Merezi al du prestakuntza euskaraz eskaintzeak?

2002-06-01
UEU udako euskal ikastaroen erreferente historiko eta nagusi bada, horren osagarri, hezkuntza ez unibertsitarioaren esparruan bere aletxoa jarri nahi du HIK HASIk.
 
 
Prestakuntza arloan ahalegin handiak egiten dira ikasturtean zehar eguneroko lanari modu egokian erantzun nahian. Baina, zein hizkuntzatan eskaintzen da prestakuntza?

EAEn, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak GARATU bidez bideratzen du eskaintza. Gaur egun eskaintza horren %15 inguru da euskaraz. Arlo pribatuan, berriz, HOBETUZen esku dago eskaintza handiena eta ez da aurrekoaren portzentaiara ere iristen.

Nafarroan eta Iparraldean, kasu oso konkretuak ez badira, euskara desagertuta dago prestakuntza esparruan. Eta kasu konkretuak bilatzerakoan, Ikastolen Elkartearekin egiten dugu topo. Bera da Euskal Herri osoan euskarazko prestakuntza plan zehatz eta zabala duena, ikasturtean zehar 50etik gora ikastaro, mintegi eta abar garatzen dituelarik.

Eta udan, zer gertatzen da udan?

Tradizioz, UEU izan da prestakuntza euskaraz garatu duen ia bakarra. Erakunde hori hastapeneko ikastaroetan euskararen inguruan aritu bazen, gaur egun edozein gai garatzen du euskaraz: ekonomia, informatika, fisika... Horrez gain, azken urte hauetan urrats berria eman du, udan soilik eskaintzen zuena urte osoan zehar zabaltzeari ekin dio, eta edonoiz ikus ditzakegu UEUk antolatutako ikastaroak, mintegiak, jardunaldiak eta abar .

EHUko uda ikastaroak dira gai gehiena eta ikasle kopuru handiena jasotzen dutenak. Eskaintza zabal horretan erabilitako hizkuntza ia bakarra gaztelania da, ordea. Aurtengo paradoxa zera da: EAEko unibertsitate publikoa izanik, ingelesezko eskaintza euskarazkoa baino zabalagoa dela.

Nafarroako bi unibertsitateek, publikoak nahiz pribatuak, bere eskaintza egiten dute udarako eta biek euskara ahaztua dute.

Bere 25. urteurrena ospatzeko, UNED Bergarak ere udako lehen ikastaroak antolatu ditu lehendabizikoz.

UEU udako euskal ikastaroen erreferente historikoa eta nagusia bada, horren osagarri, hezkuntza ez unibertsitarioaren esparruan bere aletxoa jarri nahi du HIK HASIk. Aurten, eskaintza zabala eginez, 762 lagun inguratuko dira uztailaren 2, 3 eta 4an elkarrekin aritzera eta euren bizipen eta proiektuak besteekin konpartitzera.

Euskal Herrian gero eta irakasle gehiagok irakasten eta hezten du euskaraz. Zergatik, bada, ez jaso prestakuntza lana egiten duten hizkuntzan?

Nafarroa eta Iparraldeko egoera zein den ikusirik, badirudi EAEn eskaintzen den prestakuntza egokia dela. Goiko lerroek garbi adierazten dute, ordea, egoeraren larritasuna.

Entzuna dugu EAEko Hezkuntza Sailaren asmoa legealdi honen amaierarako (4 urteko plana) GARATUren euskarazko eskaintza %50ekoa izatera iristea dela. Asmoa zuzena eta ona izanik, gauzatuta ikusi nahiko genuke. Eta gu, orain arte bezala, laguntzeko prest gaituzue.