MARTINEZ, Orlando. ROMERO, Oscar.

2002-06-01
Kubako Granmako Unibertsitateko Orlando Martinez eta Oscar Romero irakasleak Euskal Herrian egon berri dira. Irakasle izateaz gain, lehenengoa unibertsitateko sindikatuko bulegoko idazkari nagusia da eta bigarrena, berriz, Medikuntza eta Albaitaritza Fakultateko dekanoa. Biak unibertsitateko zuzendaritza batzordeko kide dira.

LAB sindikatuak gonbidatuta etorri dira Euskal Herrira eta, hemendik eraman duten informazioarekin eta dokumentuekin, Euskal Herriari eskainitako txoko bat osatuko dute Granmako Unibertsitatean.

Kuban hezkuntzak eta osasunak izan duten garrantzia eta pisua baieztatu dizkigute, hango hezkuntza sistemaren berezitasunak azaltzearekin batera.
 
 
SNTECD sindikatuko ordezkari lanak betetzera etorri zarete Euskal Herrira. Nolakoa da sindikatuen antolaketa Kuban?

Orlando Martinez .- Kuban sindikatu orokor bakarra dago, CTC (Central de Trabajadores de Cuba), eta sindikatu guztiak bere baitan biltzen dira. Sektore bakoitzak bere sindikatua du eta denak CTCn integratuta daude. Horrela, SNTECD (Sindicato Nacional de Trabajadores de la Educación, la Ciencia y los Deportes) hezkuntzako sindikatua da. Orientazio orokorrak CTCtik datoz, baina autonomoa da, beste sektoretakoak bezalaxe.



Zein da sindikatuen funtzioa Kuban?

Oscar Romero .- Sindikatuen funtsezko funtzioa langileen lanaren kalitatean laguntzea da, kalitatezko hezkuntza bermatzea eta graduatuen prestakuntza integrala ziurtatzea. Sindikatuaren egitekoa langileen lana adieraztea eta defendatzea da. Kuban ez da erabakirik hartzen sindikatuak kontuan hartu gabe. Derrigorrezkoa da zuzendaritza batzorde guztietan sindikatuak ordezkatuta egotea. Erakunde administratibo bat dagoen lekuan, sindikatua dago.

Martinez .- Bai, hala da. Lehenengo zeregina langileen interesak defendatzea da. Sindikatua horretarako sortua da. Modu batera edo bestera hori da egitekoa.

Baliteke administrazioarekin kontraesanak izatea, baina ez dira antagonikoak. Kontzeptuei buruzko kontraesanak dira, ez printzipioei buruzkoak; eta behin argituz gero, ez dago arazorik. Izan ere, modu batera edo bestera, denok helburu bakar bat lortzeko egiten dugu borroka. Donostiara iristeko bide bat baino gehiago dago, baina denak Donostiara iristen dira.



Zein dira denok defendatzen dituzuen helburuak?

Romero .- Gizakia bere buruaren jabe izango den gizarte bat eraikitzea, hots, gizarte hobea lortzea, administrazioak hobeto funtzionatzea eta estatuaren interesak defendatzea, batez ere langileen interesak. Horrekin batera, adierazpen eta prestakuntza osatuena lortzea, oinarri ekonomiko sendo batean finkatuta. Hori da funtsezkoena, gizaki berria prestatzea. Eta modu batera edo bestera, denok hori lortzeko borrokatzen gara.



Nork osatzen duzue hezkuntzako sindikatua?

Martinez .- Irakasleok eta irakasle ez diren zerbitzuetako langileek. Horiek ere hezitzaileak dira. Denok gara hezitzaileak; sukaldean lan egiten dutenak, garbitzaileak, irakasleak... eta beraz, denok sindikatuetako sailetan antolatuta gaude.

Romero .- Langile guztiok berdinak gara: unibertsitateko errektoreak, garbitzaileak, ikasleak... Eskola bat margotu behar bada, denok egiten dugu lan hori. Adibidez, ikastetxe guztietan dago jantokia hornitzeko baratzea eta denek egiten dute lana han. Langileon soldata desberdina da, baina gainontzean eskubide eta betebehar berdinak ditugu.



Beti esan izan da Kubako oinarriak hezkuntza eta osasuna izan direla. Hala al da?

Romero .- Hezkuntza funtsezko zutabea izan da Kubarentzat. Eta horrek ekarri du beste guztia. Zeren Kubaren lorpenak, hein handi batean, hezkuntzari zor baitzaizkio.

Edonola ere, hezkuntzari eman zaion garrantzia ez zen 1959ko iraultzaren ondoren hasi, lehenago baizik. Egun Kuban dagoen hezkuntza sistema, neurri handi batean, mendian eta herrietan borrokatzen ari ziren bitartean hasi zen garatzen, iraultzaren eginbeharrak borroka armatua bera gainditzen baitzuen. Horregatik, lehenbiziko urtetatik zapalkuntza neokolonialak eragindako ondorioen aurka hasi ginen: mediku eta maisu-maistren gabeziari eta gaixotasunei eta analfabetismoari aurre egiten.

Ejerzito errebeldea gero eta lur eremu gehiago eskuratzen joan zen heinean, medikuen eta irakasleen parte-hartzea handitu egin zen, asko lehen lerroko burkidetzat hartuak izan zirelarik.



Zein ideia zegoen hezkuntzari horrelako garrantzia ematearen azpian?

Martinez .- Hezkuntzaren gauzatzean marxismoaren eragina argia izan bazen ere, ez zen gutxiagokoa izan kubatar handiena, besteak beste, Jose Martírena. Hark esanak dira XIX. mendean:"ser culto es el único modo de ser libre", "un pueblo instruido será siempre fuerte y libre" eta "un pueblo de hombres educados será siempre un pueblo de hombres libres". Eta ideia horiek beti egon dira presente Kuban. Beste hau ere Fidelek esana da: "con un libro y con un lapiz también se puede hacer mucho en esta hora". Ikastea beharrezkoa da iraultzaren nondik norakoak ulertu ahal izateko.

Horregatik, liberatzen zituzten zonaldeetan hezkuntza egoera aldatzen zen. Alfabetatzea ahalik eta gehien zabaldu zen, soldadu, heldu, herritar eta haurren oinarrizko eta lehendabiziko premia hezkuntza baitzen.



Nolako urratsak eman ziren hezkuntzaren garapen hartan?

Romero .- 1958ko abuztuan eratu zen Hezkuntza Departamentua eta horrekin hezkuntzaren egitura sendotu egin zen: eskoletatik edo alfabetatze taldeetatik hasi, konpainia arduradunekin segi eta Departamentuko zuzendaritzaraino. Hezkuntza Departamentuaren sorrerak eskola zein maisu-maistren kopuruaren igoera ekarri zuen, eta Departamentuak gerrillako buruzagiak informatzeko eta motibatzeko lan espezifikoa burutu zuen.

58ko azaroaren 12an agindu militar batek Lehen Hezkuntza derrigorrezkoa ezarri zuen, eta eskola eta testu liburuak doakoak deklaratu. Horrek Kubako sozialismoaren lorpen handienetarikoa izango zena aurreratu zuen.

Urte bereko iraila eta abenduan Irakasle ikasketen plangintza orokorra eta hezkuntza guztiaren programak egin ziren. Beraz, ez zen ikastetxeak ireki eta eskolak ematea soilik, baizik eta elaborazio lana ere bazegoen. Eta sortzen ziren materialak ez ziren didaktiko-pedagogikoak soilik, baita maisu-maistren ezagutza politikoa hobetzeko ere.



Gaur egun Kuban ez dago analfabetismorik, ezta?

Martinez .- Ez, ez dago egin diren alfabetatze kanpainen ondorioz Kuban analfabetismoa desagertu egin zen. Hezkuntzarako eskubidea denei ziurtatzen zaie. Izan ere, bizitzeko janaria behar dugun bezala, hezkuntza ere beharrezkoa dugu.

Kuban denak alfabetatuta egoteaz gain, batez besteko hezkuntza maila batxilergo mailako da.

Romero .- Dena dela, hezkuntzaz aparte beste hainbat arlotan ere aipagarria da Kubaren maila. Artean, esaterako, Kubako zinemak mundu mailako oniritzia du. Dantzan Kubako baletak mundu osoa zeharkatu du. Pintura, literatura eta musika ere oso famatuak dira. Blokeo eremutik kanpo, Kubako musika mundu osoan ezagutzen eta entzuten da. Kiroletan ere maila ona lortu dugu, olinpiadetan eta mundu mailan lehenengo hamar onenen artean gaude. Beraz, hezkuntzaz gain, beste hainbat arlotan ere ondo gaude. Noski, hori dena hezkuntzarik eta osasunik gabe ezin da lortu.



Nolakoa da Kubako hezkuntza sistemaren egitura?

Martinez .- 4-5 urtera arte kindergarden edo círculo infantil deitzen diegun lekuetan egoten dira. Amek urtebeteko amatasuna edukitzen dute.Kindergardenetan ez dago haur guztientzako lekurik, baina lanean ari diren emakume guztien haurrentzat bai, horiei lekua ziurtatzen zaie.

Ondoren, Lehen Hezkuntzan hasten dira, 1. mailatik 6. mailara. 7. mailatik 9. mailara Bigarren Hezkuntza egiten da eta, gero, 10. mailatik 12. mailara unibertsitate aurrekoa, hots, zuen Batxilergoa. 12. maila bukatu eta sarrera azterketa egin ondoren, unibertsitatera joaten dira. Lanbide Heziketa egin nahi dutenek bi aukera dituzte: unibertsitate aurrekoa egiten badute, eskola teknikora joaten dira eta, egiten ez badute, erdi mailako eskola teknikora.

Romero .- Hezkuntzaz arduratzen diren bi Ministerio daude: Hezkuntza Ministerioa eta Goi Mailako Hezkuntzako Ministerioa. Ministerio bakoitzean kontseilu bat dago; Hezkuntza Ministerioan, ministroarekin batera, hainbat eskolatako zuzendariek parte hartzen dute, eta Goi Mailako Hezkuntza Ministerioan, unibertsitate guztietako errektoreek edo zuzendariek eta irakasle taldeek.

Hezkuntza Ministerioak Lehen Hezkuntzaren, Bigarren Hezkuntzaren, unibertsitate aurrekoaren eta hezkuntza tekniko-profesionalaren ardura du. Goi Mailakoa, berriz, unibertsitate irakaskuntzaz soilik arduratzen da.

Martinez .- Ministerio bakoitzaren barruan probintzia mailako erakunde bat dago, eta guztira 14 probintzia dira. Hezkuntzako Probintzia Zuzendaritzak deitzen diegu. Horietako bakoitzaren barruan Udaleko Zuzendaritzak daude, eta bakoitzaren barnean eskola pila bat.



Dauden ikastetxe guztiak bi Ministerio horien ardurapean al daude?

Martinez .- Ez, badira beste batzuk ere. Adibidez, Indar Armatu Iraultzaileak bere eskolak dauzka eta espezialistak prestatzen dira. Osasun Publikoko Ministerioak ere bere eskolak ditu eta ikasle horien ardura berea da.



Hezkuntza curriculuma eta hezkuntza proiektuak nork zehazten ditu, ikastetxeek ala Hezkuntza Ministerioek?

Romero .- Hezkuntzako bi Ministerioak dira Kubako edozein eskolatan egiten den lan metodologiko guztiaren arduradun. Curriculuma denetan berdina da, baina herrialde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzen dira.

Curriculuma kubatarra da, hots, Kuban egina, pentsatua eta Kubarekiko identifikazioa duena. Nazio ikurrak eta klase ikurrak lantzen dira, azken horiek ezkerreko ikuspegitik: justizia, banaketa, elkartasuna... Hori guztia plan metodologikoan zehazten da.

Martinez .- Ikasturtea bi seihilekotan banatzen dugu eta plan horretan seihileko bakoitzean egingo diren jarduera metodologiko guztiak zehazten dira: emango dituzten eskolak, ikasgaien programak, ekintza zientifiko-pedagogikoak, sailen lan metodologiko guztiak...



Balioak lantzen al dira hezkuntzan?

Martinez .- Bai, programaren barruan daude eta estrategia oso bat dago horretarako. Dudarik gabe, etapa batean balio batzuk galdu egin ziren eragin ekonomikoengatik eta beste zenbait eraginengatik. Orain eskola eta fakultateetan estrategia orokor bat dago, balio horiek errekuperatzeko.



Zein balio?

Romero .- Sistemari lotutako balioak dira, iraultza prozesuarekin lotura dutenak: elkartasuna, abertzaletasuna, zintzotasuna, errespetua, duintasuna... Balio unibertsalak dira, eta oso lotuta daude Kubako iraultzarekin.



Zein ikasketa egin behar dira Kuban irakasle izateko?

Romero .- Irakasle izateko, lehendabizi, pedagogiako oinarrizko ikasketak egin behar dira, eta ondoren pedagogiako goi mailako ikasketak. Ikasketa horiek egin gabe ezin da eskolarik eman.



Lanbide hori ongi ikusita al dago gizartean?

Martinez .- Bai, irakasle asko daude eta ongi ikusitako lanbidea da. Mendi aldean haur bakarra baldin badago ere, irakasleak haraino joaten dira eta haurrak ez du herrira jaitsi beharrik izaten.



Ikasle bakarreko eskolak daude, orduan?

Martinez .- Kasu batzuetan bai. Lehen esan dugun bezala, biztanle guztien hezkuntzarako eskubidea ziurtatzen eta bermatzen dugu. Inguruko beste zenbait herrialdetan haurrek eskolara jaitsi behar izaten dute, sarritan ordubeteko bidea eginez. Kuban alderantzizkoa gertatzen da, irakaslea gerturatzen da haurrengana.



Hilero-hilero "vanguardiako irakasleak eta ikasleak" hautatzen dira. Zer da hori?

Martinez .- Irakasleen artean egiten den proba bat da eta, bertan irakasleak ebaluatzen dira; batzuek ebaluazio positiboa jasotzen dute eta beste batzuek negatiboa. Positiboa jasotzen dutenen artean irakasle onena hautatzen dute eta hori izaten da vanguardista. Proba hauek eskolan, herrian, herrialdean eta estatuan egiten dira. Hezkuntzaren eta Kubaren aldeko jarrera eta lana saritzen dira.

Romero .- Vanguardista izateko, irakasle ona izateaz gain, lankide, herritar eta guraso bezala ere jarrera ona eduki behar da. Hau da, arlo pedagogikoaz gain, inplikazioa, ordutegia, bolondres lana eta abar ere baloratzen dira. Eta zentro guztietan horretan laguntzeko emulador deitzen dioten pertsona bat dago. Kubako irakasleontzat vanguardista izendatua izatea sekulakoa da.



Ikasleen kasuan zer hartzen da kontuan?

Romero .- Eskolako martxa, lanetako parte-hartzea, lagunekiko jarrera eta abar baloratzen dira.



Azpiegitura aldetik nola hornituta daude ikastetxeak eta fakultateak?

Martinez .- Eraikuntzak ikuste hutsarekin blokeoaren eta Kubako egoera ekonomikoaren eragina islatzen da. Errekurtsoen erabilera eta berrerabilera izugarria da.

Eraikuntzak arruntak dira, batere luxurik gabekoak, dagoen materialarekin egindakoak. Adibidez, ikasleen egoitza batean bi logela bereizteko oihal bat zegoen jarrita adreilurik ez zutelako.

Eskoletan kolore gutxi ikusten da, dagoen material guztia irakasleek birziklatutako materialekin egindakoa baita. Ikasleen kolore desberdinetako uniformeak dira bizitasuna ematen diotenak. Izan ere, derrigorrezkoa da uniformearekin joatea, eta gainera, elementu berdintzailea dela esan daiteke, ikasleen arteko desberdintasunak ekiditeko balio baitu.

Testuliburuei dagokienez, ikasleek ez dute beren liburu propiorik, eskolan daudenak erabiltzen eta banatzen dituzte denek. Orain ordenagailuak jartzen ari gara. Zenbait eskolatan, argi-indarrik ez egon arren, eguzki plaken bitartez ordenagailuak jarri dira.

Romero .- Unibertsitateak, aldiz, ondo hornituta daude. Fakultate guztietan dago ordenagailu gela eta 24 ordutan irekita egoten da. Liburutegiak ere handiak eta ondo hornitutakoak dira. Unibertsitatearen leloa "denontzako unibertsitatea" da eta ikasleek dute lehentasuna baliabideak erabiltzeko garaian.