Aldizkari elektronikoarren prestaketa

2001-07-01

Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) garapena aldaketa berri eta sakonak ekartzen ari da gure gizartera. Etorkizunari begira, gaur egun zaila da noraino helduko diren jakitea, baina argi dago irakaskuntzak birmoldatu egin behar duela eta IKTak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan sartu behar ditugula eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuz

 
 

Beste aldetik, komunikabideak gero eta garrantzitsuagoak dira gure gizartean. Horregatik, gure ikasleek nola funtzionatzen duten ezagutzea derrigorrezkoa dela uste dut.

Baina, zein dira baliabide berri horiek eskaintzen dituzten aukerak?
Teknologia horiek ahalmen didaktiko handia dute, batez ere informazioa prozesatu eta sortzeko. Eta jakina, esparru horretan kokatzen da ikastetxeetan eskola aldizkari elektronikoak martxan jartzea.
Dena dela, hasieran behintzat, aldizkari elektronikoa aurrera eramateko nolabaiteko prestakuntza behar da, eta irakasleek izan behar dute, azken finean, proiektu horretako gidariak.
Testuinguru horretan kokatzen da Hik Hasik antolatu duen Udako Topaketa Pedagogikoetako “Aldizkari elektronikoaren prestaketa” ikastaroa; hau da, IKTak erabiliz informazioa eskuratu, prozesatu eta elkartrukatzeko baliabideez jabetzea.
Eskola aldizkari elektronikoaren ezaugarriak hauexek izan litezke: irakurterraza eta atsegina, estilo arinekoa eta zuzena, bai hurbilean bai urrutian sortzen ari den euren gustuko informazioa ezagutzeko eta trukatzeko aukera ematen duena, eta posta elektronikoaz baliatuz beste ikastetxeetako ikasleekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen duena.
Ikasleak oso gustura erabiltzen dituzte Teknologia Berriak, tresna berri horiekin testuen egitura, ortografia eta sintaxia paperean baino askoz erakargarriagoak eta dibertigarriagoak iruditzen zaizkielako.

Aldizkari elektronikoaren helburuak:

- Tokian tokiko eskola aldizkari elektronikoa sortzea.
- Hainbat tokitan dauden ikasleen artean gauzatzea.
- Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua bizkortzea eta motibazioa eragitea.
- Lan taldeak egitera bultzatzea.
- Hizkuntza (irakurketa-idazketa) sakontzea.
- Plastika eta ikus hezkuntzari dagokienez, diseinu programek (Paint....) eskaintzen dituzten adierazpen aukerez jabetzea.
- Informazioa bilatu, aukeratu eta antolatzea.
- Ikasleei interesatzen zaizkien gaiak lantzea (prozesu honetan protagonistak sentitzen direnez oso motibagarria izaten da).
- Ikuspuntu praktikoari eta kritikoari eustea.
- Irakasleok elkarlanaren beharraz jabetzea.
Bestalde, aldizkari elektronikoa prestatzean ikasleek talde lanak elkartasun izpirituz eta erantzukizunez antolatu behar dituzte.
“Aldizkari elektronikoaren prestaketa” ikastaroan metodologia hau erabiliko dugu:
- Interneten dauden eskola aldizkari batzuk ezagutzea eta aztertzea.
- Aldizkari elektronikoa (pausoz pauso) nola egiten den jabetzea.
- Parte hartuko duten ikasleek fase guztietan modu praktikoan jokatzea.
- Komunikabide honek eskaintzen dituen aukerez eztabaidatzea.
- Eta, azkenik, datorren ikasturterako ikastetxeetan aldizkari elektronikoak sortzen saiatzea eta koordinaketa antolatzea.