Haurrek, elkarren arteko gatazkak haien artean konpondu behar al dituzte? Kasu horretan jazarpenak izateko aukera handiagoa al da? Zer egin behar dute irakasleek?

2008-02-01
 
 
Haurrek, elkarren arteko gatazkak haien artean konpontzen ikasi beharko lukete, irakasleok prozesu horretan paper garrantzitsua izango dugula ahaztu gabe. Ikusten duzuen moduan, galderari erantzutean konpondu behar?= konpontzen ikasi bihurtu dugu. Ikasleak, prozesu hezitzaile baten ondorioz, autonomoak bihurtu beharko lirateke gai horretan, hau da, haien bizitzan sortzen diren gatazkei, modu positiboan aurre egiteko gai izan beharko lukete. Gatazkak, haien kabuz konpontzen utziz gero , eta ikastetxean bizikidetza positiborako lanketa seriorik ez bada planteatzen, gizartean gatazkak konpontzeko nagusi den eskema erabiliko dute: IRABAZI-GALDU eta MENDERATZE- MENDETASUN erlazioak ezarriko dituzte. Zer ondorio ditu esandakoak?:
1.- Bizikidetzaren ikaskuntzak irakasleen eginkizunean dituen ondorioak hauek izan daitezke:
- Taldearen eraikuntzaz arduratzea: taldearen kohesioa, giro goxoa, errespetua... lortu.
- Gela era egokian antolatzea: ikasleen partaidetza zabala, arduren banaketa, metodologia egokiak eta interaktiboak, kooperazioa, ordutegiak...
- Diziplina demokratikoaren beharra eta zentzua lantzea: gelako arauak adostasunez lortzea, ondorio hezitzaileen beharra indartzea, irakasleen kohesioa eta koherentzia bultzatzea, gurasoen inplikazioa bultzatzea...
- Bizikidetza positiboa eta gatazkei aurre egiteko lanketak curriculumean edota Tutoretza Planean sartzea : gatazkei aurre egiteko moduko hezkuntza ziurtatzea; sentimenduen eta emozioen hezkuntza txertatzea; komunikazio egokirako estrategiak lantzea; enpatiari eta elkarrekikotasunari arreta berezia eskaintzea; pertsonen arteko harremanak zaintzea eta lantzea; giza eskubideen ulermena lortzea; oinarrizko baloreek gure geletan duten interpretazioaren inguruko hausnarketak egin ondoren, konpromisoak betetzen saiatzea; tratu txarrak eta biolentzia baztertzearen aldeko kanpainak egitea; ikasleen partaidetza bultzatzea, bai ikaskuntzaren inguruko ekintzetan, bai ikasleen arteko gatazkei aurreko egiteko bideetan ere.
2.- Ikastetxe guztietan bizikidetza positiboaren markoa eraikitzeak, zera eskatzen du:
Hasteko, argitu dezagun zer den bizikidetza positiboa: “Bizikidetza, hitzarmenen eta arauen menpean (esplizituak izan daitezke edo ez) elkarrekin bizitzearen artea da. Arau horiek norberak duen onena atera behar dute, harreman sozialak eta lan komunen funtzionalitatea hobetzeko bidean”, R. Ortega.
Bizikidetza Positiboak, norberari,   nortasunaren elementu garrantzitsuak ondo kudeatzea eta kontziente izatea eskatzen dio (autokontzeptua, autoestimua, enpatia eta elkarrekikotasun morala). Elkarrekikotasun moralaren bidez, guretzat aitortzen ditugun eta eskatzen ditugun eskubide eta betebeharrak besteengan antzemango eta bermatuko genituzke, modu operatiboan. Eta ez soilik ikuspuntu kognitibotik edo teorikotik, baita gure artean egunero sortzen diren harremanetan, komunikazioan eta  eginkizunetan ere.
Baina, non ikasten da elkarbizitzen? Askotan entzun dugu “tribu osoa behar dela haur bat hezteko”. Erronka horretan guztiok gaude inplikatuta, eskolak soilik ezin baitu lan hori egin: familia eta ikastetxea oso elementu garrantzitsuak dira ikasleek elkarbizitzen ikas dezaten. Bi zutabe horien artean elkarrekikotasuna eta oinarri sendoak adostea beharrezkoa litzateke, familia eta eskola ikasleen erreferente eta eredu direlako eta bi instituzio horietan hezten ditugulako. Bata bestearen kontra arituz gero edo bakoitzak bere bidea egiten badu, ikasleei eta seme-alabei ez diegu ez erreferentzia, ez muga argirik emango.
Ikasleek ordu asko pasatzen dituzte elkarrekin, helburu komunak dituzte eta guztiekin garatu behar dira oinarrizko gaitasunak, baita giza gaitasunak ere. Hori dela eta, Bizikidetza planak ezinbestekoak dira. R. Ortegaren esaldia ekarri nahi nuke hona: “Ikasleek zera ikasi behar dute ikasgelan eta ikastetxean: besteei egiten eta esaten dietenaren, eta besteek haiei esatea eta egitea jasaten dutenaren artean oreka etikoaren beharra. Urrezko araua, haiekin lortu beharreko gutxienekoa litzateke: ‘Ez egin gainerakoei zuretzat nahi ez duzuna’.”
3.- Zer egin dezakegu eta nola?
Gatazkak konpontzen eta gatazken aurrean zer egin dezaketen erakutsi behar diegu ikasleei: gatazkak, aurreratzeko eta ikasteko aukera gisa bizitzen; gatazkak aztertzen; entzute aktiboa egiten; gure sentimenduak eta besteenak aitortzen, gure sentimenduak azaltzeko eta besteenak entzuteko jarrera positiboa izaten; emozioak eta sentimenduak autorregulatzen; enpatia eta elkarrekikotasuna sentitzen; pertsonak eta gatazkak bereizten; besteen ideiak errespetatzen; ideiak adierazteko arrazoiak azaltzeko ohitura izaten; posizioak eta interesak bereizten; elkarrizketaren oinarriak bereganatzen; negoziatzen; bitartekaritzaren oinarriak ezagutzen eta behar izanez gero bitartekarien laguntza eskatzen.
Baina, nola egin hori guztia?
Tutoretza orduetan oinarrizko trebetasun sozialak lortzeko aukera izan dezakete ikasleek. Irakasleok ekintza praktikoen bidez, ikasleei hausnarketak egiten eta ondorioak ateratzen lagundu beharko genieke. Horretarako estrategia egokiak erabiliko dira: Rol-Playing, elkarrizketak, eztabaidak, metodologia kooperatiboak…
Edozein arlotan txerta daitezke gai horiek (gizartean, hizkuntzan, gazteleran, ingelesean, heziketa fisikoan...). Era teorikoan landutakoa, haien bizitzarekin lotzean, gaia barneratzen lagunduko diegu.
- Gelako asanblada: gune horretan gelako arauak adostu daitezke; autorregulazioa eta guztien konpromisoaren beharra landu daiteke, gelan hartu behar diren konpromisoak bete diren edo ez aztertu, gelako martxa baloratu eta proposamenak jaso... Hau da, ikasleen partaidetza aktiboa bultzatzea eta sentitzea. Astero egiten badira, gelako martxan aktiboki parte hartzera ohituko dira.
- Adostasunak/gatazka txokoak: Zer da adostasun txokoa? Kooperazioaren bidez, bi pertsonen arteko gatazkak ebazteko edo irtenbide egokiak bilatzeko erabil daitekeen estrategia. Ikasleak bakarrik (laguntzarik gabe) aritzen dira adostasun txokoetan:  partaideek txandatuz hitz egingo dute “ahoa-belarria” erabiliz; gatazka gertatu denean nola sentitu diren azalduko dute; zer behar dituzten eta zer nahi duten (interesak) azalduko dute; irtenbideetan pentsatuko dute eta horien artean bientzat egokienak izango direnak aukeratuko dituzte (adostasuna); konpromisoa, autonomia, irabazi-irabazi kontzeptua… landuko dituzte.
Irakasleak ez du parte hartuko, salbuespen batzuk kenduta, (desoreka handia dagoenean, esaterako). Beraz, ikasleen autonomia bultzatzen duen txokoa da. Ikasleek adostasun txokoaren martxa ezagutu behar dute (ez da inprobisatu behar). Horretarako saio batzuk erabiliko dira eta Rol- Playing bidez txokoaren prozedura landuko da. Irakasleak jarraipena (zeharka) egingo du, galderak eginez: Nola joan da? Zerbait adostu al duzue?...
- Ikasle laguntzaileak: Gela guztietan 3-4 ikasle aukeratuko dira (neskak eta mutilak). Ikasle horien batzarra zikloka edo etapaka antola daiteke. Bilera horietan koordinatzaile moduan irakasle bat egongo da, beti. Hainbat helburu jar daitezke: ikasle berrien harrera eta laguntza, gela guztietako bizikidetza behatzea eta hainbat proposamen egitea, arazoak dituzten ikasleei laguntza eskaintzea, entzutea, elkartasuna adieraztea, besteekiko sentsibilitatea azaltzea… Orokorrean harremanak zaintzea eta prebentzioaren eta parte-hartzearen ikuspegitik lana egitea. Jarduera horiek funtzio prebentiboa dute eta biltzeko maiztasuna ikastetxe bakoitzean zehaztu behar da. Era berean, ikastetxean antolaketa izatea beharrezkoa da (irakasle arduraduna, bileren egutegia, prozedurak…).
- Bitartekaritza. Horri buruz aritzeko, www.inter-mediacion.com web ataritik ekarri dut definizioa: “Bitartekaritza lagundutako negoziazio sistema baten moduan definitzen da, baita ere. Horren bidez, gatazkaren zati direnek haien kabuz konpontzen saiatzen dira, inpartziala den hirugarren subjektu baten laguntzaz (bitartekaria). Horrek saioaren gidari lanak egingo ditu eta bi aldeentzat onargarria den irtenbidea topatzen lagunduko du. Erabaki hori bi aldeek adostuko dute,  ez bitartekariak”.
Galderaren bigarren zatiari erantzunez eta hasieran esandakoari jarraituz, ez dugu ahaztu behar irakasleok prozesu horretan izango dugun papera. Ikasleen arteko arazoa aztertzerakoan, estrategia edo bide egokiena zein den erabaki beharko litzateke:
- Jazarpena dagoenaren susmorik baldin badago, gai hori ezingo da gelan bere gordintasunean planteatu, beste bide batzuk jorratu beharko dira.
- Gaia gelako batzarrean azalduko balitz,  une hori aprobetxatu beharko litzateke enpatia lantzeko.
Ekintza hauek egin daitezke:
1.- Autobehaketa txostena proposatu: Ikasleen arteko indarkeria kasu bat denean, norberak duen erantzukizunaz jabetzeko positiboa izan daiteke. Partaide bakoitzak (erasotzaileak eta ikusleak) hausnarketak egiteko aukera du. Idatziz, ahoz edo bietara egin daiteke. Erantzun beharreko galderak hauek lirateke:
1- Zer gertatu da zure ustez? Zergatik? Ondorioak: biktimarentzat, zuretzat, besteentzat...
2- Nola sentitu zara? Zergatik?
3- Nola sentitu dira inplikatutako guztiak? Zergatik?
4- Zer egin dezakezu gertatutakoari irtenbidea topatzeko?
5- Eta zer egin nahi duzu benetan? Zergatik?
6- Hartzen dituzun konpromisoak eta horiek martxan jartzeko epea, ebaluaketa… hemen idatzi.
2.- Idatzizko lana plantea daiteke: “Zuek zarete mutil edo neska hori (jazarpena jaso duenaren azalean ipintzea eskatuko diegu). Konta ezazue zuen ustez zer gertatu den (haren azalean jarrita) eta nola sentitu zareten”. Irakasleak idatziak jasoko ditu, irakurri eta gero, hainbat ondorio atera, eta hark aukeratutako testuen zatiak irakurriko ditu gelan. Ez gabiltza errudunaren bila, baina ikusi behar dugu, norberak gertaeren erantzukizuna onartu behar duela eta guztion artean irtenbidea eman behar diogula arazoari. Ondoren, irakasleak gai horren diagnostikoa egin beharko du, eta aurrera egiteko biderik egokiena zein den erabakiko du.
Aurreko puntuan azaldutako proposamenek prebentzio moduan funtziona dezakete, dena den, prebentzioa egin arren, edozein unetan gerta daitezke ikasleen arteko tratu txarrak. Kasu horietan kontuan hartu:
- Gaia zeharka lantzen dela (ez gara joango gelara errieta egitera, gure intentzio ona bertan behera gera daitekeelako).
- Lanketa berezia beharrezkoa izango da, beti. Hiru aktore nagusirekin egin beharko da: biktima, erasotzailea eta ikuslea. Tutorea bazara, laguntza eskatu (orientatzailearen laguntza eta zuzendaritzaren babesa izatea garrantzitsua eta beharrezkoa izaten da).  Irakasleak, biktimaren ziurtasuna lantzeaz gain, taldean sortu diren erlazio maltzurrak konpontzen lagundu behar du eta guztiek ikasi behar dute bertatik.
3.- Koloretako betaurrekoak: “Begiratzen den moduaren arabera, gauzak era batekoak edo bestekoak dira”. Adierazpen horretan sinisten badugu, egoera gogorra izan arren, ondorio positiboak aterako ditugu. Gure jarrerek, hobetzeko gogoak, borondateak, ahaleginek... gure ongizatearen alde jokatzen dute.
  Ekintza egiteko, ikasleak txikiak direnean, betaurreko bereziak prestatuko ditugu (kartulina eta txarolezko paper arrosa). Betaurreko horiek jartzerakoan, beste pertsonengan gauza positiboak ikusiko ditugu soilik. Egunero ikaskide baten alderdi positiboa behatu beharko da. Ikasgelan, ikasleen aulkiak bi borobil erdietan jar ditzakegu, erdiak betaurreko ilunak izango ditu eta beste erdiak arrosak. Kristal ilunekoek egoera negatiboak adieraziko dituzte eta besteek, egoera horietan ikusi dituzten aukera positiboak aztertuko dituzte. Behin ekarpen positiboak entzun ondoren, kristal ilunekoek haien iritzia aldatu badute, betaurreko arrosak ipiniko dituzte.
4.- Tertulia dialogikoak.  Liburu interesgarri bat aukera dezakegu eta hor sentimenduak, harremanak, bizitza, haserreak, gauza positiboak, errespetua, indarkeria... azaltzen joango dira. Horri buruz hitz egin dezakegu eta irakasleak ere parte har dezake.
5.- Antzerki foruma: ‘Baketik’ elkarteak antolatu duen Antzerki Forum ekintzaren bidez egoera kaltegarri bat antzeztu ondoren, hori lantzeko eta eraldatzeko aukera dute. Ikasleek gustatu ez zaiena alda dezakete, pertsona guztientzat positiboa izan dadin.
Prebentzio dinamika interesgarriak aurki ditzakezue orrialde honetan:           http://www.educarex.es/acosoescolar/img/cualidades.pdf.