Kulturarteko hezkuntzaren ikuspuntutik begiratuta zer da kulturarteko ikastetxe bat?

2012-03-01

Zalantzarik gabe, ikasle etorkinak edo ikasle etorri berriak gure eskoletan hasteak oso kontuan izan beharreko ­erronka ekarri dio eskola-komunita­teari.

 
 
Eskoletan errealitatean egiten diren praktikei begiratuko bagenio, oro har, benetan dauzkagun ereduak bi dira: ­asimilazioa eta kulturaniztasuna. Izan ere, gure eskoletan hizkuntza-ereduak dauzkagu, talde bereziak, ikastetxe katolikoak edo laikoak, eta abar. Ekinbide eta praktika horiek guztiak bi eredu horien baitan kokatzen dira, baina kulturarteko praktikak ote dira?
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan azken hamar ikasturtetan gai horren inguruko bi programa ­ezarri dira. Lehen programa, Ikasle ­etorkinak artatzeko programa, 2003-2007 urte bitartean ezarri zen. Ondoren, Kulturartekotasunaren eta ikasle berrien inklusiorako programa egon da indarrean.
Berritzeguneen zeregina izan da bi programa horietan agertzen diren ­ekintzak eta baliabideak abian jartzeko egin beharreko sustapen- eta hedapen-lanak egitea. Ikusitakoa ikusita, ordea, esan genezake Kulturarteko Hezkun­tza ez dela eskola gehienetan praktika­tzen den errealitate bat, gehiago jarrai­tzen du izaten utopia bat, desideratum bat, ez dut uste erroturik edo sendoturik dagoen eredu bat denik. Ekitateari eta eskolako justiziari erreparatzen badiogu, ordea, Kulturarteko Hezkun­tzan sakondu egin beharko genuke. 
Zer da Kulturarteko Hezkuntza?
Interesgarria litzateke Kulturarteko Hezkuntza esaten dugunean kon­tzeptu horrekin zer esan nahi dugun argi­tzea. Teoria mailan ez dago definizio bakarra, baina adituen proposamenak gurutzatzean ondoko ezaugarri hauek azpimarratuko nituzke:
1. Ikastetxeek ez dute gelak etorkinez edo atzerritarrez betetzera arte itxaron behar kulturartekotasuna lantzeko. Horren ­arabera, ezin ditugu lotu immigrazioa eta Kulturarteko Hezkuntza: atzerritarrik ez izan arren gelan landu daiteke ­ikuspuntu hori. Gure jendartea gero eta anitzagoa da, gure eskola, gure auzoa eta abar diren antzera. Eskolak, hortaz, mundu anitz batean bizitzeko herritarrak prestatu beharko ditu. 
Kulturartekotasuna gure errealitatea ikusteko eta aztertzeko modu berri bat da, kontuan hartzeko hainbat aldagai eskaintzen dizkiguna.
2. Diskurtso hau ez da ikasle atzerritarrentzat soilik, ikasle guztientzat da. Horregatik, inoiz ez da proposatuko ­ikasle horiek talde berezietan biltzea ­edo ikastetxe bereziak eraikitzea haientzat. Ikuspuntu horretatik, ez da bilatzen gauza berezi bat egitea ikasle edo ikasle talde zehatz batentzat; aitzitik,  ikastetxe batean proposamenen bat egiten bada, ikasle guztientzat izango da. Esaterako, ikastetxe batek erabakitzen badu hizkuntza bat landuko duela, jatorrizko hizkuntza bat, eskaintza ikasle guztientzat izango da. Kulturarteko Hezkuntza ikuspuntu horretatik begiratuta hainbat galdera egin beharko genizkioke geure buruari: Zer paper jokatuko dute komunitateko familien hizkuntzek? Nola erabiliko ditugu irakasleok familien hizkuntzak? Familiekin egingo ditugun harremanetan zein garrantzia emango diegu haien hizkuntzari? eta abar.
3. Eskolatzeko eskubidea. Orain ­arte indarrean izan diren bi programek epez kanpo iristen ziren matrikulak bideratzeko eskolatze-batzordeak aurreikusten zituzten. Batzorde horietan gehien erabili diren adierazleak ikaste­txeetako egoera eta gurasoen nahia ­izan dira. Bestalde, prozesu horretan ­ikastetxeetako harrera-prozesuari garrantzi handia eman zaio.
4. Irakasleak ezin gara kulturarteko ikuspuntu horretatik kanpo geratu. Kontzientzia hartu behar dugu nola pentsatzen dugun, zein diren gure aurreiritziak, gure oztopoak aniztasun kultural horretan bizitzeko. Ez da guk ­ikasleekin lantzeko molde bat, guk ere murgildu egin behar dugu. Horretarako komenigarria da hiru zutabe hauek kontuan izatea: pentsatzen duguna, ­egiten duguna eta sentitzen duguna. Beraz, kontzientzia hartu behar dugu ­egoera berri hori bizitzeko zer dakargun lehendik, zer oztopo eta zein muga ditugun.
5. Ekitatea eta justizia. Ikastetxean edozer egiten dugula ere, ikasteko, gainditzeko, eskolako arrakasta lortzeko, zorigaiztokoak ez izateko izango da, eta hori azpimarratzekoa da. Azken finean, eskola inklusiboa izatea da helburua, denentzako eskola. Ikasle guztiek dute eskolatzeko eskubidea, baina ez da nahikoa ikasleak gure ikasgeletan edukitzearekin. Eskolak guztien ­arrakasta lortu behar du. Aholkularitza lanetan gabiltzanontzat, nazioartean funtzionatzen duten proposamenek ­eta komunitate zientifikoaren aintzatespena duten proposamenak ezagu­tzea funtsezkoa da. Hori dela eta, azken bost urteetan, Europa mailan egiten ari diren Include ikerketari begiratu ­diogu.
Include Ikerketa
Include ikerketak Europako hainbat hezkuntza-sistema aztertu ditu, eta zenbait praktika eraginkor eta hezitzaileak aukeratu dituzte. Praktika batek ­eraginkorra eta hezitzailea izateko, baina, bi baldintza bete behar ditu derrigorrean: alde batetik, ikasle guztien emai­tzak hobetu egin behar ditu; eta, beste alde batetik, ikasle guztien arteko kohesioa edo bizikidetza hobetu egin behar ditu. Beraz, Europako ikastetxetan egiten ari diren hainbat praktika hezitzaile eta ­eraginkor aukeratu dituzte, eta ikertzaileek txosten bat egin dute aukeratutako praktika horiek guztiek elkarrekin ­dituzten ezaugarri komunak jasotzen dituena. Ezaugarri horiek, beraz, komunitate zientifikoak aintzatestu ditu. Txosten horretan, besteak beste, ezaugarri hauek aipatzen dira:
• Emaitza onak eman dituzten taldeak talde heterogeneoak dira, ez dira talde homogeneoak. Ikasgelan dauden ikasleak ez dira, hortaz, kultura berekoak, ez maila berekoak, baina ikasle horiei eskaintzen zaizkien baliabide pertsonal guztiak ikasgelan bertan ­daude.
• Orain arte erabiltzen dugun eredua irakasle bat/ikasgela bat ez da baliagarria. Ikasgeletan askotariko ikasleak daude, eta beste formula batzuk bilatu behar ditugu: bi irakasle gela berean eta aldi berean, talde elkarreragileak, talde malguak baina heterogeneoak, curriculum egokitzapen eta ibilbide inclusiboak, ikasteko denborak eta guneak zabaltzea, boluntarioak eta abar.
• Aukeratutako praktika horietan ­ikasteko denbora eta lekuak luzatu eta zabaldu egiten dira. Orain arte erabili ditugun ereduetan, adibidez, ikaste­txeak ordu-kopuru jakina egoten dira zabalik. Ikerketa horretako emaitzak ­azaldu duenaren arabera, ikastetxeek denbora gehiagoz egon beharko lukete zabalik, ikastetxeetako ordutegiak gehiago luzatu beharko lirateke. Luzapen horiek ez dute irakasleen bizkar ­joan behar, hor daude PROA izeneko proiektua eta gainerakoak.
• Familien parte-hartzea eta prestakuntza. Ikerketak agertutako beste ondorio baten arabera, familien edozein parte-hartze moduak ez du balio. Informazioa ematea edo kontsultak egitea beharrezkoak izan daitezke, baina ­ikasleen aprendizaian eragin gutxi dute. Gai esanguratsuetan eta garrantzi­tsuetan familien parte-hartzea ahalbidetzen denean, ordea, emaitzak hobeak dira. Bestalde, funtsezkoa da familientzako prestakuntza-ekintzak antolatzea; ez, ordea, irakasleek pentsatutakoa haiek lantzeko, baizik eta gurasoek esango digute zer den landu nahi dutena. Hala ere, ona litzateke ikastetxean prestakuntza-ekintza sendo bat izatea.
• Irakasleentzako prestakuntza zientifikoa bultzatzea. Prestakuntza­-ren diseinuan ikastetxeetako beharrei ­erantzuteko praktikan frogaturik dauden proposamenak sartuko ditugu, ez bat-batean bururatutakoa edota literatura pedagogikoan modan dauden azken ideiak. Geure buruei galdetu behar diegu zergatik egiten ditugun jarduera horiek eta ez beste batzuek.
6. Kulturarteko Hezkuntzaren ikuspuntu azken batean, arrazakeriaren aurka egiteko tresna eraginkorra eta baliagarria da, bai arrazakeria modernoaren eta baita arrazakeria postmodernoaren aurka. Izan ere, garai batean arrazakeria arraza kontzeptuan oinarritzen zen, endozentrismoaren ideian. Egun, arraza eta etnia guztiak desberdinak izan arren onak dira. Baina, horri gaineratzen diogu talde jakineko jendearekin bizitzea ezinezkoa dela. Hori da, hain zuzen, arrazakeria postmodernoa: denak berdinak garela pentsatzea, baina elkarrekin bizitzea ezinezkoa ­dela, alegia. Kulturarteko hezkuntza ­ikuspuntua zabaltzeko duela 4 ikasturte ­Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako laurogehien bat ikastetxeetan baliabide bat jarri zen martxan: Kulturarteko Hezkuntza proiekturako irakasle dinamizatzailea. Baliabide hori, ordea, etorkin asko dituzten eskoletan soilik eskaintzen da. Pertsona horiek beren lanegunaren erdia eskaintzen dute ikuspuntu hori zabaltzeko, eta lan-esparru hauek dituzte, besteak beste: harrera-prozesua, ikastetxea familia horietara hurbiltzea, alegia; metodologiak gainbegiratu eta irakasleekin partekatzea; baliabideak biltzea; ikastetxeko gainerako kulturak argitara ekartzea eta abar.
7. Kulturarteko Hezkuntzak oso kontuan du eskolako hizkuntza eta oso baliagarria da haren jabekuntza bul­tzatzeko. Izan ere, ikasleek nola gaindituko dituzte ikasmailak eta ikastarloak ez badute menderatzen eskolako ­hizkuntza edo hizkuntzak? Eskolako hizkuntzaren gaia kudeatzen laguntzeko HIPIak daude: 250 sare publikoan ­eta ehunen bat itunpeko ikastetxeetan. Irakasle horiek, harrera-prozesuan eta hasierako ebaluazioan parte hartzen dute, ikaslearen bakarkako plana egiten dute eta ordu batzuk eskaintzen dituzte eskolako hizkuntza indartzeko. 
Ikasle etorkinak ikasgeletan dauzkagu, baina kosta egiten zaie ikasmailak gainditzea. Horren adibide bat, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gutxi ­gorabehera, Lehen Hezkuntzan ikasle etorkinen kopurua % 7,5 dela eta Batxilergoan daudenak, berriz, % 3. Beraz, gure benetako erronka, eskolako hizkuntza edo hizkuntzak ikasteaz gain, arloetako edukiak menderatzea izango da. Bestela, ez dute titulua aterako.
Bukatzeko,  Espainiako estatuan ­osatu den RED DE CENTROS INTERCULTURALES  (http://www.escuelasinterculturales.eu/spip.php?article1) izeneko ekimen interesgarria aipatuko nuke. Sare horretatik kulturarteko ikastetxea izateko proposatzen dituzten 17 ezaugarriak, ikastetxeetako praktikak bideratzeko oso gidari aproposak bihur daitezke eta.