Adimen emozionala: sentimenduak osatzen

2006-07-01

“Lehenengo aldiz gure buruari begirada adimentsuz so egiten diogun lekua da gure benetako jaiolekua...” (Hadrianoren oroitzapenak, Marguerite Yourcenar).

 
 

Ongi etorri ikastaro honetara.

Ikastaro honetan, ziur aski, landu nahi dituzun gauza batzuk aurkituko dituzu, baina espero ez dituzun beste gauza batzuk ere bai.
Nire ustez, emozioen lanak praktikara zuzenduta egon behar du. Edonork esaten duena sinestea ez da ikertzeko modurik hoberena. Emozioak sentitu egin behar dira, eta besteen emozioekin lan egin baino lehen, prozesu emozional batzuk egin behar ditu norberak. Matematika ikasi ez duen matematika irakaslerik ezagutzen al duzue?
Emozioetara hurbiltzeko estrategia asko daude: guztiz intelektuala, negartia, mistikoa... Nire aukera umorea eta barrea erabiltzea da. Umorea ez da, normalean uste den moduan, denbora pasatzeko modu bat. Ongi erabiltzen badugu, gizartea eta geure burua ezagutzeko tresna nagusietako bat da.
Horrek ez du esan nahi teoriarik egongo ez denik. Teoria beharrezkoa da jorratzen ditugun gaien nondik norakoa ulertzeko. Baina ikusten ditugun gai guztiak egiaztatu egin behar dira, bai jokoen bitartez, bai eztabaidetan, edota praktikoak diren beste modu batzuen bidez.
Gaiak landu eta frogatu ondoren, zerbait egin beharko da horrekin. Eta hor aurkitzen dugu normalean gaindiezina den arazoa. Emozioek ez dutela logika handirik pentsatu ohi dugu, baina ez da horrela. Gertatzen dena da emozioek beren logika berezia dutela. Eta ez bagara “emozionalki” pentsatzeko gauza, ez ditugu gertatzen diren hainbat gauza ulertuko. Hona hemen adibide bat esandakoa hobeto ulertzeko:
Ikastaro hau oso-oso berezia izango da, gaur egungo gizartean tabu den edo debekatuta dagoen gai bat landuko dugulako: eragite sena edo boterea.

Konturatu al zarete ez dela botereari buruzko ikastarorik egiten? Agian, enpresa arloan, boterea nola erabili behar den lantzen da pixka bat. Baina hortik aurrera ezer gutxi. Emozionalki oinarrizkoa den gai bat da, eta inork ez daki zertaz ari garen.

Hona hemen bi baieztapen iraultzaile:
- Botere sena ongi ulertzen ez duenak, ez ditu giza erlazioak ulertzen.
- Botere sena ongi lantzen ez duenak, ongi bizitzeko zailtasun handiak izango ditu.

Itzul gaitezen logikara. Idatzi ditudan bi perpaus horiek gure eguneroko logikarentzat mingarriak dira, baina emozioen logikan, normalean egiten ditugun hainbat galdera argitzen dizkigute:

- Zergatik bullying-a?
- Zergatik hainbeste depresio irakasleengan?
- Zergatik da garrantzitsua edertasuna?
- ...

Ikusiko dugunez, mundu berri batean sartzen ari gara, eta kasu askotan, heziketa ikusteko modu berri batean.

Gaur egungo heziketa eredua gaindi dezakegu, baina praktikotasun osoz. Horretarako, ez dugu mugimendu “utopiko”etan sinetsi beharrik. Aldaketa sakonak egin ditzakegu eskuetan ditugun baliabideekin.
Egia esateko, eta kasu askotan, irakasleek profesionaltasun handia dute, datorkigun gizarte bereziari aurre egiteko nahikoa. Gertatzen dena da, arazoak ez ditugula ikuspuntu egokitik ikusten. Agian, kasu askotan, erantzuteko trebeziaz gain, galderak egiteko trebeziak zorroztu beharko ditugu.

Hona hemen galdera zorrotz bat: “Zergatik ez erabili eskola irakasleen, ikasleen eta gurasoen bizitza benetan hobetzeko?”

Ikastaro hau probokatzailea, dibertigarria eta aberasgarria izango delakoan, olerki txiki honekin uzten zaituztet:

“Ogi pixka bat
aski du
gorputzak kantuz hasteko.
Egia puska bat
ez du aski
giza bihotzak, isiltzeko”.

(“Ortzia lorez, lurra izarrez”,

JoxAnton Artze)