. Bestalde, lehenengo ikasturteetan aspertu egin badira, eskola zerbait monotonoa, interesik gabea eta pizgarririk gabea bihurtzen da. Egoera horretan enbarazu egiten dute eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta horrek beren errendimenduan eta ikasketetan eragin negatiboa du.
Beste zenbait kasutan besteek beraiengandik asko espero dutela konturatzen dira, eta gehiegizko eskakizun horri ez diote erantzun nahi izaten. Horregatik errefusatzen dute ikastea eta emaitza akademiko onak lortzea, batzuetan emaitza txarrak ateratzera iristen direlarik. Besteen antzekoa sentitzeko modu hoberena hori dela uste dute, eta gurasoengan beste interes bat sortzeko modua dela ere bai, hau da, lehengo erantzun orijinal eta helduek sortzen zuten interesetatik desberdina den beste interes bat.
Talentu aparteko haur batek ez ikasteko izan ditzakeen arrazoiak asko dira, baina ohikoenak zerikusi zuzena dute besteek talentu apartekotasunari buruz duten irudiarekin, eta ondorioz, horrek duen onarpen sozialarekin.
Arrazoi horien eta beste batzuen ondorioz, hasieran altua zen ikasteko motibazioa galdu egiten da, eta eskola leku desatsegina bihur daiteke ikasketa eta errendimendu arazoak direla-eta.
3.4. Adimena eta nortasuna, soziabilitatea eta autokontzeptua
Lehen esan dugunez, ez dago talentu aparteko haurren profil bakarrik eta homogeneorik. Are gehiago, haur horien artean desberdintasun handiak daudela esan genezake, eta beraien artean alde handiak daudela, batez ere nortasunaren, soziabilitatearen eta autokontzeptuaren garapenari dagokionez.
Familiako eta eskolako testuinguruaren eragina klabea da bere balioen eta puntu indartsu eta ahulen integrazio hobea edo okerragoa lortzeko. Talentu apartekotasunaren mesedetan beren seme-alaben haurtzaroa sakrifikatzeko prest dauden familiak badaude. Hori dela eta, seme-alabak adin bereko beste haurrengandik bereiztea erabakitzen dute, edo zentro berezietara eramatea, eta uneoro eta beste ezeren gainetik ikasketetan errendimendu altua eskatzen diete. Guraso horietako batzuentzat bere seme edo alaba erakusgai den garaikurra da, eta familiakoei zein lagunei bere errendimenduaren edo ezagutzen gaineko anekdota ikusgarriak kontatzen aritzen da beti. Horrek askotan haurra gogaitu eta atsekabetu egiten du. "Altzariz ongi hornitutako" buru edo gizaki pentsalari bezala bakarrik kontsideratzen dira, ez beste ezer gehiago. Beste guraso batzuek ez dute entzun ere egin nahi beren semea edo alaba talentu apartekoa denik. Hala izango ez balira bezala jokaten dute beraiekin; ez diete beren kezkei, ardurei eta interesei erantzunik ematen, ez eta beren garapen orekaturako beharrezkoak dituzten estimulurik ere. Eskolan ere desberdinak sentitzen dira, behatuak. Batzuetan gainontzekoek iseka egiten diete, eta beste batzuetan miretsiak izaten dira, hori ere desio ez dutelarik.
Zenbaitetan hezitzaileek ez dakite nola jokatu; beren gaitasunak direla-eta tratamendu desberdina eman, edota "normalak" izan daitezen saiatu erreferentzia taldetik ez diskriminatzeko. Haur horien galderak gogaikarriak eta nekagarriak izaten dira irakaslearentzat, bai galdera zehatz bat espero ez dutelako, eta bai erantzunik ez dakitelako. Hezitzaileak adimen zailtasunak, adimen urria eta ikasteko zailtasunak dituzten haurrei arreta berezia jartzeko prestatzen dira. Bizkitartean, talentu aparteko haurren aurrean ezagutza nahikorik gabe, jokatzeko estrategiarik gabe eta gelan sortzen diren egoerei erantzun egokirik eman ezinean gelditzen dira.
Adimenaren garapena eta garapen emozionala eta nortasunarena ez doaz beti batera. Horrek, lehen esan bezala, sufrimendu psikikoa sortzen du bere heldutasun emozionala gainditzen duten arazoei aurre egiterakoan. Horregatik sentitzen dira desberdinak eta ez-ulertuak, horregatik izaten dute galdetzeko, bereizteko eta beraiengandik espero denaren maila ez emateko beldurra.
Arrazoi horiek, beste batzuekin batera, haur horien nortasuna ahuldu eta mindu egiten dute. Ez da zaila haur horietako batzuengan arazo psikopatologikoak aurkitzea eta momenturen batean tratamendu terapeutikoa behar izatea. Nahiz eta beraiengandik asko espero, ez daukate autokontzeptu altua eta eta soziabilitate arazoak sarritan izaten dituzte. Bakarrik daudenean besteekin daudenean baino arazo gutxiago dutela ohartzen dira, eta ondorioz, isolatzeko joera sarritan antzematen zaie.
4. Heziketa berezia behar dute
Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen haur horiek heziketa berezia behar dutela. Hau da, moldaketa kurrikular espezifikoak dituen arreta berezia behar dute eskolan. Hala ere, irakasleek eta gurasoek hainbat jarrera landu eta aldatu behar dituzte aniztasunari eta integrazioari ez diotelako mesederik egiten. Jarraian aipatzen diren jarrerak dira landu eta aldatu beharreko horiek:
4.1. Irakasleen jarrera
- Haur hauei dieten errezeloa eta beldurra. Ez dakite nola erantzungo duten.
- Haur horien inguruan dauden aurreiritziak eta estereotipoak, bai beren portaerei buruz eta bai beren errendimenduari buruz.
- Haur desberdinak, azkarrak, adimentsuak edo talentu apartekoak bezala identifikatzeko beldurra. Etiketaren errefusatzea. Alabaina, diagnostikoak ez du errealitatea sortzen, errealitate horren izen bat edo ezagutza bat baino ez du ematen.
- Gai honetarako formakuntzarik ez dago, eta ezezagunak beldurra eta errefusatzea dakar.
- Gaia lantzeko programa espezifikorik ezak heziketa ezintasuna sortzen du, baldin eta identifikazio goiztiarra badago.
- Laguntza instituzionalik ez dagoenaren sentimendua. Gelan oso azkarra den haurra antzematen bada, instituzioek diagonostiko eta interbentzio lana atzeratu egiten dute.
- Haurraren errendimenduaren aurrean gurasoek egiten duten presioa dela-eta, irakaslea egoera zailean aurkitzen da; alde batetik haurraren integrazioa bideratu behar du maila guztietan, eta bestetik gurasoen presioa jasotzen du gelako eta gelaz kanpoko programak azkartu daitezen eskatuz.
- Normalean errealitatea onartzeko jarrera izaten dute, informazioa eskatzen dute eta haur horientzako estrategiak ezartzeko aldez aurretiko jarrera ona izaten dute. Hori izaten da jarrera ohikoena, nahiz eta hasieran nahasmena sortu. Hezitzaileek interes berezia dute adimenaren garapenaren eta nortasunaren garapenaren arteko oreka bultzatzeko maila guztietan.
4.2. Gurasoen jarrerak
- Talentu aparteko haurren gurasoen jarrera eredurik ere ez dago, jarrerak familia bakoitzaren araberakoak izan ohi dira. Hala ere, ohikoenak hauek dira:
- Talentu apartekoak direla ahazten dute eta ez diote garrantzirik ematen.
- Semearen edo alabaren gaitasunez hitz egiten diete denei eta "erakusgai" bezala erabiltzen dute.
- Arlo guztietan batez bestekoaren gainetik dagoen errendimendu akademikoa eskatzen diete.
- Irakasleei eta instituzioei arreta berezia eskatzen diete, adituek beharrezkoa eta egokia dela uste dutena baino gehiago.
- Adimenaren eta nortasunaren garapenaren arteko desoreka bultzatzen dute.
- Arazoaren aurrean bakarrik sentitzen dira eta ulertzen ez dieten sentimendu mingarria sortzen zaie. Hori haurrari transmititzen diete.
- Fustrazio sentimendua sortzen zaie talentu aparteko seme edo alabak errendimendu baxuak edo nortasun arazoak baldin baditu. Kasu horietan, arazoa kanpoko eraginei egotzi ohi diete.
- Beste seme-alabenganako arretan gutxitu egiten dute positiboki edo negatiboki konparatzen dituztelarik.
- Bikoteak ikuspuntu desberdina eduki dezake, eta egoerari aurre egiterakoan beraien arteko harremanean zailtasunak sortzen dira.
Talentu aparteko haurrei buruzko puntu gatazkatsuenak aipatu ditugu, eta seguraski ohartuko ginen uste baino gutxiago dakigula gai honi buruz, eskatzen duen errespetuari buruz, eta haur horiek behar duten laguntzari buruz. Zalantzarik gabe, gurasoak eta irakasleak batzuetan bakarrik sentitzen dira euren heziketa eginkizunean. Baina benetan bakarrik sentitzen direnak haurrak beraiek dira. Hausnarketa hauek beraiengana errespetu gehiagorekin, beldur gutxiagorekin eta ulermen gehiagorekin hurbil gaitezen laguntzea espero dut. Hori da benetan behar dutena.
BIBLIOGRAFIA
- Araceda, A. y Sastre, S. (1998) La superdotación. Madrid. SÃntesis.
- Benito, Y. (1992) Desarrollo y educación del superdotado. Salamanca. Amarú.
- Berché, J. (1999) La superdotación infantil: del mito a la realidad. Barcelona. ISEP.
- Ellis, J. Y Willinsky, J. (1999) Niñas, mujeres y superdotación: un desafÃo a la discriminación educativa de las mujeres. Madrid. Narcea.
- Freedman, J. (1988) Los niños superdotados: aspectos psicológicos y pedagógicos. Madrid. Santillana.
- Geenovart, C y Castelló, A. (1993) El lÃmite superior. Aspecto psicopedagógicos de la excepcionalidad intelectual. Madrid. Pirámide.
- Genovart, C. (1982) Consejo y Orientación psicológica. Madrid. UNED.
- Mayor, J. (1988) Manual de Educación Especial. Madrid. Anaya.
- Monereo, C. (1987) Ãreas de intervención del psicólogo de la educación en la integración escolar del alumno con necesidades especiales. Barcelona. ECOM.
- Pérez, L. (1993) 10 palabras clave en Superdotados. Estella. (Navarra). Verbo Divino.
- Reyero, M. y Tourón, J. (2000) En torno al concepto de superdotación: evolución de un paradigna. Revista española de pedagogÃa. 212, 7-38.
- Secadas, F. (1998) Escolares superdotados. Revista de psicologÃa 2, 117-132.
- Torrance, E.P. (1977) Educación y capacidad creativa. Madrid. Marova.
- Tourón, J., Peralta, F. y Repáraz, Ch. (1998) La aceleración como estrategia educativa para alumnos de alta capacidad académica: concepto, modalidades y evaluación de resultados. Revista española de pedagogÃa, 203, 5-39.
- Tourón, J., Repáraz, Ch. y Peralta, F. (1998) La superdotación intelectual: modelos, identificación y estrategias educativas. Pamplona. Ciencias de Educación. EUNSA.
- Vallace, W. (1988) La educación de los niños más capaces. Madrid. Visor.
- Verhararen, P.R. (1991) Educación de alumnos superdotados. Madrid. MEC.