Haur jolasen abestiak III

2002-06-01
1996an hasitako lanari jarraituz, hemen aurkezten dizuegu "Haur-jolasen abestiak III", haur-jolasen inguruan burutzen ari garen bildumaren hirugarren zatia.

Kasu honetan, haur txikientzako jolasak aukeratu ditugu alde batetik, eta talde jolasak bestetik.

Jolasen abesti dezente asmatu egin ditugu euskarazko bertsiorik ez zutelako eta aproposak iruditu zaizkigulako.
 
 
Itsasertzeko herri txiki batean, haurrak, pailazoak eta amona jolasten ari dira. Pirata zahar bat agertuko da eta haurrak eta pailazoak hain jolasti, bihurri eta jatorrak direla ohartzean, beraiekin bizitzen geratzea erabakiko du.



1) SARRERA

Amona : "Itsasertzeko herri txiki batean, kaioak hegan dabiltzala, itsas olatuen zurrumurrua lagun dutela, haurrak eta pailazoak jolasten ari dira kai ondoko plazan."

Itsas giroa: olatuen zarata, kaioen kanta...).



2) ITSASOKO OLATUEK

Itsasoko olatuek kulunkatzen gaituzte,

txipli-txapla eraginez, jolastu nahi baitute.

Alde batera eta bestera,

behetik gora, beti aurrera!



Olatuen sokasaltoan aritzeko aproposa da.



(Baloi boteak gerturatzen entzuten dira)

Pirritx : Bota ezazu baloia, orain niri tokatzen zait.

Porrotx : Tori, Pirritx!

Pirritx : Ui, ui, ui! Burura bota didazu.

Porrotx : Ju, ju, ju! A ze punteria txarra!



3) BOTE, BOTE, BOTEAN

Bote, bote, botean,

bote hanka artean,

gero beste aldean,

segidan aurrean,

ondoren atzean,

hurrena ezkerrean,

baita ere eskuinean,

eta azkenik, airean!

Pilota edo baloi bat hartu eta abestiaren erritmoan boteak ematen hasi. Abesten ari diren bitartean kantak dioena egin



Maialen : Orain ni.

Asier : Ez. Niri tokatzen zait.

Pirritx : Utz ezazue baloia eta bakarkako jolasa. Zergatik ez gara denok batera jolasten? Ea, bada, jar gaitezen ilaran aurrekoari gerritik helduz.

Porrotx : Sugea osatuko dugu. Anakondaren modura biribilduko gara.

Beñat : Gu oso txikiak gara eta beti zapaldu egiten gaituzue.

Olaia : "Apatxurratuta" bukatzen dugu.

Pirritx : Hara non datorren amona Josefina. A ze pagotxa, berarekin jolastuko zarete!

Amona : Zatozte, zatozte nirekin, maiteak.

Beñat eta Olaia : Amona, amona! (deika).



4) ANAKONDA

Anakonda suge bat da,

biltzen dena mantso-mantso.

Harekin bilduz gero,

bihurtzen gara ero-ero.



Denak ilaran jartzen dira bata bestearen atzean gerritik edo sobaldatik aurrekoari helduta. Lehenengoa biribila egiten hasten da, gero eta biribil txikiagoa osatuz. Bukaera gehiago biribildu ezin dutenean izango da. Bestela, berriro biribila handitzen hasi eta hasierako egoerara itzultzen direnean buka daiteke.



Amona : Peru txikitxo, eser zaitez nire magalean.

Olaia : Eta ni, non?

Amona : Zu ere magalean, Amaia, baina Perurekin bukatutakoan.



5) XANGO MANGO

Xango-mango,

haur hau nongo?

Ona bada, guretzako.

Eta gaiztoa bada,

putzurako, rako, rako, rako!



Helduak haurra izterren gainean jartzen du eta kantaren erritmoan mugitzen du gora eta behera. Putzurako esatean bi besoekin haurra airera jasotzen du eta rako, rako, rako!rekin batera haurra mugitzen du erritmo bizian.



Izaro : Zein suge luze eta biribildua osatu dugun, e!

Mikel : Bai. Zein ongi gabiltzan oporretan.

Oihana : Niretzat abuztua da hilabeterik onena.

Porrotx : Ba nire gusturako udaberria da ederrena. Loreak hegan, tximeletak igeri, amuarrainak zelaian...

Pirritx : Aizu! Dena alderantziz esan duzu eta gainera, udaberria ez da hilabetea, e!

Porrotx : Nola ezetz!

Pirritx : Hilabeteak ongi ikasi beharko ditugu. Ea, jar zaitezte denak biribilean eta txalotarako prest, bale?

Denok : Bai, bai, baleeeee...



6) HILABETEENA

Urtarrila lehena, bigarren otsaila,

hirugarren martxoa, gero apirila.

Maiatza, jakin ezazu, da bosgarren hila,

seigarrena ekaina, ondoren uztaila.

Abuztua, guretzat, hilabete ona.

Iraila eta urria, gora udazkena!

Azaroa nola den hamaikagarrena,

azkena abendua: hamabigarrena.



Korroan jarriz, txalotako jolasa da. Bakoitzaren urtebetetzeko hilabetea tokatzen denean makurtu egiten da, txalotan jarraituz. Bi aldiz egiten bada, lehenengoan makurtu eta bigarrenean zutitu .



Amona : Ea, nork egingo dit mandatu bat?

Maialen : Baina, amona, oporretan gaude eta!

Amona : Aizue! Oporretan bazaudete ere, etxeko lanak denon artean egin beharko ditugu, ezta?

Pirritx : Arrazoi duzu amona, baina nor joango da mandatua egitera?

Amona : Orain aukeratuko dugu. Etor zaitezte eta jar dezala bakoitzak hatz bana nire belaunen gainean.

Asier : Ez alde egin, e, Porrotx! Nora zoaz?

Porrotx : Txiza egitera nindoan!

Pirritx : Ba agoantatu pixka bat eta jarri hemen zure hatza, alferrontzi!

Porrotx : Uiiii (txiza eutsiz), bale, bale!



7) TXITXIRRI MITXIRRI

Txitxirri-mitxirri, komuni pan.

Nire semea errotan.

Joan nintzen mendira,

ikusi nuen erbi bat,

bota nion harri bat,

atera nion begi bat.

Zelemiñe kanpan,

zelemiñe kanpan.

Gari, gari, gari, gari... Hau!



Haur batzuk helduaren izterrean euren behatz bana jartzen dute. Gari, gari, gari... esatean erne daude. HAU! esatearekin batera helduak behatzen bat hartzen ahaleginduko da, haurrek azkar erretiratzen dituzten unean. Toki batzutan haurrek euren behatza ahora eramaten dute eta nagusiak ere hartzen duen behatza bere ahoan sartzen du. Beste aldaera bat izan liteke behatza sartu ordez Gari, gari, gari,.. esatearekin batera haurrak iheska hasi eta horietako norbait harrapatzea .



Izaro : Porrotx, zurea hartu du!

Porrotx : Ez du balio. Erraz harrapatu duzu nire hatza, luze-luzea da!

Mikel : Saltxitxa dirudi.

Amona : Izan txintxoa, Porrotx. Joan zaitez dendara eta eros ezazu erratz bat.

Porrotx : Ongi da, amona. Baina ez jolastu ni etorri arte, e!

Pirritx : Lasai, Porrotx! Bitartean zabuan arituko gara.





8) DILIN- DALAN

Dilin-dalan, bihar jaia,

eskolik ez.

Joango gara Tolosara

aitona-amonak I-KUS-TE-RA!



Zabuan ibiltzean kantatzeko .



Porrotx : Badator, badator buruhandia! To buruan! Hartu ipurdian!

Oihana : Ai, ai! Min egiten duzu erratzarekin!

Pirritx : A ze astakirtena! Utz iezadazu erratzaren kirtena. Zuekin, erratz hegalariaaaa!!!

Amona : Kontuz baina erratza puskatzearekin!



9) ERRATZ HEGALARIA

Haurrak korroan,

erratza erdian,

erdikoa biraka,

besteak hegaka.

Salto eta salto,

gira eta bira,

erratzak ukitzen bazaitu,

jokotik kanpo gelditu.



Biribilean jarrita erdian bat jartzen da erratza eskuetan duela. Lurraren paraleloan eta altuera baxuan birak ematen hasten da. Gainontzekoek erratza beren parera datorrenean salto egingo dute. Norbaiti erratzak jotzen dionean kanporatuta geratuko da. Erratzaren ordez soka ere erabil daiteke.



Amona : Erratzarekin ongi jolasten zarete, baina ea baserria garbitzeko ere egoki astintzen duzuen!

Porrotx : Gero, amona. Oraindik gehiago jolastu behar dugu.

Maialen : Hori da. Zer iruditzen zaizue pirata eta lehorreko taldeak osatu eta ezkutaketan aritzen bagara?

Asier : Jar gaitezen biribilean. Zotz egingo dugu.





10) ZOTZ (TXO-KO-LA-TE)

Txo-ko-la-te

Txoko, txoko, txokola.

Txoko, txoko, txokote.

Txokola, txokote,

TXO-KO-LA-TE!



Zotz egiteko erabiltzen da. Denak biribilean jartzen dira eta batek zotz egiten du azkeneko TE esan arte. Lau silaba duen edozein hitz baliagarria da: txo-ri-ma-lo, fut-bo-la-ri... Bost silabakoekin ere egin liteke.



Pirritx : Ni, lehorrekoen kapitaina! Etorri nirekin, Miren, Iker, Julen...

- ZOTZ (TXO-RI-MA-LO)

Porrotx : Eta ni, piraten kapitaina! Ea, ea nori egokitzen zaion ezkutatzea!

- KA-TXI-PO-RRE-TA.

( Porrotxek zotz egingo du )

Porrotx : Hau zortea, ezkutatzera goaz!

Izaro : Zuek bitartean astiro abestu, e!





11) PIRATAK ETA LEHORREKOAK .

Piratak, piratak eta lehorrekoak.

Aurretik, atzetik, bi talde eraturik. (Bis)

Korrika, iheska, ospa azkar hemendik.

Lehorrekoak doaz bizi zuen atzetik. (Bis)



Bi talde osaturik ezkutaketan arituko dira talde batekoek besteko guztiak "harrapatu" arte.



Mikel: Bi ordu pasa dira eta Porrotx ez dugu aurkitzen.

Pirritx: Ezinezkoa da, Iñaki, Maddi... Denak harrapatu ditugu, baina Porrotx... non arraio ezkutatu da alproja hori?

Oihana : Begira, han dator!

Porrotx : Iuju! Gose nintzen eta amonarekin baserrira joan naiz ogitartekoa hartzera!

Maialen : Baina, baina, nola egin dezakezu hori?

Pirritx : Nolako aurpegia daukazun, Porrotx!

Porrotx : Aizue! Baserrira joan izan ez banintz, ez nukeen ikusiko bandera beltza duen itsasontzia.

Asier: Bandera beltza? Piraten bandera?

Izaro : Ba al dago piratarik, Pirritx?

Pirritx : Aspaldi bai, baina orain...

Porrotx : Baietz! Nik ikusi dut. Goazen denok ikustera.





12) PIRATEN ABESTIA

Trata, trata, euskal piratak, ei!

Trata, trata, bandera airean.

Trata, trata, euskal piratak, ei!

Trata, trata, ezpata eskuan.



Zakua bete zilarrez,

kolkoa tope koilarez,

piratak altxorraren bila.

Gu baino ausartagorik,

gu baino handiagorik bada

hona etor dadila.

Denok gara adiskide,

denok gara jolaskide,

hator gure itsasontzira.

Bete ditugu kupelak,

jantzi ditugu txapelak,

goazen ba itsaso erdira.

Gora, behera, ezker, eskuin,

gora, behera, ezker, eskuin,

inoiz ez dugu guk hartzen min.

Gora, behera, ezker, eskuin,

gora, behera, ezker, eskuin,

orotan jokaten dugu fin.

Gora, behera, ezker, eskuin,

gora, behera, ezker, eskuin,

ez dakigu zer den negarra.

Gora, behera, ezker, eskuin,

gora, behera, ezker, eskuin,

entzun gure arteko algara.



Beñat: Begira!

Olaia : Benetakoa dirudi.

Pirata:Zein izen du lur honek?

Porrotx : Euskal Herria.

Mikel : Barkatu. Zu pirata al zara?

Pirata : Jakina! Barrabas pirata naiz.

Pirritx : Orduan, kaka berdea egingo duzu.

Pirata : Eta nola dakizue hori?

Porrotx : Entzun, entzun abestiak dioena.





13) BARRABAS

Barrabas joan zen baratzera.

Jan zuen aza berdea.

Egin zuen kaka berdea.

Kaka berde hori norentzat?

Azkena eseritzen denarentzat.



Denek abesten dute lehenengo zatia eta arduradunak nahi duen agindua esaten du. Agindua ongi betetzean datza jokoa.





Pirata : Arraioa! Alga entsalada, alga zopa, sardina algekin... Dieta aldatu beharko dut.

Porrotx : Aizu! Ongi ikusten al duzu begi bakarrarekin?

Pirata : Egia esan, gero eta gutxiago ikusten dut.

Pirritx : Utz iezadazu begi bakarreko "kataleskopio" hori. Begira, begira han elefantea!

Pirata : Nola? Nik ez dut elefanterik ikusten.

Porrotx : Egia da bai gero eta gutxiago ikusten duzula!





14) IKUSI, IKUSI HAN!

Ikusi, ikusi han! Teilatu gainean.

Kriston aberea triziklo batean.

Tronpa du aurrean, isatsa atzean.

Ja, ja, ja! Elefantea da!



Abestiak dioena keinuka egin.



Oihana : Hain gutxi ikusten baduzu, zergatik ez gara jolasten itsumandoka?

Mikel : Baina ez dugu zapirik begiak estaltzeko!

Pirritx : Hori, hori!

Porrotx : Lasai, partxea begiz aldatuz, konponduta!

Pirata : Je, je! Harrapatzen dudana, nirekin eramango dut itsasontzian.





15) ITSUMANDOKA

Hartu zapia eta begiak estali.

Hiru bira emanda segika ibili.

Bat, bi eta hiru!



Bati zapia begietan jarri eta besteak harrapatzera abiatzen da. Bat harrapatzean nor den asmatzen badu, zapia kendu eta besteak jarri beharko du.





Izaro : Hankapalo batez jaio al zinen, Barrabas?

Pirata : Bai, zera! Marrazo madarikatua! Berak eraman zidan hanka, baina nik ondoren harrapatu eta arrain zopa ederra egin nuen berarekin.

Porrotx : Galtzerdi eta guzti jango zuen, ezta? A ze "pirrilera"! Ju, ju!

Pirata : Horixe! Harrezkero, hankamotzen lasterketan munduko txapelduna naiz.

Pirritx : Guk ere hanka baten gainean egiten dugu lasterketa, baina beste oinaren gainean harri bat eramanez.





16) HANKAMOTZEN LASTERKA

Zapataren gainean harritxo bat jarri.

Hanka baten gainean korrika ibili.

Ez utzi bada erortzen, ez izan tuntuna.

Iristen den lehena, gaurko txapelduna.



Hanka baten gainean ibili behar da, aireko oinaren gainean harri bat jarririk. Harria eroriz gero, geratu eta ongi jarri beharko dute abiatu aurretik. Helmugako marrara iristen den lehena izango da garaile.



Pirata : Lasterketa atsegina izan da, baina... ezagutzen al duzue pirata hankamotzen jolasa?

Porrotx : Ez. Nola da ba?

Pirata : Lurrean marra biribila marraztu, eta besoak gurutzatuta dituzuela hanka baten gainean jarri. Bi oinak lurrean jartzen dituena edota marratik irteten dena kanpoan geratuko da.

Pirritx : Orduan, autotxoketan bezala elkarri bultza egin behar diogu.

Olaia : Kontuz nirekin, Porrotx zapata handi!





17) PIRATA HANKAMOTZA

Pirata hankamotza

balantzan gorputza.

Besorik gabe dabil

harantza, honantza.

Lagunengana doa

beti eginez bultza.

Bi oinak lurrean

eta bere heriotza.



Biribil handi bat marrazten da lurrean.

Jolasten dutenak hanka baten gainean eta besoak soin aurretik gurutzatuta jartzen dira eta salto eginez bata bestearen kontra oreka galarazten saiatzen dira. Bi oinak lurrean jartzean edo marratik kanpora irtetean jokalariak kanporatu egiten dira.




Pirata : Ai, ai, ai! Nire artrosia. Gero eta zaharrago sentitzen naiz.

Beñat : Zein da Anbrosia? Zure izeba edo al da?

Pirata : Ez. AR-TRO-SI-A hezurretako mina da. Oso zaharra naiz eta...

Pirritx : Horri zahartrosia deitzen zaio.

Pirata : Ja, ja, ja! Oso ona!

Maialen : Barrabas, zuri giharrak erlaxatzea komeni zaizu. Ondokoak esaten duena egin eta ikusiko duzu.





18) ERAGIOZU

Eragiozu eskutxoari,

eskutxo txiki polita horri.

Eragiozu burutxoari,

burutxo txiki polita horri.

Eragiozu hankatxoari,

hanka txiki polita horri.



Abestiak dioen atelari eragin.



Pirata : Zuek bezalako lagun jolastiak atsegin ditut. Toki ederra da hau bertan geratzeko.

Asier : Nola diozu, gurekin geratu nahi duzula?

Pirata : Bai. Hamaika urte daramatzat itsasoan eta oso nekatuta nago jada. Ordua da nonbait sustraiak botatzeko.

Pirritx : Joango al gara amona Josefinaren baserrira?

Porrotx : Horixe! Bai horixe! Goazen gure baserria erakustera!





19) TXIRUKAKA

Txirukaka, txirukaka,

katxi, mari-maru, ei!

Txirukaka, txirukaka,

katxi, mari-maru, ei!

Ñogi, ñogi, ñogi,

katxi, mari-maru, ei!

Ñogi, ñogi, ñogi,

katxi, mari-maru, ei!



Denak ilaran jartzen dira bata bestearen atzean gerritik edo sobaldatik aurrekoari helduta. Txirukaka... esatean aurreraka doaz. Ñogi, ñogi, ñogi esatean atzeraka. Ei! esatean, berriz, besoak gora altxatzen dira. Erritmoa aldatzen doa: hasieran erritmo normala, ondoren azkarra, jarraian geldoa, segidan oso azkarra...





Olaia : Aizue, kankailuok, txikiok nekatu egiten gara aldapan gora!

Beñat : Ni ere jota nago.

Pirritx : Igo bizkarrera, arrekonkon!



20) ARRE-ARRE MANDAKO

Arre-arre mandako,

bihar Tolosarako,

etzi Iruñerako.

Handik zer ekarriko?

Zapata eta gerriko.

Haiek norentzako?

Maialenentzako!



Helduak haurra magalean (izterren gainean) hartzen du biak elkarri begira daudela. Kantaren erritmoan hankak mugitzen ditu gora eta behera. Bukatzean, haurraren izena esaten da: Ikerrentzako! Haurra bizkarrean eramatean ere abestu daiteke.





Pirata : Non dago ditxosozko amonaren baserria?

Pirritx : Gaztainondoa pasa eta bertan dago.

Pirata : Zer da gaztainondoa?

Porrotx : Zuhaitz bat.

Pirata : Zuhaitzek izena dute ala?

Pirritx : Noski. Ondorengo jolasarekin ikas dezakezu.





22) KARIKATURA

Karikatura, (bi kriskitin)

Izenak, (bi k)

Zerenak, (bi k)

Hegaztienak, (bi k)

Adibidez: (bi k)

usoa, (bi k), txepetxa, (bi k), arranoa, (bi k)

belea, (bi k), txantxangorria,(bi k), kukua, (bi k)...

Moztu haria. (bi k)



Denak biribilean jarriz banan-banan eta jarraian izanak esaten doaz eta denek kriskitinak jotzen dituzte. Gai bat aukeratu (hegaztiak) eta horri buruzko izenak esango dituzte. Norbaitek ez badaki nola jarraitu "moztu haria" esango du eta hurrengoak berriro "karikatura" esanez abiatuko da.



Izaro : Begira, hor dago baserria!

Pirata : Hau nekea! Makurtu egingo naiz pixka batean.

Porrotx : Geratu, geratu horrela. Salto egingo dugu gainetik.

Pirata : Zer?

Pirritx : Lasai, Barrabas, denok makurtuko gara bata bestearen atzetik.





23) BATEAN, SALTO EGITEAN

Batean, salto egitean.

Bian, jo ipurdian.

Hiruan, ukitu buruan.

Lauan, itsu-itsuan.

Bostean, korrika batean.

Seian, atximur alaian.

Zazpian, beso azpian.

Zortzian, oihu-irrintzian.

Iiijiji!



Bata bestearen artean bi metro inguruko tartea utziz jokalariak makurtuta jartzen dira ilaran. Lehenengo dagoena besteen gainetik saltatzen hasten da bakoitzean esaldi bat esanez: Batean, salto egitean. Bian... Denen gainetik saltatzen duenean, azkenaren jarraian makurtu egingo da, besteak bezala. Bigarren zegoenak berdina egingo du eta ondoren hirugarrenak, laugarrenak...



Mikel : Iritsi gara. Amona, amonaaa!

Txakurra : Guau, guau!

Pirata : Nire hanka, nire hankapaloa!

Amona : Utzi bakean gizona, Pittin!

Pirritx : Ez urduritu, Barrabas. Txakurra gure laguna da eta jolasean ari da. Gu ere biribilean eserita jolastuko gara.





24) NIRE LAGUNAREN TXAKURRA

Nire lagunaren txakurrak,

nire lagunaren txakurrak,

nire lagunaren txakurrak

gitarra jotzen du.

Fli fla fli flaio,

fli fla fli flaio,

fli fla fli flaio,

gitarra jotzen du.



Korroan eserita, erritmoari jarraituz, ezkerreko lagunaren iztarren gainean jo, gero norberaren izterretan eta ondoren eskuinekoarenetan. "Gitarra jotzen du" esatean, gitarra jotzen ari balira bezala egin. "Fli fla fli flaio" esatean, biolina joko balute bezala egin. Erritmoaren abiadura aldatzen joaten da. Hasieran erritmo normala, gero lasaia, ondoren azkarra...





Pirritx : Josefina, Barrabasek gurekin geratu nahi du bizitzen.

Amona : Egia esan, baserrian beti lagungarri da bi beso gehiago izatea.

Porrotx : Bai, bi beso izan beharko dute...

Pirritx : Bi beso eta hanka... ja, ja, ja!

Pirritx : Hankapaloarekin baratzean zulotxoak egin eta letxuak landatuko ditugu.

Denok : Je, je, je...

Amona : Lagun berriaren etorrera ospatu beharko dugu! Jarri denok biribilean eta altxa besoak.

Pirritx : Aire, aire!!





25) NOR DA DANTZARI .

Nor da dantzari jai handi honetan.

Zuen pozgarri hementxe bertan.

Dantza ezazu zuk, Garazi , nirekin.

Dantza ezazu, zuk badakizu.



Dantza euskal estiloan, besoak gora altxatuz eta kriskitinak joz. Hasieran bakar bat hasten da, gero bi, jarraian lau... denek dantza egiten bukatzen dutelarik.



Pirata : Fandangoa eta arin-arina politak dira, baina ezagutu nahi al duzue piraten dantza?

Denok : Bai, bai.

Pirata : Gauden bezala jarraituz, biribilean, errepikatu nik diodana.





25) TRIKITIXA

Eskuak aurrera (bis)

Eskuak atzera (bis)

Trikitixa, trikitixa,

trikitixa, xa,xa. (bis)

Eskuak aurrera (bis)

Eskuak atzera (bis)

Burua gora (bis)

Ipurdia kanpora (bis)

Hankak okertu (bis)

Begi bat itxi (bis)

Mingaina atera (bis)

Besoak eskegi (bis)

Hanka bat gora...

Trikitixa, trikitixa, trikitixa, xa, xa.





Denak korroan jarriz dinamizatzaileak aginduak ematen ditu. Beste guztiek aginduak errepikatzen dituzte. Imitazio jolasa da.





Amaiera

Pirritx : Orduan, gurekin geratuko al zara?

Pirata : Euskal Herrian lagun onak aurkitu ditut.

Porrotx : Eta bihurriak, e, Barrabas!

Pirata : Paraje ederra da eta, baserri honetatik itsasoa ageri denez, kresalaren usaina ere barneratzen da. Egia esan, pirata zahar honen hezurren atsedenerako txoko paregabea da.



Amona : "Itsasertzeko herri txiki honetan, kaioak hegan, itsas olatuen zurrumurrua lagun, haurrak, pailazoak, eta... Barrabas pirata jolasten ari dira kai ondoko plazan".



Piratak : Pirata txikiak, prest?

Denok : Baaaiiii...!!

Pirata : Aurrera ba!!

Denok : Eeee...

Barrabas!

Iujuuu...!