Haur-jolasen abestiak III CDa eta zinta kaleratu berri ditu HIK HASIk

2002-06-01
24 abesti berriekin osatutako lan honekin haur-jolasen bildumari beste ekarpen bat egiten dio.
 
 
Haur-jolasen abestiak III lanak erritmo biziko 24 abesti alai biltzen ditu Kanta guztiak jolasean aritzeko dira, bakoitza jolas bati dagokiolarik. Batzuk haur txikientzako modukoak dira, eta gainontzekoak taldeka jolastekoak.

Andoaingo Garate estudioetan egin diren grabazio lanetan 100 ikasle inguru eta zenbait irakasle aritu dira, eta guztira Euskal Herri osoko zortzi ikastetxek hartu dute parte: Andoaingo Larramendi ikastola, La Salle Berrozpe ikastetxea eta Ondarreta ikastetxea, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola, Pasaiako Pasaia-Lezo lizeoa, Hendaiako ikastola, Usansoloko Unkina ikastetxea eta Donostiako Ekintza ikastola.

Kantuen arteko loturak eta jolasen aurkezpenak Pirritx eta Porrotx pailazoek, amona Josefinak eta Barrabas piratak egiten dituzte, Hernaniko haur talde baten laguntzaz. Istorioa, jolasak eta abestiak tartekatzen dira 41 minutuko iraupena duen lan honetan.

Kanta batzuk herrikoiak dira eta beste batzuk Hik Hasiko zenbait taldekidek asmatuak. Musika asmatzen eta moldatzen, aldiz, Xabier Zabala Ekintza ikastolako irakaslea aritu da Haur-jolasen abestiak I eta II lanetan bezalaxe. Edurne Iturbe trikilitariak eta Leire Elices biolin-joleak ere parte hartu dute zenbait abestitan.



Liburuxka eta gehigarria

CDa eta zintarekin batera dagoen liburuxkan abestien hitzak, jolasen azalpenak eta jolasen argazkiak biltzen dira. Argazki horiek Orioko herri ikastolako ikasleei ateratakoak dira.

Horrez gain, aldizkari honetako gehigarrian hori guztia jasotzeaz gain, pailazoen eta haurren arteko elkarrizketak ere irakur daitezke. Horrek lanari zuku gehiago ateratzeko aukera irekitzen du: abesti eta elkarrizketak entzun eta ulertzeko ariketak eginez, erritmoa landuz, nola jolasten den ikasiz, jolasak nola egoki ditzakegun aztertuz, eta gidoiak hartu eta antzeztuz.



Helburua euskaraz jolastea da

Haur-jolasen abestiak I kaleratu zenetik bost urte pasa dira eta geroztik hainbat material kaleratu dira jolasen inguruan: zenbait udalek egindako kantu bildumak, Haur-jolasen abestiak II, Zatoz jolastera! bideoa, Urtxintxa Eskolaren Euskal jolasen bilduma CD-ROMa...

Materialekin batera, hainbat ekimen ere burutu dira: Sortzen-Ikasbatuazen Euskaraz Mintza proiektua, Hik Hasik eta Urtxintxa Eskolak ikastetxeetan eta euskara elkarteetan eskaintzen dituzten jolasen ikastaroak...

Modu batera edo bestera, ikasleak, gurasoak, irakasleak, hezitzaileak eta gainerakoak jolasen inguruan murgildu dira, jolasten aritu dira, eta denak euskaraz. Hori baita guztien azken helburua, euskaraz jolastea.



Abenduan bigarren bideoa kaleratuko dugu

Hik Hasin musika eta jolasaren inguruan murgilduta jarraitzen dugu eta orain arte egindako lanari beste ekarpen berri bat egingo diogu: jolasen bigarren bideoa zuen eskura egongo da abenduan! •