Ondoezik dauden ikasleak

2008-02-01
Gaixotasunen bat duten edo aldi batez eskolara joaten uzten ez dien arazoren bat duten ikasleek ez dute zertan ikastetxeko martxa galdu. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, haien etxean, edota erietxean bertan, hezkuntza arreta jasotzeko aukera dute, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zerbitzu bereziak eskaintzen baitutuzte. Horrek gainerako ikaskideen erritmoa ez galtzeko aukera ematen die ikasleei. Ezohikoa den egoera horretan normaltasun apur bat ematen die ondoezik dauden bitartean eskolak jasotzeak eta etxean edo erietxean egoteak sortzen duen errutina hausteko modua da. 
 
 
Errutina hautsiz eta ikasgelako erritmoa galdu gabe
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez da halako zerbitzurik. Hezkuntza arloa Frantziar gobernuaren eskuetan izanik, gobernuak ez du halako programarik aurreikusten. Hori bai, posible da, norberak aseguru pribaturen bat izatea eta kasu horietan, ikasleek eskolak jaso ditzakete, baina ez zerbitzu publikoaren barnean. Horrelakoetan, aseguruak jasotzen duenaren arabera, irakasleak etxera edo ospitalera joaten dira ikaslea denbora luzez gaixorik baldin badago.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Etxez-etxeko, Ospitaleko Arretarako eta Arreta Terapeutikorako Lurralde Zentroak daude. Horien egitekoa, ikastetxera joaterik ez duten ikasleei arreta eskaintzea da. Sei funtzio nagusi dituzte:
- Hezkuntza prozesuaren garapena laguntzea.
- Ikastetxera joaterik ez duten ikasleen ikaskuntza eta sozializazioa ahalbidetzea.
- Ikasle horien hezkuntza inklusioa eta inklusio soziala erraztea.
- Behar duten ikasleentzat laguntza terapeutiko arloko programak bultzatzea.
- Ikasleak ikaskideekin eta ikastetxeko irakasleekin, zein etxeko laguntza eskainiko dion irakaslearekin, harreman ona izan dezan bultzatzea.
- Erietxeko langileekin koordinazioa izatea, ikaslea ospitaleratua dagoen kasuetan.
Era berean, ikastetxearekin koordinazioa egiten du Lurralde Zentroak.
Hauek dira Lurralde Zentroek eskaintzen dituzten zerbitzu nagusiak:
- Etxez-etxeko laguntza zerbitzua. Irakaslea ikaslearen etxera joaten da eta curriculuma jarraitzeko helburua du.
- Ospitaleko gelak. Ospitaleratuta dauden ikasleek eskolak jasotzeko aukera dute Txagorritxuko ospitalean, Santiagon, Gurutzetako eta Basurtuko ospitaletan eta Donostia ospitalean. Erietxetan ikasgelak daude, eta beharrezkoa denean, irakasleak haurren geletara joaten dira eskolak ematera. Norberaren beharretara egokitzen den zerbitzua da eta haurrak, nahi dutenean joaten dira ospitaleko eskolara.
- Laguntza terapeutikoa. Gaixotasun psikiatrikoak dituzten ikasleak edota terapia intentsiboak behar dituztenak ikastetxe berezietara joaten dira. Ikasleek eskolatze partekatua dute eta terapia jasotzen dute, baina era berean hezkuntza landuz.
Zerbitzu horietan guztietan koordinazioa egoten da ikaslearen jatorrizko ikastetxearen eta Lurralde Zentroen artean. Eta etxez-etxeko arreta zein ospitaleko arreta eskaintzen duen irakasleak koordinazio orduak ditu baita ere ikaslearen ikastetxearekin, curriculumari jarraipena emateko.
Etxez-etxeko laguntzan, Lehen Hezkuntzan, astero zazpi ordu eta erdi aurreikusten dituzte asko jota; DBHn berriz, hamar ordu astero. Eta hamar ordu horietan hiru eremu hartzen dira kontuan: eremu soziolinguistikoa, eremu zientifiko-teknologikoa eta ingelesa. Lehen Hezkuntzan, irakasle bakarra joaten da ikaslearen etxera. Haur Hezkuntzako ikasleek ere, etxeko laguntza jaso dezakete, beharrezkoa denean, baina normalean 6 eta 16 urte bitartekoek jasotzen dute.
Laguntza terapeutikoa
Laguntza terapeutikorako zerbitzua 2007-2008 ikasturtean jarri da martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Orain arte Bizkaiko La Ola Hezkuntza Bereziko Ikastetxean zeuden ikasleak Ortuellako eraikin berrira joan dira. Ekipamendu horiek terapia baten beharra duten ikasleentzat dira, gaitz psikiatrikoak dituztenentzat. Bertan Osakidetzako eta Hezkuntza Saileko langileak ari dira lanean. Lasarten, Ortuellan eta Gasteizen izango dira horrelako zentroak; Ortuellakoa martxan da. Gasteizko eta Lasarteko eraikinak lanetan daude eta 2008an zabalduko dituzte ateak. Zentro horiek aldi baterako dira; lehen egonaldia sei hilabetekoa izaten da eta egoerak hala eskatzen badu, luza daiteke, baina inoiz ez ikasturte osoa baino gehiago. Egonaldia amaituta, ikasleak ikastetxera bueltatzen dira. Zentro bakoitzak bere hezkuntza pro-iektua du eta hiru fase bereizten dira: lehena harrera litzateke. Ikasleek dituzten arazoak aztertzen dituzte eta jarraitu behar duten prozesua zein den zehazten dute. Bigarren pausoa, esku hartzea bera litzateke eta azkenik, hirugarren pausoa, ikastetxera bueltatzea litzateke. Ikastetxera bueltatzen direnean, jarraipena egiten diete ikasleei.
Ikastetxe horietara joaten diren ikasleak, etxera joaten dira lotara eta  posible denean, eskolatze partekatua egiten da; goizean ikastetxe horietan eta arratsaldean haien eskolan aritzen dira. Terapia egiten dute eta ikasgaiak lantzen dituzte, beraz; helburua terapeutikoa eta hezitzailea da eta beti dago koordinazioa ikasle bakoitzaren berezko ikastetxearekin.
Eskola erizain
Eskolan bertan arreta jasotzen duen ikaslerik ere bada. Carlos Ruizek esan digunez, eredu anglosaxoia jarraitzea ezinezkoa da, ez baita posible eskola guztietan erizain bat izatea. Baina eskolan bertan arreta behar duten ikasleak egoten direla ikusita, Osasun sailburuak eta Hezkuntza sailburuak akordioa sinatu zuten 2005. urtean, eskola orduetan osasun arreta berezia eskaintzeko, eta jarduteko protokoloa ezarri zuten. Horren arabera, haurrak arazoren bat duenean, gurasoek edo tutoreak ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi behar diote eta, ondoren, zuzendaritzak, arazoaren berri ematen die ikastetxeko langileei. Irakasleek haien burua laguntza eskaintzeko moduan ikusten ez badute, zuzendaritzak ikastetxeari dagokion eskualdeko osasun zuzendariarengana jotzen du eta horrek bideratzen du sendagilea eskolara. Eskolan, adibidez, haur batek diabetea duela antzematen bada, eta botikak eman behar bazaizkio, formazioa duten irakasleen artean boluntarioa eskatzen da lan hori egiteko.
Irakasleek eta ikastetxeko gainerako langileek, nahi izanez gero, ikasleei laguntzeko ikastaroak jaso ditzakete. Joan den ikasturtean 300 irakaslek eta hezkuntza espezialistek jaso zuten trebakuntza.
Nafarroako zerbitzua
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ere, etxez-etxeko eta ospitaleko hezkuntza arretarako zerbitzua eskaintzen du duela hiru urte. Ana Bariain da programa horren koordinatzailea. Lau irakaslek osatzen dute lan-taldea; Ana, etxez-etxeko laguntzaz arduratzen da eta beste hiru lankideek, Pedro Bellosok, Begoña Barbarinek eta Lurdes Sádabak, Iruñeko Virgen del Camino ospitalean egiten dute lan, bertan ospitaleratuta dauden haurrekin. Ospitaleko ikasgelan eskolak ematen dituzte, gaixoak dauden geletara joaten dira eta kanpoan dagoen psikiatria unitateko gaixoei ere arreta eskaintzen diete. Irakasle guztiak pedagogia terapeutikoan trebatuak dira, baina horrez gain, haietako bat teknologia berrietan espezialista da, beste bat Haur Hezkuntzako irakaslea da eta hirugarrenak, euskaraz daki.
Eskaintzen duten zerbitzua Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroaren barnean dago, baina fisikoki Iruñeko Virgen del Camino Ospitalean daude. Anak ospitalean bertan egiten du lan, haurrengandik gertu egoteko aukera ematen diolako: “Abantaila da, medikuekin eta familiarekin zuzenean hitz egin dezakegu. Gainera, horrek etxez-etxeko laguntzaren beharra izan dezaketen kasuak hautematea errazten du”, esan digu. Horregatik da garrantzitsua baita ere, etxez-etxeko eta ospitaleko laguntzaren arteko koordinazioa egotea. 
Etxez-etxeko laguntza
Nafarroan, etxez-etxeko laguntza jasotzeko hainbat baldintza bete behar dira, ordea, eta horietako bat da ikasleak 21 lagunetan, jarraian, ikastetxera joaterik ez izatea. Gainera hiru eskaera egin behar dira: alde batetik, gurasoek egin behar dute eskaria (izan ere, ikasleek ordutegi zehatza bete behar dute etxean eta pertsona heldu bat izan behar dute ondoan eskolak jasotzen dituzten bitartean; gainera beharrezkoa da espazio egokia izatea). Bestetik, beharrezkoa da laguntza hori zenbat egunerako beharko duen zehazten duen medikuaren txostena izatea, eta azkenik, ikastetxeko zuzendaritzak egin behar du eskaria. Hiru eskariak jasotzean, laguntza eman dakiokeen edo ez aztertzen dute, baldintzen arabera hartzen dute erabakia, baina normalean denei ematen diete laguntza. Laguntza ematea erabakitzen badute, Ana ikastetxearekin harremanetan jartzen da, etxez-etxeko laguntza zer den eta nola funtzionatzen duen azaltzeko.
Minbizia duten haurren kasuak hautematen direnean, eskolara denbora luzez faltako direla ikusten dute, eta ADANO elkartearekin, minbizia duten haurrei laguntzeko Nafarroako elkartearekin harreman zuzena egoten da. Elkarte horretako psikologoak ikastetxeari, haurrei eta gurasoei gaixotasuna nolakoa den azaltzen die. Hezkuntza arloari dagokion esku hartzea ondoren izaten da.
Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan dauden ikasleei, astero bost orduko arreta eskaintzen zaie eta ikastetxearekin koordinazioa egiteko, bi ordu dituzte hilero. Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, berriz, astero zortzi orduko arreta jasotzen dute etxean, eta koordinazio orduen kopurua berbera da. Etxez-etxeko laguntzari dagokionez, garrantzitsuena ikastetxearekin dagoen koordinazioa da, Anak esan digunez: “Normalean, bilera egiten da irakasle talde osoarekin eta tutorearen bidez bideratzen dugu ikasleak etxean egin behar duen lan guztia. Irakaslearen eta tutorearen arteko koordinazioa oso garrantzitsua da. Azterketak etxean egin ditzakete baita ere eta horretarako ebaluazio irizpideak finkatzen dira ikastetxeko irakasle bakoitzarekin.”
Etxez-etxeko laguntzari ekitean, ikastetxearekin bi koordinazio saio egiten dituzte:
- Lehenengoan orientatzailea, tutorea, gurasoak, etxeko irakaslea eta programaren ardura duen koordinatzailea egoten dira.
- Bigarrenean, programaren arduraduna ikastetxean ikasle horri eskolak ematen dizkioten irakasleekin biltzen da. DBHn eta ondorengo ikasturteetan, oinarrizkoa da koordinazio hori, ikasleek irakasle gehiago izaten dituztelako. Garrantzitsua da horiei guztiei programaren funtzionamendua azaltzea.
Anak bi koordinazio horietan parte hartzen du, baina ondorengo guztietan egotea ezinezkoa da, Nafarroa osoko arduraduna delako. Dena den, zailtasunen bat baldin badago, ondorengo koordinazioetan ere esku hartzen du.
Bekak familientzat
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez du irakasleen lan poltsarik etxez-etxeko laguntzarako eta etxean arreta eskainiko duen irakaslea bilatzea, familiaren, ikastetxearen eta Anaren egitekoa da. “Caja Navarra vía Fundación izeneko fundazioak, Zeuk aukeratu, zeuk erabaki izeneko programa du. Bertan ‘etxez etxeko eta ospitaleko arreta’ programan parte hartzen dugu eta urtero ekarpen ekonomikoa egiten digute. Gobernuak hitzarmena du proiektu horrekin eta dirua beka moduan ematen dute. Familiari beka ematen diote, eta etxean lan egiten  duen irakasleari familiak berak ordaintzen dio. Beka hori lan egindako orduen araberakoa da. Prezio bat ezarri dute, eta familiari beka ematen zaio irakasleari ordaintzeko modua izan dezan”, azaldu digu Anak.
Ikasleak ikastetxera itzultzen direnean, ikastetxeak berak, ebaluazioa egiten du beti. Tutoreak egiten du, familiak egiten du, eta baita etxean arreta eskaini dion irakasleak ere. Azken horrek ikaslearekin batera landu duenaren inguruko txostena prestatzen du. Anak, ikastetxera itzultzeko prozesua koordinatzen du eta Hezkuntza Departamentuari egoera zertan den jakinarazten dio. Haurra ikastetxera bueltatzen denean dagokion eskolatze mailan integratzea erraztu nahi dute.
Anak esan digunez, haurren erantzuna positiboa da, beti: “Normaltasun giroan egoteko gogoa dute, gogorra egiten zaie eskolara ez joatea eta lagunekin ezin egotea. Eskolak jasotzeak bizitza normalarekin lotura eskaintzen die eta oso positiboa da”.
Etxarri-Aranazko Andra Mari Ikastola
Teknologia berriek eskain ditzaketen abantailak baliatuta, Etxarri-Aranazko Andra Mari ikastolan, bideokonferentzia bidez eman izan dizkiote eskolak etxean gaixorik zegoen ikasle bati. Giltzurrun transplantea egin zioten eta denbora batez etxean egon behar izan zuen. Nafarroako Gobernuari laguntza eskatu eta behar zituzten bitarteko guztiak eskura jarri zizkien, ikasle hark eskolak etxean jasotzeko modua izan zezan eta, horrela, ikastetxeko martxa gertuagotik jarraitzeko aukera izan zuen. Ikaskideek gustura hartu zuten esperientzia berria eta irakasleak ere pozik daude emaitzarekin. 
Giltzurrun transplantea 6. mailan zegoenean egin zioten ikasleari, eta ikasturte hartan (eta hurrengoan) etxean egon behar izan zuen denboraldi batez. Gainera, gauzak ez ziren behar bezala atera, eta DBHko 4. mailan zegoenean ebakuntza egin behar izan zioten berriro ere. Ez kasu batean, ez bestean, ez zuen ikasturte osoa galdu, baina egun asko egin behar izan zituen etxean, ikasleak ezin baitzuen eskolara joan, etxean dialisiaren makinari konektatuta egoten zelako. Horren aurrean, zerbait egin beharra zegoela ikusi zuten Andra Mari ikastolako arduradunek. Beraz, Txarete Ganboa eta Itziar Aldaz orientatzaileak eta Estitxu Ruiz irakasle laguntzailea lanean hasi ziren.
Txaretek eta Estitxuk esan digutenez, CREENAkoekin (Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa) harremanetan jarri ziren, eta bertan azaldu zieten eskolak bideokonferentzia bidez emateko aukera zutela. Ez zuten bi aldiz pentsatu, eta baliabideak eskuratuta, lanean hasi ziren. Hezkuntza Departamentuak berak eskaini zien materiala, bai eskolari eta baita etxekoei ere; ikastolari ordenagailu eramangarria ere eman zioten.
Ikasgelan parte hartzeko aukera
Andra Mari ikastolan, Lehen Hezkuntzan ikasle guztiak elkarrekin izaten dira gelan, baina DBHtik aurrera, behar bereziak dituzten ikasle guztiak gela bakar batean elkartzen dituzte. Hasieran, beraz, ikasgelan bertan instalatu zuten kamera. Ikasgelan ematen zituzten eskolak eta ikasleak etxean jasotzen zuen guztia. Horrek gelan parte hartzeko aukera ematen zion, eta ikaskideek ere hura ikusten zuten. Ez zituen eguneko ordu guztiak ematen, saio batzuetan besterik ez zuen parte hartzen.
“Hasieran arrotza egin zitzaien gainerako ikasleei, baina gero dena primeran joan zen. Oso natural hartu zuten eta oso ongi atera zen”, dio Txaretek. “Bai -jarraitu du Estitxuk- ezer egin aurretik galdeketa egin genien ikasleei, ikasgelan kamera jartzea zer iruditzen zitzaien galdetzeko, eta oso ongi hartu zuten, ez zuten inolako arazorik izan”.
Dena den, beste mota bateko arazoak izan zituzten: “Konexioa eten egiten zen maiz eta arazoak izan genituen. Ikasleak etxetik deitzen zuen moztu egin zela esateko, korrika joaten ginen teknologia berrien arduradunaren bila… Gu urduri geunden, gauza berria zen eta ikasle guztiak gelan utzi behar genituen bakarrik, eskola moztu egiten zen… Baina oso esperientzia polita izan da, eztabaidak ere egin ditugu harekin eta oso ongi atera dira. Gainera, berak dioena entzun behar denez, ikasgelan isilago egon beharra dago. Eta gainerako ikasleak ere, sentsibilizatuta daude”, dio Estitxuk. Etxeko lanak egiten zituen ala ez ere ikus zezaketen, kamerari erakusteko eskatzen baitzioten.
Txaretek dioenez, gaixorik dagoenak lotura izan dezake era horretan ikastetxearekin, eta hori oso garrantzitsua da hainbat hilabetetan etxean egon behar duen 11 urteko ikasle baten kasuan. Oso garrantzitsua da irakasleekin duen harremanari eusteko, ikaskideak ikusi eta haiekin hitz egiteko… Gero, ikasketetan ez du modu berean aurreratzen, ez da gelan egotea bezala, baina loturari eusten dio eta hori oso garrantzitsua da.
Adimen emozionaleko saio batzuk ere egin zituzten berarekin hasieran. Behar bereziak dituzten ikasleen gelan lagun gutxi zeuden, eta haien etxean baimena eskatuta, Estitxurekin autoz joan ziren denak Arbizura, gaixo zegoen ikaslearen etxean saioren bat ematera. Horrek ere laguntzen du ikastetxearekin lotura izaten, ikaskideek taldekide gisa hartzen dute etxean dena… Telefonoz ere askotan deitzen zioten, bai etxean eta baita erietxean zegoenean ere. Baina bideokonferentzia bidez bakarrik ez, etxeko laguntza ere jaso zuen ikasleak. Eskola batzuk etxean bertan jasotzen zituen (ikastolako irakasle bat joaten zen bere etxera), eta beste batzuk bideokonferentzia bidez. Irakaslea ikastolakoa bertakoa izatea oso garrantzitsua izan zen koordinazio horretarako.
Horrek guztiak asko erraztu zuen itzulera, eta osatu zenean oso animatuta itzuli zen ikastolara.
Etxeko laguntza hori ongi bideratu dela uste dute arduradunek. Hiru hilabetetik behin etxez etxeko laguntza zerbitzuko arduradunetako bat joaten zen ikastolara, prozesuaren jarraipena egitera. Orientatzailearekin, zuzendariarekin eta etxean laguntza eskaintzen zion pertsonarekin biltzen zen, eta gertutik jarraitu dute dena. 
“Oso garrantzitsua izan da ere ikastolaren eta gurasoen arteko lotura, bestela ezinezkoa izango zen zenbait gauza aurrera eramatea. Izan ere, haiekin adosten duzu zein ordutan joango den irakaslea, eta gauza asko nola egingo diren”, dio Estitxuk.
Dena oso ongi joan da, pertsona askoren lanari esker, baina ikasleak ere jarrera ona izan duela nabarmendu nahi izan dute, ahalegin handia egin duela gauzak ongi ateratzeko. 
Ordenagailu mailegua
Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen zerbitzuaren barnean, pisu handia dute teknologia berriek eta ikasleei teknologia berri horiek eskura jartzeko, etxez-etxeko laguntza programak ordenagailu mailegua eskaintzen du Ana Bariainek esan digunez: “Ikasleak etxean denbora asko pasa behar duen kasuetan, ordenagailuen mailegurako zerbitzua dugu. Familiari eta ikastetxeari ordenagailu bana utz dakieke. Era horretan, familiak eta ikastetxeak lotura izan dezakete”. Hori bera egin zuten Etxarri-Aranatzen. Ikasleren batek ikasgelarekin konektatu behar badu, irakasleek zehazten dituzte orduak. “Kasu batzuetan, astero konexio bakarra egiten da, adibidez, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen kasuan. Gela horietan zaila da  webcama duen ordenagailua egun osoz piztuta edukitzea, baina astean behin konekta daiteke. Haurrek badakite konexioa noiz izango den eta badakite ikaskideari zer esango dioten, marrazkiak edota abestiak prestatzen dituzte…  DBHn esperientzia politak izan ditugu, ikaslearen eta ikastolaren artean 12 orduko konexioak zehaztu zirelako eta horrek erraztu egin zuen ikastetxearen hezkuntza proiektuarekin jarraitzea”, esan digu Anak. Helburu nagusia, etxean dagoen ikaslearen eta ikaskideen arteko harremanari eustea da. 
Donostia ospitalea
Donostia ospitalean ospitaleratuta dauden haurrek, hezkuntza arreta jasotzen dute. Arantxa Ugalde, Virginia Azpiroz eta Silvia Zarate irakasleak arduratzen dira lan horretaz. Gela bat dute ospitaleko laugarren solairuan eta sendagileek baimena emanez gero, haurrek erietxeko eskolara joateko aukera dute. Bertaratzerik ez duten haurren kasuan, irakasleak joaten zaizkie gelaz gela behar duten arreta ematera. Ospitaleko eskolan lana egiteak du lehentasuna, baina jolastu ere, jolasten dute. Arantxak, Virginiak eta Silviak haien egunerokoa nolakoa den azaldu digute.
Zein da, zehazki, erietxean egiten duzuen lana?
Arantxa: Gaixorik dauden haurrei arreta pedagogikoa eskaintzea da gure helburua, gaixorik egon arren, ez daitezela atzean geratu. Haur bakoitzaren osasun egoerara egokitu behar dugu horretarako.
Virginia: Gainerako haurrekin harremanetan jartzen, sozializazio prozesuan ere, laguntzen diegu. Arlo sozio-afektiboa lantzen da eskolan; harremanak, komunikazioa, sozializazioa…
Arantxa: Haien gelatik, ohetik, espazio horretatik ateratzeak ate asko irekitzen dizkie eta elkarrekintza hori oso aberasgarria izaten da, animikoki ere asko laguntzen dielako. Eskolak normaltasuna eskaintzen die ospitaleratuta dauden haurrei.
Virginia: Lehen egunetik azken egunera aldaketa izugarria da, ahaztu egiten dute gaixorik daudela, erietxean daudela eta lan asko egiten dute, denek. 
Helburu horiek lortzeko, nola egiten duzue lan?
Arantxa: Batzuetan guk geuk jartzen dizkiegu lanak eta beste batzuetan ikastetxetik ekartzen dituzte. Beste batzuek, txikiagoak direnek, agian, jolastu egiten dute.
Donostia ospitalean, haurrak hirugarren soilaruan daude eta eskola laugarrenean. Hori muga al da?
Arantxa: Bai. Eskolara etortzeko sendagilearen baimena behar dute eta gazurrarekin dauden haurrek, salbuespen gutxi batzuk kenduta, ezin dute eskolara igo.
Virginia: Eskolan baldin badaude, arazoren bat baldin badago, denbora pasatzen da erizainen bat igo arte.
Eta eskolara joateko aukerarik ez dutenek, ba al dute haien gelan arreta jasotzeko aukerarik?
Arantxa: Bai. Egunero gela guztietatik pasatzen gara. Berriei zerbitzuak nola funtzionatzen duen azaltzen diegu eta sendagilearen baimena baldin badute, etortzera animatzen ditugu.
Virginia: Eta ezin dutenekin solairu horretan bertan dagoen gelan, bazkalondoan, saioa egiten dugu. Kasu horretan, solairu berean gaudenez, ez da arazorik; erizainak berehala etor daitezke eta sendagileak ere bertan pasa dezake kontsulta. Aurtengo berrikuntza da hori. Eta ohetik altxatzerik ez dutenei, haien gelan bertan eskaintzen diegu arreta.
Arantxa: Minbizia duten haurrek adibidez, ezin dute eskolara igo espazio berezietan daudelako. Gelan bakarrik daude eta hortik etxera joateko baino ez dira ateratzen, beraz, gu joaten gara haiengana. Aspanovas-ekin, minbizia duten haurren elkartearekin, egiten dugun lana ere aipatu beharko genuke. Astero etortzen dira eta elkarlanean aritzen gara, kasuak koordinatzen.
Eskolak ordutegi zehatza al du?
Arantxa: Bai, baina ikasle bakoitza une batean dator. Era berean, ordutegia malgua da, agian bat-batean froga bat egitera joan behar dutelako edo medikuak kontsulta pasatzen duelako. Ordutegi bat izateak, ordena jartzen du ikasleen eta gurasoen bizitzan. Ospitalak eskaintzen duen baldintza zailen artean egunerokotasun dosi txiki bat eskaintzen da.
3 urtetik hasi eta 18 urte bitarteko haur eta gazteak hartzen dituzue. Erraza al da adin tarte zabal horren baitan moldatzea?
Arantxa: Bai. Eskola txiki baten modukoa da, DBHko ikasleak gehituta. Pedagogikoki, irakasle moduan, hainbat tresna izan behar ditugu eskura: ordenagailuan aritzeko materialak, fitxak, liburuak, jostailuak… Guk ere materialak prestatzen ditugu, zikloka. Dena den, denbora tarte luzerako etortzen direnean, gurasoek ekartzen dituzte etxeko lanak edo ikastetxearekin jartzen gara harremanetan.
Virginia: Elkarrekin egiteko moduko ekintzak ere antola daitezke. Txikienek animaliei buruzko lan bat egin dezakete bi argazki itsatsita eta izena jarrita eta DBHko batek idazlan bat egin dezake: animalia horren ezaugarriak zein diren, zer jaten duen… Antolaketa behar da, baina horrelakoak egin daitezke.
Antolaketa beharrezkoa dela diozue, baina baita zuen prestakuntza ere, ezta?
Virginia: Bai. Baina ikasleek ere elkar laguntzen dute eta zaharrenek txikienak zaintzen dituzte.
Arantxa: Koordinazioak garrantzi handia du. Alde batetik hemengo taldearekin egiten duguna, sendagileekin, erizainekin… Bestetik, ikastetxeekin eta familiekin dugun harremana legoke eta etxez-etxeko zerbitzuarekin ere harremana dugu. Izan ere, zenbait ikasleri etxean eskaintzen diete arreta, baina agian hona datoz eta lanari jarraipena emateko etxeko laguntza ematen dion irakaslearekin hitz egitea beharrezkoa da. Beste ospitaleetako irakasleekin ere, harremana dugu.
Virginia: Lurralde zentroko zuzendaria ospitaleko koordinatzailearekin (ni kasu honetan) eta etxez etxeko zerbitzuaren arduradunarekin biltzen da jarraipena egiteko; astero edo hamabostean behin biltzen gara.
Euskaraz eta gaztelaniaz ikasten duten ikasleak hartzen dituzue…
Arantxa: Eta beste hizkuntza batzuetan aritzen direnak ere bai. Horrelakoetan, lehen unean behintzat, ahozkoa ez den komunikazioa erabili behar dugu.
Virginia: Iaz Senegalgo mutiko bat izan genuen eta beste haurrekin ongi komunikatzen zen. Guk zerbait ulertzen genuen, adi geundelako baina haiek komunikatzen ziren, ez dakigu nola, baina jolasean… moldatzen ziren.
Kanpotik ikusita zuen lana gogorra dela irudituko zaio bati baino gehiagori. Hala al da?
Arantxa: Jende askok esaten digu hori, baina lan gogorrak leku askotan daude. Egia da gaixotasun batzuk gogorrak direla eta baliabide dezente behar direla haurrari eta familiari laguntzeko. Baina gu irakasle lana egiten saiatzen gara, egunerokoari begiratuz, eta “ai gizajoa, nola dagoen!” modukorik pentsatu gabe. Egoera horiekin bizitzen ikasi behar dugu; memento zailak bizi ditugu, ikastetxe batean edo gela batean memento zailak bizitzen diren moduan, baina lan eskertua ere bada. Egoten, entzuten eta ixiltasuna bizitzen ikasi behar dugu.
Virginia: Oso lan polita da, asko ikasten da.
Arantxa: Polita da egoera zailei aurre nola egiten dieten ikustea.
Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan, Donostia ospitalean, Haur eta Gazteen Psikiatriako Unitate Espezifikoa dago, zerbitzua bereiztua dago. Fisikoki, eskolatik kanpo dago, psikiatrikoan bertan. Silvia Zarate da bertako arduraduna. 
Gehinez zortzi haur izaten ditu Silviak, bi lagunentzako lau gela baitaude psikiatrikoan. “10 urtetik 18 urtera bitarteko ikasleak daude. Guk ere eskola dugu eta ikasleak hara doaz. Normalean, ez dute arazo fisikorik eta sendagileak kontrakorik esan ezean, denak eskolara joaten dira. Prozesua bera da. Gurasoekin gutxiago egoten gara ez direlako egun osoz eta egunero etortzen, ordutegia mugatua baitute”, azaldu digu Silviak. Ikastetxeekin harreman estua izaten dute, ikasle gehienak Bigarren Hezkuntzan daude eta askotan hitz egiten dute informazioa trukatzeko. Gainera, gehienetan egonaldiak luzeagoak izaten dira, batzuk, agian, bizpahiru hilabetez egoten dira eta jarraipen zorrotzagoa behar dute.