ORTIZ, Mari Jose:Psikologian doktorea eta EHUko irakaslea

2005-10-01

Psikologian doktorea da, eta EHUn Hezkuntzaren Garapen Ebolutiboko titularra. Ikerketatan gehien landu dituen gaiak atxikimendua, altruismoa eta gizartearen aldeko jarrera zein haurren gaitasun soziala dira, haurrak enpatikoak eta sozialki gaituagoak izatea familiako eta emozioen munduko zer aldagairen esku dauden ikertuz. Hezkuntza esku-hartzea altruismoaren garapenera eta emozioen lanketara bideratu du. Egiten ari den azken ikerketan zera bilatu du: zer lotura dagoen atxikimenduaren, familiako hezkuntza estiloen eta moralaren barneratzearen artean.

 
 

Adimen emozionala”, gaur denen ahotan dagoen hitza da. Baina zer esan nahi du zehazki?

Emozioek indar izugarria dute eta bizirauteko balio izan digute, oso moldakorrak baitira. Esaterako, beldurrak arriskutik babesten gaitu, amorruak zapalketari aurre eginarazten digu, tristurak laguntzen digu galdu dugun objektuarengandik edo pertsonarengandik banatzen. Ikuspegi horretatik, adimen emozionala emozioek duten energia hori eta egoerara egokitzeko gaitasun hori erabiltzea litzateke, baina inteligenteki, emozioak gainezka ez egiteko modu neurtu batean, eraginkorra izan dadin eta pertsonalki zein sozialki ondo senti gaitezen.

Emozioak modu burutsuan erabiltzeko, zer gaitasun behar dira zehazki?

Lehenik eta behin, emozioaren kontzientzia hartzea da funtsezkoa; jabetzen zarenean zer den sentitzen duzuna, eta behin mentalki “haserre nago” edo “beldur naiz” esatera iristen zarenean, jada aktibazio emozionala modulatu egiten da, eta orduan zaude egoerari aurre egiteko moduan.
Beste oinarrizko gaitasun bat da emozioak onartzea eta ulertzea, bai zureak eta bai besteenak: jakitea emozioek zer espresio dituzten, zer kausa, zer ondorio. Eta ulertzea, gauza beraren aurrean denek ez dutela berdina sentitzen.
Besteen emozioen aurrean enpatia adieraztea ere funtsezkoa da. Enpatia da besteen emozioak sentitzeko gaitasuna, eta laguntzaren sustatzaile da, pertsonen arteko harremanak errazten ditu eta erasoaren inhibitzaile oso indartsua da. Erasotzaileek falta izaten dutena, batez ere, da bestearen sufrimendua sentitzeko gaitasuna, alegia ez duela sentitzen zer sufrimendu ari zaion eragiten besteari.
Adimen emozionalak, bestetik, espresio arauak ezagutzea eta errespetatzea eskatzen du. Harrotasuna ona da, baina neurriz gain adieraziz gero, ingurukoengan atzerakoa eragingo duzu. Desengainuarekin berdin: oparia jaso eta ez da onartzen esatea, nahiz benetan hala pentsatu, “itsusi amorratua da-eta!” (desengainuaren kontrol bat bada). Espresio arauak aldatu egiten dira kulturaren eta generoaren arabera. Esaterako, gure gizartean askoz gehiago onartzen da amorrua mutilek adieraztea, neskek baino, eta tristura adierazterakoan, aldiz, kontrakoa.

Adimen emozionalak, emozioak kontrolatzea eskatzen al du?

Kontrolatzea baino, gehiago da emozioen intentsitatea eta iraupena erregulatzea. Badira modulatzeko mekanismo batzuk: entretenitzea, egoerari buelta ematea, pentsatzea besteak zer arrazoi izan zitzakeen modu horretan jokatzeko, helburuen maila jaistea, modu baketsuan konpontzea arazoa... Onargarria da haurrak amorrua sentitzea edo beste haur batekiko jeloskor egotea; baina onartzerik ez dagoena da horregatik jotzea edo baztertzea.

Zergatik da hain funtsezkoa emozioen kontzientzia hartzea?

Haurrek hasieran emozioa sentitzen dute, baina ez dakite zer den sentitzen dutena, ez dakite esaten “amorrua dut”; emozioen formatu linguistikoa (kontzientea) garatzeke daukate. Hizkuntzak bi funtzio garrantzitsu betetzen ditu hor: lehenik eta behin, kontzientzia hartzea. Ez baduzu kontzientzia hartzen, ez duzu bulkada kontrolatzen, eta edozer egin zenezake. Kontziente izateak erraztu egiten du egoera horri aurre egitea, energia hori modu burutsuan erabiltzea. Eta bestetik, emozioa izendatze hutsak erlaxatu egiten zaitu, esateak tentsioa deskargatu egiten du, eta orduan zaude zer egin pentsatzeko moduan.

Kontzientzia hartzeko, zer egin irakasleak?

Haurrari erakutsi sentitzen duen emozio hori aurpegiko espresioarekin eta dagokion hitzarekin lotzen, eta gero egoerari aurre egiten lagundu. Beti ez gara kontzienteak, ezta helduok ere, baina gaitasun hori indartzea oso osasuntsua da.

Zergatik eman zaio orain garrantzia adimen emozionalari?

Denbora askoan emozioak oso prentsa txarra izan du eta inteligentziaren aurkakotzat jo izan da. Arrazoiaren aztoratzailetzat jotzen zen, patologikoa zen kasik.
Gaur onartzen da emozioak oso erabilgarriak direla, ingurura moldatzen laguntzen baitigute baita ezerosoak zaizkigunek ere. Esaterako; beldurra, tristura, amorrua, edo kulpa. Baina, gainera, ikerketa eta esperientzia klinikoak frogatu du pertsonak, izan haurrak zein helduak, emozionalki konpetenteak direnean (hau da, euren egoera emozionalez kontziente direnak, emozioak ezagutzen eta ulertzen dituztenak, horiei buruz hitz egiten dutenak, besteen emozioekin enpatizatzen dutenak eta euren emozioak eta adierazpenak erregulatzeko gai direnak), ongizate afektibo eta sozial handiagoa sentitzeaz gain, arrakasta gehiago dutela eskolan zein eremu profesionalean eta, are gehiago, osasun hobea izaten dutela. Aldiz, oraindik orain eremu batzuetan emozioei beldurra zaiela nabari da.

Eta zergatik diegu beldurra emozioei? >

Guraso eta hezitzaile batzuk emozioak arriskutsuak direla pentsatu ohi dute, ahula bihurtzen zaituztela, sufriarazi egiten dutela, edota haurraren manipulazio ahalegin bat direla, eta beraz, emozioak lehenbailehen paretik kentzea dela onena.
Nola? Haurra zerbaitegatik triste datorrenean, hitz egin beharrean gertatu zaionaz, gurasoak entretenitu egiten duenean, garrantzia kentzen dionean. Edo irakaslearen kasuan, haur bat amorratuta dagoenean besteak burla egin diolako, jo edo mespretxatu duelako, esaten dionean “nahi gabe izan da, lagunak izan behar duzue”.

Kasu horietan zer egin behar litzateke?

Emozioek beldurra ematen dute, ez dakigulako nola egin aurre. Aldiz, gurasoak eta irakasleak izugarri lasaitzen dira eta lan handia egin dezakete konturatzen direnean pasarte emozional horiek denak heziketarako aukera ezin hobeak direla; egoera horien bidez erakutsiko baitiezu emozioen kontzientzia hartzen, izendatzen, eta modu egokituan aurre egiten tristurari, amorruari, inbidiari, kulpari edo bazterketari.

Eskolak zer funtzio bete behar du arlo emozionalean?

Haurrak berehala eramaten ditugu eskolara. Gainera, ordu asko pasatzen dituzte bertan, eta intentsitate handiz bizi dituzten emozio asko eskolan gertatzen dira: lagunekin, irakasleekin, jolas orduan, gelan. Bestalde, heziketa emozionala eskolan lantzen badugu, eskola bera da hobera egiten duena, gelako giroa izugarri hobetzen delako, eta baita eskolako errendimendua ere. Beti dikotomia gisa planteatzen da, “emozioak lantzeari denbora ematen badiogu, ez dugu matematikarako astirik”, eta kontrakoa da: lan horrek erraztuko du matematikatan ere gusturago egotea eta lan gehiago egitea.
Arazoa da irakasleak oso ondo prestatuta daudela nor bere diziplinan, baina ez hain beste emozioen alorrean. Gainera oraindik orain baliabideak falta dira, esku hartzeko proposamen balioztatuak falta dira, eta eskola sistemaren arduradunek eta gurasoek gai hauek benetan zer garrantzia duten kontzientzia hartzea falta da.

Zer egin daiteke Haur Hezkuntzan garapen emozionalerako?

Lehenik eta behin, giro bat sortu behar da haurra emozionalki seguru sentitzeko. Irakasleak haurrarentzat atxikimenduko irudi behar du izan. Zer egin horretarako? Haurrari erantzun, ulertu, ukitu, aurpegira begiratu, denbora eskaini. Zure energia guztia horretan jarri, benetan inportantea hori delako, karratu eta hirukien fitxak egitea baino gehiago.
Behin haurra seguru sentitzen denean, orduan has gaitezke beste alor hauek lantzen: emozioen kontzientzia hartzea, sentitzen dutena izendatzen laguntzea; besteen emozioez jabetzea, nola espresatzen dituzten jabetzea eta ulertzea zergatik hunkitzen diren besteak; enpatia; edozerk ez duela balio ikastea, alegia, sentimendu guztiak zilegi direla (baita amorrua, inbidia edo jeloskortasuna ere), baina ez dela zilegi horregatik edozer gauza egitea; eta adimen emozionalean oso garrantzitsua den beste gauza bat, asebetetze unea atzeratzen irakastea.

Haur Hezkuntzan aipatu duzun hori guztia lantzeko, zer balia dezake irakasleak?

Eguneroko bizitza eta haur horien emozioak. Aprobetxatu mementoan sortzen den hori (haur eskolan haurrek oso sarri adierazten dituzte emozioak), esan beharrean “gaur beldurra landuko dugu”. Irakasleak badaki garai horretan zein diren haurren benetako kezkak; bada, hitz egin lasai horietaz, eta ikusarazi beldur horiek, kezka horiek erabat normalak direla, denok ditugula.
Eguneroko bizitzan beste baliabide bat da gatazkak erabiltzea, borrokak, bazterketak eta, azken batean, sufrimenduaren edozein agerpen baliatzea gelan enpatia garatzeko eta bestearen lekuan jartzeko gaitasuna sakontzeko.
Bestetik, irakasleak balia dezake bere eredu izatea, emozioak nola adierazi eta horiei aurre nola egin erakusteko. Eredu den aldetik haurrei erakusten die berak nola adierazten duen poza, harrotasuna, amorrua; eta, irakasleak, gehiegikeriaz jokatzen duenean (irakasleok ere batzuetan kontrola galdu egiten dugulako eta pasa egiten garelako), ikasten badu esaten “garrasi egin dizut eta barkatu, zeren haserretu naiteke eta ondo dago gainera haserretzea, baina horregatik ez dizut zertan garrasirik egin”; hori esaten ikasten badu, haurrei ematen dien lezioa izugarria da, barkamena eskatzen, kulpa kudeatzen eta eragindako mina konpontzen irakasten baitie.

Ba al dago ekintza zehatzik hori dena lantzeko?

Bai, eta nahiz asko ez izan, gero eta errekurtso didaktiko gehiago daude. Emozioak ezagutzeko jokoak, marrazkiak, eta abar daude. Gainera, bada funtsezko gauza bat: jolas sinbolikoa. Hori sustatzea da irakasleak egin dezakeen gauzarik handienetakoa. Jolas sinbolikoetan elkarrizketen % 99 gai emozionalei buruz izaten dira (haurrek euren esperientzia emozionalak berbizitzen dituzte). Bestearen lekuan jartzen dira, eta irudimen proiektiboaz euren sentimenduak bestearengan jartzen dituzte (bestea haserre dagoenaren papera egiten dute), eta emozio horiek erregulatzen dituzte. Hor sekulako eremua dago. Eta bestetik ipuinak ditugu: emozioak lantzeko ipuin oso onak daude egun.

Emozio asko ukatu egiten ditugu: “ez haserretu” esaten zaie haurrei, edo “ez duzu ahizpa jaio delako jeloskor egon behar”...

Eta nola ez da, bada, jeloskor egongo! Pentsa bikotea datorkizula esanez “begira, neska hau topatu dut, oso atsegina bera, eta etxean sartuko dugu, eta zuk asko-asko maite behar duzu”. Jeloskortasuna normala da. Eta amorrua, eta inbidia, eta urguilua. Egin behar dena ez da emozio horiek ukatu edo debekatu, baizik eta emoziook ulertzen eta erregulatzen lagundu.

Lehen Hezkuntzan, berriz, zein dira klabeak?

Lehen Hezkuntzan ere garrantzitsua da emozioak izendatzea, besteen emozioak ulertzea, enpatia agertzea eta zeure emozioak erregulatzea. Horretarako egoera naturalak baliatu daitezke (ikasle berri bat etorri izana, lagun arteko gatazkak eta abar), edo irakaslearen proposamenak bestela. Ipuinak egokiak dira adin honetan ere, edota filmatzea (izugarri gustatzen zaie, gainera): emoziozko egoera bat antzeztarazi (esaterako, haserre egoera), filmatu eta gero ikusi zer jarrera ez ziren egokiak eta zein izan daitezkeen alternatibak. Edota kaxa bat jarri gelan ikasleek euren kezkak bota ditzaten anonimoki, eta gero gai horiei buruz hitz egin. Adin honetan garrantzia hartzen duten gaiak hauek dira: bazterketa, lagunen burla, autoestimua (soziala eta akademikoa).
Beste funtzio bat da emozio moralak (esaterako kulpa, lotsa edo urguilua) garatzea eta egoki baliatzea. Kulpa sentitzea ona da, eta sanoa da inork mina eragin duenean kulpa sentiaraztea (bestearen lekuan jarriaraziz, haren sufrimenduarekin enpatizatuz), eta funtsezkoa da kulpa erregulatzen, egindako kaltea konpontzen eta barkamena eskatzen irakastea. Urguilua ere landu beharreko emozioa da; urguilua beharrezkoa da, eta haur denek dute harro sentitzeko eskubidea (bereziki gehiegi nabarmentzen ez direnek). Haur denek ematen dute nahiko motiborik, alor batean ez bada bestean, bere lana edo jarrera goraipatzeko. Arrakastagatik harro sentitzea klabea da barne-motibaziorako eta autoestimurako, eskola porrota saihesteko oinarrizkoak direnak.

Bigarren Hezkuntzan, zer?

Nerabezarorako proposamen gutxiago daude. Euren kezkak zein diren ikustetik eta lan erabilgarriago bat egitetik hasi behar da. Etapa honetako garapen ezaugarriak, erronka handien eta emozioen orekarik ezaren iturri dira. Kideek onartuko ote dituzten kezkaz ari gara hizketan (talde presioak aurreko etapatan baino garrantzia handiagoa hartzen du), autoestimuaren gorabeherez ari gara (gutxitu egiten da eta hauskorragoa da), gorputzaren autoirudiarekin dituzten zailtasunez (gutxi onartua), maitemintze eta maitasun porrotez, sexualitatearen eta orientabide sexualaren onarpenaz (beste ezein etapatan baino indartsuagoa dena), helduekiko anbibalentzia harremanez (amorrua eta kulpa eragiten dutenak), bokazioz zein ideologikoki identitate bat garatzeko beharraz, eta abar.
Gai horietako batzuetan badira esku hartzeko proposamenak, balioztatuak daudenak (sexualitatean eta gatazken ebazpenean), eta talde tutoretzatan erabiltzen diren aktibitateak hor daude: egoerak asmatuz, antzeztuz eta gero aztertuz, filmak, irakurgaiak, ideia jasak, eztabaidak, eguneroko bizitzako kasuak…

Heziketa emozionalerako, irakasleentzat materialik edo erreferenterik ba al da hemen?

Gaztelaniaz orain hasi dira argitalpen batzuk ateratzen, aurrerago zitatzen ditudanak bezalakoak (ikus “Gomendiozko irakurgaiak” atala, artikuluaren amaieran). Dena den, nahitaezkoa iruditzen zait irakasleek hasierako formazio bat izatea garapen emozionalean, behin hori jasota seguru bainago irakasleari nahi beste aktibitate bururatuko zaizkiola bere gelan gauzatzeko, berak ezagutzen duelako beste inork baino hobeto zein etapatan dauden bere ikasleak.

Zein da gurasoen funtzioa heziketa emozionalean?

Heziketaren ardura gurasoena da, eta ezin da eskolaren esku utzi. Seme-alaben heziketa morala zein emozionala euren esku dago, eta horretaz oso kontziente egin behar ditugu. Haurrek emozioen kontzientzia hartzeko eta erregulatzeko zein arau moralak barneratzeko bitarteko bat dute: gurasoen txikimenduak ematen dien segurtasuna. Heziketa emozionalean ere klabea gurasoak dira.
Emozioekiko jarreraren arabera, guraso askotarikoak daude. Haurraren emozioei beldurra dien gurasoak emozioak minimizatzen ditu, eta entreteniarazi egiten du haurra. Autoritarioagoa den gurasoak pentsatuko du haurra bera manipulatu nahian dabilela, eta ez dio emozioa adierazten ere utziko. Beste estilo bat “laissez faire” (“utzi egiten”) deritzona da, emozioak erabat askatu behar direla, iristen diren muturreraino askatu behar direla pentsatzen duten gurasoak. Nahiz eta hiru estilo horietan gurasoek euren asmo onenekin egin, ez diote garapen emozionalari onik egiten. Aldiz, seme-alabak emozionalki hezten dituzten gurasoek, halako egoera bakoitza haurrari bizitza emozionaleko gauzak erakusteko aukera polit gisan ulertzen dute: denbora eskaintzen diote, euren lekuan jartzen dira, haurraren emozioekin enpatizatzen dute,izendatzen laguntzen diote eta egoerari aurre egiten. Kontua da gurasook ere ikasi egin behar dugula, orain ari garelako alor emozionalean jokatzen ikasten.

Harremanik ba al dago moralaren eta emozioen artean?

Bai, izugarria. Emozio moralak dira urguilua, kulpa, lotsa eta enpatia. Urguilua arauak betetzen dituen zerbait egin duzula eta norbaitek ikusten zaituela sentitzen duzuenean sortzen da (norbait hori imajinarioa izan daiteke). Urguilua gozamenarekin lotutako sentsazioa da, eta arauak errespetatzen jarraitzera motibatzen zaitu. Lotsa, berriz, kontrako egoeran sortzen da: arauen kontrakoa egiten duzunean (barregarri geratzen zarenean). Eta kulpa sortzen da inori min egin eta pertsona hori sufritzen ari dela sentitzen duzunean (enpatia sentitzen duzu), eta zeure gain hartzen duzunean sufrimendu horren kausa. Kulpa eta lotsa sentsazio oso ezerosoak dira, prebentiboak dira, eta hurrengoan berriz halakorik ez sentitzeko ez ditugu arau moralak hautsiko edo ez diogu inori minik egingo. Jokabide morala gehien erregulatzen dutenak emozio horiek dira, ezagutza morala baino are gehiago.

Agresibitatearen prebentziorako, beraz, oinarrizkoa da kulpa eta enpatia emozioak lantzea...

Hala da, beste zenbait gauzaren artean. Ze erasotzaileen arazo larrienetako bat da ez dutela biktimaren sufrimendua sentitzen, ez dakitela enpatia sentitzen, eta beraz kulparik ere ez dute sentitzen. Gerok unitate didaktiko batzuk sortu genituen, ondo funtzionatzen ari direnak, enpatia garatzeko, perspektiba hartzea, elkarlana zein gizakiaren irudi positiboa lantzeko. Diziplina induktiboa erabiltzeak ere sustatzen du enpatia eta enpatiazko kulpa.

Jokabide erasokorra duen haurrarekin, zer egin?

Lehenik eta behin aztertu haur horren agresibitatearen kausa zehatzak zein diren, eta lehenbailehen esku hartu, baina hori bai, ez utzi erasotzen. Haurrak ez dira bat-batean erasokor bihurtzen 8 edo 10 urterekin, haur eskolan jada ikusten zaizkie jokabide horiek. Haur bat erasokor egiten duten kausak asko dira. Hiperaktibitate arazo batetik eratorriak diren kasuak kenduta, nik uste haur erasokor baten atzean zera dagoela: edo haur oso triste eta oso mingostu bat, ez duelako behar adina maitasun eta arreta jasotzen, edota bestela heziketa eta jokabide kontrolaren arazo bat, biak ere familiaren eremuan. Diziplina kontrolari dagokionez, bai guraso oso autoritarioek (zigor fisikoa erabiltzen dutenek), eta bai gehiegi uzten dutenek ere, haur erasokorrak sortzeko arriskua dute. Oso zaila da, ezinezkoa ez bada, zoriontsua den haurra eta emozionalki seguru dagoena erasokorra izatea.

Gelan haur erasotzaile bat baduzu, zer egin?

Zuzenean gurasoekin hitz egin, eta proposatu eskolan eta familian batera egiteko esku-hartze bat. Erasotzea ez da zerbait normala eta ezta zerbait onargarria ere, zenbait gurasok eta irakaslek dion modura, “astokilo xamarra delako” edo “haurren kontuak direlako”; ezin da hain astokiloa izan, eta haur horri norbaitek esan beharko dio ezetz.
Eta nesken agresibitate psikologikoarekin, berdin; ez dute hainbeste jotzen, baina harreman agresibitatearen indizea izugarria da. Eta hori irakasleek badakite, nabarmena da neskek nola funtzionatzen duten (gai dira talde osoak neska bat bazter dezan lortzeko), baina nola ez den hainbeste ikusten, apenas esku hartzen den. Besteak sufritzen ikusita gozatzeko gustu hori, enpatia duen haur batean desagertuko litzateke, kulpa sentituko bailuke.

Eta zer egin biktimarekin eta beste talde osoarekin?

Lehenik eta behin biktima defendatu, munduko zorroztasun guztiarekin. “Matoien” beste jokabide oso sibilinoa baita, laguntza eskatzen duen biktima lotsagarri uztea. Bigarrenik, biktimek askotan trebetasun sozialak falta dituzte, dependiente xamarrak izaten dira. Hor badago zer landua. Bestetik, erasotzaileak ez du erasoko, lagun talderik eduki ezean. Eta irakasleok hor esku-hartu genezake asko: gainerako talde osoan Landu bazterketarekiko duten beldurra, landu lidergoa (lidergo mingarri bat apurtzera ere iritsi gaitezke helduok), landu giza eskubideak, enpatia, pertsona ona izatearen abantailak, eta abar. Bizitza honetan morala izan behar dela, ezin dela edozer gauza onartu, hori da taldearekin landu behar dena. Batzuetan erasotzailearekin egin beharreko eskuartzean psikologo edo psikoterapeuta baten laguntza beharko da, baina gainerako ikasle guztiekin egin dezakezuna asko da.

Morala izatea, “zintzoa” izatea, gaur ez dago modan, “inozo” gisa hartzen da...

Egia da, eta niretzat horixe da gaur erakutsi behar den gauzarik garrantzitsuena: zintzoa izatea ona dela, eta merezi duela benetan, ez dela sakrifizio bat (erlijio kristauak hori transmititzen digun arren). Alderantziz: zintzoa dena maitatuagoa da, harreman hobeak ditu, gusturago bizi da. Eta erakutsi behar diegu jende gehiena ona dela, horixe baita saltzen ari zaizkigun beste eredua: gizartean jende gehienak min egiteko beldurrik ez duela, eta gehiengoa berekoia dela. Eta ez da hala. Gehiengoa ona dela pentsatzen duzunean, zerorri ere eskuzabala zara, ez duzu beldurrik.

GOMENDIOZKO IRAKURGAIAK

-Bisquerra, R .: Educación emocional y bienestar, Praxis, Bartzelona, 2000.

-Ibarrola, Begoña: Cuentos para sentir 1 eta 2 liburukiak, S.M., Madril.
-Hyson, M.C.: The emotional development of young children. Building an emotion-centered curriculum, Teachers College Press, Londres, 1994.
- López Rodriguez, F.: Emociones y educación: Qué son y cómo intervenir desde la escuela, 2003.
-Ortiz Barón, M. J.: “El desarrollo emocional”, in López, F., Etxeberria, I., Fuentes, M.J.; Ortiz, M.J. :Desarrollo afectivo y social, Pirámide, Madril, 1999.