Biodantza

2006-07-01
 
 

Orain dela 35 urte sortu zuen biodantza Rolando Toro txiletar psikologo eta antropologoak. Gaixoekin egiten zuen lan eta haiekin esperientziak egiten hasi zen musika bitarteko hartuta. Musikak gaixoengan izugarrizko eragina zuela konturatu zen. Musika mota batekin oso euforiko jartzen ziren eta beste musika mota batekin oso depresibo. Beraz, musikaren bidez pertsonak alde batera edo bestera bidera zitzakeela konturatu zen.

Pinocheten garaian Argentinara egin zuen ihes. Gero Brasilera joan zen eta han sendotu zen biodantza.
Biodantzaren oinarrian musika, mugimendua eta bizipenak daude. Hiru elementu horiek batzen eta integratzen ditu.
Musika da haria, musikak bideratzen du biodantzako saioa. Musikak eta afektibitateak. Horrela, saioak bide melankolikoa, ludikoa, bizia, geldoa, barnerakoia… har dezake.
Musikaren erritmora gorputza mugimenduan jartzen da, mugimendu librean.
Eta bizipenak. Behin saioan barneratuta, bakoitzak bere bizipenekin eta sentipenekin konektatzen du. Hori da, gainera, helburu orokorra. Izan ere, sarritan burua eta gorputza bakoitza bere aldetik ibiltzen dira, elkarren arteko loturarik gabe. Eta gure eguneroko jardueran badute lotura. Esate baterako, norbaiten aurrean itxura segurua eman nahi baldin badugu, baina gorputzak ez badu segurtasun hori sentitzen, halaxe adieraziko du, eta nabaritu egingo da gorputzak transmititzen duen segurtasun falta hori. Biodantzak horren kontziente egiten laguntzen du.
Gure barneko bizipenetan murgiltzeak gure inkontzientean dugunarekin konektatzera garamatza: gure minarekin, gure txikitako esperientziekin, gure handitasunarekin, gure indarrarekin… Hitz batean esanda, gure benetako nortasunarekin konektatzen laguntzen du biodantzak. Ez da panazea bat, ez dauka forma erlijiosorik, bakoitzak bere barruari begiratzeko beste ikuspegi bat da.
Ez da terapeutikoa eta bere helburua ere ez, baina ariketak ondo eginez gero, terapeutikoa izan daiteke.
Biodantza taldean egiten da, eta horrek ere badu bere garrantzia eta esanahia. Une batzuetan, barne munduan sartzen garenean eta gure sentipenekin bat egiten dugunean, negar egiteko gogoa sor daiteke, edo besarkatua izatekoa. Taldeak horretan laguntzen du. Behar duenari babesa ematen dio.

Ikastaro honek bi zati nagusi izango ditu:

- Lehenengoa aktiboagoa izango da eta egingo diren ariketak horretarako izango dira, aktibatzeko: oinez libreki ibili, dantza librea, erritmo indartsuak, dantza tribalak… Ez da erraza bat-batean irekitzea eta hasieran gorputzak erresistentzia adieraz dezake. Gorputza egokitu egin behar da.
- Bigarren zatia barnerakoiagoa izango da: pixkanaka-pixkanaka barruko munduan sartzen joango gara: ariketa geldoagoak, lurrean etzanda, musika lasaiagoa, erritmo baxuagoa, ahots baxuagoa…
Hazi txiki batetik zuhaitz bat sortzen da, adarrak zabaltzeko eta kanpora irekitzeko gaitasuna duen zuhaitza. Gizakiarekin gauza bera gertatzen da. Hazi txiki batetik sortu ginen eta zabaltzen goaz. Biodantzak horretan laguntzen digu, barruko sentipenekin konektatu eta kanpora zabaltzen. Gorputza, sentipenak eta pentsamendua, dena bat egiten du.