146: Euskara, esku artean irristan doakien gaia

2010-03-03

Eskolak itxi dituzte, ez ikasle galtzeagatik, baizik eta beren seme-alabak euskara ikasi gabe utzi nahi duten guraso faltagatik.

 
 
Zirauki Lizarraldeako herri bat da, Nafarroako Gobernuak egin zuen herrialdearen zatiketa artifizial hartan zonalde ez-euskaldunean geratu zena.
Zonalde bakoitzari bere hizkuntza legeak ezarri zitzaizkionez, besteen artean, eta horren ondorioz, Ziraukin ezin da euskal ereduen eskaintza publikorik egin. Eta hori horrela da legez.
Ikasturte honetan Ziraukiko eskola itxi egin behar izan dute ikaslerik ez dagoelako. Arazoa, logikoena hori litzatekeen arren, ez da herrian haurrik ez dagoela. Aitzitik, ez dago bere seme-alabak euskara ezagutu eta ikasi gabe hezi nahi duen gurasorik. Eta hori horrela da, euskal eredurik ez duen eskolaren itxiera, alegia, gurasoen borondatez.
Ziraukiko kasua ez da, gainera, euskal ereduko eskaintzarik ez egiteagatik itxi den eskola bakarra.
Guraso horiek nahiago izan dute beren seme-alabak eredu euskaldunak eskaintzen dituzten beste herrietako eskoletara eraman. Horrek suposatzen duen gastu, arrisku, esfortzu eta herrien garapen normalerako desorekarekin.
Nafarroako Parlamentuak eremu ez-euskaldunean zeuden Aranguren, Beraskoain, Galar eta Noain, eremu mistoan sartzea erabaki du. Ondorioz, besteen artean, eskolan euskaraz ikasi ahal izango dute. Hori, herri bakoitzeko udalbatzek gehiengo osoz onartzen badute aldaketa.
Lapurdiko Makean, berriz, ikastola berri bat eraikitzeko lehen harria ipini dute bertakoek. Izan ere, herriko eskolak B eredua besterik ez baitu eskaintzen, eta herritarrek jada badakite eredu hori ez dela nahikoa euskalduntzeko.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan amaitu da aurrematrikulazioa. Datuak argiak eta zalantzarik ez uzteko modukoak dira: 4 ikasletik 3 ikaslen gurasok bere seme-alabak euskarazko ereduetan ikasteko borondatea eta nahia agertu du.
Eta dena esate aldera, Hezkuntza Sailak eta hainbat alderdi politiko eta eragile kontrakoan tematu badira ere, jendartearen gehiengoak, esanak esan eta eginak egin, beren seme-alabak eleaniztunak nahi ditu; eleaniztun euskaldunak, baina.
Demokrazia hitzetik hortzera darabilten horiek, entzuna eta ikusia beharko lukete dagoeneko jendartearen gehiengoa, askatasunez, esaten ari zaiena.
Gero eta argiago ikusten ari gara euskararen gaiak irrist egiten diela administrazioei esku artean. (Euskarari estuegi gertatu zaio administrazioek ezarri zioten trajea. Ez da han kabitzen eta lehertzen ari da handik eta hemendik).
Urtetako eskarmentua, egindako ebaluazioak, eta ikerketa zientifikoak mahai gainean dituzte. Baita hezkuntza eragile nagusienek babestu eta ontzat emandako proposamenak ere.
Zer da, orduan, falta dena? Ikusi nahi duenak hortxe du bista aurrean!