Ingelesaren ezarpen goiztiarra eztabaidagai

2002-06-01
Ingelesaren ezarpen goiztiarrak EAEn ez bezalako kezka sortu du Nafarroan. Hori dela eta, martxoaren 9an Ingelesa Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzan ezartzearen gaineko jardunaldia egin zen Iruñean. EILAS, ELA, LAB, Sortzen-Ikasbatuaz eta Ikasle Abertzaleak izan ziren antolatzaileak. Hango hitzaldi, eztabaida eta adituen ekarpenen ondoren, hainbat ondorio eta proposamen atera dituzte eta horiek bildu ditugu hilabete honetako gaian.
 
 
Euskara eta ingelesa balantzan jarri dira Nafarroan

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak iazko uztailaren 13an Nafarroako Foru Erkidegoaren hezkuntza zerbitzua hobetzeko ituna argitaratu zuen, eta bertan zehazten da Haur eta Lehen Hezkuntzako ingelesaren errefortzua programa. Horren harira, orain agindu foral bat ateratzear dago eta bertan zehaztuko da aipatu programa. Eta eskola publikoetako Haur Hezkuntzako 2. zikloari eta Lehen Hezkuntzari eragingo dien.

Aginduak dioenaren arabera, ikasgaien saioak 50 minutukoak izanen dira. Haur Hezkuntzako 2. zikloan Ingeleseko 4 saio egingo dira G eta G eta A ereduko ikastetxeetan, eta 2 eta 4 saio artean D eta D eta A ereduko zentroetan. Dena dela, D ereduko eskoletan 3 urterekin hasteko partez 4 urterekin hasteko aukera uzten du. Lehen Hezkuntzari dagokionez, maila guztietan 5 saio eskainiko zaizkio ingelesari.

Edozein modutan, azpimarratzekoa da aginduan ez dela "Ingelesa" aipatzen ikasgai bezala, baizik eta "Curriculumeko gaien edukien indartzea ingelesez". Horrek esan nahi du ingelesa "behikularra" izango dela, hots, beste ikasgai horiek ingelesez irakasteko erabiliko dela, eta ez ingelesa bera hizkuntza bezala ikasteko.

Hasteko, esperientzia moduan zenbait eskolatan soilik ezarri da, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako 1. zikloan. Aurreikusitako egutegiaren arabera, 2002/2003 ikasturtean Haur Hezkuntzako 2. ziklora zabalduko da eta 2003/2004 ikasturtetik aurrera urtero kurtso batean ezarriko da.

Dena dela, kontuan hartu behar da Nafarroako hizkuntza egoera elebiduna, eta beraz, ikastetxe guztien egoera ez dela berdina. Egoera elebidun horren araberako hizkuntza proiektuak garatu behar dira, hizkuntza bakoitzari dagokion funtzioa eta tokia emanez eta bermatuz. Haatik, hainbat erakundetako kidek ez dute berme hori ikusten Haur eta Lehen Hezkuntzako ingelesaren errefortzua programan.

Beren kezka eta ardurak bultzata burutu zen martxoaren 9an Iruñea Ingelesa Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzan ezartzearen gaineko jardunaldia . EILAS, ELA, LAB, Sortzen-Ikasbatuaz eta Ikasle Abertzaleak izan ziren antolatzaileak, eta hainbat irakasle, guraso eta ikaslek hartu zuten parte.



Ikuspegi orokorra

Jardunaldien ikuspegi orokorra hiru puntutan bil daiteke.

- Hizkuntza komunikatzeko tresna da, eta erabileraren poderioz ikasten eta irakasten da adin bakoitzeko behar komunikatiboen arabera. Beraz, hizkuntza zerbaitetarako erabiliz ikasten da.

- Argi denez, ez dute hizkuntza guztiek murgiltze prozesu baten objektu izan behar, eta bakoitzaren trataera zehatza hainbat baldintzaren arabera egonen da, hala nola gizartearen egoera linguistikoaren arabera, hizkuntzaren beraren funtzioaren arabera eta abar.

- Horregatik uste dugu Nafarroako egoera linguistiko elebidunaren araberako hizkuntza proiektuak garatu behar direla, non hizkuntza guztiek beren funtzio eta toki egokia izanen duten, beren finantzabide eta guzti.



Ekarpenak

Eleaniztasuna eta ingelesaren irakaskuntzari dagokionez, hainbat ekarpen jaso dira; alde batetik hizkuntzen murgiltzeari buruz, eta bestetik hizkuntza baten ezartze goiztiarrari buruz.

Hizkuntzen murgiltzea

- Bigarren hizkuntzan murgiltzeak lehenengo hizkuntzaren edo ama hizkuntzaren garapena dakar aldi berean, biak elkarren osagarri baitira. Lortzen den kodeen erabileraren malgutasun hori hirugarren hizkuntza (H3) edo laugarrena (H4) barneratzeko prozesuan oso lagungarri suertatzen da.

- Baina ezinbestekoa da hizkuntzaren ikastea zein hizkuntzatan burutuko den zehaztea.

- Murgiltze eredu bikoitza edo hirueletasuna gezur galanta da eta kasu bakar batzuetan eta oso baldintza berezietan soilik garatzen da:

- Tutoretza bikoitza

- Pertsona bat eredu linguistiko bat.



Hizkuntza baten ezarpen goiztiarra

- Hizkuntza baten ezarpen goiztiarra ez da erabakigarria eta ez da bigarren hizkuntzaren murgiltze ereduan oztopo ere. Bere abantaila nagusiak motibazioari (H3rekiko sortzen dituen ohitura eta jarrera positiboak) eta fonologiari dagozkio. Fonologiari dagokionez oso baldintzatuta dago, eredu linguistiko (fonologiko) egokiari lotuta baitago (irakasl natiboak ).

- Esan daiteke benetan mugatua dela goiztiarraren eragina. Gainera, astean hiru orduz lortzen diren hizkuntza trebetasunak oso mugatuak dira (A eredua).

- Beraz, badirudi batzuen marketinaren beharrak eskolaren etorkizuna berma dezakeela zentzurik okerrenean.



Ondorioak

Jardunaldiak bukatu ostean hainbat ondorio atera dira eta hauexek dira:

- Hirugarren hizkuntzarekin lortu nahi den helburuak zehaztuta egon behar du eta koherenteki garatu behar da Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzaraino (Hizkuntza Proiektua).

- Hirugarren hizkuntzak etapa bakoitzaren barnean sartuta egon behar du. Hirugarren hizkuntzako irakasle espezialistak ezin du eskola eman 3-12 urte arteko maila guztietan; etapa bakoitzean integratuta egon behar du behintzat.

- H3ko irakasleak euskaraz jakin behar du (EGA) eredu linguistiko elebidunetan.

- Noiz sartzeak baino garrantzi handiagoa du nola irakatsi behar den jakiteak, zertarako zehazteaz gain, noski.

- H3ko irakasleen prestakuntzak berebiziko garrantzia du proiektuaren arrakasta lortzeko.

- Esan dezakegu Nafarroan ingelesaren ezarpen goiztiarra (behikularra paktuan) ezaugarri batez definitzen dela: amildegia.

- Azkarregia da ez duelako behar adinako adostasunik Nafarroako hezkuntza sisteman egiturazko aldaketa egiteko (praktikan gertatzen dena). Hitzarmen sindikal mugatu batean oinarritzen da Nafarroako Parlamentuari bizkar emanez.

- Oso garrantzitsua da ikustea administrazioak eta sindikatu batzuek nola bereganatu nahi duten hezkuntzaren ordezkaritza osoa, ikastetxeak eta beste hezkuntza sektore batzuk ahaztuz; besteak beste, Nafarroako Eskola Kontseilua, gurasoak eta ikasleak.

- Ezin dugu ahaztu gizarteari egin zaion mespretxua Parlamentua saihestuz.

- Amildegi horren lekuko dugu proiektu honen oinarri teoriko falta eta helburuen zehaztapen eza, subjektibotasunean ezin baita inolako ebaluaziorik bermatu.

- Amildegi izugarria dakar irakasleen prestakuntzari dagokionez, ez baitago ingeles prestakuntza egokia duen irakasle nahiko, ezta ikastetxe elebidunetan ingelesa eta euskara egoki menperatzen duen behar adina irakasle ere.

- Antzekoa esan daiteke baliabide materialen urritasunaz ere, hausnarketetan azaltzen den moduan.

- Horrek guztiak Hezkuntza Departamentua etxea proiekturik gabe teilatutik egiten hasi dela pentsarazten digu, edota hezkuntza mundua nahasmenean sartu nahi duela. Nahasmena dakar gurasoentzat hizkuntza eredua aukeratzeko garaian. Eta gurasoek, gizartearen lekuko, gaztelania, euskara eta ingelesa nahi dute beren seme-alabentzat, hizkuntza bakoitza bere eginkizunean.

- Horregatik, atzerriko hizkuntzen ezarpen orokorrerako bi gauza eskatzen ditugu: adostasun esparru zabala batetik, eta beharrezkoak diren baldintzak bestetik. Nafarroan ez dira ez bata eta ez bestea bermatzen, eta horren aurrean egoera zuzen dezan eskatzen diogu.







ADITUEN EKARPENAK

Jardunaldian hainbat adituk parte hartu zuen ingelesaren ezarpen goiztiarrari buruzko iritzia emanez. Besteak beste, han izan ziren: Felix Etxeberria, Jasone Cenoz, Xabier Etxague, Uri Ruiz Bikandi eta Ines Miret EHUko irakasleak, Manolo Fontalba eta Mari Jose Eguskiza Ingeles irakasleak, Eduardo Aldasoro eta Esther Mugertza Nafarroako Gobernuko Euskara Zerbitzuko teknikariak, Rosa Aliaga Donostiako Berritzeguneko aholkularia, Joxean Odriozola EHEko kidea, Itziar Elorza Ikastolen Elkarteko Hizkuntza arloko arduraduna, Mikel Zalbide, Iñaki Artola eta Santos Izagirre Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuko teknikariak eta Ramon Garmendia Irungo Berritzeguneko aholkularia.



Hezkuntza hirueledun goiztiarra Euskal Herrian eta Cummisen bizikleta

ETXEBERRIA, Felix.

EHUko irakaslea



Sarrera

Euskal hezkuntza sistema elebiduna da, hizkuntza indartsu bat (gaztelania) eta gutxitu bat (euskara) dituelarik. Euskararen irakaskuntza hiru ereduren arabera egiten da, euskararen erabileraren intentsitate mailaren arabera desberdintzen direlarik.

Orain dela 6 urte edo hasi zen esperimentatzen ingelesaren ezarpena 4 urteko haurrekin, eta azkenaldian ezarpen goiztiar hori eskola guztietara hedatzen ari da.

Ingelesa ezagutzearen garrantzia onartua dago gure inguruan, eta ingelesa eskola irakasteko adostasun eta interesa handia dago. Hori esanda, geldialdi bat egin behar da irakaskuntza hori aztertzeko, eta gure ingurunean heziketa hirueledun (euskara, gaztelania, ingelesa) goiztiarraren (4 urterekin) egokitasuna sakon aztertu behar da.



Euskal hezkuntza hirueledunaren inguruko zalantza nagusiak

Zalantza handiak daude ingelesa 4 urterekin sartzeak desbantaila baino abantaila gehiago ote dituen. Euskararen garapenarekin zer gerta daitekeen galdetzen diogu geure buruari eta zer-nolako aurrerapen erreal ekarriko duen ingelesaren ikasketak ikasleentzat. Planteamendu honen zulo nagusiak honela laburtzen ditugu:

1.- Esperientzia honen euskarri teoriko-zientifikoa ahula da, programa hau egiteko oinarri izan diren testuak esperientzia elebidunetan oinarrituta baitaude, eta ez hirueledunetan. Egia da bigarren hizkuntza baten ikasketa normalean ez dela arazo izaten, baina ez dago oso argi hirugarren hizkuntzaren ikasketa hain erraza izango ote den, eta are gutxiago testuinguru elebidun diglosikoan. Bi sartzen diren lekuan hiru sartzen al dira?

2.- Beste herrialdeetan hirueletasunaren gainean egindako ikerketa askok 8-10 urte bitarteko hirugarren hizkuntzaren, ingelesaren, irakaskuntzaz hitz egiten digute. Egoera hori oso bestelakoa da 4 urterekin hasitako ikasketarekin alderatuta. Orain arte Euskal Herrian egindako ikerketak gutxi dira, eta gehienen ondorioak ez dira behin-betikoak eta eztabaidaezinak.

3.- Ingelesa hirugarren hizkuntza bezala 4 urterekin ikaste-irakastearen oinarri psikopedagogikoa ez dago batere garbi, eta are gutxiago gurea bezalako egoera diglosikoan. Bigarren hizkuntza (euskara) finkatuta egon gabe hirugarren hizkuntzaren (ingelesaren) ikasketarekin hastea ona dela dioen ebidentziarik ez dago, eta hori guztia irakurketa-idazketa prozesua hasi aurretik.

4.- Ezin da emaitza onik espero 4 urteko ingelesaren irakaskuntzatik egunero 30 minutu eskainita. Adin berean euskarari 60 minutu eskainita ez badute ikasten, nola ikasiko dute ingelesa eguneko ordu erdiarekin?

5.- Ez dira kontuan hartu hirugarren hizkuntzaren ikasketaren esperientzia positiboak programa 6-8 urterekin hasten denean eta intentsitate eta prestakuntza maila berarekin. 6-8 urterekin justifikatuta egon daitekeena, ez da hain ebidentea 4 urterekin.

6.- Esperientzia hau Euskal Herriko ikastetxe guztietara hedatzeak materiala, programak eta irakasleak prestatzea eskatzen du, eta hori ez da burutu behar besteko zorroztasunez.





Ingelesaren ikasketa Haur Hezkuntzatik hasita: eragin kognitiboak, linguistikoak eta afektiboak



CENOZ, Jasone.

EHUko irakaslea




Testuinguru europarra

Ingelesa Europar Batasuneko hiritarrenentzat komunikazio hizkuntza nagusi bilakatu da, nahiz eta oraindik diferentzia handiak egon ingelesaren ezagutzan eta erabileran Europa iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen artean. Interesgarria da konturatzea kontinenteko ikuspegitik ingelesa ez dela atzerriko hizkuntzatzat hartzen eta ezta jatorrizko hiztunen jabetza moduan ere. Aitzitik, europarren arteko komunikazio hizkuntza garrantzitsuena den bigarren hizkuntzatzat hartzen da.

Testuinguru europarrean elebidunak edo eleanitzak diren komunitate ugari daude eta ingelesa hirugarren hizkuntza da askotan (Cenoz eta Jessner, 2000a). Adibidez, frisiarra, bretoiera, sardiniarra edo euskara hitz egiten dutenek hizkuntza nagusiak ikasteaz gain ingelesa ikasten dute. Bestalde, oso ohikoa da Europa barruko hizkuntza bat eta internazionala den beste hizkuntza bat gehiago ikastea.

Ingelesaren irakaskuntza goiztiarra gero eta ohikoagoa da eskolan (Fixon, 1992; Kubanek-Gerinan, 1998; Dn´scoll & Trost, 1999). Haatik, ez da oso normala Haur Hezkuntzatik hastea, Europako gainontzeko herrialdeetan ere Lehen Hezkuntzan hasten dira. Era berean, ingelesaren jabetza eskolako testuinguruan egiten denean haren sarrera goiztiarraren eraginak positiboak direla esaten duen ebidentzia zientifiko nahikorik ez dago.

Gure testuinguruari begira jarrita, ingelesaren sarrera goiztiarra Erreformak ekarri zuen, eta 1993az geroztik atzerriko hizkuntzen irakaskuntza derrigortu egin zen Lehen Hezkuntzako 3. mailatik aurrera. Zenbait komunitatetan ezarpen hori Haur Hezkuntzara aurreratu zen (4 urtetik aurrera) Erreforma orokortu baino lehen. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako zenbait eskoletan Ikastolen Elkartea 1991-92an hasi zen ingelesa Haur Hezkuntzatik sartzen. Iniziatiba hori oso ezaguna izan da eta gaur egun EAEko ikastetxe gehienetan 4 urtetik aurrera irakasten da ingelesa atzerriko hizkuntza bezala. Beste komunitateetan ere joera bera nabari da.

Atzerriko hizkuntzen ezarpen goiztiarra ezartzeko kontuan hartu behar da hezkuntza testuingurua. EAEko ikasle guztientzat eta Nafarroako askorentzat ingelesa hezkuntza sistema elebidunaren barruan hirugarren hizkuntza da.

Antzeko egoeran aurkitzen dira anglofonoak ez diren komunitate elebidunetako ikasleak: Katalunia, Valentzia, Galizia, Frisia, Bretainia eta abar. Etorkinen komunitateetan ere ingelesa hirugarren hizkuntza da; beren jatorrrizko herrialdeko hizkuntza eta herrialde etorkinekoa erabiltzen dituzte eta ingelesa eskolan ikasten dute.

Ingelesaz hirugarren hizkuntza bezala jabetzeak antzekotasun ugari ditu bigarren hizkuntza bezala jabetzearekin, baina baita desberdintasunak ere. Hirugarren hizkuntzen jabetzea, bigarren hizkuntzen jabetzea bezalaxe, aldagai indibidual eta sozial askorekin erlazionatuta dago. Baina gainera, bigarren hizkuntzaren jabetze prozesuak eta ondorioek (bigarren hizkuntzako konpetentzia) eragina izan dezakete hirugarren hizkuntzaren jabetzean (Cenoz & Genesse, 1998a; Hufeisen & Lindemam, 1998; Cenoz & Jesser, 2000a; Cenoz, Hufeisen & Jesser, 2000b, 2001a eta b; Herdina & Jessner, 2002).

Hirugarren hizkuntzaren jabekuntza Haur Hezkuntzatik aztertu duten ikerketa oso gutxi daude, eta hala ere, galdera garrantzitsu ugari planteatzen dira kontuan hartzen badugu beharrezkoa dela aintzat hartzea:

a) Haur Hezkuntzatik ingelesa programa elebidunen barruan erakusten hasteak eraginik ba ote duen garapen kognitibo eta linguistikoan;

b) ea ingelesean eta jarreran espero ziren emaitzak lortzen ari diren planteatutako helburuen eta erabilitako giza eta ekonomia baliabideen arabera.







Atzerriko hizkuntzaren sarrera goiztiarra eta indartua



ALDASORO, Edorta. MUGERTZA, Esther.

Nafarroako Gobernuko Euskara Zerbitzuko teknikariak




Informatikaren globalizazioak eta orokortzeak, gobernuen nolabaiteko politika ekonomiko arrazionalizatzaileak eta lehenengo mundurako migrazio mugimendua aldaketa orokorrak sortzen ari dira. Eta hori hizkuntzetan ere islatzen da. Urtero hogei hizkuntza baino gehiago desagertzen dira.

Orokorrean paradoxa bat antzematen da: gero eta jende gehiagok handitzen ditu bere gaitasun eleanitzak eta horrek erabiltzen diren hizkuntzen gutxitzea dakar.

Horren guztiaren ondorioz, nazioarteko komunitatean ingelesa lingua franca bihurtzen ari da.

Gertaera horren guztiaren aurrean zenbait administraziok ingelesaren ezarpenera jotzen du gero eta handiagoa den eskaera sozialari erantzuteko. Horrela, iadanik hezkuntza sektore batzuetan hasitako progaganda gerran sartzen dira. Propaganda horretan elebitasuna, eleaniztasuna, murgiltzea, jatorrizko menpetzea, transmisio ikasketa... kontzeptuak nahasten dira. Eta eredu edo programa horiek ingelesa astean hiru edo lau ordu ematera mugatzen dira, nahiz eta 3 urterekin hasi. Fenomeno horrek lehen kezka sortzen du. Programen hizkuntz helburuaren gaineko planteamendu pedagogikorik ez dago: nolako ingeles maila lortu nahi da? Zein gaitasun motara bideratuko da: oinarrizko hizkuntza, hizkuntza aurreratua, akademikoa, oinarrizko komunikazioa, komunikazio aurreratua, jatorrizkoa...? Zein erabilera esparru bultzatuko dira: informatikoak, teknikoak, komertzialak, sozialak...? Zein erregistro mota?

Ingelesa den bezala definitu behar da: nazioarteko komunikaziorako atzerriko hizkuntza. Beraz, bere ikasketaren helburua ez da gai guztietako ezagutza kognitibo-akademikoa (ez murgiltzen goiztiar osoa), baizik eta pertsonen arteko oinarrizko komunikazio gaitasuna duen erabilera instrumentala, eta agian aurrerago (DBHn eta Batxilergoan) arlo zehatz bateko ezagutza eta erabilera: informatika, nazioarteko merkataritza... Horretarako, nahikoa da ikasgai bezala ikastea, zehar lerroko edukiekin. Edo agian DBHn gai jakin batean transmisio funtzioarekin erabil daiteke.

Ingelesaren ezarpenean ikaskuntzan eragiten duten zenbait aldagai soilik hartzen dira kontuan, beste batzuk ahaztu egiten diren bitartean. Egin diren ikerketen arabera, haur bat zenbat eta denbora gehiago egon hizkuntza batekin orduan eta hobeto menperatzen du. Zalantzarik gabe, ahaztu egiten da denbora horrek esanguratsua eta motibagarria izan behar duela. Horrenbestez, berriki egindako zenbait ikerketa eta esperientziek askoz eraginkorragoa deritzote gelan ingeleseko bi irakasle egotea gela bikoiztea baino. Ikasleak arreta pertsonalizatua jasotzen du, ingelesari eskainitako denbora ez da bikoizten eta gainera, irakasle biren erregistro desberdina jasotzen dute. Horrez gain, bi irakasleen arteko harremana ingelesezkoa izateak eredu naturala erakusten du eta elkarrizketaren eta hizkuntzaren erabileraren erreferentzia bihurtzen da.

Azpimarratzen den beste aldagai bat zera da: haurrek, zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta hobeto ikasten dutela bigarren edo hirugarren hizkuntza. Hori eztabaidagarria da. Haurrek ez dute gaitasun handiagoa, baizik eta txikiagoa denean beraien beharretara egokitutako komunikazio eredu aproposagoa ematen diegu, eta hori da gakoa. Hau da, txikiagoak direnean gehiago saiatzen gara hizkuntza beren erabilera mailara egokitzen eta irakaslearekiko harremana ere afektiboagoa da.

Kalitateaz, ostera, ez da ezertxo ere esaten; hizketarekin egiten ari denaz ez da ezer esaten, eta hori bai dela aldagai benetan garrantzitsua.

Programa bat posibilitateen, bitartekoen eta irakasleen arabera hasi beharko litzateke. 3 urterekin programa hasi eta sei edo zazpi urtetan lau gauzatxo egitea (joko berdinak, ipuin berdinak, marraztu, moztu eta itsatsi...) ez da batere egokia. Hobe izango litzateke 8 urterekin hastea eta 12 urtera arte programa trinkoagoa eta koherenteagoa egitea Europako beste zenbait herrialdeetan (Danimarka, Holanda...) egiten den bezala. Herrialde horietan ingelesaren menperatzea onargarria baino gehiago da. 8 urterekin hasitako ingelesaren irakaskuntzak berehala ematen du aukera edukiak lantzen hasteko; hau da, matematikak, gizarte zientziak, proiektuak... eta ikasleari eduki curricular erakargarrien ezagutza ematen dioten aktibitate ez ebaluagarriak.

Zentzu horretan, 3, 4 eta 5 urteko haurrek material bera erabiltzen dutela jakitea ez da oso itxaropentsua. 4 urteko haurrek aurreko ikasturtean erabilitako material bera erabiliko al dute? Eta 3 urtekoek hiru ikasturtetan jarraian material, unitate didaktiko, marrazki... berak erabiliko al dituzte?

Bestea aldagai garrantzitsua irakasleria da. Hizkuntza eta didaktika gaitasun nahikoa duten irakasleak al daude? Zein titulazio eskatzen da ingelesa irakatsi ahal izateko?

Atzerriko hizkuntzaren kasuan irakaslea funtsezko aldagaia da. Funtsean, irakaslea izanen da erreferente bakarra, input linguistiko bakarra. Horregatik, bere gaitasuna ez bada ona nekez transmitituko du hizkuntza. Gainera, zaila eta konplexua izango da aktibitate osagarriak eta eskolaz kanpoko laguntza emango duten beste input batzuk lortzea.

Ba al dago merkatuan irakasle nahikorik ikastetxe guztietan areagotze programak ezartzeko? Ba al dago euskarako eskolak emateko euskara gaitasuna (EGA) duen irakasle nahikorik?

Horregatik, administrazioak ingeles goiztiarreko ikastetxe elebidunak edo hirueledunak irekiko dituela esaten duenean kontziente al da zentro elitistetaz hitz egiten ari dela? Zeren, nekez irekiko dira horrelako ikastetxeak bospasei zentro esperimentaletan izan ezik. Musikako ikastetxe esperimentalen eskarmentua badaukagu; garapena oso mugatua izan da eta emaitzak oraindik ebaluatzeke daude.

Ikasmateriala ere oso garrantzitsua da, hots, proiektuen eta unitate didaktikoen elaborazioa. Material ona edukitzeko denbora behar da eta horretarako, egokiagoa da sistema berri bat urtez urte ezartzen joatea eta unitateak egiteko, programatzeko eta koordinatzeko nahiko pertsona edukitzea.

Eskolako antolaketa orokorraren faktoreak ere aintzat hartu beharko lirateke. Ingelesa eskolako planaren eta curriculumaren barruan sartu behar da eta hizkuntzen arteko koordinazioa eratu behar da. Hau da, ikasleak euskaraz eta gaztelaniaz dituen ezagutzak ingelesa bultzatzeko aprobetxatu behar dira, eta baita alderantziz ere. Lehenengo eta behin, hizkuntzen inguruko hausnarketa egin behar da, eta ondoren ikastetxe osoan ezarriko den hizkuntza planaren gaineko adostasuna lortu. Plan horren gainean egingo dute lana irakasleek beren programa kurrikularretan eta zikloetan.

Taldeko tutoreak ikasle bat gehiago balitz bezala parte hartu behar du ekintzetan. Horrela, aktibitatea baloratu ahal izango du eta zentzua emango dio.

Azken finean, ingelesa areagotzeko programa martxan jartzeak baldintza batzuk eskaten ditu, eta argi dago Nafarroan ez direla aurreikusi, presaka ezarri baita.