Nolako irakasleak behar ditugu XXI. mende hasierako Euskal Herrian?

2007-01-02

“Pentsatu globalki, parte hartu lokalki”, diote ekologistek.

“Orokorretik lokalera ez, alderantziz, lokaletik globalera”, diote beste batzuek.Garbi dago hausnarketa sakona egin behar dela gure kulturaren aberastasuna gal ez dadin eta gure ekarpena egin dezagun.

 

 
 

“Gaur egungo eskoletan, XXI. mendean bizitzeko ikasleak prestatu behar ditugu, XX. mendean prestatutako irakasleekin, eta XIX. mendeko egitura duen hezkuntza sisteman”. Esaldi hori errepikatu zen abenduaren 15ean Donostiako Irakasle Eskolan egindako etorkizunerako irakasleen profilari buruzko hausnarketan. Ideia eta ekarpen interesgarriak egin ziren saioan zehar. Hitza hartzeko egon zen nahiak gaiak pizten duen interesa adierazten du.

XXI. mendeko jendartean aldaketa sozialak izugarri bizkortzen ari dira; orain arteko erreferentzia puntuak gal-tzen doaz: erlijioa, familia...; ezagutza etengabe aldatzen ari da; egoera gero eta konplexuagoak sortzen dira; kultur berdintasunerako ahalegin nabarmena antzematen da: hizkuntzak, modak, ohiturak...; ekonomiaren desoreka eta gizarte bazterketa handituz doaz; informazio gehiegi dago, bizitza erritmoaren abiadura izugarria da...

Zer egin, ordea, eskolatik horren guztiaren aurrean?

Izugarrizko garrantzia du irakasleen prestakuntzak, bai hasierakoak eta bai etengabeak. Zertan prestatu, baina?

Alde batetik, ikaste prozesuei buruz zientziek egin dituzten ekarpenak kontuan hartu behar dira. Adibidez, ezagutza norberak eraiki behar duela dio psikologiak; jakintzak bizitzarako baliagarria denean hartzen duela zentzua dio soziologiak; iristen zaigun informazio berria garen eta dakigunaren arabera interpretatzen dugula komunikazioak; hizkuntzen arteko interdependentzia dagoela, berriz, linguistikak...

Bestetik, hezkuntza osoa eta integrala izatea komeni da, bere inguruan integratua eta integratzailea.

Zer ondoriozta daiteke horretatik guztitik? Irakasle berriak prestatzeko, ikasgaietan oinarritu beharrean diziplinartean aritu behar dela, elkarlanean aritzea ezinbestekoa bihurtuz. Errealitatearekin zerikusi zuzena duten gaiak eta egoerak bizi behar direla. Ezagutza teorikoan oinarritutako curriculumetik konpetentzien garapenera pasa behar dela. Memoriari baino konpetentziei eman behar zaiela garrantzia: ikasten, izaten, elkarlanean aritzen, ekiten... jakiteari. Azken finean, pertsona ikertzaile, autonomo eta kritikoak izaten lagundu behar zaiela irakaslegaiei.

Hezkuntzaren xedeek gure gogoetatik abiatu behar dute jende askea eta kultur identitatea duena lortzeko. Hori litzateke gure herriak egin lezakeen ekarpenik ederrenetakoa.

Eta hori guztia posible al da dauzkagun hezkuntza egitura administratiboekin? Garbi dago egitura horiek ezinbestean aldatu egin behar dutela izaera, eskola komunitatearen parte-hartzea erraztuz, eskola jendartera irekiz eta eskola garaia amaitzean bizitza osoan ikasten jarraitzeko gogoa suspertuz.

Hausnarketak jarraituko du...