110: 650 lagun bilduko gara topaketetan

2006-07-01

Kalitatezko ikastaroak eskaini nahi ditugu: hau da, euskaraz, heziketa lanerako interesgarriak, baliagarriak eta osagarriak, elkarren artean topatzeko aukera ematen dutenak eta parte-hartzaileonmotibazioa piztuta mantentzen dutenak.

 
 

VII. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak ditugu aurtengoak. Uztailaren 4, 5 eta 6an Donostian bilduko gara beste behin; batzuk ordenagailuak hobeto maneiatzen ikastera, beste batzuk gorputza astintzera musikaren, masajeen edo jolasen aitzakian, beste hainbat buruari buelta batzuk ematera elkarbizitza, harremanak edota norberaren prestakuntza hobetzeko asmoz. Eskaintza zabala da, gai askotarikoak daude, beharrak ere hala baitira.

Ahal den neurrian eskaera horiei erantzuten saiatzen gara kalitatezko ikastaroak eskainiz. “Kalitatezkoak”. Aipatu dugu hain modan dagoen kontzeptua. Baina, zer da kalitatezkoa izatea? Ez dago definizio eta ikuspegi bateraturik hitz horren azpian, bakoitzak bere erara ulertzen eta interpretatzen du. hik hasirentzat horren azpian ezaugarri jakin batzuk daude.
Hasteko, heziketa lanerako interesgarriak, baliagarriak , osagarriak eta berritzaileak izatea. Etengabeko prestakuntzak eguneroko lanarekin eta beharrekin estuki lotuta egon behar baitu.
Bigarrenik, euskaraz izatea. Euskaraz ari direnentzat, hori gabe ez dago benetako kalitaterik. “Euskal labeldun” ikastaroak dira gureak, UEUrenak bezalaxe. Horregatik egin dugu aurten elkarrekin udan euskaraz ikasteko deia. Euskararen normalizazio prozesuari begira eta eskolak zein unibertsitateak euskalduntze aldera, funtsezkoa da bertan arituko diren profesionalak euskaraz formatzea. Horretarako aukera ematen dute ikastaro hauek. hik hasi eta UEUren artean 55 ikastaro eskainiko dira aurtengo udan.
Bada kalitatearekin lotzen dugun beste ezaugarri bat ere: topagune izatea. Bakoitza bere ikastarora sartu eta ahalik eta etekinik handiena ateratzeko joera dago, eta ongi dago. Baina hik hasiko topaketen eskaintza ez da horretara mugatzen. Gela guztietako partaideak kontatzen hasita, 650 lagun bilduko gara. Denak heziketarekin kezkatutakoak, heziketa lanean dihardugunak. Non topatuko dugu plaza hoberik gure kezkak partekatzeko, esperientziak trukatzeko, adiskide zaharrak agurtzeko, lagun berriak egiteko...? Aprobetxa ezazue abagune hau, mereziko du-eta. Hori ere etengabeko prestakuntza da. Kalitatea da, bizitza kalitatea.
Aipatu ditugun ezaugarri horiei denei beste bat erantsi behar zaie: parte-hartzaileon motibazioa. Eta hori ere badute topaketa hauek. Urtez urte ikusten dugu: interes handiz, gogotsu, animatuta eta umorez ikusten zaituztegu. Ikastaroetako emaileek ere behin eta berriro azpimarratzen dute agertzen duzuen interesa eta gogoa. “Luxuzko ikasleak” zarete. Poza ematen du hori ikusteak. Horregatik, argi eta garbi daukagu merezi duela 650 lagunentzako edo gehiagorentzako ikastaroak antolatzeko lana hartzeak.