Txanela Proiektua<br />Lehen Hezkuntzako 1. ziklorako ikasmaterial globalizatua

2002-06-01
Maddalenek -Orioko neskatilak eta Ferminek -Bianako mutikoak-, Urdintxo guakamaioa eta Pox artzain zakurraren laguntzaz, birraitonaren ametsa betetzea dute helburu: museo bat eraiki nahi dute. Birraitonaren Denboraren makina konponduko dute eta denboran eta espazioan hainbat bidaia eginez, ikerketatxoak garatuz, informazioa bilduz, proiektutxoak garatuz... museorako piezak eskuratuko dituzte.
 
 
Komiki bidez aurkeztutako istorio hauen inguruan eraikia izan da Ikastolen Elkarteak eta Elkarlanean argitaletxeek beren proposamen curricularren eta materialen etengabeko berrikusketa eta eguneratzearen ondorioz aurkeztu diguten Lehen Hezkuntzako Txanela proiektuaren 1. zikloa.

Urteotan Lehen Hezkuntzan lanean jardun duten profesionalekin kontraste lana burutu eta azken ikerketa pedagogikoetatik ateratako hainbat ondorio aztertu eta esperimentatu ondoren buruturiko lana da.

Txanela proiektuan, Globalizazioaren irizpidea aplikatzearen aldeko apustu metodologikoa egin da Lehen Hezkuntzako 1. ziklorako. Eta irizpide horren baitan integratu dira hainbat euskarri: liburua, hiztegia, material osagarria, matematika, bideoa, abestiak, CD-ROMa... Guztietan komikiko pertsonaien gorabeherek osatzen dute haria edo ardatza, eta garatzen den sekuentzia tematikoan zehar hainbat arlo eta izaeratako edukiak euskarri askotarikoen bidez lantzen dira. Berrikuntza nabarmen bezala aipagarria da ikasmaterialgintzan lehenengo aldiz gaien lanketaren sekuentzian erabat txertaturiko CD-ROM interaktiboa eskaintzen dela. Aukera hori haurren aniztasunari eta hainbat beharrei erantzuteko baliabide bezala proposatzen da.

Gaien trataera bera ere, ez da ohikoa. Hemengo eta gaurko eduki eta gaiak lantzeaz gain, pertsonaiek denboran eta espazioan egiten dituzten bidaietako garaiak ere aztertzen baitira: dinosauroen garaia, lehen gizakia, Antzinako Grezia... Trataera horrek, oinarrizko edukiak gorde eta lantzeaz gain, haurrari inguruaren beste ikuspegi bat eskaintzen dio, eta batez ere, bere motibazioan eragin zuzena sortzen du aurtengo ikasturtean aurrera eraman duen talde esperimentalean ikusi den bezala.

Bestetik, ikaskuntza esanguratsua eta eraikitzailea bideratzen da proiektutik. Horrela, unitateen interesgunearen inguruko garapen globalean oinarrituz, gaiak eta horren inguruko testuek sortzen dituzten testuinguruak (haurren bizipenak eta beharrak barne) erabiltzen dira Txanela proiektuan proposamenari zentzua emateko. Izan ere, haurraren globaltasuna alderdi afektiboaren, kognitiboaren eta somatikoaren elkarketa bezala kontsideratzen da. Alderdi horiek zaintzeko interakzio estiloa eta horiekin erlazioa duten hainbat jarduera proposatzen dira. Aipatu interakzioaren muina, haurra entzutean datza. Etengabe aktibatzen dira haurra espresatzeko aukerak. Haurren hipotesiak, sentipenak, iritziak eta abar elkarjartzeari dagokion balioa emanez garatzen dira Txanela proiektuko proposamenak. Ikaslea eta irakaslearen nahiz ikasleen arteko interakzioaren deskribapenak ere badu bere tokia proiektu honetan, eta aldagai nagusi bezala tratatzen da, taldekatzearen nondik norakoak ere txertatzen direlarik.

Emaitza berari baino prozesuei garrantzia ematearen ideia etengabe azpimarratzen da, eta prozesua ematen ari den unean sortzen den aprendizaiari egiten zaio so, zenbaitetan prozesua bera delarik helburu. Adin hauetan haurrak bere autonomia, bere kuriositatea, iritzi trukaketa, ekimena eta abar garatzea beste hainbat eduki bezain garrantzizkoagotzat jotzen da Txanela proiektuan.

Arrazoiketa aktiboa bultzatzeko asmoz, era sistematikoan problemen ebazpenerako ideal prozedura eta hizkuntzaren funtzioen aktibazioa landuko diratoughen hizkuntza funtzioen sailkapenaren bidez.

Oso kontuan hartzen den beste alderdia, haur, irakasle eta gurasoen arteko harremana da eta horri bultzadatxo bat eman asmoz eta ikastetxe bakoitzak dituen ohituren osagarri modura, hainbat tresna eskaintzen dira.

Gurasoekiko harremana bi zutabe hauen inguruan eraikitzen da: informazioa et elkarlana , eta irakaslearen gidan proposatzen dira horretarako bitartekoak.



Hizkuntzaren trataera

Hizkuntza komunikazio tresna bezala ikusten da Txanela proiektuan, giza ekintza bezala, egoera desberdinetan eta funtzio desberdinetarako erabiliz eraikitzen dena. Hizkuntzaren garapenerako oinarriak hizkuntza beraren erabilera esanguratsua eta erabilera horri buruzko hausnarketa izango dira. Beraz, komunikazioa izango da irakaskuntza-ikaskuntzaren estrategia nagusia, eta ondorioz, lan eduki nagusiak hainbat giza erabilera izango dira: pertsonen arteko harremanak, literatura, ikaskuntza, komunikabideak, instituzioekiko harremanak... Erabilera horietatik sortutako testuen lanketan eta komunikazio ekintzaren inguruko hausnarketan gauzatuko da hizkuntz trebezia nagusien garapena. Aipatutako ikuspegi komunikatibotik, hizkuntza idatzia komunikazio sistema berezia kontsideratzen da Txanela proiektuan bere funtzio eta ezaugarri propioekin, eta haren lanketarako abiapuntua bizitza errealean sortzen diren idatzizko erabilerak dira. Erabilera horietatik abiatuta, trebezia idatzien garapena -irakurketa eta idazketaren garapena- ikuspegi eraikitzailetik bideratzen da. •



Euskarriak:

- Unitateen liburuxkak

- Material osagarria (proiektuak

garatzeko)

- Hiztegitxoa olerkiekin

- Hizkuntzako lan-koadernoak

- Irakurgaiak

- CD-ROM interaktiboa

- Abestien CDa

- Musikako lan-koadernoa

- Musika ariketen CDa

- Matematikako liburua

- Matematikako lan-koadernoak

- Matematikako CD-ROM inte-

raktiboa

- Irakaslearen gida