Kronika

2002-06-01
 
 
Datorren ikasturtean ikastola berria irekiko du Seaskak Hiriburun , baldin eta Akademia Ikuskaritzak oniritzia ematen badio. Max Brisson Miarritzeko hautetsi eta Hitzarmen Bereziko Hizkuntza ataleko arduradunaren bidez egin dio eskaera Seaskak Ikuskaritzari, eta honen esku dago azken erabakia. Izan ere, ikastolan sortuko den lanpostu berriaren ordainketa Ikuskaritzaren esku geldituko litzateke.
Hasteko, gela prefabrikatu batean hasiko dira ama eskolako haurrentzako gela batekin eta irakasle batekin.
Eraikuntzaren arazoa Iparraldeko ikastola gehiagok ere badute, eta ikastola guztien arteko elkarte bat sortu dute obragintza eta jabegoa kudeatzeko. Horrela, Hazparneko Ezkia ikastola berria egiteko diruaren zati bat lortu dute eta datorren urtarrilerako eraikin berria egina izanen da. Donibane Garazin, bestalde, 2003ko irailerako izanen dute ikastola berria.


Haur Hezkuntzaren arautzearen kontrako jarrerak nagusi dira EAEn
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 0-3 urteko haurren eskolatzea arautzen duen dekretua atera izanak ez ditu denak gustura utzi. 0-3 Mahaiaren esanetan ez dute gizarte eragileekin kontatu, eta dekretuari egin dizkioten emendakinak ere ez dira aintzat hartu.
Sindikatuak ere ez dira batere gustura gelditu. ELAren iritziz ez da benetako negoziaziorik egon dekretua egiteko garaian, otsailaren 13az geroztik bildu gabe baitzegoen zirriborroak aztertzeko eratu zen batzorde teknikaria.
Besteak beste gizarte eskaerei ez diela erantzuten dio sindikatu honek, eta ezta 0-3 bitarteko haurrentzako behar diren postu guztiak betetzeko premia sozialari ere. Horren ildotik, hiru urtera arteko haurren premia guztiak asetzeko eskatzen du, eta finantzazioa hiru urtetik aurrerako hezkuntza sisteman erabiltzen diren mekanismo berberekin egitea.
CCOO sindikatuaren ustetan dekretua "euskal eskola publikoren aurkako eraso larria da", gaur egun indarrean dauden 2 urteko gelak desagerraraziko dituelako. Horregatik, proiektua bertan behera utz dezala eskatu dio Hezkuntza Sailari.
Nafarroan, berriz, adin tarte hori arautuko duen dekretua egin gabe dago oraindik, eta horren eske ari dira sindikatuak, guraso elkarteak, haur eskoletako langileak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologia eta Pedagogia Saila. Nafarroako Gobernuari eskatzen diote ziklo hori Hezkuntza Departamentuak hartzea bere gain, eta ez orain arte bezala Ongizate Departamentuak.
0-3 urteko Nafarroako haurren hezkuntza eskubideen aldeko agiria sinatu dute Iruñerriko haur eskoletako langileek, NUPeko Giza eta Gizarte Zientzia Fakultateko Dekanotzak eta Psikologia eta Pedagogia Sailak, Herrikoak eta Sortzen-Ikasbatuaz guraso elkarteek eta ELA, LAB, UGT, CCOO eta EILAS sindikatuek.
Orobat, Europako Batzordeko Haurtzaroa atenditzeko sareak ezartzen dituen irizpideak jarrai ditzala eskatzen diote Gobernuari; hots, gela bakoitzean izan beharreko ratioa, profesionalen prestakuntza, langileen lan baldintzak eta abar.


Nafarroan hezkuntza hobetzeko proposamenen inguruan iritzi desberdinak daude
Nafarroako gobernuak lege proiektu bat onartu du hezkuntzaren kalitatea hobetzeko asmotan. Proiektu horretan 6 milioi euroko diru sailak aurreikusi dituzte, eta Parlamentuan onartzen bada aurrera joko du.
Hitzarmen horretan honako neurrak hartzea aurreikusten da: unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzako irakasle taldeak berritzea; hitzartutako ikastetxetako langileen baldintzak publikokoekin berdintzea eta moduluak eguneratzea; eta ingelesaren ezarpen goiztiarra ziurtatzea. Neurri horietako bakoitza finantzatzeko diru sail bereizia egonen da, bakoitza 6milioi eurokoa.
Bestalde, 2001eko maiatzean Gobernuak beste akordio bat sinatu zuen CCOO, UGT, CESIF eta AFAPNArekin, eta itun haren arabera irakaskuntza publikoko zein pribatuko irakasleek euskarara birziklatzeko eredua aldatu egin zen. Hala, D eta B ereduaren ezarpenagatik beren lanpostua arriskuan duten irakasleak bakarrik birzikla daitezke. Horrez gain, birziklatzeko irakasleak funtzionarioa izan behar du eta 6. urratseko euskara maila izan. Are gehiago, zonalde ez euskaldunean lana egiten duten irakasleei euskarara birziklatzeko aukera kentzen zaie.
ELA sindikatuak berriki sistema hau aldatzeko eskatu du. Euskaraz birziklatzeko aukera eskaera egiten duen orori zabaltzea eskatzen du, eta urtean gutxienez 50 plaza eskaintzea. Era berean, irakaskuntza publikoan nahiz pribatuan lana egiten duten irakasle guztientzako izan beharko lukeela aldarrikatzen du.
Azken 16 urteotan euskaraz irakasteko 700 irakasle prestatu ditu Irakasleen birziklai zentroak.
Euskarak ez ezik, ingelesak ere kezka sortu du Nafarroan. Gobernuak ingeles goiztiarraren ezarpena orokortu nahi du, eta sindikatuak nahiz guraso elkarteak kezkaturik daude ez dagoelako baliabide nahikorik aipatzen diren neurriak aurrera eraman ahal izateko.


Irakaskuntza pribatuko langileak greba eta mobilizazio hilabetea izan dute maiatzekoa . Sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazio mahaiak behin baino gehiagotan hautsi izan dira eta Lan Hitzarmena adostu gabe gelditu da. Sindikatuek patronalaren "jarrera itxia" salatzearekin batera, hainbat mobilizazio egin dituzte. Hilaren 17an, berriz, greba egin zuten ELA, EILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Antolatzaileen esanetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeen %80an izan zuen eragina eta ikastetxeen %30ean erabateko geldialdia egin zen. Huelgaren helburua "patronala estutzea" zen.
Sindikatuen eskaerak lau dira: Haur Hezkuntzako 0-3 zikloa hitzarmenean sartzea, Heziketa Bereziko laguntzaileen baldintzak hobetzea, soldatak igotzea eta langileek euskara ikasteko erraztasunak izatea. Lan Hitzarmenak 12.000 langileri eragiten die.
Bestalde, Nafarroan Kalitate Legearen aurka mobilizatuko dira ekainaren 14an. ELA, LAB, EILAS, Sortzen-Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak manifestaziorako deialdia egin dute eta horretarako arrazoi ugari daudela iragarri dute: 0-3 urteko zikloaren izaera asistentziala; ibilbide baztertzaileak; curriculum "bat eta bakarra"; klaustroaren zein eskola kontseiluaren eskumen galera eta abar.
Erakunde sinatzaileak PPko gobernuak bultzatu nahi duen eredu sozial "atzerakoi eta ez-solidarioa"ren aurka daude, eta kalitateak, berez "elite, sailkapen eta banaketa sozialaren esanahia" hartzen duela uste dute.
Horren aurrean, hezkuntza eredu propio baten beharra nabarmendu dute, eta "Guk, gure Hezkuntza" lelopean egingo da manifestazioa.