Plis-plast(h)ik(h)asi... Plastika, hizkuntza eta dramatizazioa uztartuz

2001-07-01

Jakina da antzerki saio bat antolatzea zer erakargarria izan daitekeen ikasleentzat, zer interesgarria hizkuntza arloan ahozkotasuna lantzeko eta zer onuragarria aniztasuna eta elkarlana bultzatzeko...

 
 

> Bai, baina...

Jakin badakigu hiruzpalau arlo ukitu eta landu beharko ditugula ere- Hizkuntza, Dramatizazioa, Plastika eta ziurrenik Musika-, eta hori ez dela “ahuntzaren gauerdiko eztula”. Baita, askotan hau ikusita atzeraka egiten dugula lehenengo pausoa ez luzatzeagatik, nahiz eta jakin bidaiarik luzeena ere urrats bat emanez hasten dela.

Goazemazu

Nonbaitetik hasi behar, eta goazen bada aldez aurretik landu den testu dramatiko hori edo antzezteko egokitu den ipuina kolorez eta formaz hornitzera.
Hala ere, aurretik komenigarria litzateke aipatu testua edo ipuina aukeratzerakoan irakaslea eta ikasleak elkarlanean aritzea ahal den aukerarik onena eta egokiena izan dadin. Antzezleen adina, nahiak... eta baita ikusleak izango direnenenak kontuan hartuko ditugu. Horrez gain, testuak ematen dizkigun dramatizaziorako aukerak eta alderdi plastikoak lantzeko aukerak ere gogoan izango ditugu.

Marraztu

Ikastaroan zehar alderdi plastikoari arreta berezia eskainiko diogu. Arkatza hartu eta marrazten hasiko gara. Pertsonaiak nolakoak izango diren, zer itxura, nolako janzkera... Denon ideiak onartuz eta erabakiak guztion artean hartu ondoren aurrenengo zirriborroak egin eta eskuak lapikoan sartuko ditugu.
Forma ematen (modelatu)
Hainbat teknika erabiliko ditugu marraztutakoari forma eta bolumena emateko: paper-matxea, paper-pasta, goma-espuma... Horiek nola egin eta eskaintzen dizkiguten aukerak arakatuko ditugu. Emaitzak alderatu eta pertsonaia bakoitzarentzat egokiena litzatekeena eta antzezlanaren “tonuari” atxikituz, lanari ekingo diogu.

Objektuak diseinatzea

Pertsonaiek erabiliko dituzten tresnak, objektuak diseinatzen arituko gara. Batzuetan lor ditzakegunak lortuz, eta besteetan objektuak eraldatuz edo erabilpen sinbolikoa eginaz beraiekin. Lortu ezin ditugunak eraikitzen ahaleginduko gara, betiere objektuak bai pertsonaiarekin eta bai dekoratuekin lotuz.

Eta non? (eszenografia)

Ekintzak beti nonbait gertatzen dira, eta non hori ere era sinbolikoan edo errealean adieraz dezakegu dekoratuen bidez. Hauek egiteko hainbat modu eta material behatu, marraztu, moztu, itsatsi, margotu... beharko ditugu.

Baina nola? (Atrezzoa)

Eskolak eskaintzen dizkigun aukerak, baliabideak, materialak erabiliko ditugu hein handi batean, baina seguruenik ez da nahikoa izango eta ikasleak inplikatu beharko ditugu materialak biltzen, erropak lortzen... behar dugun guztia eskuratzeko. Hala ere, proiektua bideratzeko, erabili behar ditugun materialak eskuragarriak izan daitezen saiatuko gara.

Antzoki bila

Espazio eszenikoa behar dugu egindako lana erakusteko, zeren hainbeste lan hartu ondoren inork ez ikusteko! Bada egia esan... xedea jendaurrean erakustea da.
Eskoletan leku aproposik dugunik ere ezin esan, orokorrean. Bada, hau ere diseinatu egingo dugu beharrak ezagutuz: mugikorra behar duela, jasotzeko erraza, leku txikian bildu daitekeena eta abar. Eskuaira eta kartaboia hartu, metroa, planoak egin eta errementaria den guraso edo lagunen bat badugu, ezin hobe, berarengana joko baitugu.

Hau al da dena? (espazioa, mugimendua, koreografia...)

Badugu testua, pertsonaiak karakterizatuta, dekoratuak margotuta, antzokia... falta zaiguna taularatzea da. Entsaioak egin, testua dramatizatu, eszenatokian nola mugitu, espazio eszenikoa nola erabili... azken finean, ikuskizuna eratu gorputz adierazpenetik hasi eta mugimendu koralak sortu arte. Hori ere denon artean erabakiak hartuz (ikasle-irakasleak), ideiak trukatuz eta parte-hartzea bultzatuz egingo dugu.
Eta hala bada edo ez bada...