Nola ikasten dute haurrek eskola txikietan? Zer funtzio betetzen dute talde heterogeneoek ikasleen heziketan

2008-10-01

Talde heterogeneoei buruz hitz egiten dugunean, nahastutako taldeei buruz ari gara. Europan eta Latinoamerikan ez da talde heterogeneoei buruz hitz egiten; talde graduaniztunei buruz hitz egiten da.

 
 
Nire ustez garrantzitsuena den baieztapenetik abiatzen naiz beti: eskola txikia, ikasten duen eskola da. Bertan ikas daiteke, eta horri ikasleek ikasi behar duten eskola dela gehituko nioke nik. Baieztapen horretatik abiatzen naiz talde heterogeneoak edo graduaniztunak justifikatu behar ditudanean. Baina, zer gertatzen zaigu? Badirudi, gaur egun, oraindik ere, hiritik datorren guztia dela onena; modernoena da, eta nekazari girokoa den guztiarekiko nolabaiteko gutxiespena dago. Eskola txikiak bigarren mailakoak dira, denak nahastuta daudelako; ikasleak bigarren mailakoak dira, herriak bigarren mailakoak dira, eta familiak ere bai. Guztia da bigarren mailakoa. Gaur egun, oraindik, talde graduaniztunaren balio pedagogikoa argudiatu beharra dugu. Hori dela eta, eskola txikiak hiriko eskolaren antza izan behar du; horrela erakusten digute unibertsitateak, politikariek, zuzendari nagusiek… Hiriaren antza izan behar dugu, baina zergatik? Frogatu al dute hiriko eskoletatik haur guztiak jakintsuak izaten ateratzen direla? Eskola txikitik ateratzen diren haurrekin duten aldea aipagarria al da? Niri ez didate horrelakorik erakutsi, ez maistra moduan, ezta ama moduan ere. Zergatik izan behar dugu, orduan, hiriko eskolaren antza? Beharrezkoa da eskola txikien pedagogia balioestea, eta egin beharreko galdera hauxe da: nola ikasten dute nire ikasgelako ikasleek? Zein da haien ikaskuntza maila, taldeak, adibidez, 3-12 urte bitartekoak direnean? Hiri inguruetatik datozen guraso askok ez dute begi onez ikusten euren seme-alabak haur txikiago bati gairen bat azaltzea, denbora galtzen ari dela uste dutelako; ez dute kontuan hartzen haur horrek beste bati gai zehatz bat azaltzeko garatu behar duen ikaskuntza metakognitiboa eta gaitasunen garapena, ez soilik besteari gaia azaltzeko, baizik eta besteak, azaltzen ari den hori, ulertzeko.
Nola ikasten dute haurrek eskola txikietan? Nik ikaskuntza-zirkulu zentrokideak deitzen ditudan horien bidez ikasten dute. Oso erraza da. Irudika ezazue 3-12 urte bitarteko haurren ikasgela bat. Eskola txikietako ikasgelak arrainontzi baten antzekoak dira; dena entzuten da, eta dena ikusten da. Eta aberastasun ikaragarria da hori, zeren txikiagoak diren haurrekin lanean ari garenean eta boz gora ari garenean, zaharragoek entzun egiten gaituzte, eta horrek esan nahi du ikasitakoa gogoratzen ari direla eta edukiak finkatzen ari direla. Zenbat aldiz gertatu zaizue, adibidez, txikiagoekin eskualdeak lan-tzen ari zaretela, zaharragoa den norbaiti orain ulertzen duela edo ez zuela gogoratzen entzutea? Eta, alderantziz, goi-zikloekin lan egiten dugunean, behe-zikloetakoek edukiak aurreratzen dituzte handien modukoak izan nahi dutelako. Hori baino motibazio handiagorik ez dago, eta baliatzen jakin behar dugu. Batzuek aurreratzen duten eta besteek finkatzen duten prozesu hori existitzen bada, zergatik gerarazi behar dugu prozesu hori irakasleok edo testu liburuek? Hori da eskola txikietan dugun aberastasunetako bat, eta, gainera, taldean guztiek dute elkarren artean tutore lana egiteko aukera. Arazoa, pedagogikoki eta, batez ere, gurasoei begira, tutoretza prozesu hori argudiatzen jakitea da, denbora galtzen ez direla ari justifikatzea. Hori da gure aberastasuna: batzuek aurreratzen dute, beste batzuek edukiak finkatzen dituzte eta elkarren arteko tutore lana egiten dute.
Tutoretza ekintza
Ikasle horien tutoretza ekintzak guztiek guztiei irakatsi beharra dakar, eta, horretarako, gaitasuna lantzea. Tutorea den ikasleak bitartekari lana egiten du irakaslearen eta ikaskideen artean. Horrek denbora galtzen ari dela esan nahi al du? Ez, kontrakoa. Zeren tutore lana egiten ari den haurra azalpenak ematen ari da, hainbat mekanismo garatzen ari da, eta gaia ongi ezagutu behar du, hartzaileak azaltzen ari dena uler dezan. Beraz, azaltzen ari direna uler dadin, estrategiak, baliabideak eta mekanismoak bilatzen dituzte, bestela, ekintzak ez baitu arrakastarik izango. Tutore lana egiten ari den haurra azalpenak ematen ari denean, irakasten ari denean, ikaskideak esandakoari arreta jartzen dionean, gurasoek askotan denbora galtzen ari dela esaten dizute, irakaslea harekin ez dagoelako, baina, egiazki, lanak eta arazoak ebazteko mekanismoak garatzen ari da. Gaitasun metakognitiboak deitzen ditugunak bilatzen ari da, eta komunikazio arazo bat ebatzi behar du besteak uler diezaion. Bizi izan duen esperientzian zehar bereganatu dituen gatazken ebazpenerako mekanismoak ere garatzen ditu; hari gertatu zitzaion zerbait ikaskideari gerta ez dakion, ulertarazteko beste era batzuk bilatuko ditu. Autoezagutza garatzen du, eta bere autonomia maila erakusten du. Irakasle lanean, benetan bilatzen duguna gure ikasleen autonomia da, are gehiago, eskola txikietan. Eskaerei erantzuteko, gaitasun sozialak eta elkarbizitzarako gaitasunak erabiltzen ditu, eta elkarrekintza horretan, bere burua aberasten du. Hori ez al da ikastea? Tutore lan hori egiten duten bitartean, ez al dira ikasten ari? Ikastea irakasleak eta testu liburuek esaten dutena errepikatzea bada, beste heziketa eta beste ikaskuntza mota batzuei buruz ari gara. Baina, era horretan, haurrak nola ikasten den ikasten du, eta ikasten ikasten du. Tutore lana egiten duen haurrak ikasteko existitzen diren hamaika alternatiba ezagutzen ditu.
Ikaslearen autonomia lantzen ari gara, eta nik haur autonomoak nahi ditut. Ez ditut nahi ikasgelan laugarren ariketa amaitu dutelako hatza altxatuko duten haurrak, nik bosgarren ariketarekin jarrai dezaten esan zain daudenak. Haurrak, ikasgelan sartzen denean, nire beharrik ez izatea nahi dut, eta egun horretan, eta astean zehar zer landu behar duen jakitea. Nire irakasle papera suhiltzaile papera bihur daiteke, su txikiak itzaltzen joan naitekeelako, bereziki, bigarren eta seigarren maila bitartean. Zeren irakurtzen eta ikasten baldin badakite, autonomia maila altua dute. Irakasle naizen aldetik, nire ikasleek autonomia izan dezaten nahi dut. Zer da autonomia? Autonomiak lanean independentzia dakar, auto-antolaketa ahalbidetzen duelako. Ni autonomoa banaiz, nire buruarengan konfiantza badut, eta egiten dudan horretan segurtasuna badut, ez dut behar irakaslea etengabe egin dudana baieztatzen aritzea, ongi dagoela eta aurrera egiteko esaten aritzea, nire erritmoan noalako. Nire ikasleak egiten dutenarekin ziur egotea nahi dut; hanka sar dezatela, edo ez, baina ziur egon daitezela nahi dut, eta justifikatutako erabakiak hartzeko gai izan daitezela.
Baina, suhiltzaile paper hori egiteaz gain, irakasle gisa badut beste funtzio bat ere, eta horietako bat oinarrizkoa da: ikasleen ikaskuntza erritmoa errespetatzea; eta horrek testu liburuak albo batera uztea eskatzen du, adibidez, beste gauza batzuen artean. Zeren testu liburuek argi eta garbi markatzen dute ikasleekin zer egin behar dugun eta zer ez dugun egin behar. Baina, berez, ez du ikaskuntza adierazgarri horretan aurrera egiteko autonomiarik bultzatzen.
Hori guztiaz gain, eskola txikietako ikasgelak mikrogizarteak dira. Horrekin hauxe esan nahi dut: eskola txikietan txikitatik izan diren haurrak eskolaren zati sentitzen dira, euren eskola da, euren irakaslea da, eta euren ikaskideak dira, eta haurra, adibidez, Pablo da, ez edozein Pablo. Horrek guztiak badu bere isla ikasgela barnean. Mikrogizarte horrek hau dakar:
- Berezitasunekiko eta interes pertsonalekiko zein taldearen interesekiko errespetua. Gelako batzarraren antzeko estrategiaren bat erabiltzen badugu, horrek berezitasunekiko errespetua indartzen du.
- Adiskidetasuna, elkarri laguntzea eta jokabide etikoen garapena. Dena ez da paradisua, eskola txikietako ikasgeletan diziplina erraz apurtzen baita, baina, era berean, badakite eskola orduak amaitu ondoren elkarrekin jolasean arituko diren kideak direla; eta batzuk anai-arrebak dira, edo lehengusuak… Adiskidetasun handia dago.
- Pentsamendu dibergentea. Hiritik datorren guztia onena izatera ohituta gaude, baina, eskola txikietan, haurrarengandik datorrena baliagarria da.
- Ardura, eta bere buruarekiko eta komunitateko beste kideekiko duintasuna. Etengabe elkar joka aritzen diren bi haur lagunak baino gehiago izan daitezke, uneren batean elkar defendatu behar badute; batzuk besteen alde jartzen dira.
- Norberak eta taldeak hartutako betebeharrekiko konpromisoa.
- Ekintza bateratuetako partaidetza. Batez ere 3-12 urte bitarteko haurren artean, elkarlana ahalbidetzen duten estrategia didaktikoak erabiltzen badira.
Ikaskuntza kooperatiboa dela esan dezakegu, haurren artean parte hartze zuzena izaten delako, eta elkarri laguntzen diotelako. Gaur egun modan dago kooperatibo hitza. Baina eskola txikietan parte hartze zuzen eta aktibo hori izaten da, eta hori da dugun aberastasunetako bat. Arazoa metodologian dago. Baina, zer gertatzen da?
Metodologiaren garrantzia
Hiru galdera egingo ditut metodologia tradizionalagoen eta metodologia aktiboagoen arteko aldeak frogatzen saiatzeko.
1.- Esango al zenidake non duzun barea?
2.- Zer egiteko dute meridianoek lurraren errotazio eta translazio mugimenduetan?
3.- Zer erlazio dago zenbaki hauen artean: 1, 9, 2, 5, 3, 0, 4, 6 ,7, 8? Erlazioa aipatu dut, eta ziurrenik, zenbakizko erlazioa bilatu duzu pentsamendu konbergentearen eraginez; izan ere, zenbakiak dauden tokian, zenbakizko harremana bilatzen dugu. Alfabetikoki ordenatuak daude, ez besterik.
Zergatik ez ditugu gogoratzen ikasten ditugun gauza gehienak? Zer egin dugu hainbeste urtean eskolan ez baditugu ikasi ditugun eduki gehienak gogoratzen? Metodologia arazoa da, batez ere hirietako eskoletan gertatzen dena. Gurekin, metodologia tradizionala erabili dute, hau da, eskola liburuek eta irakasleak diotena ahalik eta erarik zehatzenean errepikarazi digute, eta ongi eginez gero, saria jaso dugu: ikasturtea gainditzea. Bestela, zigorra dugu: ikasturtea errepikatzea. Orduan, memoria lantzen dugu, eta diktaketa egin dugunean, irakasleak iradoki duen koma ere jartzen saiatzen gara, horrela hamarra ateratzeko.
Metodologia tradizionala. Protagonistarik handiena eskola liburua da.
Espazioaren antolaketa: era tradizionalean. Protagonista irakaslea da (logozentrismoa), eta ikasle guztiak hari begira daude.
Denboraren antolaketa: ordutegiak itxiak dira, esate baterako, 9etatik 10etara matematika, 10etatik 11etara naturaren zientziak…
Metodologia aktiboa edo mistoa. Protagonista haurra da (paidozentrismoa), ez eskola liburua, ezta irakaslea ere.
Espazioaren antolaketa: graduak desagertu egiten dira.
Denboraren antolaketa: ordutegiak ez dira itxiak.
Estrategia didaktiko berritzaileak erabil ditzakegu (egiazki, jada, hain berritzaileak ez direnak), gai bera adin tarte guztiekin lantzeko aukera emango digutenak, irakasleak berak landutako materialak erabiliz eta inguruarekin lotura duten edukiak sartuz. Kanpoko curriculuma ikasgelan sar dezakegu, eta proiektuetan oinarritutako metodoen bitartez, inguruaren azterketak eginez, kontratu didaktikoen bidez, hainbat talde teknikaren bidez… metodologia mistoa-aktiboa landu dezakegu, haurra irakaskuntza-ikaskuntza prozesuko egiazko protagonistatzat hartuta. Proiektuetan oinarritutako metodoek, estrategia didaktiko gisa, eskola txikietan etengabe bilatzen dugun autonomia lantzeko aukera errazten dute, eta gaitasun kognitiboak eta jokabideei dagozkien gaitasunak lantzeko aukera ematen digute.
Haurrak landu nahi duen gaia aukeratzen duenean, edo guztion artean aukeratzen dugunean, gaitasun kognitiboak eta jokabideei dagozkien gaitasunak lantzen ari gara, izan ere, haurrek erabaki hori argudiatu behar dute, eta hori ere ikastea da. Ez da soilik aukeratutako gaiari buruzko prozedurazko edukiak edo kontzeptuak lantzea; proiektuetan oinarritutako metodologia erabiltzen badugu, ematen dugun pauso bakoitzean, guztia landuko dugu.
Katalunian eskola txikiaren aldeko apustua egiten dugu, talde heterogeneoen aldeko apustua, talde heterogeneoen balio pedagogikoaren aldeko apustua, eta pixkanaka-pixkanaka metodologia aktiboari dagozkion estrategia didaktikoak erabiltzean aurrerapausoak ematen joan gara.