ARIZNABARRETA, Abel eta IGEREGI, Imanol: Curriculum propioa da Euskal Herriko edozein haurrek eskolaratze garaian barneratu beharrekoa

2010-03-03
Euskal Herriko Ikastolak europar kooperatiba elkarteak batu ditu Abel Ariznabarreta eta Imanol Igeregi. Dena den, nork bere ibilbidea du bizkar gainean. 
Ariznabarreta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Historian lizentziaduna da, eta bertako irakasle da egun, Gasteizko irakasle eskolan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitatea eta Ikerketako sailburuordea izan zen 2001etik 2005era eta Euskal Curriculuma zehazteko lanean aritu den taldeko kide ere izan zen. Egun, EHIko Pedagogia alorreko arduraduna da.
Igeregi hautatu dute kooperatibako zuzendari. Ikastoletako zuzendaritza eta kudeaketa lanetan eskarmentu handia du Igeregik, baita kooperatiben arloan ere. Hain zuzen ere, Partaideko zuzendaritza taldeko kidea eta Erkide Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioko koordinatzailea ere izan da.
 
 
Antolaketa berria du Euskal Herriko Ikastolak (EHI) europar kooperatiba elkarteak. Zer aldatzen du antolaketa berri horrek?
Hasteko, kokatu egingo dugu ekimen hau. Sortu berri dugun europar kooperatiba hau prozesu zabalago batean txertatuta dago. Hain zuzen ere, ondoko bi hauen artean dago kokatuta kooperatiba: Ikastola 2020 proiektua, gure izaera eta curriculuma definitzen dituena, eta 2009-2014 bitarteko Plan Integrala, nora eta nola joan nahi dugun finkatzen duena. Beraz, europar kooperatiba elkarri lotuta doazen bi proiektu horietan aurreikusitako tresna da.
Kokapena egin ondoren, argi esan behar da kontzeptu aldaketa garrantzitsua dagoela egitura horren funtsean. Ikastola ereduarekin berarekin lotuta dago nagusiki. Eredu nazional berria koherenteagoa da ikastolek hezkuntza komunitateari buruz daukaten oinarrizko kontzeptuarekin. Eredu kooperatiboa dute ikastolen titularrek, eta gurasoak kooperatiba horien bazkideak dira. Esan behar da gure artean kooperatiba integral batzuk ere badaudela, eta, horietan, gurasoak eta langileak direla bazkide. Baina, beti ere, bazkideak dira titularrak, zuzenean, bitartekaritzarik gabe.
Eredu horri jarraituz, orain, erakunde nazional berria ere kooperatiba da, lehen aldiz, eta bazkideak dira zuzen-zuzenean titularrak, kasu honetan, ikastola bakoitzaren ordezkariak, lurraldeetako erakundeen (federazioak) bitartekaritzarik gabe. Ikastoletan eta erakunde berrian bazkideen Batzar Nagusia da organo subiranoa. Lehengo konfederazioa ere Euskal Herri mailakoa zen, oraingoa bezala. Baina oraingo Batzar Nagusian zuzen-zuzenean daude ikastola guztiak eta ikastola bakoitzaren ordezkaritza, Santurtzikoa (Bizkaia) zein Sohütakoa (Zuberoa).
Beste hitz batzuetan esanda, erakunde nazionalean ikastolaren eredu sozial eta demokratiko berbera hartu dugu. Demokrazia zuzena, lehen demokrazia ordezkatua zegoen lekuan.
Aldaketa honek eragin nabarmena izango du eguneroko funtzionamenduan?  
Noski. Organigrama asko errazten da, bai kanpotik jaso behar denean, eta bai ikastolek euren beharrak adierazi eta horiei erantzuteko orduan ere. Dispertsiotik ez zentralismora baizik eta zentralitatera egiteko apustua egiten da, eta dispertsiotik homogeneotasunera egitekoa, uniformismoan erori gabe.
Barrura begira, gure zerbitzuak antolatzeko garaian, Ikastolen Taldean erabakigune bakarra egongo da, ikastola guztientzako erreferentzia bat, gure artean leihatila bakarra deitu duguna, hots: egitura sinple eta eraginkorragoa. Kanpora begira, ahots eta ordezkaritza bakarra, gure egiteko eta ekimen guztietan.
Horrekin batera, erabaki nagusietan ikastolen partaidetza indartu eta nabarmendu nahi dugu.
Lehen bi erantzun hauen sintesi gisa, hauxe esan dezakegu: Euskal Herriko ikastola guztiak bazkidetza eta partaidetza zuzenaren bitartez (boto eskubidea barne) elkarte bakar batean biltzeak, batetik, eta, bestetik, ikastolei zuzendutako hezkuntza zerbitzuak euskal lurralde guztietako ikastolen artean eraikitzeak, bi gertakari horiek batera, ez dute aurrekaririk ikastolen mugimenduaren historian.
Eta horrek ez du talka egiten, Euskal Herriaren zatiketa administratiboa dela eta, bakoitzak bere eremuan landu beharreko estrategiekin?
Ez, baldintza horiek ezagutzen ditugulako eta tokian tokiko beharretara egokitzeko aurreikuspenak egin ditugulako. Zentzu horretan, Seaskak edo NIEk (Nafarroako Ikastolen Elkarteak), beraien administrazioaren aurrean jarduteko autonomia historikoa galdu gabe, organigrama orokorra erraztu izanaren abantaila guztiak izango dituzte.
EHIren egitasmoa garatzeko, zuzendaritza talde berria osatu duzue. Zeintzuk dira zuzendaritza berriaren erronka nagusiak?
Ez da asmatzen zaila. Ebatzi berria den egituraren atal bakoitzari lehen garapen formala eta funtzionala ematea eta egonkortzea da hurrengo urratsa. Horrekin batera, eta hainbat agerralditan esan dugu jada, Curriculuma da ikastolek XXI. menderako aurreikusi duten ekarpen nagusia, XX. mendekoa euskara eta euskal kultura hezkuntza sisteman sartu eta normalizatzea izan zen moduan. Hor daukagu erronka, eta horren arabera antolatu ditugu gure estrategia pedagogiko berriak, hainbat ataletan.
Zeintzuk dira atal horiek?
Prestakuntza (profesionalena zein gurasoena), Ebaluazioa eta Kalitatea, Materialgintza, Aisialdia eta Eskolaz Kanpoko Jardunak, IKT, eta Hizkuntza Plangintza. Hori guztia, curriculum proiektuarekin lotuta eta horren arabera. Bada beste atal garrantzitsu bat, etxean Egonkortasuna deitzen duguna, finantzazioa, administrazioa eta antolakuntza biltzen dituena. Horiek dira gure lan arloak.
Aipatu izan da ikastolek badutela berezko hezkuntza eredua. Hala bada, zeintzuk dira berezkotasun horren ezaugarriak?
‘Hezkuntza’ ereduan, ikastolak baditu berezitasunak, baina, batez ere, ‘eskola’ eredu modura osatzen du ikastolak bere kontzeptu propioa. Gurasoen esku-hartzea, eta baita langileena ere, zentroaren titularitateari ere eutsiz; taldean jardutea; hezkuntza proiektu bati erantzuten dion ikas materiala sortu eta garatzea; Euskal Herriko erakunde funtzional instituzionalizatuan jardutea, administrazio eremuen gainetik hizkuntza eta kultura ezaugarrien arabera mugaz gaindiko politika gauzatuz, Unescoren irizpideei jarraituta; ebaluazio kulturari dagokionez zein inspirazio pedagogikoari dagokionez, 80ko hogeikadako kalitate kudeaketaren ildoari jarraitzea, eta ez eredu bakar eta jakin bati. Horiek izango lirateke eskola eredu modura ikastolak izango lituzkeen ezaugarri berezi nagusiak.
Euskal Herriaren mapa 172 ikastolak osatzen omen zuten 1979an. Gaur ere gauza bera esan daiteke?   
Gaur egun 101 dira ikastolak. Orduan zirenetako batzuk ez daude gaur egun, Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) publiko egin zirelako edo desagertu zirelako; baina orduan ez ziren batzuk daude gaur, batez ere, Iparraldean eta Nafarroan sortu direlako. Horrek ez du esan nahi EAEn ikastola berriak sortu ez direnik. Sortu dira, bai, ikastola berriak, eta badira hitzarmendun eskolen sarean zeuden eta ikastola bilakatu diren eskolak ere. Hala ere, azken hamarkadan, EAEko ikastola kopuruaren hazkundean garrantzi berezia izan du Lanbide Heziketatik etorritako ekarpenak. 2004/2005. ikasturtean, ikastolek iragarri zuten apustu berezia egingo zutela Lanbide Heziketaren alorrean. Geroztik, ikastolen mapan Lanbide Heziketa sartu da, oraingoz zehazki zazpi zentro, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Euskal Herrian euskararen estatus juridiko desberdinak egoteak eragiten al dio EHIri, hizkuntza proiektuak finkatzeko, eleaniztasuna lantzeko...?  
Bai, eragiten dio. Curriculumaren alorrean eta, ondorioz, materialgintzan gauzatzen da nagusiki gune administratibo batetik besterako desberdintasuna. Iparraldean, bereziki hizkuntza proiektuetan daude Hegoaldearekiko desberdintasunak. Horretan eta, noski, curriculum frantsesarekiko loturetan. Nafarroan, bestalde, ikastoletako materialean egokitzapenak egitera behartu ditu hezkuntza administrazioak. Hala ere, Seaskaren bidez kasu batean eta Nafarroako Ikastolen Elkartearen bitartez bestean, egokiro erantzuten zaie beharrizan horiei. Baina, horren gainetik, ikastola guztientzat baliagarria den Hizkuntza Plangintzak bi zutabe nagusi ditu: bata, eleaniztasuna, euskara ardatz hartuta, eta bestea, hizkuntzen curriculum integratua. Ikastola bakoitzak hezkuntza eta curriculum proiektuan plangintza hori jasotzeko konpromisoa hartzen du, berorren kokapen administratiboa eta, horren arabera, inguru horretan euskarak duen estatus juridikoa dena delakoa izanik ere.
Arlo pedagogikoan, oro har, ikasleen gaitasunak garatzea da planteatzen ari dena. Ildo horretan, zer egiten ari zarete?
Ondo esan duzu. Egun hezkuntzan nagusitzen ari den ildoa zera da: gaitasunetan oinarritutako curriculumaren diseinua, garapena eta ezarpena. Edukietan baino areago, ikasleak garatu beharreko gaitasunetan jartzen du arreta. Horrek sakoneko aldaketa bat dakar, edo ekarri behar du, ez horrenbeste edukien formulazioan, baina bai egiteko moduetan. Paradigma aldaketa bat dator, azken finean, gure hezkuntza sisteman benetako hobekuntza txertatu nahi badugu.
Gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik, jakitea eta egiten jakitea baino zabalagoak dira ikaskuntza edukiak. Egoera jakin batean erreakzionatzen eta erantzun egokiak antolatzen jakitea balioetsiko da. Eta horrek, ezinbestean, eskolan erabiltzen ditugun irakaskuntzako eta ikaskuntzako prozesuei eragiten die; irakaskuntzaren paradigmari, hain zuzen. Orain arte, erronka horri erantzuteko prestakuntza egokirik ez du izan oro har irakasleriak, gureak ere ez. Curriculumaren diseinua osatzearekin batera, hortik hasi gara, ikasleak gaitasunen alorrean ‘trebatzeko’ hezitzaileen prestakuntza antolatzetik. Esan bezala, hori da XXI. mendeko pedagogiaren erronka nabarmena, hemen eta Europa guztian. Badakigu hori dela jardunbidea, baina denok daukagu zer ikasia, eta dena daukagu ikasteko alor horretan.
 
Hezkuntza prozesuen hobekuntzan, irakasleen eta langileen prestakuntzak berebiziko garrantzia dauka. Nola antolatzen duzue hori guztia?   
Taldean berebiziko garrantzia ematen zaio etengabeko prestakuntzari eta, irizpide horren arabera, baliabide gehien eskaintzen zaizkion atala da prestakuntzarena, material propioaren atalarekin batera. Ikastolek eurek finkatzen dituzte batez ere prestakuntza beharrizanak, eta horren arabera antolatzen ditugu saioak. Prestakuntzak lotura zuzena dauka, bestalde, I+G+B atalarekin. Azken honetan egiten ditugun urratsak materialgintzara eta prestakuntzara bideratzen ditugu. Prestakuntza, bestalde, ez da irakasleen esparrura mugatzen. Administrariek, esate baterako, garrantzi handia daukate ikastolen funtzionamenduan, eta horiek ere beren ildoa daukate, kudeaketan etengabe trebatzeko. Gurasoen prestakuntzak ere bere tartea dauka atal horretan.
Epe laburrean irakasle asko sistematik atera, eta berriak sartuko dira. Zein ondorio ekarriko ditu mugimendu horrek?
Uste dugu bost urte barru, 2015ean, estualdi edo inbutuaren zulo estuaren eraginpean egongo garela Hegoaldeko hezkuntza sistema osoan, bereziki EAEkoan. Adin kontuak tartean, ikastoletatik zein beste sareetatik ere, irakasle ugari irtengo da erretiroa hartuta, eta, horien ordez, irakasle eskoletan ez da ‘ekoitziko’ haien hutsunea betetzeko irakasle berri nahikorik. Lehen erronka, beraz, irakasle berrien ‘ekoizpena’ izango da, edo zelan erakarri eta mantendu ikastoletan behar ditugun irakasleak. Imajinazioa, irudimena beharko dugu. Bestalde, Boloniako prozesuaren eragina ere kontuan hartu beharko dugu.
Argi dago belaunaldi aldaketa handia egongo dela. Ikastolen kasuan, sorreran edo sorreratik gertu ibili ziren andereño eta irakasleak desagertuz joango dira. Transmisioari arreta berezia jarri behar diogu. Ikastola eskola eredu berezia da, lehen esan bezala. Garrantzitsua da ikastolara datorren profesionalak hori ondo barneratuta izatea; eskola eredu desberdin bat dela ulertu behar du, desberdintasun horretaz jabetuta, bertan ondo integra dadin. Aparteko tutoretza beharko dute irakasle berri horiek. Ikastolak XX. mendearen erdialdetik aurrera garatu ziren, 80ko hamarkadara arte, batez ere. Iragarritako belaunaldien arteko txandakatze hori XXI. mendean gertatuko da, sorreratik urrun. Esperientzia ondo transmititzen bada, operazio perfektua egingo da: esperientzia eta indar berrikuntza, biak batera. Baina, horretarako, transmisioa ondo egin behar da.
Transmisio horretan egungo eta datozen urteetako zuzendariek, zuzendaritza taldeek, zeregin edo egiteko berezia izango dute, ikastolen izaerari eusteko eta transmisioa bermatzeko; bereziki, zuzendaritzak prestatu eta gaitzeko taldeak ahalegin berezia egin beharko du.
Elementu hauek guztiak bilduz, proiektu bat abian jarri nahi dugu, eta helburu horiek gauzatzeko ezinbesteko aliatuak aurkitzen saiatuko gara.
Hainbat hezkuntza-eragilerekin adostu zenuten Euskal Curriculumaren gaineko akordioa. Nola ari da garatzen? 
Hezkuntza sareetako berrogeita hamar talde inguruk parte hartu zuten Curriculumaren inguruko akordioan, eta akordio horri beren egiteko konpromisoa hartu zuten. Hortik aurrera, ikastolok curriculum hori garatzen ari gara, gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik, nahitaezko eskolaldiko etapa eta arlo guztientzako esparru komunean oinarrituta. Eginkizun horretan, ezinbesteko erreferenteak bilakatzen ari dira, alde batetik, adostutako Euskal Curriculuma bera eta, bestetik, ikas materialgintzaren arloan orain arte ondo egindako lanaren eskarmentua eta ekoizpena, eta baita gune administratibo bakoitzeko curriculum ofiziala ere. Hezkuntzaren planteamendu berriak eskatzen dituen aldaketak gauzatzera eta horretarako pedagogia egokia txertatzera eramango gaitu horrek guztiak. 
Euskal Herria terminoaren afera, ikasleak doktrinatzeari buruzko adierazpenak, curriculum ofizialak... Horiek guztiek ez al dute EHIren materialgintza gehiegi baldintzatuko?
Nafarroan baldintza dezake, hango gobernua oso zorrotz jartzen ari delako materialen edukiaren kontrolean, batez ere, materialoi finantzazio publikoa ematerakoan. Besteetan, ez. Guk ez diegu uko egingo gure sorrerakoak diren oinarriei. Beti aurkitu izan dugu zirrikitua geureari eusteko, eta horrela izango da aurrerantzean ere. Ikastoletan, daukagun eskola autonomiaren arabera, badugu geureari eusterik. Ikastolen heziketa proiektuaren oinarria da bertan ekoizten den ikas materiala, eta hezkuntza sisteman egin dugun benetako apustu eraldatzailearen isla da, azken finean. Bestalde, sortzen eta lantzen ditugun materialak zabaltzen dira beste eskola sareetara ere. Horietan, erabaki egin beharko dute guk ekoiztutako eta merkaturatutako materialak erabiliko dituzten ala ez.
Ikerketen arabera, gurasoen parte-hartzeak eragin handia dauka hezkuntza prozesuen hobekuntzan, bizikidetzan, emaitza akademikoetan ... Nola ikusten duzue hori?
Ikastoletara jotzen duten gurasoak eta beste eskoletara joaten direnak gizarte berekoak dira, noski. Beste eskoletako gurasoek bezalako bertuteak zein gabeziak dituzte. Unean uneko gizarte joera nagusiei erantzuten diete. Haurren ikasketa eta hezkuntza prozesuetan inplikatzeari dagokionez ere horrela da. Baina, historikoki eta gaur egun ere, ikastoletara doazen gurasoek ikastolan inplikatzeko joera handiagoa daukate. Pentsa, zentroaren titularitatearen erantzukizunari heltzen diote zuzen-zuzenean. Eta ikastolan inplikatzearekin batera, bakoitza bere seme-alaben hezkuntza prozesuan bustitzea dator. Horrek gauzak erraztu egiten ditu, baina, hala ere, lan handia egin behar da inplikazio hori gauza dadin. Duela 30 urte, inplikazioa handiagoa zen. Gaur egun, ez da horrela. Eta hor sartzen da guraso eskolen eragina, edo orientatzaileen eragina. Egunez egun, gurasoekiko harremanean sakontzeko estrategiak lantzen dira ikastola bakoitzean, hara doazen gurasoen ezaugarrien arabera, inguru sozialaren ezaugarrien arabera. Dena den, bide berriak bilatzen ari gara, eta gustura hartuko genituzke ekarpenak, egungo gizartearen isla diren gurasoei egokitutako inplikazio estrategiak.
EHIrentzat ikasleak zer dira, objektu, subjektu ala merkatuko balio? 
Gaur egun, guretzat zein pedagogiako joera nagusientzat, ikasleak, pertsona izanik, batez ere subjektu dira, hezkuntza prozesuaren subjektu aktiboak dira, objektu hartzaileak izatera mugatu gabe. Besterik da zerbitzu pedagogikoak antolatzeko orduan ikasleak zein familiak objektu ere bihurtzea. Merkatua, azkenik, pedagogiaren filmeko gaiztoa da, karikatura erabili ahal bada. Eta ez dakigu hau nola hartuko den, zeren melodia honek pedagogoen tinpanoa urratu egiten baitu, baina esan beharra dagoela uste dugu: egiaren izenean, aitor dezagun hezkuntza prozesua, batez ere azken fasean, ezin dela garatu merkatua kontuan hartu gabe. Merkatuaren intereserako? Ez. Batez ere hezkuntzaren subjektuaren beraren, ikaslearen, intereserako. Merkatua kontuan hartu gabe jardutea, gizarteari bizkarra emanda jardutea litzateke, eta baita ikaslearen interesei bizkarra emanda jardutea ere.
Oro har, nola ikusten du EHIk hezkuntza antolaketa?
Hasteko, iruditzen zaigu Espainiako Erreinuaren eta Frantziako Errepublikaren arabera antolatuta dagoela, eta ez euskal gizartearen ezaugarrien zein interesen arabera. Hego Euskal Herrian indarrean diren bi autonomiak, Gasteiztik zein Iruñetik kudeatutakoak, ez dira behar bezala garatu Hezkuntzaren alorrean. Ez dira aprobetxatu dituzten eskumenak sistemaren beste egitura eredu bat bultzatzeko edo, Europan txertatuta, hezkuntzaz beren kontzepzioa garatzeko. Iparraldean, jakobinismo frantsesak ez du inolako zirrikiturik uzten, beste garapen arlo guztietan bezala, euskal gizartearen neurrira egokitutako ibilbide propiorik egiteko. Une honetan, munduko hezkuntza eredu arrakastatsuek bereziki bi ezaugarri hauek dituzte: autonomia eman ikastetxeei, eta erantzukizuna (“accountability” sistema) eskatu, haien egitekoaren ebaluazioa gauzatuz. Eredu horietatik oso urrun gaude. Hegoaldean deszentralizatu beste biderik ez zuten ereduetan, ‘bertako zentralismoa’ txertatu dute; mimetismoz, Estatuko Administrazio Nagusiaren joera ‘arautzaile’ historikoa errepikatu dute, besterik gabe, bertako gizartearen eta eskola komunitatearen ezaugarrietara egokitu gabe. 
Hezkuntza sistemaren egitura aldatzea proposatzen duzue?
Gure aspaldiko borroka da, sistemaren antolaketari dagokionez, sareen banaketa historikoa gainditu beharra. Guk beti esan dugu hezkuntza, gizartean, eskubide unibertsala dela kontuan hartuta bermatu behar duela Estatuak. Baina eskubide hori bermatzeko, orain eta hemen, ez ditu soilik titularitate publikoko zentroak. Badira estatuaren planifikazioan inplikatzeko prest diren zentroak, titularitate publikokoak izan gabe. Beste hitz batzuetan esateko, sareak ezin dira bereizi titularitatearen arabera, gizarteari ematen dioten zerbitzuaren arabera baizik. Eta zerbitzu hori bera interes publikokoa den edo ez erabakitzeko, ezaugarri objektiboen arabera ebaluatu beharko litzatekeela uste dugu. Ikuspuntu horren araberako hezkuntza sistema nahi genuke, egituratzeari dagokionez. Gaur egun indarrean dagoen egitura higatutako oinarrien gainean eraikita dago. Alde batetik, gaur egungo hemengo klase sozialek XX. mendearen erdialdeko klaseen ezaugarri berdintsuak dituzte, baina badituzte desberdintasun nabarmenak ere. Beste alde batetik, Estatu orotutelatzaileak gurea bezalako gizarte emantzipatuari lekua utzi beharko lioke.
Krisi ekonomikoa dela eta, eragin handia izango al dute aurrekontu berriek ikastoletan?  
Krisiak izango du eragina aurrekontuetan, bai, kontatzen dugu horrekin. Baina krisiarekin batera beste faktore batzuek ere agian eragina izan dezakete, ikusteko dago. Gasteizko Administrazioan alderdi bakarra dago agintean, ikuspegi zehatza dauka hezkuntza sistemari buruz, eta estatu hedadurako alderdia da. Hau ez da inoiz gertatu autonomi estatutua indarrean dagoenetik. Azken urteetan, ikastolek aurrerapausoak lortu dituzte finantzazio publikoan, poliki bada ere. Aurrerapauso horiek geldituko ote diren edo agian atzera ere egin dezaketen, ala motelago izanda ere aurrerapidean jarraituko duten, hori jakitean dago koska..
Proiektu sozialetan epeak jarri ohi dira helburuak finkatzeko. 2020rako, zein dira zuen helburuak?
Curriculum propioa da, Euskal Herriko edozein haurrek eskolaratze garaian barneratu beharrekoa, une honetako eta etorkizun hurbileko gure helburu eta erronka nagusia. Curriculum propioa, ez bakarrik ikastoletarako. Hezkuntza eremu zabalari eta, oro har, euskal gizarteari egin nahi diogun ekarpena da. Eta curriculum propioarekin batera, aldaketa sakona dator hezkuntzaren alorrera, arestian aipatu bezala, gaitasunen lanketan oinarritutakoa izan behar badu. Irakaslerian, belaunaldi txandaketa ere badator, eta horrek transmisio egokiaren erronka jarri digu mahai gainean. Baina, curriculumarekin batera, ikastolen beste erronka nagusia aitorpena da, hezkuntza sistemaren egituraren barruan eskola eredu propiotzat aitortua izatea. Curriculum propioa eta aitorpena, beraz, helburu nagusiak.