GORVEIN, Nilda eta LEGARRA, Pilar: Seme-alaben bortizkeria gurasoekiko. Gelan duen eragina.

2008-10-01
Gurasoek seme-alaben aldetik bortizkeria (fisikoa zein psikologikoa) jasaten dutelako jartzen dituzten salaketen kopuruak gora egin du azkenaldian. Horrelako kasuak nerabezaroan gertatzen dira batez ere; eta hainbat adituren esanetan, mutilek indarkeria fisikoa erabiltzeko joera dute, eta neskek, berriz, indarkeria psikologikora jotzen dute. Kasu horietan guztietan, normalean eta batik bat, amari egiten zaio eraso. Nilda Gorvein eta Pilar Legarra mota horretako arazoak dituzten familiekin aritzen dira lanean, eta arazo horiek aurreikusteko eta bideratzeko eskolak  duen garrantzia azpimarratu dute. 
 
 
Gurasoekiko seme-alaben bortizkeria dela eta, gero eta salaketa gehiago jartzen dira. Zer ari da gertatzen?
Pilar: Nik uste dut horrelako kasuak beti gertatu direla, baina gaur egun aldeak daude. Lehen, indarkeria, agresibitatea berezkoa duten gaixotasunekin edota hainbat kontsumorekin lotzen zen; baina orain hori aldatu egin da. Gurasoak jotzen dituzten gazteak kalean normaltzat hartzen direnak dira; ez dago kontsumorik, eta, egotekotan, ez da handia, eskolara joaten dira, ohiko bizitza egiten dute… Baina gurasoak jotzen dituzte. Salaketara ez da bat-batean iristen; izan ere, edozein familiarentzat gogorra da gertatzen ari zaiona aitortzea, eta egoera jasangaitza den arte, normalean ez da pausorik ematen.
Nilda: Genero indarkeriarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da, hau da, kosta egiten da norbera bizitzen ari dena kanporatzea. Larritasunari dagokionez berdintsua da, baina indarkeria seme-alabengandik datorrenean bestelako beldurrak ere agertzen dira. Besteak beste, gizarteak eta ingurukoek, horrelako zerbait gertatzen ari bada, gurasoek seme-alabak era egokian hezi ez dituztelako dela pentsa dezakete, eta gurasoak horren beldur ere izaten dira.
Zerk bultzatzen ditu seme-alabak gurasoen kontra jotzera?
Pilar: Aztertuz gero, autoestimu baxuko gazteak direla ikusten dugu, oso egozentrikoak, nahi duten guztia ahaleginik egin gabe jasotzen dutenak… Eta ez da arraroa babeserako gehiegizko joera duten gurasoekin gertatzea. Gurasoek seme-alabei ez diete mugarik jartzen, eta eskatzen duten guztia izatera ohitzen direnez, ezezkoa jasotzen dutenean, erreakzioa dago. Normalean, indarkeria fisikoaren aurretik irainak izaten dira, baina gero kolpeak datoz, ondoren hori guztia orokortu egiten da eta kontrola galtzen da, erabat. Gurasoek ez diete esaten gazteei ezin dituztenik jo eta amek, batez ere, gertatzen ari dena justifikatzeko joera izaten dute, “oso jatorra da, baina jenio txarra du”, modukoak esanaz.
Nilda: Familian, sekula hautsi beharko ez litzatekeen sistema hierarkikoa dago. Eta hierarkia hori hausten denean, oso zaila da berreskuratzea. Gurasoek askotan mugak jartzeko eta ezezkoak emateko beldurra dutela dirudi. Lehen ezetz esatea ohikoa zen eta baiezkoa, salbuespena; baina, gaur egun kontrakoa gertatzen da. Gaur egun, denari baiezkoa ematen zaio, telebista ikusteari, beranduago etortzeari… Ez dute ezezkorik ulertzen eta, gainera, gainerakoen kontra jartzen zaituzte, arraroa izango bazina bezala. Maitasuna, seme-alabak zaintzea, gurasoen rola… mugarik ez jartzearekin lotu dira. Eta zabaldua dago arauak jarriz gero, maitasuna galduko dugulako ideia, baina ez da hala.
Pilar: Mugak jartzen badira, maitasuna hobeto erakusten da. Seme-alabekin egoteko denbora faltak ere eragina du; gatazkak saihesten ditugu, baina hainbeste saihestearekin, guraso gisa dugun ardura ere alde batera uzten dugu sarritan.
Nilda: Errazagoa eta askoz erosoagoa da, mugak jarri eta horiei eutsi beharrean, denari baiezkoa esatea. Eta gazteek etxean mugak eta arauak barneratzen ez badituzte, beste inguruetan ere ez dituzte barneratuko. Familian arauak gainditzen dituztenean, sistemari desafio egingo diote, eta erraza da gainerako lekuetan gauza bera egitea. Familiari desafio egin diezaioketela ikusten dutenean, eskolan gauza bera gertatzen da. Indarkeria balio bat gehiago izatera pasatu da, eta askotan komunikaziorako tresna ere izaten da.
Zein ingurunetan gertatzen dira horrelako kasuak?
Pilar: Erdi-goi mailako klaseetan gertatzen ari da; baliabideak dituzten etxeetan.
Nilda: Eskatu bezain laster, eskatutakoa jasotzen duten gazteak dira eta, beraz, diru faltarik ez duten familietan gertatzen da. Gizarte maila baxuagoetan beste arazo batzuk gerta daitezke, baina gurasoekiko indarkeria erdi-goi mailako klaseetan gertatzen da, batez ere. 
Eskolan ere, irakasleekin gauza bera gerta daitekeela esan duzue.
Pilar: Bai. Izan ere, gertuen duten autoritateari eraso egiten badiote (gurasoei), irakasleari eraso egitea ere, erraza izango da. Mugak hausten direnean, eskolan edozer gerta daiteke.
Nilda: Horri aurre egiteko tresnak eskaintzea da, hain zuzen ere, gure helburua: irakasleei arazoa ezagutaraztea, nola gertatzen den jakitea eta zer sintoma duen jakitea; gelan kasuren bat antzemanez gero, edo aita edo ama bat horrelako gairen batekin etorriz gero, zer egin dezaketen esatea. Horretarako, tresnak eskaini nahi ditugu. Eskolak ez du arazoa konponduko, baina zer egin behar duen jakin behar du.
Prebentzioak garrantzi handia du horrelako kasuetan. Nola aurre hartu kasu horiei?
Nilda: Lehena, familiari informazioa helaraztea da, horrelako egoera baten aurrean dauden edo ez jakin dezaten. Guraso-eskola oinarrizkoa da guretzat, inor ez delako jaiotzen ama edo aita izaten jakinda. Jendeari kosta egiten zaio horrelakoetara joatea, baina kontzientziazio lana egitea oso garrantzitsua da.
Pilar: Eta beste alderdi bat ere bada, gizartean arauak zerbait txarra izango balira bezala ikusten direla. Leku guztiak askoz ere demokratikoagoak dira gaur egun: eskola demokratikoa da, gurasoak demokratikoak gara eta oso ongi konpontzen gara seme-alabekin… Gizartean errotu diren ideia horiek gurasoei ez diete arauak jartzeko baimenik ematen, eta guraso zorrotzak gaizki ikusiak dira. Lehen gurasoak zorrotzagoak ziren, guztiak, eta denek onartzen zuten. Eskolan zerbait gertatzen bazen, irakasleak zigortzen zintuen eta, ondoren, etxean zigortzen zintuzten. Orain, gurasoek, irakasleak zer egin dien galdetzen diete seme-alabei, eta hurrengo egunean eskolara doaz, irakasleari errieta egitera. Seme-alabek esandakoa ez da zalantzan jartzen. Gurasoek gutxiesten duten irakasleari asko kostako zaio hurrengo egunean autoritatea jartzea. Gazteak boterea hartzen doaz, eta egoera kontrolaezina izatera iristen da, batzuetan. Kontuan izan behar dugu, baita ere, indarkeria, zenbait kasutan, eskaera moduan uler daitekeela, “jar diezazkidatela mugak kanpotik” moduko eskaera baten gisara. Haurrak euskarriak eskatzen ditu askotan, kanpotik ikusten ez den arren.
Irakasleek zer laguntza eskain dezakete kasu horietan? Zer pauso jarrai ditzakete? Zer dago haien esku?
Nilda: Lehenik, arazoa ezagutu behar dute eta, ikasleen jokabideak aztertzeko jarraibide batzuk izan behar dituzte. Eskolan, gai horren inguruko protokoloa izan beharko lukete. Gerta daiteke, bestalde, arazoaren berri gurasoek ematea. Gurasoak nora bideratu jakin beharko lukete, eskolan orientatzaile lana egin beharko lukete.
Pilar: Irakasleek kartak ahoz gora jarri behar dituzte, eta gurasoei esan behar diete arazoa ez dela egun batetik bestera pasako, patologia bat dela eta bideratu behar dela. 12 eta 18 urte bitarteko gazteen artean gertatzen dira, batez ere, horrelako kasuak, eta adin horretan, gazte gehienak eskolan izaten dira; horregatik diogu ikastetxeak kasuak antzemateko leku aproposak izan daitezkeela. Tratamendua egiterik ez dute izango, baina, behintzat, arazoa bidera dezakete.
Baina nola antzeman ditzakete irakasleek kasu horiek?
Pilar: Erasotzailea den ikasle hori normalean ez da soilik erasotzaile. Normalean ez du egoki funtzionatzen, ez du harreman onik izaten eta irakaslearekin ez da ongi moldatzen, autoritaterik onartzen ez duelako.