Haur txikiaren behaketa psikomotrizitate praktikaren ikuspegitik

2006-07-01
 
 

Haur Hezkuntzan haur txikiak nola funtzionatzen duen ulertzea interesatzen zaigu, bere garapena eta heltzea modu egokian aurrera eramateko zein bitarteko dituen jakitea. Horretarako, lehendabizi formazio nahikoa eskuratu behar dugu, haurrak bere eboluzioan jarraitzen duen ibilbidea ezagutzeko.

Era berean, haurra nolakoa den eta zer egiten duen entzuteko eta behatzeko jarrera eduki behar dugu. Modu horretan, gure heziketa estrategiak marko orokorraren eta haur bakoitzaren errealitate espezifikoaren arteko emaitza egokitua izan behar du.
Gure ikuspegiaren arabera, haurra behatzea formazio pertsonal eta profesionalaren ibilbidearen emaitza da. Horrek hainbat gauza ahalbidetzen dizkigu. Hasteko, geure buruari begiratzea, hau da, geure nortasuna, gaitasunak eta mugak ezagutzea “barruan daukagun haurrarengana” iristeko. Horrela, dezentrazio ibilbide bat egingo dugu eta behatzeko, entzuteko eta haurrak adierazten duena enpatiaz ulertzeko gai izango gara. Ahal dugun argiena bereiztuko dugu haurrarena dena eta gure historia eta egoera propioari dagokiona.
Haurrak zer bizitzen duen jakiteko modu bakarra guk geure bizipenen gaineko lan bat egitea da, betiere haurraren munduko osagaiekin erlazioa duten alderdiak landuz: norberaren segurtasuna eta konfiantza, eta besteekiko segurtasuna edota konfiantza; hau da, lehendabiziko urteetan bizitutako guztia eta ondoren banaketarekin, indibidualtasunarekin eta autonomiarekin lotuta bizitutakoak.
Haur txikiak egiten duena behatzea haur horrek munduan egoteko eta izateko duen moduari arreta jartzea da: haren ekintzak (sortzaileak, gehiegizkoak, eskasak eta abar); haren mugimendua (harmonikoa, zurruna eta abar); haren jauziak, erorketak, kulunkak; haren jokoak eta hartzen dituen rolak; haren sinbolizatzeko gaitasuna edo gaitasun eza; ekintzetan adierazten duen plazera; haren keinuak, mimika; haren hitzak, isiltasunak; begirada; haren garrasiak, negarrak, barreak; haren marrazkiak, eraikuntzak; nola entzuten dituen ipuinak, nola kontatzen dituen bere gauzak; haren beldurrak eta konpetentziak eta abar. Horren guztiaren bidez kontatzen digu haurrak nola dagoen eta zer behar duen helduengandik, hezitzaileengandik.
Behaketa horrek ez du “haurra zatitu” behar; bere osotasunean hartu behar da, jakinik bere alderdi guztiak (gorputzekoak, afektiboak eta kognitiboak) estuki lotuta daudela, ekintza eta joko bakoitzean adierazten den moduan. Horregatik, derrigorrezkoa dugu behar bezala lantzea entzuteko eta begiratzeko dugun gaitasuna, horrek ahalbidetuko baitigu haurra ezagutzea eta den bezala onartzea. Modu horretara, gure esku-hartze pedagogikoan haurraren errealitatetik abiatuko gara, gure aurrean dagoen benetako haur horrengandik, eta ez haur teoriko batetik. Bestela, haur teoriko horrek gure aurrean daukagun haurra itxuraldatu edota ezkutatu egin dezake.
Kontua da guk geuk geure burua behatzea haurra behatu ahal izateko; guk geuk geure burua ulertzea haurra ulertu ahal izateko; haurra ulertzea gure pedagogia egokitu ahal izateko; haurra ulertzea errespetatu ahal izateko.
Aniztasunaz hainbeste hitz egiten den garai hauetan, balio hori lantzeko modu bakarra desberdintasunak onartzea eta haur bakoitzari erantzun desberdinak eta egokituak ematea da. Izan ere, entzuteko eta egokitzeko pedagogia horretan, euren desberdintasunak aintzat hartzen diren heinean, berdinak sentitzeko aukera dago.
Haur Hezkuntzaren helburu nagusia haurrari testuinguru bat, giro bat eskaintzea da, zeinak segurtasun afektiboko eta psikologikoko oinarri egoki bat eraikitzen laguntzen dion. Modu horretan, autonomiarantz abiatu ahal izango du, egiteko plazeretik pentsatzeko plazerantz: izateko plazererantz.