Heziketa fisikoko irakasleen txokoa

2001-07-01
 
 

> Kirol hezitzailearen

bila
ZULAIKA, Luix Mari. Psikologian doktorea
Ordiziako Oianguren-Urdaneta Institutuko irakaslea

Maiz entzun izan dugu haurrarentzat kirola egitea oso ona dela, abantaila eta ondorio onuragarri ugari ekartzen baitizkio. Lelo hau kontuan hartuta, gero eta guraso, monitore eta irakasle gehiago saiatzen dira gure haur eta gazteak kirol jardueretara bultzatzen. Baina, kirol jarduera beti eta edozein egoeratan al da positiboa haurraren garapenerako? Egiten diren kirol jarduera guztiak al dira hezitzaileak? Uste dut gai honen inguruko eztabaida eta gogoetari heltzeko garaia iritsia dela.

Hasteko, arestian aipaturikoarekin lotuz, jarduera fisikoak ekar ditzakeen onurak era laburrean azaldu nahi nituzke.

Arlo fisiologikoan : defentsak indartu organismoaren bizitza kalitatea hobetuz eta luzatuz; lokomozio aparatua sendotu, bai giharrak, bai eta hezurrak ere; hazkuntza kartilagoak suspertu; bihotz eta biriken gaitasuna areagotu, odolaren oxigenazioa hobetu, zirkulazio hodiak handitu eta bigundu; gehiegizko gantzak xahutu; nerbio sistema landu koordinazio eta trebetasunak garatuz...
Arlo psikikoan : burmuineko nerbio egituren eta psikomotrizitatearen garapena; funtzio mentalen hobekuntza, hots, adimena, mintzaira eta afektibitatea; zentzumenen gaitasun hartzaileak eta erabakiak prozesatzeko gaitasuna bizkortu; lankidetza jorratu giza harremanak eta elkarren arteko errespetua landuz, sozializazio eta integraziorako lagungarri; agresibitate, antsietate, tentsio eta estresa gutxitu oreka emozionalerantz lagunduz; autokontrolatzen eta norbere irudia eta autoestimua hobetzen lagundu; arauak eta emaitzak onartzen erakutsi, helburu bat lortzearren saiatu eta lan eginaz.
Beraz, ez da makala kirolari esker eskura daitezkeen ondorio, balio eta ontasunen zerrenda.
Aipatu den eran, ondorio horiek egoera guztietan jasotzen ote diren aztertu nahi da. Hau da, kirol jarduera edozein izanik ere, ea beti, baldintza eta testuinguru guztietan, ontasun horiek eskuratzen ote diren.
Horretarako, lehenik eta behin, kirol jarduera guztiak berdinak ote diren baloratu beharko dugu, hau da, antolaketa guztiek xede bera ote duten. Denok kirolaz kontzeptu edo ikuspegi bera ote dugun, alegia.
Manikeistak izateko asmorik ez badugu ere, azaleko analisi batetik bere helburua sailkapen irizpidetzat hartuz, kirola bi ikuspegitan bereiztu ohi dugu:
Lehiakorra , ikuskizunekoa edo goi-mailakoa: nola edo hala garaipena lortzea da helburua, eta horrek gainontzeko guztia baldintzatzen du. Gaitasun maila onekoek bakarrik har dezakete parte. Emaitzak, errendimendua, izarren goraipamena, ikuskizuna, interes komertzial eta ekonomikoen inguruan antolatzen da.
Herritarra , hezitzailea edo aisialdikoa: helburu ludikoa du, disfrutatzea, ondo pasatzea; eguneroko kezkak baztertuz bizi-kalitatea hobetzea, finean. Guztiontzat irekia dago. Osasuna eta lagunarteko giroa berezko ezaugarriak ditu.
Eskola kirola eta, oro har, haurtzaroan buruturiko kirol jarduerak bigarren multzoko ikuspegian kokatu beharko genituzke. Adin honetan gauzaturiko kirol jardueren helburua haurren osoko garapena eta beren nortasun eta izaeraren eraketan laguntzea izan behar luke.
Errealitatean ordea, zenbait kasutan, goi mailako kirol lehiakorrean dugun ikuspegia bere horretan haurren kiroleko jardueretara transferitzen dugu, erabateko mimetismoz, inolako egokitzapenik gabe. Ondorioz, ezin daiteke esan jarduera horien eragina hezitzailea edo adinari egokiturikoa denik.
Pedagogiaren ikuspegi edo irizpidetik haurraren formaziorako desegokiak diren ezaugarrien artean, kirolean inoiz ondorengoak aurki daitezke: gehiegizko lehiakortasuna edo konpetibitatea, ingurunearen gehiegizko presioa, helburu desegokiak, konparaketa soziala, espezializazio goiztiarra eta hautapenerako irizpide zorrotzegiak.
Esandakoak esan ondoren, kirol hezitzaileak behar lituzkeen ezaugarriak zerrendatuko ditugu ikastaroan. Kirol jardueran parte hartzen dugun gizatalde guztiok (guraso, entrenatzaile, irakasle, komunikabide, antolatzaile eta abarrok) kirol jarduera hezitzaileago bihurtzen saiatu behar dugu.
Gauzak horrela, beraz, denon laguntzari esker eskola kirola hezitzaileagoa bihurtuko genuke. Uste dugu helburuak merezi duela. Ekin diezaiogun, bada.

Natur ekintzak

LARRAÑAGA, Luis, “PIZTI”. Tuterako Argia ikastolan Heziketa Fisikoko espezialista

Azkeneko hamarkada hauetan gizartean aldaketa handiak gertatu dira (lan ordu kopuru gutxiago, eskoletan ordutegi trinkoa, langabezia, poltsikoan diru gehiago, ama eta aita etxetik kanpo biak lanean...). Denboraren pertzepzio berria sortu da eta gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da aisialdia eta denbora librearen hezkuntza.

Arrazoi askorengatik proiektu kurrikular askotan errealitate hori ez da islatzen, eta hortik dator natur ekintzen inguruko eskaintza. Guk jorratzen dugun arloa ez da zerbait itxia eta mugi ezina, gure materialak eta ekintzak diseinatzeko aukera dugu.

Ia denok kritikatu izan dugu guk bizi izan genuen heziketa fisikoko eskolako esperientzia. Beraz, ez da aukera txarra gure ikasleei gaur egungo gizartean bizitzen egokitzeko eta mugimenduzko gaitasunak hobetu eta aberasteko denbora librea nola bete erakusten badiegu. Honela, denbora librea era osasuntsuan betetzeko aukera izango dute.
Inguru naturalean landuko ditugun jarduera hauek izaera irekia izango dute. Horien bitartez estereotipo ezagunei ez diegu lekurik utziko. Ekintza horietan ezusteko handiak izango ditugu, ez baitira beti mutilak izango trebeenak. Gehienetan ikasle guztiek hasierako maila antzekoa dute. Ez da horrela suertatzen beste kirol batzuetan (futbolean, saski-baloian...). Ikaslea ez dago duen trebetasun mailarengatik parte hartzera baldintzatuta, eta beraz, ikasleen partaidetza ziurtatuta dago.
Inguru naturala eremu egokienetakoa da guk bultzatzea nahi dugun hezkuntza osoa eta integrala garatzeko. Gorputzaren kontrola hainbat jarduera eta ingurutan lortzeak beraien garapenean hobekuntza ekarriko du. Ikasleak abentura bila abiatzen dira, lau hormen artean eta egun osoan eserita egotetik eremu zabaletara ateratzen dira, beraien ikusmena eta barne egoerak lasaitzen direlarik. Gai eta inguru berriak ezagutzea, arriskua dagoen momentuak bizitzea eta antzeko esperientziak oso erakargarriak suertatzen zaizkie.
Autonomia eta lankidetza garatzeko jarduera ezin hobeak direla probatzeko aukera eta beharra izango dute ikasleek. Batzuetan lagunaren segurtasuna bere eskuetan egongo da, eta berea lagunaren eskuetan (eskaladan); bestetan norberaren erabakiak era zuzenean izango du eragina (orientazioan galtzeko arriskua, okerreko erabakia hartuz gero) edo taldean adostu beharko dute zein den erabaki hoberena.
Era teorikoan planteamendu hau guztiontzat erakargarria da, baina antolaketaren aldetik arazoak ekartzen dizkigu. Ikastetxetik atera beharra egoten da, garraioa antolatu eta, kasu askotan, ordutegia egokitu beharra. Horrekin batera prestakuntzan ez gara oso eroso sentitzen. Horregatik, albo batera gelditzen dira teorian hain politak iruditzen zaizkigun jarduerak. Baina arazo guztien gainetik, jarduerak eskaintzea oso aberasgarria da, ikasleen motibazioa hasi aurretik lortzen baita, eta hori abiapuntu hobezina da.
Topaketa hauen helburua prestakuntzan dauden oinarrizko hutsuneak bete eta arazoen gainetik irakasleria jarduerak eskaintzera animatzea da. Lau unitate didaktikoren garapena ikusteko eta eztabaidaren bitartez gure zalantzak argitzeko aukera izango dugu.
Natur ekintza jardueren artean zer irakats dezakegu? Aukera oso zabala da, eta zerrenda honetan horietako batzuk agertzen dira:orientazioa, ibilaldiak, kanpaldiak, mendizaletasuna, espeleologia, eskalada, mendiko txirrindularitza/ zikloturismoa, eskia, piraguismoa, bela, hainbat jardueren arteko nahasketak...
Topaketa hauetan lau jarduera zehatzetan zentratuko gara, landutako unitate didaktiko hauen azalpena ikusiko dugularik: piraguismoa, mendiko txirrindularitza, eskalada eta orientazioa. Guztion ekarpenekin ziur topaketa interesgarriak suertatuko direla. Ikusi arte!

Herri kirolak hezkuntzan

CANO, Leire. Heziketa Fisikoan espezializatutako Irakasle Eskolako ikaslea

“HERRI KIROLAK lantzeko fitxa didaktikoak” lanaren egilea
GARCIA, Onintza. Heziketa Fisikoan espezializatutako Irakasle Eskolako ikaslea
“HERRI KIROLAK lantzeko fitxa didaktikoak” lanaren egilea

Ikastaro honetan herri kirolen historia, garapena eta gaur egungo egoera ikusiko ditugu hasieran. Ondoren, bi atal jorratuko ditugu, teorikoa eta praktikoa.

Hasieran, atal teorikoan, herri kirolen historia jorratuko dugu, jatorritik izan duen garapena gaur egungo egoera arte.

Ondoren beste hainbat arlo landuko ditugu, hala nola, materiala, arauak, teknikak... Betiere hezkuntzarekin erlazionatuz eta egokituz, eta kutsu praktiko eta erabilgarria ematen saiatuko gara. Garrantzi handia emango zaio parte-hartze aktiboari, ikastaro honetara etortzen diren guztiek hainbat ekintzetan parte hartuko dutelarik.
Azkenik, atal praktikoa garatuko dugu gimnasioan eta beraz, parte-hartzaileek arropa erosoa ekar dezaten komeni da. Hainbat jolas proposatuko ditugu, aurretik ikusitakoa praktikan jarriz.
Baliabideei dagokionez, saiatuko gara gaur egungo teknologia berriak erabiltzen (ikus-entzunezkoak), eguneroko jardunerako erabilgarriak eta baliagarriak izan daitezkeela frogatuz. Bestalde, ahalik eta material ugariena eta anitzena biltzen saiatuko gara, herri kirolak hezkuntzara egokitzeko beharrezkoak direnak.