Antzerkia oholtza gainean eta eguneroko bizitzan

2002-06-01
Patxi Santamaria eta Inaxio Tolosa antzezleek antzerkia edo joko dramatikoa erakusten eta lantzen dute Zarauzko ikastetxe guztietan. 6. mailako ikasleekin lantzen dute eta ikasgai baten barruan txertaturik dagoen derrigorrezko ikasgaia da. Duela bospasei urte hasi ziren herri mailako proiektu honekin. Egiten duten lanaren eta antzerkiak eskura jartzen dituen aukeren berri emango dute Hik Hasi Udako Topaketetan.
 
 
Nolakoa da Zarauzko ikastetxeetan lantzen ari zareten proiektua?

Patxi Santamaria .- Zarauzko eskoletan kezka bat zegoen; plastika, musika, dantza eta beste hainbat jarduera egiten ziren, baina eskola orduetatik kanpo. Hori zela eta, antzerkia eskola ordutan sartzeko aukera planteatu zen eta, horren haritik, guk proiektu bat aurkeztu genuen.

Hala, Lehen Hezkuntzaren amaieran, 6. mailan, antzerkia derrigorrezko ikasgai modura txertatu zen. 4. eta 5. mailetan dantza lantzen da eta 6. mailan antzerkia. Adin egokia eta interesgarria dela iruditzen zaigu. Dena dela, guk lantzen duguna edozein mailatan landu daiteke.

Inaxio Tolosa .- Proiektuaren helburua ez da eskolan aktoreak sortzea, baizik eta hainbat gaitasun garatzea. Aktore izatea geroago etorriko da agian.

Zentzu horretan, badakigu lanaren ondoren fruitua ikusi nahi izaten dela, baina ez zaigu gustatzen gurasoen aurrean eta eskolako jaialdietan antzeztea, oso urduri eta tentsio handiarekin egoten baitira ikasleak. Nahiago dugu beste mailako ikasleen aurrean antzeztea, giro lasaiagoan. Beste ikasgaietan, Matematikan esaterako, ez da erakustaldirik egiten. Bada, antzerkian gauza bera. Onak direnek edo nahi dutenek egin dezatela, baina denak behartu gabe.



Zertarako balio du antzerkiak?

Santamaria .- Eskola barruan antzerkia oso garrantzitsua dela uste dugu. Oso ikasgai interesgarria da, bizitzaren erakusle bat izan daitekeelako, eta gainera, ikasleen bilakaeran laguntzen du.

Irakasleek ere esaten dute oso lagungarria dela jendearen aurrean lanak aurkezten edo taldean integratzen ikastea. Zer gertatzen da errepikatzaileekin? Nola integratzen dira talde berrian? Gure lana horretarako lagungarri dela iruditzen zaigu.

Tolosa .- Ikasleek beraiek ere argi daukate zertarako balio duen antzerkiak. Badakite jendaurrean zerbait egin edo aurkeztu behar dutenean ondo eta eroso sentitzen lagunduko diela antzerkiarekin ikasten dutenak. Eta noski, taldean lan egiten ikasteko baliabide ezin hobea da.



Zer lantzen da antzerkiarekin?

Santamaria .- Denetik pixka bat: gorputza, ahotsa, irudimena, sentsibilizazio lana, jokoak, bat-batekotasuna... Helburua da ikasleei gorputza, ahotsa eta adierazpena ezagutzeko aukera eskaintzea, maila tekniko bat lortuz, eta era berean, ondo pasatzea eta beren sormena lantzea.

Tolosa .- Antzerkia arte guztiak biltzen dituen artea denez, obrak, autoreak, antzerkiaren historia (gizakiaren historia), eskulanak, eszenografia, jantziak, musika, dantza, idazketa eta abar lantzeko parada ematen digu. Horrela, autore (idazle), aktore, eszenografo, ikusle, kritiko eta zuzendari bihurtzen dira ikasleak.

Santamaria .- Gaurko zibilizazioak pertsona iragazgaitzak sortzen ditu, oskol gogor batez hornituak, eta bertan guztiak errebotatzen du: argi esateko, pertsona gogor eta sentimendurik gabeak. Horren guztiaren aurrean, sentikortasuna eta ohiko zentzumenen trebetasunak lantzeko zenbait ekintza proposatzen dugu, hala nola: ikusmena, entzumena, ukimena, dastamena eta usaimena lantzen ditugu, horietako zenbaitek atrofia sintoma argiak azaltzen dituela kontuan hartuta.

Tolosa .- Bai, liluragarria da gure pertzepzio eta behaketa gaitasuna handitzea, zentzumenak edozein estimulu mota hartzeko beti prest egotea, inguruko mundu liluragarriari irekita egotea eta sentitzeko tresna dugun gure gorputza zabalduta edukitzea, nahiz eta askotan hor dugula ere ahazten dugun!



Zarauzko ikastetxeetara zuek joaten zarete antzerkia irakastera. Horretan adituak diren irakasleak behar al dira?

Santamaria .- Ez da beharrezkoa. Egia da irakasleek ezin dutela denetik jakin, baina arlo batzuk jorra ditzakete. Beldurra ere badago, hori hala da. "Guk nola egingo dugu?" galdetzen dute. Horregatik, ez dela hain zaila erakutsi nahi dugu Hik Hasi Udako Topaketetako ikastaroan, eta zenbait tresna ematen saiatuko gara.



Zein tresna eskainiko dituzue?

Tolosa .- Bakoitzaren gaitasunak eta taldeko lana garatzea da guri interesatzen zaiguna. Horretarako, oinarrizko eskema batzuk emango ditugu. Ikastaroa ez da teknikoa izango, antzerkiak zer lantzeko aukera ematen duen irakatsiko dugu, hots, bideak erakutsiko ditugu. •