Nola garatzen da 8 eta 30 hilabete bitarteko haur euskaldunen komunikazioa?

2012-04-01

Haur euskaldunen komunikazio-garapena aztertzeko proiektu bat egin dugu. Proiektu horretan, Communicative Development Inventories (CDI) neurketa-tresnaz baliatu gara. MacArtur Fundazioak sortu zuen CDI, 1993an, AEBn, eta jada 40 hizkuntza baino gehiagotara egokiturik dago. ­Esan daiteke, komunikazio-garapen goiztiarra aztertzeko, nazioartean gehien erabil­tzen den diagnostik- tresna dela.

 
 
Haurrak hizkuntza-garapenean ­izan ditzakeen atzerapenak aurreikusteko balio du tresna horrek, eta, era berean, neurri egokiak hartuta, atzerapenek ekar ditzaketen kalteak ekiditeko. Hiru adin-tarte neurtzeko, hiru galdetegi ditu: 8-15 hilabete; 16-30 hilabete; ­eta 30-50 hilabete. Neurketa gurasoek ­emandako informazioan oinarritzen da.
Lehenengo adin-tartean (8-15) hiru alderdi neurtzen dira, batez ere: ulermen- eta ekoizpen-lexikoa eta keinu komunikatiboen ekoizpena. Bigarren (16-30) eta hirugarren (30-50) adin-tarteetan, berriz, ekoizpen lexikoa eta ­ekoizpen morfologikoa neurtzen dira.
Tresna hori, beraz, adin horietako haur euskaldunen komunikazio-garapena nolakoa den ezagutzeko baliagarria da. Orain arte, 1.500 haurren datuak bildu ditugu eta, datu horietan ­oinarrituta, 8 hilabetetik 30 hilabetera bitarteko haurren komunikazioa nola garatzen den zehazteko moduan gaude; noski, hemen ematen den informazioa batez bestekoetan oinarrituta ­dago, edo beste modu batean esanda, gehiengoaren komunikazio-garapena nolakoa den deskribatzen da hemen, baina kontuan hartu behar da adin horietan norbanakoaren aldakortasuna oso handia dela, eta haur guztiek ez dutela erritmo bera komunikazio-gaitasuna garatzean.
Komunikazioa horrela garatzen da:
8 hilabeteko haurrak: 14 hitz uler­tzeko gai dira. Gehien azaltzen diren hitzak, haurrak familiako pertsonak ­izendatzeko erabiltzen dituenak dira: aita, ama, amona, aitona eta haurraren izena. Era berean, elikadurarekin harremana dutenak agertzen dira: biberoia, jan eta txupetea; horiekin batera, oso maiz errepikatzen diren eguneroko ekintzekin lotutako hitzak daude: ­agur, hartu, bainatzera, begiratu, ikusi eta txakurra.
Adin horretako haurrek oraindik ez dute hitzik ekoizten, baina hiru keinu komunikatibo egiteko gai dira; gehien egiten dituztenak hauek dira: aupa edo besotan hartzeko besoak jasotzea; eskuaz zerbait eskatzeko besoa luzatzea; eta eskuan duen objektua edo jostailua norbaiti emateko besoa luzatzea.
10 hilabeteko haurrak: arlo semantiko hainbat 43 hitz ulertzeko gai dira. Adin horretan ekoizten da lehen hi­tza, kasurik gehienetan, aita.
Bestalde, ahozko keinu komunikatiboen arloan 6 keinu egitera iristen dira. Aurrekoei gehitzen zaizkien hiru berriak hauek dira: bere kabuz agur egitea norbait badoanean; buruaz ezetz esatea; eta musu edo pa botatzea.
12 hilabeteko haurrak: dagoeneko 83 hitz ulertzeko gai dira. Aho-hizkuntzan gertatutako bilakaera, ordea, ez da hain nabarmena, 3 hitz esaten baititu. Maiztasun handienez esaten diren hitzak ­aita, ama eta guau-guau dira. Keinu komunikatiboak 8 dira, berriak: objektu edo gertaera interesgarriren bat seinalatzea besoa edo hatza luzatuz, eta eskuan daukaten objektua edo jostailua emateko besoa luzatzea.
14 hilabeteko haurrak: ulertzeko gaitasunak nabarmen egiten du gora, jada 124 hitz ulertzeko gai dira. Ekoizpenak ere hazkundea izan du, 8 hitz esaten dituzte, eta hauek dira maiztasun handienez esaten dituztenak: aita, ama, guau-guau, muu, brun-brun, amona, aitona eta ura.
Keinuen errepertorioari, aldiz, gustuko duen janaria adierazteko ñan-ñan edo gisako hotsen bat egitea gehi­tzen zaio.
16 hilabeteko haurrak: 28 dira jada ­esaten dituzten hitzak. Adin horretatik aurrera, hitzen ekoizpenak etengabe ­egiten du gora. Bide batez, hiztegiaz jabetzen doazen heinean, poliki-poliki, hitzak lotzen eta konbinatzen hasiko dira; haurren % 4k lotzen ditu hitzak elkarren artean.
18 hilabeteko haurrak: jada 70 hitz ­ekoizten dituzte, eta hitzak elkarren artean lotzen dituzten haurren ehunekoa % 14ra iristen da. Oraindik ez dute adi­tzik jokatzen, eta ez dute marka morfologikorik erabiltzen.
20 hilabeteko haurrak: batez beste, 116 hitz ekoizten dituzte, eta haurren erdiek lotzen dituzte hitzak. Lehenengo, marka morfologikoak ekoizten eta aditzak jokatzen hasten dira. Haur euskaldunek ekoizten duten lehen marka morfologikoa partizipioa da, ekintzaren edo gauzaren bat bukatuta dagoela adierazteko aditzei –ta edo –a bukaera eranstea: apurtuta, ikusia, eta abar.
Adin horretan jokatzen duten lehen aditza goazen da.
22 hilabeteko haurrak: hitz-ekoizpena 151koa da, eta haurren % 77 hasia da jada hitzak lotzen. Aditzen jokaerari eta morfologiari dagokienez, ez da ­apar­teko aldaketarik gertatzen aurreko hilabeteekin alderatuta.
24 hilabeteko haurrak: batez beste, 235 hitz esaten dituzte.
Marka morfologikoei dagokienez, partizipioaz gainera, atzizki txikigarriak, -txo, edo –ño eransten hasiko da hitzei: amatxo, maiteño, eta abar. Era berean, jabetza adierazteko atzizkiak erabiltzen hasiko da, -ren erantsiz hi­tzei: amarena, umearena eta abar.
Aditzak jokatzeari dagokionez, aldiz, 3. pertsona adierazteko aditzak ­erabiltzen hasiko dira, eta da eta dira ­aditz-formak dira maiztasun handienez ekoizten dituztenak.
26 hilabeteko haurrak: jada 295 hitz ­ekoizten dituzte. Aurreko marka morfologikoei ergatiboa gehitzen zaie; hau da, ekintza nork egiten duen adierazteko –k eransten diete hitzei: amak, umeak, eta abar, eta 5 aditz jokatzen diete ­jada: goazen, da, dago, dut eta nago. ­Aipagarria da, adin horretan, 1. pertsona adierazteko lehen formak agertzen hasten direla.
28 hilabeteko haurrak: 375 hitz esateko gauza dira, eta haurren % 95k lotzen ditu hitzak beren artean. Dagoeneko, datiboa: gauzak edo bestelakoak nori egin edo ematen zaizkion adierazteko –ri edo –i eransten diete hitzei: amari, ­umeari eta abar.
Aditzei dagokienez, dagoeneko 10 aditz jokatzen dituzte; aurrekoez gain, hauek: naiz, dakit, duzu, daukat eta ­zara. Gainera, 2. pertsona adierazteko formak agertzen dira.
30 hilabeteko haurrak: batez beste, 401 hitz esaten dituzte eta 6 marka morfologiko erabiltzen dituzte. Aurreko markei pluralen markak gehitu zaizkie: gauza askori buruz hitz egiterakoan –k eranstea: umeak, txoriak, eta abar.
Gehiago jakiteko:
BARREÑA, A.; GARCIA, I.; EZEIZABARRENA, M.J.: “Elebakarren eta elebidunen euskararen jabekuntzaren erritmoaren inguruan”, in  Gogoa, 9 (2009), 63-92. or.
BARREÑA, A.; GARCIA, I.; EZEIZABARRENA, M.J.; ARRATIBEL, N.:; OLANO, I.; BARNES, J.:; PETUYA, A.:; COLINA, A.: MacArthur-Bates komunikazio garapena neurtzeko zerrenda. Eus­karara egokitua. Erabiltzaileentzako ­gida eta eskuliburu teknikoa, UEU, Bilbo, 2008.
GARCIA, I.; ARRATIBEL, N.; BARREÑA, A.; EZEIZABARRENA, M.J.: “Generoaren eragina komunikazioaren garapenean 8-30 hilabete bitarteko haur euskaldunetan”, in Uztaro, 75 (2010), 25-35.