Nola landu elkarbizitza Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan

2006-07-01
 
 

Neska-mutilen arteko elkarbizitzak, dagoeneko, garrantzi handia hartu du heziketan. Azken mendean, giza mugimendu eta eragile askotarikoen indarrez, emakumezkoen eta gizonezkoen bizimoduak aldaketa nabariak jasan izan ditu. Aldaketa horiek nabarmenki azaldu dira esparru konkretu batzuetan; adibidez, lan esparruan emakumezkoen parte-hartzea izugarri handitu da, baina baita eguneroko bizitzan edota pribatuan ere.

Esan beharrik ez dago gure eskoletan neska eta mutikoen arteko arteko rolak edo paperak etengabe aldatzen ari direla. Gure ustez, egoera berdintsura ailegatzeko oraindik pauso asko eman behar badira ere, ezin dira ukatu azken urteetan ibilbide honetan jorratutakoak.
Egia esan, heziketa munduan aspaldidanik hartu da elkarbizitzaren ibilbidea hori, baina ez da erraza, eta tamalez, curriculumaren eraginez, gizakien arteko emozioak, sentimenduak eta harremanak bigarren mailako eduki mota bihurtzen ari dira gure geletako eguneroko jardunean.
Baina bilakaera hau ez da egungo gizarteak, ezta egungo eskolak ere, jarraitu nahi duen ildoa. Alderantziz, gaurko gizarteak gero eta ozenago aldarrikatzen du pertsonen arteko balio aldaezina bizitza orekatu bat gauzatzeko orduan. Zeregin honetan hezkidetza, sexualitatea,eta emozio eta sentimenduen hezkuntza lagungarriak izan daitezke.
Horrela, zenbait autore norberarekiko adimenaz, pertsonen arteko adimenaz , edota adimen emozionalaz hizketan hasiak dira. Horrekin batera, gizakia aspaldi ohartu da “giza berdintasunak” daraman balioez. Gizaki izateak berdintasuna eskatu eta ezartzen du pertsona garenon artean. Giza berdintasun orokorra balio unibertsaletan islatzen da eta horiek izan behar dute ardatz eskolan eta gelan sortzen diren harreman eta egoera desberdinetan. Horregatik, “eskola antolaketak” izugarrizko indarra hartzen du, guraso, ikasle eta irakasleen arteko harreman eta zereginak birplanteatuz eta eskola komunitatea beste ikuspegi batetik jorratuz. Azken finean, eskola inklusibo eta demokratikoaren ildoa sakonduz.
Berdintasuna ardatz gisa hartuz, “aniztasuna”ren miraria berdintasun honen aberasgarri suertatzen da. Anitza da bizia eta anitzak gara gizakiok. Pertsona bakoitzak bere desio, sentimendu eta gorpuzkera berekoia dauka eta horrek erakarri eta sortzaile bihurtzen gaitu. Horregatik, ezinbesteko erronka da eskolarentzat aniztasuna errespetatuz esan dugun eskola inklusiboa eraikitzea, horixe baita aberastasuna eta konplexutasuna lantzea, edozein giza egoerak dituen ezaugarri nabarienak, hain zuzen.
Esandako guztiagatik, elkarbizitzarako edozein programak goian aipaturiko alderdiak landu beharko lituzke. Horregatik, proposamen hau ondoko hiru esparru nagusitan banatua aurkeztuko dugu. Lehenik, gizartean eman diren aldaketak kontuan hartuz, eskolaren egitura-antolaketarekin lotura duten ekimenak landuko ditugu, batez ere “ikas komunitateak” izenarekin ezagutzen ditugunak. Bigarrenean, herritartasunaren hezkuntza eta gatazkak bideratzeko proposamen desberdinak jorratuko ditugu. Elkarbizitzak ezinbestean gatazkak sortu ohi ditu eta horiek ekidin baino, bideratzen eta gainditzen lagundu eta trebatu behar gara. Azkenik, emozio eta sentimenduen mundua aztertuko dugu, batez ere inguru eta egoera esanguratsuenetan kokatuz. Eta osatzeko, gure ustez garrantzitsua den “pertsona sexutua”ren ikuspegia ere landuko dugu, neska-mutilen arteko harremanak nekez uler ditzakegulako sexualitatearen erroko garrantzia kontuan hartu gabe. Azken finean, sexua, edo hobeto esanda, pertsona sexutuaren sexualitatea da elkarbizitzako muina, “berdintasunean aniztasuna”, alegia.